Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Literatura eta etxekotasuna (Literature & Domesticity)

Literatura eta etxekotasuna (Literature & Domesticity)

zaldua 2011/12/09 12:17
Benetako literaturaren gordeleku bihurtzen ari den Twitter-erako ariketa gisa hasi zen ondorengo hau, baina ehun eta berrogei karaktere nahikoa ez zirela ohartuta, emaitza paperezko paskin ziztrin batean argitaratzera makurtu behar izan nuen, amaitu berri den 2011ko Durangoko Azokan banatu nuena –gero eta debaldeko gauza gutxiago ematen dira Azokan, zoritxarrez, eta nire ekarpena egin nahi nuen, alde horretatik…–; blog honetan haren “(a little bit) extended” bertsioa eskaintzen da. Ez nuke nahasmenik sortu nahi: “testikulu” hauek ez dira, inolaz ere, txiste mailara iristen –estimu handian dudan literatur forma bat, bide batez esanda–, ezta, are gutxiago ere, aforismo kategoriara, genero zailenetako bat iruditzen zaidana –batzuek, arinkeriaz, haren izena alferrik erabiltzen duten arren–. Sorta “Literatura eta harrikoa” izenburuaz bataiatu nahi izan nuen, baina hartuta zegoenez jada, “Literatura eta etxekotasuna (Literature & Domesticity)” gatzgabeagoa ipini diot azkenean.

  • Lekak gehiegi egosten ditudan bakoitzean –gutxitan gertatzen ez den zerbait, bide batez esanda–, Autokarabana nobelaren aipu eruditu batekin zerbitzatzen dizkiet gure alabei. Baina haiek ez diete horratik aprezio handiagorik egiten, lekei…

 

  • Kristalak hobekien egunkari-paperarekin garbitzen direla erakutsi zigun amak. Gaurkoan Karmele Jaioren zutabe bat zeraman periodiku zati batekin garbitu dut bainugelako ispilua. Eta, zinez, sekula baino distiratsuago geratu zait.

 

  • Komun ontziaren aurrean makurtuta nagoela, portzelana lixibaz eta espartzuz igurzten, pentsamendu batek harrapatu nau: “Ni ez naiz hemengoa”. Baina, Euskadi Saria eman ziezadaketen arriskua saihestearren, burutazioa alde batera utzi, eta aurrera jarraitu dut garbiketarekin.

 

  • Estudioko sabaian eratzen ziren lizun-koloniekin kezkatzen hasiak ginen. Gela ondo haizeztatzen nuen arren, behin eta berriro berragertzen ziren. Ezin jakin hezetasuna nondik zetorren; aditu bat eta guzti etorrarazi genuen, alferrik: ez zuen kausa topatu eta, gainera, aireztatze sistema garesti eta konplexu bat saldu nahi izan zigun. Azkenean, jatorria Koldo Izagirreren eta Iñigo Aranbarriren portu-literatura ugarian zegoela ohartu ginen, eta liburu haiek apaletatik kendu eta gelatik ateratzea beste erremediorik ez zitzaidan geratu. Orduz geroztik, zuri bano zuriago dago orbanak agertzen ziren sabaiko izkina.

 

  • Kontu handiz, marrubizko Royal gelatinazko flana atera dugu moldetik platerera. Mendixka gorriak dardara txiki bat egin du. Alaba txikiak, hatza gelatinaren gainean ipiniz, bota du, irribarrea ezpainetan: “Alberdaniako azal bat baino plastikosoagoa geratu zaizu, aita!”.

 

  • Lisatzen aritzen naizenean, alkandorak batez ere, ezin dut bulkada metaforikoa saihestu, eta “idazketa erraz eta zuzena, baina era berean literarioa lortu nahi nuen”, “idazkera soil, garden bat iristea zaila da” eta antzekoak aldarrikatzen dituzten egileekin gogoratzen naiz.

 

  • Metaforez ari garela: gure plater-ikuzgailuak, batzuetan, ez du bere lana ondo burutzen, eta plater garbitu berrietan orban gogor batzuk agertzen dira, kolore arre desatsegineko eskrezentziak, garbitzen oso zailak direnak, eta harrikoa eskuz egitera behartzen nautenak. Espartzu normalarekin ez dira ateratzen, gainera, eta Nanas-ak erabiltzera jo behar dut gehienetan, baxera marratuz, ezinbestean: orban iluna orban argiago batek ordezkatzen du orduan. Prosari atxikitzen zaizkion lirismo itsaskinak iruditzen zaizkit niri, erretorika zuzenenaren arauen Nanas-ak pasatu eta, desagertzean, idatzitakoaren hutsunea are ageriagoan uzten dutenak.

              Pasarte honetan gertatzen den bezalaxe, hain zuzen ere.

  • Pasilloan batzuetan metatzen diren hauts-bolak kontenplatzen nagoela, paretik kentzeko zein tresna erabiliko dudan erabaki ezinik, Anjel Lertxundi irudikatzen saiatzen naiz, eskuan erratza edo xurgagailua duela. Baina nire imajinazioak ezin izaten du. Eta nire kabuz egin behar izaten dut hautua.

 

  • Harrikoa egiteko beti ipintzen dut, sukaldeko CD jogailuan, Oskorriren lehenengo diskoa.

 

  • Herren dago sukaldeko mahaia. Linguae Vasconum Primitiaeren faksimilea sartu dugu, ziri gisa, oinetako baten azpian, baina orduan beste aldetik desorekatu da altzaria. Geroren ale bat ipini behar izan dugu beste aldeko oinetako baten azpian. Baina horrela beste aldetik herren geratzen dela ohartu gara, eta Peru Abarkaren edizio ohardun bat sartu dugu hirugarren oinaren azpian. Hala ere, mahaiak kulunka txiki bat egiten jarraitzen du, eta Kresala erabiltzea beste irtenbiderik ez zaigu geratu. Mahaiak egonkortasun ia perfektua lortu du une horretan, baina berehala konturatu gara, hainbeste igota, gure alaba txikiak arazoak izango dituela platerera iristeko, eta liburu guztiak kendu ditugu atzera. Herren segitzen du, ordea, mahaiak. Eta oinetako baten azpian Egunero hasten delako ezarri dugu altxagarri bezala. Baina orduan…  

 

  • Fruta erostera joan ohi naizen auzoko dendako emakumeak iruzur egiten saiatzen zaizkit ia beti –agian gizonezkoa naizelako, agian ergeltzat hartzen nautelako; ziurrenik, arrazoi biengatik–: poltsan beti lerratzen didate ia pasatutako edo are guztiz usteldutako pieza bat edo beste, eta, jakina, ni ez naiz konturatzen etxera heldu eta erosketa-poltsak desegin arte. Elkar argitaletxeko Igartza Sarien edo Jaka Beken pack bat erostean hartzen nauen sentsazio berak inbaditzen nau orduan.

             Baina beti bueltatzen naiz, erremediorik gabe, hala auzoko fruta-dendara, nola Elkarrekoen berritasunak  erostera.

 

  • Etxe bakarraren kudeaketa-lanak ozta-ozta burutzera iristen banaiz, ez dakit nola demontre konpontzen den Bernardo Atxaga zazpirekin…

 

  • Ez genuen etsi alaba nagusia etxeko lanetan kolaboratzen hasteko konbentzitu genuen arte: guztiok egin behar genuela zerbait, eginkizunak banatu behar genituela, etab. Arropa patioan zintzilikatzeko ardura hartu zuen bere gain, eta nahiko ondo moldatzen zela ikusi genuen. Halako batean, ordea, jantziak modu bitxi batean esekitzen zituela jabetuta, haiekin mezuak osatzen zituela konturatu ginen: Nazioarteko Seinale Kodea erabiltzen hasi zen, itsasontziek haien artean komunikatzeko baliatzen zutena, garai batean, eta baita egun ere, irratiak huts egiten dienean. Ez genion ezer komentatu, ordea. Dibertitzen gaitu idazten dituen gauzak dekodetzea eta irakurtzea.

            Gaur, idatzi hau amaitzen ari naizela, alaba patiotik itzuli dela sumatu dut, saskia hutsik dakarrela. Leihotik begiratu dut, arropa zerrenda luzerantz, zer idatzi duen dezifratzeko: alkandora zuri-gorri hori “H” izan daiteke; toalla hori-gorria, “O”; pixka bat haratago dagoen pontxo gurutzeduna, “R”…  “Hortxe dago aita, Azokarako bere paskin berriarekin inor probokatuko duela sinetsita… Gaixoa…”.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44