Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Postindependentzia: ekarpen gehigarriak

Postindependentzia: ekarpen gehigarriak

Rikardo Arregi Juanjo Olasagarre Iban Zaldua 2008/05/09 23:58
Volgako Batelariok postindependentziaren kontzeptua sortzea erabaki genuenean, euskal prentsan dauzkagun zutabeetan garatzen jarraitzeko asmo sendoa agertu genuen. Hona hemen lehenengo ondorioak, Rikardo Arregiren, Juanjo Olasagarreren eta Iban Zalduaren eskutik.


Postindependentzia (Rikardo Arregi, Deia, 2008-V-2)

Eguzki berri bat agertu da euskaldunen zeru goibelean: postindependentzia. Badakit ez dela oso dotorea ni kontu horietan ibiltzea, postindependentzia aldarrikatzen duen papera sinatu dudalako, baina, aizue, propaganda apur bat egiteko gogoz esnatu naiz gaur. Eta guk geuk, postindependentistok, ez badugu propagandarik egiten ez du beste inork egingo (bide batez, ez baduzue oraindik irakurri Volgako Batelariak online aldizkarian aurkitu ahal duzue). Gainera, gero eta ohikoagoa da (baita euskaldunen artean ere, jainkoarren, gure apaltasun esentziala galtzen ari gara) norberaren lana lotsagabe sustatzea, are lana oraindik bukatu ez denean (bertsolariak bereziki iaioak dira horretan, esaterako).

Postindependentziaren oinarria izan eta eman aditzetan laburbil daiteke. Bizi gaituzten garaietan izatea ez da garrantzizkoena, irudia ematea, ordea, bai: izatea oso gauza astuna da, filosofikoa, traszendentala eta serioa, lan asko eskatzen du eta emaitzak beti dira kaskarrak eta zalantzazkoak; itxura ematea, aldiz, errazagoa da, praktikoagoa, hutsala eta, beraz, alda daiteke beti aukeraturiko itxura ongi ez badabil. Hori guztia kontuan harturik erraza da ondorio hau ateratzea: independentea izatea ez da garrantzizkoena Euskal Herrirako baina itxura ematea bai. Horretarako zenbait arlo landu behar dugula uste dugu postindependentistok: sukaldaritza, pornografia, futbola, literatura eta Eurovision Song Contest. Guztiak errazak, praktikoak eta hutsalak. Beste asko daude, adibidez moda. Balenciaga, Paco Rabanne eta Lacoste gure artean sortu dira. Lacostek, adibidez, pilotarien janzkera (espartinak, gerrikoak, gorria, txapelak) erabili du bere azken kolekzioan, postindependentziarako bultzada izugarria da hori.

 

Kronika posta (Juanjo Olasagarre, Deia, 2008-V-3)

Euskal Herriko borondate oneko jende oro postmodernitatean barneraturik postindependiente moduan bizitzea erabaki duenetik gauzak asko aldatu dira. Atzo bertan Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Bilbo Exhibition Centerren antolatu den Munduko Porno Jaialdira etorritako star famatuenekin bildu zen argazki ofiziala egiteko. Gure Samuel Agirre bermeotarraz gain, dohainak galtzen gainetik nabari, han zeuden Irina Vatnovna ekialdeko aktoresa, Jimush Yuang hard-pornoaren ordezkari nagusia, besteak beste. Haien zereginetan aritzeko AEKk antolatu euskara ikastaro batetik agertu ziren zuzen-zuzenean lehendakaritzara nazioarteko star hauek guztiak, nekaturik baina pozik, azaldu zutenez; Juan Jose Ibarretxe bera ere seriotan ari omen da Irina Vatnovnarekin Euskal Herriaren irudia zabalduko duen filma batean parte hartzea pentsatzen, bere kontseilarien iritziaren kontra, nonbait. Anima zaitez, Juanjo! txiki utziko dituzu Silvio eta Sarko, eta hortxe dago Fotoshop.

Bestalde, Miguel Sanzek ere agertu nahi omen zuen baina berari Eurovisoneko kanta aukeratzea suertatu zitzaion. Alaitz eta Maiderren porrotaren ondoren erabat kezkaturik dabilela adierazi zuen Sanzek alde bat piperpoto eta bestea ikurrina estanpatuko ehunez egindako traje batekin. "Hoberena txapel batekin bi buru estaltzea izanen litzateke" esan zuen "gure Eurovisoneko ordezkariak entretaiment porno bat egin dezake kantatzen duen bitartean. Juan Joserekin kontsultatuko dut baina zerbait egin beharra dago" laburtu zuen.

Eta bihar Sakanan elkartuko dira biak Ken Follet idazle euskaldun Nobeldunari harrera egin eta idazleari bere nobela berrirako Aralarreko paisaiak ezagutu arazi eta argumentu ildo bat iradokitzeko.


Postindependentzia ipuin bat da (Iban Zaldua, Diario de Noticias de Álava, 2008-V-9 -bertsio luzea-)

Volgako Batelariak inoizkari elektronikoaren erredakzio batzordearen azkeneko oturuntzan hartutako erabakiei jarraituz, eta (zer esanik ez) konspiraziorako plan global baten baitan, taldeko partaideok euskal hedabideetan dauzkagun latifundio eta minifundio guztiak aprobetxatzeko konpromiso sendoa hartu genuen, postindependentziaren ideia garatzen eta zabaltzen segitzeko; hala, joan den astean Juanjoren eta Rikardoren irakurleek egin ahal izan zuten bezala, artikulu honen bertsio laburra maiatzaren 9ko Diario de Noticias de Álavan irakurri ahal izan du populuak.

Izan ere, Rikardo Arregik joan den ostiraleko Deia egunkarian izatearen eta ematearen arteko dialektikan kokatzen zuen postindependentziaren esentzia (edo esentzia eza, alegia); nik, zilegi bekit, nobelaren eta ipuinaren arteko diferentzian ipiniko dut azpimarra, eta, bide batez, nire genero literario kutunenaren aldeko kanpaina egiten jarraituko dut (zer demontre).

Argi dago kontakizun handien garaia pasatu dela, edo, gutxienez, kontakizun handi horiek mesfidantza pixka batekin begiratzeko aroan gaudela: Iraultzaren, Demokraziaren edo Ilustrazioaren metaerrelato handiek, besteak beste (gehiago daude, eta denak idazten dira letra larriz), urratu dezente aurkezten dute, behera erori ez direnean hondakin bihurtzeraino. Nobelaren krisia, hain aspaldikoa eta, hala ere, hain benetakoa, ezin da krisi horretatik bereizi, hein handi batean, XIX. mendeko zibilizazio burgesaren produktu moral bat denez gero. Nobela handiek, metaerrelatoek bezala, erabateko identifikazioa eskatzen dute. Eta haien barruan zerbaitek huts egiten duenean (batzuetan mekanismo ñimiño batek baizik ez), ohikoa da liburuaren eraikuntza guztia bertan jaustea.

Ipuinari eta, batez ere, ipuin-liburuari ez zaio halakorik gertatzen: nekez irakurriko dugu ipuin-liburu bat gutxienez ipuin on bat ez duenik, eta, edonola ere, ipuin bakarti batek huts egiten badu, dezepzioa laburra izango da, nobelarekin ez bezala. Bestalde, tesi-nobelez hitz egiten da, baina ez dut sekula entzun ezer tesi-ipuinez: tesi-ipuinik ez dagoen seinale, ziurrenik.

            Gure tokiko kontakizun handiei berdin gertatzen zaie; bost axola zeinetaz ari garen, borroka-galduetatik-gatoz epiko-abertzaleaz, hau-da-gure-ondare-guztia turbokapitalista-jeltzaleaz (batzuetan ondare-hau-guztia-gurea-da gisa irakur daitekeena), ala gure-trantsizio-eredugarria konstituzionalista-almodovartarraz: denek egin dute gainezka (egunero egiten dute gainezka), kontraesanetan itota (edo eztulka, gutxienez).

            Alde horretatik, ipuinek bezala, postindependentziak leialtasun bigun eta aldakor bat baino ez du eskatzen, eta bere baitan biltzen ditu Italo Calvinok milurteko honetako literaturarako goraipatzen zituen bertuteak (ipuinenak direnak batez ere, ez nobelenak): arintasuna, azkartasuna, zehaztasuna, ikusgarritasuna eta anizkoiztasuna. Eta literaturarako egokia dena, zergatik ez da izango ona gure gizartearentzako?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44