Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Poesiarekiko arazoa (II), edo nori zuzentzen zaion poesia

Poesiarekiko arazoa (II), edo nori zuzentzen zaion poesia

Angel Erro 2008/01/03 20:27
Erosi poesia liburua azkenik irakurtzera deliberatu naiz. Bakardadea eta espirituaren egokiera partikular samarra eskatzen ditu ariketak. Trinkoa eta denboran laburra biek ala biek, onik aterako bagara. Ez dut ezagutzen (onik dagoen eta aldi berean) hiru ordu laurden baino gehiago poesian murgilduta eman dezakeen inor. Hau honela izatearen arrazoiak submarinismoaren berberak dira, superfizie ezberdinen dentsitate eta konpresioen aldea. Poesia trinkoa da berez –oro har darabiltzan hitz urriak ikustea besterik ez dago– edo, bestela, paper xahutze hain barkaezina, ezen ez dugun aukera hori ezta hipotesi moduan ere aintzat hartuko. Poesia trinkoa da.

andy_andy

Bakarka, olerki minez, sakon guraz, neure etxean, gehien maite dudan txokoan, neurri batean zoriontsu, The trouble with poetry lehen orrialdetik ireki eta ondokoa aurkitu dut.

Lehen poema neuri zuzentzen dit Bill Collinsek.  

 

ZU, IRAKURLE

 

Nire galdera da nola sentituko zaren
ohartu ondoren
hau nik idatzi dudala eta ez zuk,

ni izan naizela goizik jaiki dena
sukaldean esertzeko
eta ondokoa lumaz aipatzeko:

leiho euriaz blaituak,
huntzezko margodun hormetako papera,
eta arraintxoa bere ontzian itzulika.

Ea ba, emaiozu buelta,
ezpaina hozkatu eta orria erauzi,
baina, entzun, –denbora kontua baino ez zen

gutariko batek kasualki errepara ziezaiela
piztu gabeko kandelei
eta erlojuari, paretan murmurioka.

 

 

 

Gainera, ezer ez zen goiz honetan gertatu –
kantu bat irratian,
errepidean zebilen auto baten txistua –

eta ni bakarka
banakako mantel batean elkarrekin dauden
gatzontzian eta piperrontzian pentsatzen.

 

 

 

Nire galdera da elkarren lagunak egin diren
hainbeste urte ondoren
edo oraindik diren elkarren arrotzak

zu eta ni bezala
ezagunak eta ezezagunak
aldi berean izateko moldatzen garenak –

ni mahai honetan madari katilu batekin,
zu ateren baten erroan bermatuta nonbait
hortentsia urdin batzuen ondoan, hau irakurtzen. (1) 

 

 

 

 

 

 

Hemen esan ditzakedan (demagun, prosan para ditzakedan) baino gauza gehiago iradokitzen du olerkiak: poeta eta irakurlea bi plano ezberdinetan daude, batak besteari aurrea hartu dio gauza (gauzen sentsazio) batzuetan ohartzean; bigarrenak lehenbizikoari bekaitz edo gutxiagotasun konplexurik gordetzeak ez luke zentzurik, sorkuntza materialak edo baldintzak ez direla batere inbidiagarriak ez bakanak kontuan hartuta. Collinsek ez du esaten baina bere poemak pentsarazten ahal du irakurleak egilea gailentzen duela nolabait, agian ironikoki: “ni sukalde prosaikoan, zu lorategian.”

 

Nagoen gelatxoan ez dago hortentsia urdinik, baina horrek ez luke muntarik metafora bat dela ebatziko bagenu; ez dakidana da idazleak irakurlearen eremuraino bere eraldaketa ahalmena heda dezakeen, nire ondoan zer dagoen esateraino. Poema nire ustez eder honek ongi haragiztatzen du, adierazian zein adierazlean, egilearen eta irakurlearen arteko komunikazio arazoa.

 

Batek pentsa lezake poema hau literatura autorreferentzialaren edo, bestela deitzearren, metaliteraturaren aleugarren mugarria dela, ez derrigorrez gailurrekoa, ezta ontzia gainezkaraziko duen tanta ere. Esango nuke azken mendeko literaturaren ezaugarri nagusietako bat irakurlearekin kontaktatzeko (eta harengan eragiteko) gogoa izan zitekeela. Agian hau honela da irakurleak, zentzu estuan, daudenetik (nahikoa fenomeno berria dena, literaturaren soziologian adituek baiezta dezaketenez). Joera honen ikuskari nabarmenena didaktismoa edo panfletoa izan daiteke. Sotilena eta paradoxikoena, metaliteratura.

 

Metaliteraturak corpus idatzia eta beraren irakurlegoa aurresuposatzen ditu. Keinuen bitartez, mekanismoak arazotzearen bitartez, eta azkenik idazle-irakurle erlazio konplexua azaleratzearen bitartez nahi izaten du literaturak orok definizioz bilatzen duen gauza bera lortu. Literatura bide bat da. Hori baino ez dela salatuta, literatura mota honek bidea laburtzea, akaso ezabatzea, luke desira. Pentsatzekoa da porrot handiagoa zain daukala. Guztiarekin ere, nire ustez, autokontzientzia inori ez doakio gaizki.

Itzul gaitezen irakurri dugun poemara. Porrot egiten du (nire kasuan behintzat) ni irakurle gisara irudikatzeko ahaleginean. “Irakurle” pertsonaiak ezin nau egiazki ordezkatu. Poetak igaro ezin den muga bat zapaldu du, ni erretratatu nahi izan nauenean. Zirkunstantziarik gabe molda zitekeen, arketipo hutsa dena ez urratzeko. “Izenordainetan bizi, horra zoriontasun garaia”, Pedro Salinasek deiadar egin zuenez.

Orain pentsatzen dut poesian oso baliagarria izan zitekeela bokatiboen azterketa burutzea, poesia historikoki nori zuzendu izan zaion. Denbora dudanez, saiatuko naiz horretaz zerbait esaten, baina lehenago Collinsen olerkia irakurritakoan gogora etorri zaidan beste bat, Enrique García-Máiquez poetarena, hona aldatuko dut, aitzinetiko bide lehorraren freskagarri.

 

 

EL LECTOR ES UN FINGIDOR

 

Cuento mi vida pero lees la tuya.
Nombro un paisaje de mi infancia y tú visitas
–tramposo—aquel camino de arena hacia la playa
por donde corre un niño feliz, que no soy yo.

Actúas siempre así, lo sé por experiencia.
¿Qué importa que yo tenga un nombre propio?

Tú lo expropias. Si hablo de mi pueblo,
es tu ciudad. Se transfigura en álamo
el pino de mi casa. Mis amigos
son mis desconocidos de repente.

Y hasta mi amada es ya tu amada.
Yo cuento sílabas; tú cantas, silbas
poniendo música a mis letras, musicando
al ritmo que te gusta.

De todo cuanto digo escuchas sólo
lo que a ti te interesa, quizá lo que no dije,
sin que haya forma así de no entendernos.

 

 

Te entiendes y me entiendo, porque al pasar la página
vuelves mis versos del revés, reversos
tuyos. Debí de sospechar
de ti, que no te ocultas,
que robas a la luz amable de una lámpara.

 

Yo soy el que me oculto. Cuando escribo,
tú vives, y eso es todo. Como te dijo Bécquer:
Poesía eres tú.

Y yo el poema.

 

 

TEORIYA

 

Ni eta zu izenordainak erabili ohi ditu poesiak. Badakigu ni hori ez dela poeta zuzenean, baizik eta haren ni poetikoa. Ni poetiko hau, narratologiaren narratzailearen baliokidea litzateke. Baina narratzailearen aldakortasuna askoz handiagoa da, ni poetikoarena baino. Narratzaile bat istorioaren barrutik, kanpotik, lehenengo, bigarren edo hirugarren pertsonan, oro jakinki edo ez, ari daiteke. Lirikan, berriz, ahots poetikoa higiezinagoa izaten da. Ni-tik ari da, eta orainetik, beti . Poema niaren “narrazio” aktual bat litzateke.

 

Ibaiertzaren beste aldekoa, zu-a, nahasiagoa da. Narratologiaren bereizkuntzek ez digute balio. Zu jasotzaile erretoriko, jasotzaile irudizko eta jasotzaile errealaren artean ezberdindu behar da. Jasotzaile errealaren agerpena ez da alferrikakoa. Baldin badago genero bat jasotzaile erreal bakar bat eduki dezakeena, horixe da poesia. Inork ez baitu saiakera edo antzerki bat burutzen lagun bakar batentzat, haren mesederik jasotzeko. Zentzu horretan, poesia genero epistolarrarekin parekagarria da.

 

Genero honetan nia anplifikatuta egoteak zuaren bilaketa zehatzagoa izatean (eta errealaren arlora iristean) du bere ifrentzua. Baina ez dut metafisiketan jausi nahi. Hau poesia (lirikoa) ligatzeko sortu zelako iritzi zabaldura bidera daiteke. Erantzuten ahal zait giza jarduera guztiek horixe dutela xedea, eta kontraargurdioez gabetuko naute.

 

Mesfidantza horri muzin eginez, jarraituko dut esanez poesiak, argitaratua denetik, jasotzaile erreal hori begi bistatik galtzen duela eta, unibertso estraliterario asaldagarria atzera utzirik, aztergarriagoak diren beste alor batzuetan sartzen dela. Ahots poetikoaren parean, bi izate kausitzen ditugu, bat beharrean. Jasotzaile formala. Testuko “zu”-a, erretorikoa. Jasotzaile erreal baten simulakroa (pentsa dezagun, izen bat jarrita arrazoibidea leuntze aldera, hainbat poetaren Clorisengan, edo Petrarcaren Laurarengan). Nolabait deitzearren, poematario –poem(aren destin)atario– honek entitate kasik-erreala hartzen du. Pertsonan eraikitzen da. Fikzio bat obratzen da, zeinaren bertutez ezereza modu egiantzean ordezkatzen duen. Nik esango nuke golem hau hain dela ahaltsua ezen, bere sortzailearen kontroletik ihesean, bere aldetik beste sorkari bat ernalarazten duela. Beraren proiekzioa. Bigarren izatea hau litzateke. Poematarioaren nortasuna anplifikatu eta orokortu egiten du. Erresonantzia kutxa zaio, irakurlearen baitan gero arrastoa utziko duena. Ahots poetiko finkoaren eta poematarioaren arteko nahasketa irakurlearengan geldituko litzatekeen ondorioaren isla da. Ez dakit nola izendatu. Bi ahots horien elkargunea da. Efektu harmonikoa da. Noren lurraldean dago? Nire ustez, poematarioari dagokio, bera baita efektua modulatzeko gai den bakarra, ahots poetikoa beti egilearen trasuntoa dela eta lehenengo pertsonatik ari delarik.    

 

Efektu harmonikoak ez du zerikusirik, berez, poemaren edukiarekin. Berbaren pertsonen kokapenekin baizik, eta honek irakurlearengan izan ditzakeen a prioriko harrerarekin.

 

Poematarioaren ubikazioa garrantzitsua da poesiaren delako harrera hori ezaugarritzeko. Poesia klasikoan poematarioa, poemaren irudizko jasotzailea, gorpuztuko da pertsona erreal bat oinarri hartuta, ahots poetikotik kanpokoa eta aldi berean ahots poetikoaren jomuga. Poesia lirikoaren zutabeak maitasunezko eskemetan fundatzen dira. Poesia erlijiosoa honen azpigenero bat litzateke. Jainkotasuna beste Zu bat da, guztietan handiena. Garai honen poematarioak inspiratzen duen musa, entusiasmatzen duen jainkoa edo zeratzen duen maitea lirateke. Poeta tresna da, bitartekoa. Poesia, zuzentzen zaionaren atributua. Irakurlea lekuko edo ikasle bat da, begi aurrean duen ikuskizunarena. Sortzen den efektu harmonikoa estrapoematikoa da, hirugarren pertsonazko musika du.

 

Garai modernoan, poeta tresna izateaz nekatu da, bere gain den indar bati men egiteaz, eta bere buruarengan, bere dramaren baitan biltzen ditu begiak. Niaren poesiaren aroa da, introspezkioarena. Poematarioa poeta bera da, formalki, erretorikoki, “zu” bati oraindik eutsi arren. Sortzen den efektu harmonikoa intrapoematikoa da (poeta guzti-guztia da, paisaiak barne) eta lehenengo pertsonazko musika du, hainbesteraino non irakurleak berak, bere aldetik, bere burua ni horretan integratuta ikustera eramanen duen. Hortik heldu da, nik uste, garai honetatik alegia, poesiaren atxikimendu eta ospe berezia, oraindik jendearen iruditerian irauten duena. Poesia komunioa izatearena.   

 

Baina gaurko egunean, poematarioa irakurlea edo poema bera da. Poesia poesiaz ari da. Egile guztiek beren obraren ikuspegi argi bat eduki behar dute. Haren gainean hausnartu eta, harago joanez, beraren hausnarketa arte objektu bilakatu behar dute. Literaturaren teleologiarekiko, langaien jatorriarekiko hala nola ekoizpenaren harrerarekiko ardura honek markatzen du gaurko poesia. Ildo honi jarraiki, poetek begiak irakurlearengana bihurtzen dituzte. Zerbait aditu gabea burutu da, a) poematarioa poema bera denean, edo b) Zu erretorikoaren gainean Zu erreal posible guztiak lerrokatu direnean. Lehenengo kasuak, nire ustez, poesia klasikoaren arauetara nolabait itzultzea ekartzen du. Bigarrena berriagoa da, asaldagarriagoa.

 

Suposatzen dut lirika beti dela inkomunikazio baten ondorioa, kausa ez bada. Maitasun jainkotua erdiestearen ezintasuna, nork bere burua definitzeko zailtasuna eta, azkenik, benetan irakurtzen ari den pertsona errealarengana iristekoa, horren guztiaren berri ematen du. Kausa eta ondorioa, idaztea gelditzea delako, amore eman izanaz nork bere burua kontsolatzea, arkeologiara jotzea.

 

Eta azken joerari dagokionez, irakurlearen bilaketa etsiak, ezer baino gehiago, gaurko poetaren gabeziez gaztigatzen digu. Irakurlearekikoa da bilatzen duen komunioa, eta horretarako irakurlea ezaugarritzen duen bitartekora jotzen du, liburura. Baina komunikazioa etena dago, hain zuzen ere, liburuak berak etena, paradoxikoki. Irakurle fisikorik edo, bere kasuan, idazle fisikorik ezagutu duenak esan dezake. Harremana bi norabidekoa da, baina autoreak bere liburuarekin eta irakurleak bere liburuarekin lotzekoa. Liburua biena da, baina ez hargatik lokailua edo izendatzaile komuna, baizik eta oztopoa bat egite erreal baterako.  

 

 

IRTENBIDERIK

 

Honetaz guztiaz ondorioren bat atera beharko nuke, orain artekoak zerbaiterako balio izan duela antzeztuz. Irtenbiderik gabeko eszenatokia marraztu dut. Efektu harmonikoak Hura, Ni eta Zu klabeak jo ditu dagoeneko. Antza, hasieratik berrekitea baino ez zaigu gelditzen. Postmodernitateostearen erantzuna huraxe dirudi. Lirikan konfiantza berreskuratzea. Errugabeki kantatzera itzultzea, errudunok. “Joka dezagun ezer gertatu ez balitz bezala.” Baina, narratiban hau baino irtenbide hoberik bururatzen ez zaidan bezala, lirikarako bai uste dut badela. Nire proposamena gaurko egunean darabilgun efektu harmonikoa manipulatzean datza, denborazko parametro bat emendatuz. Haren betiko presentea uztaraziz. Ahots poetikoaren eta poematarioaren arteko harrera-atsegina iraganera edo etorkizunera desplazatuz. Ez naiz ari girotze historiko huts batez (edukiari dagokiona berez), baizik eta poemaren jasotzaile etorkizuneko edo iraganeko bat eraikitzeaz. Horrekin zera lortuko zen, gaurko egoerak eramaten gaituen mise en abîme-tik eta dagoeneko ezinezkoa den xalotasun baten plantak egitetik ihes egitea, eta are narratibarekin lotutako plazer bat poesia irakurtzearenari ekartzea lirika elementu narratiboez zamatu gabe. Ari naiz, eta seguruenik ez dakit zertaz ari naizen, poesia-historikoa eta poesia-zientifikzioa saiatzeaz. Gure iraganaren eta gure etorkizunaren poesia guk orain idazteaz.

 

 

OHARRAK

 

(1) Jatorrizko bertsioa:

 

 

YOU, READER

 

I wonder how you are going to feel
when you find out
that I wrote this instead of you,

that it was I who got up early
to sit in the kitchen
and mention with a pen

the rain-soaked windows,
the ivy wallpaper,
and the goldfish circling in its bowl.

Go ahead and turn aside,
bite your lip and tear out the page,
but, listen –it was just a matter of time

before one of us happened
to notice the unlit candles
and the clock humming on the wall.

Plus, nothing happened that morning –
a song on the radio,
a car whistling along the road outside –

and I was only thinking
about the shakers of salt and pepper
that were standing side by side on a place mat.

I wonder if they had become friends  
after all these years
or if they were still strangers to one another

like you and I
who manage to be known and unknown
to each other at the same time

me at his table with a bowl of pears,
ou learning in a doorway somewhere
near some blue hydrangeas, reading this.

 

etiketak: Testuak
JON ARANO
JON ARANO dio:
2008/04/01 20:26

“Euskadi-friki”

Adiorik bai Aita Praile motorduna!

Arantzazuko fraide motorduna ere hil da ba! Behinolako euskal kulturak izan duen aspaldiko salbatzaile, mokadu goxoen bezainbat paperen jale aparta, edo-eta alkoholemia test beldurrik gabeko txikito edale baratxuria baino finagoa, 50 bat urtez motor gainean “Arantzazu” aldizkariaren kuotak kobratzen ibilia zen fraide frantziskotar ezaguna, alegia. [Ez alegiarra..., beste hori beste komentu batean bizi da, Aker-xuri Benediktoren 11.-aren ordenu Benediktinean, Sanbernardoren kupelaz, zakurraz, eta euxkal aldizkari hutsalez gain, liburu zenduez eta benemeritu bixi-bixiez ere arduratzen dela...] Nekagaitza, domaezina... adjektibo goraipagarri guztiak dira gutxitxo. Harpidetzak kobratzeko kontu korronteak eman nahi ez bazizkioten leku asko eta askoetan, bere presentzia nahiago zutelako zen, nonbait. Eta orain zer? Laurogeitaka-taka urte izan behar zituen eta gaixotasun luzearen ostean joan da Jinko Bellsen osteekin, “Arantzan-zu?”-ka apika, birjin hurien irudi mistiko-erotikoez barru-beterik, agian, akaso frakaso. Omenaldia ere egin zitzaion ez oso aspaldi eta ez dakit hemendik aurrera kontatzera noan zerbait baino gehiago ez ote diren egia-laurdenak, gezur huts-huts, txar-txarraaaak, legenda urbanoak, merienda menditarrak ala urbanitade, boutade edota gizalegezko arauetatik gutxi dutenak. A ze putade, On Urbano, Leon X. papa-mugikor. Hortik eta hemendik zehar ikusten genuen “sotanazko kobratzailea” bere gisako eta kasako lanean (hots, haren “Kasarako”) kasko, galtzerdi eta zandaliekin Derbytxoaren gainean. [Zandaliekin soilik ere bai, diot lepo gaineko kaskorako, eta gerora futbol partidu batzuei “derby”-edo deitzen zitzaiela entzutean, berriz, kojoni antuan!, prailetxo horrexen hankarteko 49. z.k.-ko astotxo proiektil / puzkartxoarekin ere erlazionatu izan dugu hamaika aldiz baloi-buruen arteko ahari-talka, zakurren biolinak!, “kartzelako gaia” kartzelak emandako gaiarekin nahastu ohi genuen bezala...] Bada, behin, bere foto-matoia sartu behar genuela, matame kamioi!, ez naiz oroitzen “Goizerritarra” aldizkaskarrian zen ala “Ostiela iela!” üskaldun ürosen organu eragilean, kontua da behintzat, eta ez kontutxoa, egiazko kontua erran nahi baita, motor gainean zegoela bai, bai (Yosololohagoenmimoto...!), baina ez zeukala kaskorik, eta horrr-horrr!!!, pintatu egin behar izan geniola errotuladorearekin! Bere arrakastak gakartza gaur arrastaka. Euskadi-frikiaren wikipedia gizentzen hasiak ginen eta harako irudi egoki bat zen guretzat berea: aldizkari erlijiotsu baten harpidetza kobratu, aleak ere depaso banatu, eta anaidia ar eta tzar baten esperientzia zabaltzeko Derbytxoaren atzeko gurditxoa bakarrik falta zitzaiola otutzen zitzaigun. [Gu ere halamoduz ibilitakoak baikara...!] Arrautzen faltarik ez zuela izango pentsatzen genuen; ez konjuruak Arantzan-zutik airez bidalita, ortutik ortura ibilita baizik, airetik ez baitzituzten oiloak bidaltzen, odolkiak ordainetan, baserritarrek; badakizue (Gabirian, Gabirian, prailen potroak agirian), haien arrautza dozena 11 edo 14, segun hartzeko edo emateko den, baina arrautza gorrien kontua beste ikuspegi batetik ere barruntatzen ez ote genuen okurritzen zait orain: meritua zeukan Jainkoaren bide eskroto-ezin horietatik ibiltzeko erorikorik eta minik hartu gabe, batxea hemen eta partxea han, zulo alua besterik ez denean errepidean. Uzki-potorro zulora denak! Portsiakaso galdetu dugu berriro eta berriz ere “konfirmatu” digute. Hurrengo egia hori gezurra den edo gezur hori egia, denborak esango du. Zer ospaturik ez genuela, eta ospa!, egin ez genuen sendotzaren aitortza baino askoz geroago, orain bizpahiru urte bota zigun bere zizpaz Goierriko emakume ziztatzaile batek zizpuru artean. Zizka-mizka hauxe zen: Ipuzkuako eta Bizkarroi herri guztia kurritzen zuela gizonak eta gure ingurura ere ailegatzen zela ziztu bizian, bazkaltzeko orduan, rau, sinfalta, harako fraidetxo haiek bezalatsu, baita ilargitik bazen ere... Perrando amezketarrak antzarrak perratzera bidalitako haiexek... Bere ziztada sartua zuen emakume honek gaztetxotandik. Ama-alabak, bera eta bere ama soilik aurkitzen omen zituen beren etxean beti gure fraidetxoak (gure heroiak, ala gizonak, esan behar ote genuke...?), portzierto, xerra zartagitik ateratzeko orduan. Eta bazkaltzera auto-gonbidatzeaz gain [eta gainetik ere esango omen luke], ematen ez zitzaizkion konfiantzak ere hartzen omen zituen ama-alaba koitadu, donatu eta donante haiekin “atorrante” hark: amari besaburuak ukituz, begirada lizun eta “mardula zaude etxekoandretxo...!”; ninia atximurkatuz, “mardula daukazu Lola ninfula...!” eta halako glandulak, kalendulak, infulak, hula hula gure lagunak, praile pajaro / arrain hark, beti ere gure berriemailearen esanetan. Eta etxean norbaiten falta sumatzen zuten haiek, berriz, tripa-jaten. Faltan inor botzen ez zuena, ostera, pozik. Eta “Hiru Trukuk” abesten dituen Bizkaiko kopla zahar haiexen antzeko kontua, erraz asko irudika daitekeena, praile eta andre banaren artekoa izan zitekeena, ekarriko dugu akordura irakurri gura dutenentzako (euskaltegietako ikasle oilanda batzuentzako esaterako, egiten dituzten gauza guuuuztien artean “Leixibatxoa” testu pollita lantzea omen baitute hoberena, hala-moduzko blog txoro batean aitortu dutenez hobena. Ez dakigu ezertaz jabetu edota euskara hobetu ote duten). Antzinako ipuin herrikoi bat da, ahoz aho jasoa (Jon Juaristi felaktore feloi inklitoak “ere bai” zupatua, in “–Mari–Flor de Baladas Vascas” edo txuskasetan. Gizon batek, aberasteko asmoz Ameriketara joan, handik itzuli, eta, bere emaztea berriz ikusterakoan, monjez mozorrotzea erabakitzen du, senarraz gogoratuko ote zen jakiteko; emaztea errekan lixiba egitean ari dela inguratzen zaio eta hona hemen elkarren arteko gonbestazioa: “—Leixibatxo zuria dozu, andratxu gaztia. –Ondo gobernatuta, bai aita frailia. –Eskutxu zuriak dozuz, andratxu gaztia. –Guantepian ibilite, bai aita frailia. –Familia edo b´ozu, andratxu gaztia? –Seme bi ditudaz, bai aita frailia. –Senarrik edo b´ozu, andratxu gaztia? –Amerike urrunetan, bai aita frailia. –Ezautuko zenduke, andratxu gaztia? –Lehengo arropakin bada, bai aita frailia. –Laztan bat emon behar deutsut, andratxu gaztia. –Ez jat komeniduten, bai aita frailia. –Suak erreko ahal zaitu, andratxu gaztia! –Berori ilenti dala, bai aita frailia. –Urek eroango al zaitu, andratxu gaztia! –Berori txalupa dala, bai aita frailia”. Arantzazuko fraide batzuk ezagutuak gara eta [iturri onetik, P.A. dixit, Gand(h)iagaren haga eta ostia txarra, edota Julian Alustizaren, “Aztiri” beraren hitzetan, mixiotako infernuko mehatxuak kenduta] aipatu idazle ospetsuak eta beste guztiak ere (gauetako ETB1-eko sermoilari kitscha, ordea, ez dakit, ez dakit...) aingerutxo zerutiar eta jale eta edale frantziskaner dotoreak begitantzen zaizkigu, jende hitzekoa, langileak, otzanak, zintzoak, sinistuak, bai zeruan eta bai kare biziko ortuan bukatuko dutela, eta badituzte bemolak, ez goaz gaizki esaka aritzera Lihoaren penetaz eta neketaz ... Ez ukitu polainak! Lekaimeen eta mirabeen gaineko txisteak kontatzen badakitela? Irakurleak eta gu ere ez gara karitateko mojatxoak izango! Hala kalendario egile nola eguraldi gixon legez, hola musikako klasiko modernoen ezagutza zabalkundean, edo Euskal sukalderrian eta politika inoiz ez polittikan, baina batipat agri-kulturako kuzina lan ugari eginak dituzte, pegatinardi latxa eta bake-kafegintzan dabiltza segurola asko eta oraintxe haren izena gogoan ez dudan hagiografo elegantea be bai. Orain ez, orain bai, ja-jai! Baltzategiko Errodrigotxu Arantzazko arbolako mirariaren ikusleak bezala, Paulo Agirretxuk bixionatuko al du Ezkioko Amabirjina berria berrokeldurik [Itxaso Lehorreko esku xuri estigmatizatu eta faltsuak ez bezalakoak izanen al ditu...] eta orain ehunka urte bezala kolatu goleadaz eta izango al dugu saltxitxa hartaz gozatzeko ditxa, gizaldiz gizaldi. Utikan gaurko Zapata Tortilla, Simaurretxeren Kon-su-letxea, Patasunaren Kontsul etxea, Elehna xuritzaile bikainena, Urkulo pintorearen kapelak, Rianxeiroiren umea, Rouco Valerio eta bere biki Pako Krabelin, Al Bano ta El koso bar and Guajaloteak, ijito errumez ez, ezak, uxualeko enpresari lukurrero praktikante indiziozaleak eta, en fin Errufin, azken finean, azkengabeko jainkogabeko eskabiolakeria hau, gure Lurralde Historikoko Ama-txo-ri kaka egiten baitiote tititik behera, umeak kaka jan dezan...! Titiburua ez da erpurua! Gizon beatuok, ni ez naiz inor zuen etxean, tenpluan, errefektorioan, katakunbetan edo ziegan sartzeko, baina esazue hitz bat eta santutuko naiz, zuen zandalietara iritsiko ez bagara ere, eta sekula ez zaituztegu salatuko Gartzon-tzillok entzuteko moduan, porsiakaso...! Mirandatik behera joango al dira, mirandan etorri barik! Kexuxito ere berriz hilko bailuke hark Gurutz Orlegian, bere mementuko `Pranko Raza´-k aginduta, hala mugimenduko bunkerrak nola teknokrata liberalak –PDPSOE, gorriak eta urdinak, ez al dira berdinak?–, razzia demokra-krata & krabatak lagundurik, “Raid” labezomorro akatzailearekin, lo mata bien muerto, kuanto. Bai aita fraidia, inurri atomikoa ere gizona izango zen eta zerbait beharko zuen. Ezinezkoa da hortik eta hemendik esan izan denari eustea, ordea; ez dugu ezergatik ere sinetsiko, Giputz-aldeko baserrietan hamaiketakoz eta hamabitakoz gain siestarako azpi-arrunten bat baino gehiago izango zuela olgetarako eta Bizkairrata aldeko kostaldean, berriz, aukeran urrutitxo eta kopirraita, gatz-ozpinduak, oturuntzak, untza-joak merke urtenik, afari apaltzekoa, otoitzerako laguntzak eta ohea ondo lo egin, eragin eta lohitzearren. Zerbaitegatik omenduko zuten, ez dugu uste hain bitxoa izango zenik ere, jendearen esamesak, txutxu-mutxu nazkagarriak, pozoi hutsezko kanela fina, edozein lekutan edonoren aurrean agertzeko gupidarik ez zuela begi-bistakoa da (motorrarekin agertu egin behar da horrela oholtzan, e...!), “hiltzeko batere lotsarik gabeko adinarekin” hil da gainera. Ama-birjina azalduko al zitzaion honez gero! Mariaren Bihotz Gozoak salba beza. Malaga Birjineko altzoan edukiko al du Goiko Aita-xantuenekoak. Deus ez eta korri-tu?, ez Korrika egin, zatoz trenean aita, itzul zaitez Pater Padrone, baina ez AHTrenean! [Eta artzainei, berriz, birjinaren sagarrondo gaineko agerpenak ez al zien ekarriko deskuiduko ardi latxen esne zuriaren desagerpen latza! Idiarena Zabal aberaskilloa mugante eta Etse Garateko Aldan Ondoena iruzurti Sionen seme eta juduen errege tunantea, tuneatutako tunoak mediante, Txantxangorria txantxate, Birigarroa beti alkate, Xoxua dela “dante”, txepetxa sartu dute “tomante”. Eta denok Ordiziara feriante!] Eta Arantzan-me bee-ko hilerrian apenas fraiderik ez dela eta sotanadunak, baita motorduna, txerrien askara botako zituztenaz, zer esan, beste hainbeste, agure zahar malapartatu eta mingain zikin berduleroen kontuak baino ez direla, ez dagoela dretxorik, horrela zabaltzen dela simaurra gure soroetan ere, eta hementxe gabiltzala euskal giroan kaka lardatuz, belar txarren zopizartzen. Arantzan-ni, baina “Besteak” dira Gaizkiaren Ardatza,. “Zu bekatari”, gure aparkalekuetako autoen azpietan mamu bizidunen ximaur piloa besterik ez, eta inor ez gaudela gorputz-arimaz bizirik azpiak ateratzeko. Merezia dugula errediola, Goian Bego hura, Behean Begoñako Amatxua, eta geratzen garen Juantxu / Maritxuok inpernuko zulora! Oraingo gazte ero aiton orlegi sesiante gurari ugari gisa, atso zaharren kontuekin ibiltzeagatik!

Joanes Mirel Aranomendi (Marrano konbertsoa)

Antonio Casado
Antonio Casado dio:
2008/01/17 12:51

Aupa, aspaldian itzuli nuen Collins-en poema bat, zu-eta-ni beste erabilera bat gauzatuz. Itzulpena trakets samar da, baina uste dut merezi duela euskeraz zabaltzea. Hona hemen:

JAPONIA

Gaur ari naiz irakurtzen
haiku kutun bat,
bere hitz gutxiak behin eta berriro esanez.

Behin eta berriro
mahats bera, txiki eta perfektua, jatea
bezalakoa dela sentitzen dut.

Etxe barruan nabil haikua errezitatzen
eta bere letrak erortzen uzten ditut
gela guztiaren airean.

Pianoaren isiltasun handiaren ondoan nago, eta haikua esaten dut.
Esaten dut haikua itsasoaren marrazki baten aurrean.
Apal huts gainean bere erritmoa jotzen dut.

Nire buruari haikua esaten entzuten dut,
gero entzun barik haikua esaten dut,
orduan esan barik aditzen dut.

Eta txakurrak bere burua niregana altxatzen duenean,
lurrean belaunikatzen naiz
eta bere belarri zuri luze bietan xuxurlatzen dut haikua.

Gainean duen sitsa
tona bateko tenplu kanpaiari buruz da
haiku hori,

eta esaten dudanean,
burdinezko kanpaiaren azalean
sitsaren presio izugarria sentizen dut.

Leihoari esaten diodanean
kanpaia mundua da
eta ni han dagoen sitsa naiz.

Ispiluari esaten diodanean
neu naiz kanpai astuna
eta sitsa bizitza da, paperezko hegatsak dituena.

Eta gero, ilunpean esaten dizudanean,
zeu zara kanpaia
eta ni kanpaiaren mihia naiz, zu jotzen,

eta sitsak bere lerrotik hegan egin du
eta airean dabil atearen erro bat bezala
gure ohearen gainean.

--

Jatorrizkoa ("Japan") oso erraz aurki daiteke internetet. Poemak aipatzen duen haikua Taniguchi Buson-ena da, honako hau (X. J. Kennedy-k itzulia):

On the one ton temple bell
a moon-moth, folded into sleep
sits still.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44