Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Nork bere izena Google-n sartzeaz

Nork bere izena Google-n sartzeaz

Angel Erro 2009/11/19 12:15
Artikulu honetan Angel Errok bere poetika argitzen du -ahalegintzen da-, sekretua, edertasuna, ironia eta simulakroa bezalako kontzeptuen bitartez. Aurtengo EHUko uda ikastaroetan emandako hitzaldi batean irakurri zuen.

 

logo escher

“Poesia idaztea nork bere izena Google-n sartzea bezain ekintza humanoa da.” Hola hasi behar zuen existitzea lortu ez duen nire poema batek. Hitzaldi honetarako berreskuratu nahi izan dut; partaide zuen osotasunak porrot egin badu ere, seguruenik definitiboki, bihozkada dut oraindik gordetzen duela poesiaz dudan ikuspegiaren egia-zati garrantzitsu bat. Joseba Sarrionandiaren bertsolerro baten parafrasia da, parodia ez bada: berak poesia limonada egitearen ekintza hutsal eta bere hutsaltasunean duinarekin konparatzen zuen. Hutsaltasun eta duintasun horien aurka ez dut nik deus. Ados nago Poesia zerbait hutsala eta duina (edo hutsala baina duina) dela. Ni naiz Poesia pedestaletik jaitsi behar dela uste duten horietakoa. (Poesiak funtzio soziala galdu ahala, gizarteak kokatu duen pedestal prestigiotsutik…). Eta Poesia (zehatz dezagun: hitzak eta hitzen bitartez eskura daitekeen edertasun formala zein kontzeptuala) guztiz errespetatzen dut; nire bizitzaren parte handi bat horretara ematen dut.

Baina nago, modu berean, Poesiak, poesia idazteak, beste fazeta bat baduela. Nork bere izena Google-n sartu eta sarean norberaz dagoen informazioa kontsultatzen duela aitortzen duen askorik ez dago. Ekintza humanoa da baina intimoa ere bai. Nork bere buruari baino aitortzen ez dizkion gauzetarikoa dugu. Poesia idazketaren nire esperientzia nik horretan sartzen dut.

Sekretuaren estetika

Poesia eta sekretua lotuta daude nire iruditerian. Nire formazioan. Borgesek zioen bi gauza funtsezko zeudela bere bizitzan, eta haietako bat hitzen existentzia zela. Buruz ari naiz. Borgesek aipatutako beste gauzaz ez naiz oroitzen. Akaso Borges ere ez zen oroitzen. Nik esaldi bera (bigarren gauza horretaz oroitzen ez naizen bitartean) sinatu nezake hitzez hitz. Hizkuntzak liluratutako ume (mutil eta gizon) bat izan naiz: hizkuntza, baina ez hainbeste bere mekanika hotzean baizik eta bere funtzionamendu praktikoan baizik. Lehenago esan dut nire bizitzaren parte handi bat Poesiara emana bizi naizela. Ba horixe esan nahi izan dut. Ez dudala alda daitekeen hobby moduan bizi, baizik eta hain modu auto-eraikitzailean, hain modu intimoan, ezen izaera sekretua hartu duen nire baitan.

Izaera hori indartzera etorri da nire “bizitzako bigarren gauza funtsezkoa”, hau, nik dakidala, Borgesekin konpartitzen ez dudana: nire izaera sexualaren eraikuntza, hau ere, oraindik dagoen nolabaiteko debeku sozialagatik, sekretuan hazi behar izan dudana (eta hainbat ataletan, ezinbestean, sekretu izaera oraindik gorde duena). Agian hau ez zen hemen aipatzekoa. Baina nire biografian bi ezaugarriok hainbeste, hain estuki, txirikordatzen dira, non puntu bateraino ez baitakit non hasten den bata eta non bestea. Nire hasierako testu nerabe aurrehistoriko eta aurrepoetikoetan desioaren formulazio lotsati, trebatugabe, norabide-galduan ikusten dut hori, eta ez dakit noraino diren testu lotsati, trebatugabe eta norabide-galduak beren gabezia literarioengatik edo beren ezjakintasun sexualengatik.

Bi alderdiok luze joan dira eskutik, baina denborarekin arlo bereziak osatu dituzte. Hala ere, fundaziozko une horri zor diot nire poesia (argitaratu) guztiari darion sekretu kutsua. Sekretu hori ez da deskubritu beharreko barne-ezer. Ez da aletheia. Nire poesiaren zioa ez da deus desestaltzerik. Sekretu horri itzulinguruka ibiltzea, jolasean, baizik. Sekretu mundutarra (baina dagoeneko hain hezurretaraino sartua non nihaur osatzen nauen muina dela sinets dezakedan), zeinarentzat gay desira geruza bat gehiago baino ez baita.   

Gizakiaren eta naturaren aztertzea, zorionez, zientziaren eskutan utzi dugun honetan, poesiak ezin digu ezer erakutsi. Poesiaren ezin esanak ez du eite epistemologikoa; gizarte produktua den heinean, ezin-esan horrek bestelako ezaugarriak ditu, gizartearenak berarenak.

 Sekretuaren poetikaren fede aitortza Gorputzeko Humoreak liburuko ondoko poeman egin nuen:

 

 POETIKA GARAI HEROIKOETARAKO

                           Escrivons, attendant de plus fermes plaisirs.

                                                              Jean de Sponde       

                 

Nik ez dut euskara salbatu nahi

                            Hitzac gehien bat demborazco dira

   (komeniago zait desager ledin),

                        eta sententia erran berriena

      ez poesia pittin bat gaztetu,

                  honezquero hasi da ecinaren,

           ez inor hobe bilakatu hitzez.

               et’ez viciaren, evocatcera.

         Zuzen zein oker, tuntunean nabil.

         Goibel banago, bertsoei negar.

         Irri ere dagiet. Sekretari

         onak baitira, sekretuak konta,

         egunerokoak eta aipuak,

         plazer zintzoagoen zain naizela.

 

Edertasunak

Berandu baino lehen, esango dut: edertasunean sinesten dut. Baina berehala esango dut, begirunezko isilune baten ondoren, Edertasuna produktu bat dela, elaborazio bat, output kultural aldakorra (historikoki aldakorra, inork ezin du ukatu, nahiz eta maila pertsonalean, baita ingurune eta baldintza kulturalengatik ere, iraunkorraren forma hartzen duela irudi dezakeen). Edertasuna erlatiboa da. Ez da beraz Edertasun bat, maiuskulaz, existitzen. Eta ez dago edertasuna irradiatzen duen erdigunerik ere. Edertasuna esan dudan tokian, Egia ere esan zitekeen, Inmortalitatea, Jainkoa, Nazioa edo hainbat kontzeptu jar genezake. Baina, poeta naizenez gero, Edertasunaren absentziaren minez omen nagoenez, hitz hori erabili dut eta erabiltzen jarraituko dut. Ez dut sinesten, ezta, Edertasun global eta zentralik gabe, edertasun pertsonal atomizatuan ere. Maiuskulen desagerpenen ondoren, helduleku bat izan daiteke, humano eta duina, Niaren indartzean oinarritzen dena. Hau da, jarrera erromantikoa. Eta post-romantikoa. Edertasun irradiazio zentroa deslokalizatu baino egiten ez duena, delako kontzeptuaren balioa zalantzan jarri gabe.

Nik –esan dut– edertasunean sinesten dut. Baina produktu bat da beti. Emaitza bat. Eta kulturala, alegia, historikoa, denbora jakin bateko gizartearen emaitza. Horrela, uda honetako kanta entzunena eta Eneidaren pasarte bat berdin eder kontsidera daitezke, hierarkiarik ezarri gabe, ez goi-kulturakoa lehenesteko, ezta, (usteko) asmo eskandalizatzailearekin, tradiziokoa suntsitu eta ultramodernoa aldarrikatzeko (surrealistek egin bezala; aurrerabidean sinestun, Marinetti futuristak Samotraziako Garaipena baino ederragotzat automobila aldarrikatzen zuenean horixe bera egiten zuen). Honen ordez, edertasunaren adierazpen historiko guztiak balekoak direla pentsatzearen aldekoa naiz, eta hala erabiltzearen aldekoa naiz (baita zaborraren estetika ere, kontraesan moduan bizi gabe, historiaren altura honetara itsusiari efektu estetikoak ateratzeko gai izan baikara). Modu eszeptikoan beti ere. Eszeptizismo horrek –irakurlea poetikekin, aldarrikapenekin eta diskurtsoekin denbora osoan ez nekatzearren– poetaren baitan –eta sekretuan– egon behar du gehienbat eta ez hainbeste emaitza poetikoan, non, egilearen eszeptizismo eklektiko eta sinkretikoa, nahi dituen iturrietatik edanez, nahi duen tradiziora joz edo ukatuz (ez halabeharrez koherenteki) hizkuntzarekiko lilura garaira egokituko baita.

          

Kulturaren simulakroaren alde

Garai honen ezaugarria sistemaren auto-kontzientzia da. Arlo guztietan, baita literaturan ere, non ezin den inongo generorik inozenteki jorratu [akaso, nire uste pertsonalean, honetaz libratzen den bakarra kritikagintza/hitzaldigintza da, originaltasuna (eta kreatibitate lokabea) eman daitekeen toki bakarra]. Posmodernotasunaren kontzeptua, hainbat jende nerbiosten duen arren, ni lasaitu egiten nauena, horrekin lotzen dut nagusiki, eta ez hainbeste postulatu (a)politikoekin edo, kritikari batzuei irakurrita ondoriozta litekeen moduan, gai edo estilema batzuen erabilpenarekin (postmodernitatea ez datza, berez, testua zatikatzean edo autofikzioan, esaterako). Posmodernotasuna, beste kultur arloetan ez dakit baina literaturan, nire ustez ez da mugimendu bat, estilo bat edo berrikuntza jakin bati sarbidea emateko giltza, gogo-egoera bat baizik, errekapitulazio eta erreflexio eskaera bat, eta, alde horretatik, aurreko ondare (kultural) literarioaren birbalorapenerako oso une egoki eta interesgarria. Garai historiko guzti-guztien garaikide sentitzeko aproposa. Hori egiteko, simulakroa baino ez da posible. Aurrerabidearen, progresoaren ideiak ekiditen zigun tradizio guztiarekiko elkarrizketa zuzena; aurrekoak, pasatu-gainditu beharreko faseak –inperfektuak– zirelako. Inperfekzio intrintsekoa nork bere gain hartzetik (errealitate zehatzaren ideia suntsiturik, den-denak eraikuntza dakarrelako konbikziotik) baino ezin da, buruz buru, aurreko edertasun inperfektuko emaitza historiko guztiak aintzat hartu, baloratu, gure egin, eta benetan (hau da, itxuraz) eder kontsideratu. Horrexegatik diot edertasuna, garai guztietakoa, gurea (nirea) dela. Antzinatearen espiritu oro-besarkatzailea da hau.

Apropiazio hau muturrera eramateko prest nago, langaietara ere zabalduta. Nik ez dut plagio kontzepturik ulertzen. Tradizio osoaren jabe legitimoak gara, baita berez literaturakoak ez diren hizkuntza-ekoizpenenak ere.

Antzinateko imitatio cum variatione lerroan ikusten dut nire burua, lehenagoko materiala gaurko (nire) beharretara ekarrita, ez deus berria sortzeko asmoz, baizik eta, Poetak dioen modura, norbaitek, ez halabeharrez etorkizunean, oso kultura zahar batean uler nazan. Klasikoek uler gaitzaten. Uler ditzaten, eta haiekin batera guk, gaur egungo kezka betidanikoak.

Lan egiteko modu hau, birziklapenarena, nola burutzen dudan adiera emateko, ager dezadan lehenago aipatu dudan Garai Heroikoetarako Poetika nire poemak, esaterako, hiru iturritatik edan duela, zintzoki sinesten dudan eta bestek beren poemetan hurbildu didaten zerbait azalarazteko: a) Jean de Sponde mauletarraren bertso-lerro batetik azken puntua (aipamenean aitortuta), b) Joachim du Bellayren Les Regrets-etako bigarren soneto ezagunetik gorputz erdia (“Je ne veux point fouiller au sein de la nature, / je ne veux point chercher l’esprit de l’univers, / je ne veux point sonder les abîmes couverts (…): / soit de bien, soit de mal, j’écris à l’aventure. / Je me plains à mes vers, si j’ai quelque regret, / je me ris avec eux, je leur dis mon secret, / comme étant de mon coeur les plus sûrs secrétaires.”) eta, azkenik, c) Gabriel Arestiren itzulpenean buruz ikasita dakizkidan eta berriz idatzita aurkitu ez ditudan T. S. Eliot-en lau berset (olerkian letra etzanekoak).

Ez dut beste poetekin eztabaidarik bilatzen, nire ikuspegiarekin ados egongo ez direnak badaude, poema (emaitzari dagokionez) eder askoak egiten dituztenak; eta, lehenagokoak bezala, nire tradiziokotzat ere har ditzaket.

 

Ironia 

Edertasuna, Egia, Jainkoa, hitz horiei beste bat gehitzen ahal zitzaion, literatur teorian pisu handia eduki duena, antzinatean Pseudo Longino-rengandik hasi, Immanuel Kant-ekin jarraitu eta kasik gaur egunera arte: Sublime(tasun)a. Literaturaren jomuga moduan. Sublimearen autoritatea ere amildu da. Hitzek itzala dutenez, aitortuko dut niretzat sublime hitzaren barrunbetan Johann Sebastian Bach gorde dudala. Ia sinonimo dira niretzat. Biziki maite dut Bach, Bachen emaitza musikala (ederra-edo deritzot), Bach matematiko-hotz-barrokoarengan, Bach barnebildu-jainkotiar-erromantikoarengan edo gaur egungo Bach terapeutikoan, hala nola beste edozeinengan fede gehiegi jarri gabe. Pseudo-ahistorikoki.

Wayne C. Booth-ek, bere A Rethoric of Irony saiakeran, kasik eskuliburuan, orain hogeita hamabost bat urte, ironia aldarrikatzen zuen XX. mendeko sublimetasun gisara, hots, sublimearen ordezkotzat. Ironia ez da XX. mendeko asmakuntza, inondik inora, baina agerpenaren maiztasuna argiki gora doa. Ez da arriskugarria esatea gaur egun sinesmena dugula produktu artistikoa oro barregarria dela ez badu, bere baitan, bere (buruaren) gezurtamena ekartzen. Lehenago aipatu dudan sistemaren (biluztasunaren) auto-kontzientzia horrexegatik beragatik. Garai bateko sublimearekin bezala, gaurko testuan, ironia txipienaz gabeturik, susmatuko dugu inpostura, edo kopia hutsa, edo trikimailu ezaguna.

Ironiak eta paradoxak (herrialde anglosaxoietan ironiak bi adierak besarkatzen ditu) akats [falla] geografiko bat adierazten dute bi geruzen artean, ezegonkortasun bat. Ironiaren kasuan, adierazlearen eta adieraziaren artean, nahitako kontraesan bat ezarrita, itxura eta funtsa lehiaraziz. Paradoxa adierazien arteko talka da. Eta adierazleen artekoa hitz-jokoa izan zitekeen (burura datorkit). Tresna hauek (mekanizaziorako joera erakusten hasten direnak) ezinbesteko tresnak (edo, hobeki, olio lubrikante) ikusten ditut nik poesiarako, literaturarako, arterako, autokontzientzia hura agerian uzte aldera, eta baita tradizio eta maila ezberdineko materialekiko lanerako ere.

Gure despit, malgré nous, "sortuko" baitugu, gure material poetikoek beste obra batzuk elikatuko dituztelako, ironia guztiak birrin eginda (horixe bera da Antzinateko poeten erakustaldia), ez gara gehiegi kezkatu behar xafla-soldatzaile hutsak baldin bagara. Bitartean, edertasun ekoizle ez bada, edo horretaz gain (ez nago seguru), zentzu-egile izan bagara, XXI. mendeko poesian ezarri dugun erlazio testuala irakurlearekikoa da (poemetako zua ez da garai bateko maitale topikatua, jainkotua, ezta norbera ere [zu>ni erromantikoa], ezta poema bera ere [poema autorreferentzialak, zu>poema]). Eta irakurlea partehartzailea (kontsumitzaile) eginda, eskaini behar diogu berak osatuko duen puzzle hasia.

 

Adibide bat (gehiago)

Ondoren irakurriko dudan Gorputzeko Humoreak-eko nire poema honek lehen aipatutako kontzeptu asko abian jartzen ditu. Lehenagotik egindako olerki (tradizio) zahar bati interpretazio berria eskaintzen dio olerki berriak. Maitasun poema petrarkista berantiarra (Shakespearek bere maiteari egina), itzulpengintzari buruzko hausnarketa bilakatzen da (itzultzaileak Shakespeareri, itzuliz gain, esaniko hitzak daitezkeela seinalatuta).

 

JUAN GARZIA GARMENDIA (W. SHAKESPEAREREN ITZULTZAILEA) SHAKESPEARERI, XXVI SONETOA ITZULTZEN HASTEAN

Ene maite-jaun, sujetasun finez,

zugana zorrez loturik bainago,

idazki hau har ene leial-grinez

dituzkeen merituz bainoago.

 

Edo gaztelaniazko nire bertsio zoragarri batean nahiago duenarentzat:

 

MANUEL MÚJICA LÁINEZ (TRADUCTOR DE WILLIAM SHAKESPEARE) A SHAKESPEARE, AL COMENZAR A TRADUCIR EL SONETO XXVI

Señor del amor mío, cuyo mérito

obliga mi homenaje de vasallo,

te envío esta embajada manuscrita,

mi devoción probando y no mi ingenio.

 

Eskerrik asko. 

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2009/11/23 21:26

Bat nator, Angel, bota duzun gehienarekin. Izan ere, zure poemen edo intentzioen haratago, gaur egungo poesiaren portreta ederra eskaini diguzu. Edo gustatzen zaidan poesiarena, bederen. Adibidez, Billy Collins edo Wislawa Szymborska irakurtzean, ironia, simulakroa, edertasuna eta sekretu ugari aurkitzen baititugu. Hala ere, osagai horien arteko oreka garrantzitsua iruditzen zait: misterio kutturik gabe poesiarik ez, baina sekretuegi jotzen baduzu, poema kriptikoegi bihurtzen zaizu, eta irakurlearen interesa galtzeko arriskuan zaude.

Ondo ulertu badizut, postmodernitatea ez datza testua zatikatzean edo autofikzioan, edertasunaren deslokalizatze prozesuan baizik. (Baita egiarena edo ongiarena ere, baina hemen edertasunaz ari gara.) Ados nago. Adibide txotxolo bada ere, "American Beauty" izeneko filman horrelako zerbait ikusten da: edertasun kanonikoak protagonista tragediara eramaten du, baina amaieran beste mota bateko edertasuna kaleko ertzean (orbelaren mugimendu kaotikoan, alegia) ikusteko gauza gara.

Aldarte ludikoa eta tradizioari beldur gabekoa ere aldarrikatzen dituzu, eta horretan ere egungo (gogoko dudan) poesia datza. Szymborskak zientziaren eta historiaren hizkuntzak parodiatu egiten ditu, haien simulakroak eginez; Collinsek besteen poemak erabiltzen ditu jaurtiketa-pisten legez, bere poemak sortzeko, eta lotsarik gabe aitortzen du; Fernandez-Mallo nik baino hobeto ezagutzen duzue...

Hala ere, izena Google-n sartzearenak ez nau osoz konbentzitu, poesiarekiko analogia bezala. Azken finean, izena sartuz gero besteek norberari buruz zer dakiten jakitearren egiten dugu, norberaren nortasun publikoa zein den jakiteko asmoan. Eta poesiarekin gertatzen dena guztiz ezberdina da: besteek norberari buruz ez dakitena --norberaren alde ezkutua edo pribatua-- azaltzeko idazten ohi da, ezta?

Jurgi Kintana
Jurgi Kintana dio:
2009/12/04 20:32

Oso interesgarriak posmodernismoaz eta posmodernismo garaian plazer estetikoen abiapuntuez esaten dituzunak(asko gustatu zait "pseude-ahistorikoki" gozatzearena).

Literatura sortu ez eta destripatuz entretenitzen garenontzat espekulazio txiki bat. "Poetika garai heroikoetarako" poemak, testuan aipatzen ez duzun laugarren iturri bat ote duen iruditu zait: zure "goibel banago, bertsoei negar / Irri ere dagiet" eta Lauaxetaren "gexo nago [...] eztagit negarrik"...). Ohartzun urrun bat baino ez. Litekeena da gaizki entzutea. Besterik gabe.

Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2009/11/27 12:32

Ariketa: nork esan zuen poesia guapo sentitzeko modu bat baino ez dela?

Angel Erro
Angel Erro dio:
2009/11/26 16:39

Estimatzen dizut, Antonio, erantzuna. Berandutu banaiz, postmodernitatea, nik ulertzen dudan moduan, baloreen deslokizatzea ote den hausnarrean ibili naizelako izan da. Eta oraindik ez dakit zer erantzun (Elizak doktoreak badituela, honetan ni baino jantziagoak, ezpada). Edertasunaren ideia hegemonikoa eraisteko aipatu duzun adibideak, 'American Beauty'ko poltsa horrenak, eta antzekoek balio badezakete ere, arriskua ikusten diet, Artean (eta zehazkiago poesian) horrelako efektu minimal, casual, hutsal asko dagoeneko sakongura eta posezko bilakatuta ikusi ditugulako gure artean (gurerik zabalenean uler bedi). Baina ez nuke kontu hau irudikatu nahi, esklusibitatearen izenean, cool, tendry eta arty-ek diharduten hirietako auzo batetik besterako ihesaldi zoro moduan. Posmodernoa, niretzat, darabilgun baloreekiko inozentzia eza da.

Hitzaldiaren izenburuari dagokionez, seguruenik arrazoia duzu. Ileetatik hartuta dago. Deigarria, behintzat, bada. Eta nire aukera nolabait defendatu beharko dudanez, esango dut Poesiak eskaintzen duen "jakinduria" klasean baino, poesiara hurbiltzeko uneaz eta motiboez aritu nahi nuela: morbosoa, pribatua, aitorrezina. Bestetik, internet, poesia bera bezala, gugandik kanpoko elementu bat da, miloika harien bidez jositako sarea, eraikia, galbide errazekoa, zeinean gure ekarpenak (beti umilak) harro sentiaraziko baitigu, benetako motibo gehiegirik gabe.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44