Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / olerkia san fermin hauen aurka

olerkia san fermin hauen aurka

Hedoi Etxarte 2008/12/03 11:14
Ez dugu ohiturarik Volgako Batelariak-en "sorkuntzazko" testu literarioak argitaratzeko, baina zertarako dira ohiturak, traizionatzeko ez badira? Hedoi Etxartek aitortu digunez, hasieran manifestu moduko bat idazteko asmoa zuen, baina azkenean poema bat atera zitzaion: inor ez da perfektua. Hedoi Etxarte (Iruñea, 1986), honezkero enteratuta egongo zarete, euskal poesia uztaren azken(aurr)eko alea da, aurten bertan argitaratutako "Suzko lilia" liburuaren eskutik (Susa argitaletxea); biolinjolea ere bada (Euskal Herriko Orkestra Gaztean eta Tokian taldean ibilitakoa, besteak beste, F. Muguruzaren azken bi diskoetan kolaboratzaile), itzultzailea ("Gaston Lagaffe" komikia euskaratu du) eta Karkrak fanzinearen bultzatzailea. Edonola ere, bidali digun San Ferminen aurkako poema honen harira, Volgako Batelariak-en erredakzio batzordeko zemtsvoak, bilduta eta gehiengo absolutuaz, honako hau aldarrikatzea erabaki du: Gora San Fermin! ¡Diva Transfermín!


olerkia san fermin hauen aurka

(georges brassens-en la prière-n doinuan)

 

iruñeko alde zaharrean

gazte ergelen oihuengatik

lo egin ezin duen ume

je vous salue pampelune

gizartearen bultzadarengatik

kantoi zikinean

lehen aldiz txortan egin duen bikote

je vous salue pampelune

logika katolikoari men egin eta urtean erreprimitu

eta jai egun horietan hormona erauntsiak jan dituenengatik

je vous salue pampelune

 

areak itota eta dohakabeek jaia egiten zutela

hil duten zezenarengatik,

gu ez goaz zezenengatik jaia egiten dugu,

denok ditugu kontraesanak

esaten duten zitalek beraien zakurrak tortura ditzaten

 

90 urte eta sendirik ez duen amatxiak

ezin du goizean kirats eta lurrean diren

gazte mozkorren artean ogirik erosi,

iruñeko etorkinen auzoan bizi da,

euskaldun gehien dauden auzoan,

%55ak europar konstituzioari ezetz esan zionean,

nafarroako asistentzia sozialaren erdia jasotzen duenean,

parranda bakean egiteko alde zaharretik at bizi behar

je vous salue pampelune

ibrahimek ez ditu paperik,

ez du kontraturik,

eta san ferminetan kapeluak eta eskumuturrekoak saltzen ditu,

ibrahimez trufatzen dira iruindarrak, australiarrak,

euskaldunak, espainolak, frantsesak

ibrahimek ezin ditu momentikoak sentitu

ez da iruñean jaio,

ez bazara iruñean jaio ezin dira momentikoak sentitu,

zezenen tortura, zure auzotik at pixa ateetan egitea,

neska gazteak sexu makinen antzera begiratzea,

ezin da sentitu hondarribian jaio ez bazara emakume fusildunengatiko gorrotoa,

ezin da sentitu ablazioa ondo dagoela ez bazara kamerungoa,

ezin da sentitu homosexuala harrikatzea ondo dagoela iranen ez bazara jaio,

ezin da sentitu bagdad bonbardatzea ederra dela ez bazara iankia,

ezin da,

sentitzea lahostia da,

je vous salue pampelune

 

eta leire aulki gurpildunean dago

eta berak ere ezin du sentitu,

kaleak edalontzi hautsiz hornitu dituzte

dagoen askatasuna, sustraien aurkitzea

ezin du jakin zer den,

jai hau indarra dutenentzako da

bipedo, heterosexual, zurientzat,

katolikoentzat, kontserbadoreentzat

je vous salue pampelune

germanek balkoitik begira pentsatu du

txiroaren alde, zailtasunak dituenaren alde

jartzen ez den horrek baduela izena,

eta berekoi autoritario horien aurrean dagoela,

ez da beste biderik gizarte berriak eraikitzeko

je vous salue pampelune

 

arestik euskalduntasunaren mugak marraztu zituen,

hauek ziren:

iparrean: justizia,

hegoan: libertatea,

mendebaldean: gizakiak bizitza noblea eduki eta asteko bi egunetan jai izatea,

ekialdeak: neska-mutikoek ikasteagatik beharrezko dirusaria irabaztea,

arestik zioen

muga hauek ez dituen euskalduna ez zela euskaldun,

gizaki ez zelako

je vous salue pampelune

iruñeko alde zaharrean

gazte ergelen oihuengatik

lo egin ezin duen ume, gizaki, iruindar,

egin garraxi sanfermin hauen aurka

 

 

etiketak: Testuak
joanes apaolaza
joanes apaolaza dio:
2008/12/15 20:06

basakeria askatzeko bide egokiak bilatzen ditu doktrina katolikoak, ondo kontrolatutako "askapen" egunen ostean dena ondo lotuta. ohitura katolikoetan bat egiten dute teorian ideologia oso ezberdina duten iruindar eta nafar askok. ahulak kontuan hartzen dituen besta beharko genuke, erabat ados hedoi.

Angel Garcia
Angel Garcia dio:
2008/12/06 21:34

Ez egin garraxi, nafar jatorrak lo daude oraindik. Iratzargailua abenduaren 12an dute jarrita, naski. Maite ditut maite gure bazterrak, pixaren lurrinak ezkutatzen dizkidanean...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44