Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Nola jo larrua euskal idazle gazte batekin

Nola jo larrua euskal idazle gazte batekin

Angel Erro 2011/06/16 09:53
Testu honen bitartez, irakurle jakingurak ikasiko du euskal idazle gazte bat, liburu-formatuan ez ezik, gezur-haragitan ere ohera nola eraman, Angel Errok apailatu dituen han eta hemen ikusi, entzun, zuzenean bizi, irakurri eta oro har plagiatutako aholku baliotsuei jarraiki. Bejondeizuela.
Nola jo larrutan

Jo egiozu larrua euskal idazle gazte bati. Fermin Calbeton kaleko edozein tabernatan topa dezakezu, edo Larrabetzuko edozein salmahaitan, edo Kafe Antzokiko edozein kontzertu ezin saihestuzkoren barraren ondoan. Hogeita hamar urte inguruan dituztenen artean aukera ezazu bat. Gazteagoek ezingo dizute edatekorik atera, hain dabiltza diruz larri. Baina berrogeita pikotik gorakoak saihets itzazu: alkohol gehiegi, pilula gehiegi. Hauei ez zaie hain erraz tentetzen. Seme-alabarik dutenak (eta asko dira) bazter itzazu. Zure idazlea ez dadila izan zikinegia ez garbiegia. Errepara iezaiozu orraztu gabearen look-a behar bezala zaindu duela, errepara iezaiezu pastazko betaurrekoei eta belarrietarako zuloa guztiz itxi ote zaion. Horrek asko esango dizu. Pobrea bada, ez dezala cool eman nahi, esaterako, ingelesezko eta batez ere frantsesezko izenak akatsgabe arrotz ahoskatuta. Aberaskumea bada, ez diezazula suminduen gaia atera. Klase ertainekoek hobekien jotzen dute larrua. Ez dadila izan festazaleegia ezta serioegia ere. Ez dezala Artelekun beka bat izan. Ez dadila doktoregaia izan. Ez dadila izan egungo euskal literatura guztia –berak ekoiztutakoa izan ezik– arbuiatzen duenetarikoa, ezta Euskal Literaturaren Urrezko Aroan bizi garela aldarrikatzen duen Pangloss zortzi-abizendun bat ere. Futbola gusta bekio, baina ez gehiegi; pilota ere, baina ez gehiegi. Bere azkeneko bizpahiru argitalpenak ez daitezela haur eta gazte literaturakoak izan. Gazte zirela, Xabier Lete, Ibon Sarasola edo Joxe Azurmendiren antza izan dezala. Baina inola ere ez Bernardo Atxagarena, Koldo Izagirrerena edo nihaurena, gazte ginela. Itsusia bada, onar ezazu noizbehinka irri eginarazten badizu. Baina, hori bai, ez diezazkiola idazle garaikideei buruzko zurrumurruak falta, batez ere sexu alorrekoak. Zure idazlea ederra bada, zorionekotzat jo ezazu zeure burua. Gutxiengo esplikaezin baten eskuetan zaude. Gehienek itsusiak direlako idazten dute. Batez ere saiogileak, baina horiek ez dira kalera apenas ateratzen. Koldo Mitxelenaren zakilaren kopia den dildo batekin gelditzen dira etxean. Poetez ere hobe deus ez esan. Ez zaitez zure idazleaz fida, hala ere, hirugarren edo laugarren tragoarekin batera apaltasun faltsua agertzen duenean. Esango dizu aspaldian ez duela ezer berririk atera, oraindik ez delako garaia. Idaztea bera baino nahiago duela irakurri, Borges edo Sarrionandia aipatuz. Bizitza bizi. Sentsazio berriak pilatu. Ez dela literatur modez arduratzen. Irakurleez ere ez dela arduratzen, haiek inportanteena izanik ere. La Butler aipatuko dizu. Zizek. Literaturak langileekin duen konpromisoaz mintzatuko zaizu. Sukar hura pasatua badu, literatura txikiek aurrejuzkuak gainetik kentzeko nekeaz. Euskal idazlea, gazte badarik ere, erraz nekatzen da guztiaz, hala esateaz ez bada. Niaren orohartzailetasunaz hitz egingo dizu, atseden hartzeko. Sebaldez eta ipuingintza amerikarraz. Buruan edo zirriborroan daukan eleberria, berez, ez dela eleberri bat, baina eleberrigintza hankaz goratuko duela. Ez, hobe, irauliko duela. Darabilen fikzioa eta errealitatea uztartzeko moduaz hasten denean, aukera duzu komunera joateko edo kalera zigarreta bat eskatu eta erretzera. Bizkaiko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, mapa batean Segura non dagoen seinalatu ezingo balizu ere. Iparraldeko idazleez destainaz mintzatuko zaizu, egon den iparrena Hendaia bada ere. Ondoko mahaiko idazleei destaina egingo die, eta barran daudenei ere. Eta komunera joan berri direnei. Beka edo literatur sariren bat eskuratu dutenez edo erdarara itzuliak izan direnez gaizki esaka ibiliko da. Beraz, mesedez, gaueko une hori iristen denean, inoiz ez, inola ere ez, ezazu ahaztu hor larrua jotzeko zaudela. Ez da hainbesterako. Burua hustu ezazu. Milatik zeroraino zenbatu ezazu. Nire herriko neskatxa maite ahopean ibili ezazu. Ataka txar hori behin pasatuta, zeinean zure idazleak literaturaz baina batez ere bere buruaz hitz egingo dizun, zorionak, bestaldera igaro zara. Gogora ezazu edariak berak ordaintzeko esaten badizu ere, sosik ez duela. Hala ere, zure edaria baino ez ezazu ordaindu. Ez zara Caritas. Idazleak mantentzeaz Elkar Fundazioa eta Etxepare Institutua arduratzen dira.   

Errafa Kontea
Errafa Kontea dio:
2011/06/17 03:15

Sormena, sorkuntza, sortzea askatasunerako pausoak dira eta pausoz pauso askatasuneraino helduko gara. Larrua jotzeko dagoela gogorarazten diozunean, pagatzerakoan eta hainbat eta hainbat pasartetan disfrutatu dut. Bejondaizuela. Gora literatura, euskal literatura eta euskal idazleak. Eskerrik asko Angel Erro.

Leire Saitua
Leire Saitua dio:
2011/06/17 11:28

Ibili dabil testua. Gustora irakurri dut. Ez zait arrotz egiten. Grazia, pipergatza du. Euskal Herriko tronpetak tenkatzen zenbat lan. Egin dezagun gogo-bete-gogoko plan bat. Larru osteko sorkuntza garapena. Ez larru ordezkoa. Maite muinekoa. Freeki.

bada
bada dio:
2011/06/22 13:04

Oso ona.

Datorren kontakizuna "Nola jo larrua euskal arraunlari gazte batekin" izan zitekeen, idazle gaztearen antzera, fenomeno propioak dituen gazte taldea da eta.

Erronkak mahai gainean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44