Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Minimoen programa

Minimoen programa

zaldua 2009/03/31 12:50
Hausnarketa bat, besterik ez, Kafkaren eskutitz baten pasarte batetik abiatuta.
kafka

 Lehengo egunean, Franz Kafkari buruzko biografia bat leitzen ari nintzela, pasarte honekin egin nuen topo -idazle txekiarrak 1904ean Oskar Pollok bere gaztaroko lagunari idatzitako eskutitz batetik aterata dago-:

Uste dut haginka egiten eta sastatzen zaituzten liburuak baino ez liratekeela irakurri behar. Irakurtzen ari garen liburuak ez bagaitu esnatzen garezurrean emandako ukabilkada batez, orduan, zertarako irakurri liburu hori? Zoriontsu egin gaitzan, zuk diozun moduan? Ene bada, zoriontsu izango ginateke libururik ez bagenu hain zuzen ere, eta zoriontsu egiten gaituzten liburuak, beharrezkoa balitz, guk geuk idatzi ahal izango genituzke. Behar ditugunak gugan zorigaitzaren efektua sortuko luketen liburuak dira, sakon min egingo liguketenak gu baino areago maitatu genuen norbaiten heriotzak nola, gizakiengandik urrun basoetara egotziak izan bagina bezala, suizidio batek bezala, barruan daramagun itsaso izoztuarentzako aizkora izan behar du liburuak.


Ezinbestean, blog honetan bertan Kirmen Uriberen nobelaren kritikan erabili genuen Antonio Tabucchiren aipuaz oroitu nintzen, eta artikulu horren erantzunetan B-NY-Bren atsegintasunari eta emozio-eraginkortasunari buruz esan zirenak. Hau zen aipua, zeina, bide batez esanda, Carlos Gumperten Conversaciones con Antonio Tabucchi liburutik atera baikenuen (Bartzelona 1995):

Egia esan, nire idazketan gehien interesatzen zaidana negatiboak deritzaten tasunekin aritzea da. Positiboak ez zaizkit sobera interesatzen. Pertsona on bat, gizabanako positibo bat, santu izatera hel daiteke, eta egutegietan agertu, baina ez dut uste pertsonaia literario interesgarria bihurtzera irits daitekeenik. Giza ariman ikertzeko askoz ere emankorragoa da koalitate negatiboetan murgiltzea. Pertsonaia positiboak, gardenak, jakina den bezala, halabeharrezkoak izan dira errealismo sobietarraren nobelagintzan, azkeneko urteetako literatura horribleenetako bat osatu duena.


Ados, ez da zehazki gauza bera, baina -pentsatu nuen- lehenago ezagutu izan banu, akaso Kafkaren aipua proposatuko niokeen nire partenaire Angel Errori kritikan ipintzeko, italiarrenaren ordez (ez dakit onartuko zidan). Argi dago Kafkaren formulazioa ez dela minimoen programa bat, muturrekoa baizik, eta ez duela konpromiso edo erdibiderik onartzen, Kafkak bere bizitza literarioan (eta zibilean) halakoak onartu ez zituen bezala.

Baina irudipena daukat -gaur pesimista sentitzen naiz- egungo literatura, egiten dugun literatura, minimoen programa bat dela gero eta gehiago. Eta hori, berez, ez dago gaizki, baina uste dut horretan datzala, hain zuzen ere, bere arriskurik latzenetako bat: ez liburu elektronikoaren mehatxuan, ez sareen sarearen zabalkuntza geldiezinean, ez ikus-entzunezkoen aitzinatze ikaragarrian. Kanta pop batek, Facebookeko post batek edo telesail zahar baten erreposizioak eragiten diguten efektu baltsamiko eta irribarrearazle bera baino ez badugu lortuko literaturatik, hori baino ez badugu bilatzen bertan, hala irakurtzen nola idazten dugularik, zaila, benetan zaila izango du ezertarako beharrezko izaten jarraitzeko.

Beti geratuko zaizkigu klasikoak, esan diezadake norbaitek, eta ez diot arrazoia ukatuko -uler bedi “klasikoak” bere zentzu zabalenean: Kafka, adibidez, klasiko bat litzateke-. Baina nekez itzuliko gara klasikoetara gaur egungo literaturatik birbizituko ez baditugu: oraingo literaturak -literatura onak, jakina- klasikoen ezagutzan oinarrituta egon beharko lukeen bezala, ez dago literatura klasikora itzultzerik baldin eta harengana eramango gaituzten oraingo liburuak ez badaude. Literaturak baduelako, nire ustez, nolabaiteko garaikidetasun orokor bat bere baitan, berezkoa, liburu berriak sortzen ahalbidetzen diona -ziona?-, ezer berririk idaztearen ezintasun topiko hura gainditzeko gakoa dena hain zuzen ere. Hurbileko adibide batzuekin esateko: ez dakit Kafkarengana itzuliko ote nintzatekeen, Karlos Linazasororik ez balego -eta lan esanguratsuak, itsaso izoztuentzako aizkorak bezalakoak, idazten jarraituko ez balu-; edo Flaubertengana, Ramon Saizarbitoriarik ez balego. Edo, hemendik kanpoko besteren bat ematearren: Dostoievskirengana, JM Coetzeerik ez balego; Txekhovengana, Alice Munrorik ez balego. Eta abar.

Ibaian gora atzera eramango gaituen izokinen gaitasun hori da nik faltan sumatzen dudana, gero eta maizago, irakurtzen eta idazten dugun horretan. Inpresio bat: minimoen programekin etsitzera eramaten gaituen xirripa ahula baino ez dela, geroz eta gehiago, egungo letren produkzioa.

Baina agian egun txar bat daukadala besterik ez da…



(Nahiz eta ez izan, jakina, Kafka ia suizidiora eraman zuen hura bezain txarra, bere familiaren presioak Amerika nobelaren erredakzio-prozesua etetera eraman zuenean -haien asbesto fabrikaz gehiago ardura zedin behingoz-; une horretan hala idatzi zion Kafkak Max Brodi:

Denbora luzea eman dut leihoan, kristalaren kontra estutuz, eta askotan nire burua behera botatzeko gogoa izan dut, zubiko zerga-biltzaileari susto bat emateko. Baina denbora guztian nahikoa sendo sentitu naiz, galtzada-harrien kontra zanpatzeko deliberoak sakontasun egoki eta erabakigarria irits ez zezan. Pentsatu dut, orobat, bizitzen jarraitzeak idazketa gutxiago eteten didala heriotzak baino (are eteteaz, soilik eteteaz ari garelarik), eta nobelaren hasieraren eta berriro ere idazten jarraituko dudan unearen artean, hamabost egun barru, nolabait nire nobelaren barrunbeetan mugituko naizela eta haren baitan biziko naizela, hain zuzen ere fabrikan nagoela, hain zuzen ere nire gurasoen aurrean, pozik geldituko direnak horrela…


Bereziki gustatzen zait “bizitzen jarraitzeak idazketa gutxiago eteten didala heriotzak baino” esaldiari darion umorea, horren kafkatarra… eta literaturarekiko bere konpromiso osoa salatzen jarraitzen duena, bidenabar. Minimoen programetatik urrun, alegia).




etiketak: Testuak
Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2009/04/03 17:31

B-NY-Bri buruzko eztabaida jarraitzeko abiapuntu ezin hobea, Iban. Baina (Markuletari izenburu on bat ostuz) batak ez du bestea kentzen, ezta? Minimoen programak ez digu "maxiliteratura" (edo literatura tout court) kendu behar, noski. Antzinako Greziaz geroztik, tragedia eta komedia ditugu, antzerkia eta literatura osoaren bi aldeak. Eta ez dut uste negar egitea barre egitea baino zailagoa izango denik...

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2009/04/06 14:18

Ez nuen zehazki ildo horretan ipini nahi eztabaida, Antonio; izan ere, ez dakit eztabaidarik berrabiarazi nahi nuen ere. Une bateko etsipenak hartuta idatzi nuen, azken aldiko irakurketa zenbaiten eraginez akaso. Pasatuko zait. Izan ere, pasatzen ari zait, Alice Munroren Odio, amistad, noviazgo, amor, matrimonio irakurriz.

Eta Kafkaren aipuak beste zerbait adierazi nahi duela irudi dezakeen arren, ez dut uste kontua tragediaren eta komediaren arteko desberdintasuna denik: badaude komediak "maximoen literatura" direnak, gogora ditzagun On Kixote, Tristram Shandy edo Chestertonen zenbait lan, besteak beste; Kafkaren beraren testu batzuk umorezkotzat baino ezin dira hartu (berak egiten zuen moduan, bestalde). Hots, komedia ere "barruan daramagun itsaso izoztuarentzako aizkora" izan daiteke. Komediak ez gaitu, halabeharrez, zoriontsuago egiten, ondo dakizun bezala; komedia onek, maizenik, kontrakoa ekartzen dute, fikzioaren izarak gainetik erantzi bezain pronto (zenbait testu ustez hunkigarri eta sakonek ez bezala). Eta, aitor dut, pixka bat nekatzen nau komedia eta literatura minor-a identifikatzen dituen uste zabalduegiak (badakit ez dela zure kasua, Antonio).

Merkantzia hondatuaz, adulteratuaz ari nintzen ni gehiago. Egungo literaturaren (ez halabeharrez euskaldunaren, edo ez soilik euskaldunaren) asmo oro har laburregiez. Halako batzuk, iruzurti, goi literaturaz (edo literaturaz, tout court) mozorretzeko daukagun joeraz.

Besarkada bat

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2009/04/01 22:35

Agian neuk ere ez dut egun atsegina izan, baina harira, neuk Kafka ez dut soportatzen, ez dut soportatzen ahal eta, gainera, ezin dut soportatu. Hitz batez, insoportablea da.

Eta ados nago, eta abar, baina niretzat goiko hori ere garrantzitsua da, alegia, liburu batzuk insoportableak direla. Adibidez, Kafkarenak. (Beste adibide bat, "Ulises", Joycena).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44