Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Lau kontsiderazio euskal ipuingintzaren inguruan

Lau kontsiderazio euskal ipuingintzaren inguruan

zaldua 2008/09/04 11:00
Urteotan han-hemenka eskaini ditu Iban Zalduak euskal ipuingintzaren egungo egoeraren inguruko iritziak, besteak beste inoizkari honetan bertan. Volgako Batelariak-erako propio idatzitako artikulu honetan (labur)bildu eta berritu ditu (hein batean).
short

Behin baino gehiagotan izan da hizpide euskal narraziogintzaren kemena, konparatuta inguruko hizkuntzetakoarekin, eta baita euskal nobelagintzaren errealitatearekin ere; horretaz mintzatu nintzen ni neu Volgako Batelariak-en bertan, duela ia bi urte). Noiz edo noiz errepikatu dudan bezala, 1990ekoa “nobelaren hamarkada” gisa izendatu zutenei ahaztu zitzaien euskal ipuingintzak gorde zuen indarraren berri ematea: ipuina laurogeiko hamarkada estrainio eta urrun hartara konfinatuz, ematen zuen hura fase gorenera igarotzeko trantsizio-une bat besterik ez zela, Leninentzat XIX. mendeko kapitalismo industrialaren fase gorena inperialismoa zen bezala. Kritikariak iritziz aldatzera eraman ditu denboraren perspektibak, eta gaur egun gutxik ukatzen dute generoak gure literatur panoraman daukan garrantzia. Ipuin liburu bikainak argitaratzen jarraitzen direlako, eta agian, orobat, laurogeita hamarreko hamarkada hark prometatzen omen zigun Euskal Eleberri Handia (Amerikar Eleberri Handiaren mitoaren pareko) ez delako oraindik iritsi, antza, agian Joseba Gabilondok bere azkeneko bisitaldiko hitzaldian gaztigatu zigun bezala, “[euskal] eleberria ez delako irakurle heterogeneoarentzat idazten, baizik eta kultur politika nazionalistan sorrera duten eskakizun, betebehar eta mandatu politiko zehatz eta batere plazeratsuek sortzen duten irakurle ez-existente batentzat baizik”. Ez dut nik ukatuko gure ipuingintzaren indarra azaltzeko orduan euskal nobelaren porrotaren hipotesiak izan dezakeen rol garrantzitsua, baina gaurkoan ipuingintzaren arloan bertan kontzentratuko naiz, eta alde batera utziko ditut nobelari buruzko iradokizun gabilondotar interesgarriak.

Dena den, badago nobelaren gorentasunaren mitoari heltzen dionik, oraindik ere. Duela ez asko, ez dut oroitzen zehazki zein komunikabidetan, Jokin Muñozek, akaso Antzararen bidea bere nobela zuelarik hizpide, gure ipuingintzaren indarra egozten zion, hein batean, ihes egiteko ematen duten aukerari: hots, Gauzari (gure gatazkari) buruz sakon idazteko ihes egiteko euskal idazleon grinari. Muñozen arabera, narrazioek, laburrak eta zehazgabeagoak izanik, zaurian ez zirikatzeko aukera ematen omen diete idazleei, nobelek ez bezala; ipuingileak elipsiak babesten dituela defendatzen zuen: ipuina ur handietan ez sartzeko modua zela, nolabait. Eta agian horrekin du zer ikusia Volgako Batelariaken bertan argitaratu genion "Antzararen hizpideak" hitzaldian egiten zuen aldarriak:

Lasterketa llaburren garaian sartzen ari omen gara: ipuinak, gutunak, aforismoak, poemak, gogoetak... Fragmentazioa.... mmm... intertestualitatea... (…) Badakizue zer? Ez dut uste, ez, kanpoan gertatzen ari denaren aurrean erantzun literario neurrikoak, potenteak bilatzen ari garenik. Eta ez aipatu orain, mesedez, euskal arazoa ukitu duten liburu guztien zerrenda. Beude sagarrak maldetan. Denbora gutxi da 100 metro haietatik haratago –barkatu, honatago– egiten ausartu ginela, eta tarte honetan oso sagar gutxik mikaztu digu ahosapaia, edo tripa-barrenak nahastu.

Ez nago, jakina, horrekin ados, eta argudioaren gezurtatzea Muñozen beraren Bizia lo ipuin bilduman legoke, Antzararen bidearen gainetik dagoena, nire uste apalean, nahiz eta, egilearen esanetan, ipuin bilduman inbertitutako lana nobelaren %10ekoa besterik ez izan (batak ez du bestea kentzen: Stendhalek 53 egunetan idatzi omen zuen Parmako kartusia, eta bere obrarik onena da). Argudioaren errefutazio gehiagorako, bestalde, irakurleak badu jotzea Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur edo Haragia liburuen zenbait ipuinetara, edo Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan eta Baina bihotzak diokoetara, edo Aingeru Epaltzaren Lasto suakoetara, edo Jose Luis Otamendiren Euri kontuakekoetara, edo Mikel Hernandez Abaituaren Ahotsakekoetara, adibide gutxi batzuk jartzearren. Horiek irakurrita, besterik gabe, nekez esan daiteke Gauzari ihes egiteko gogoa denik euskal ipuingintzaren egoera onaren erantzule nagusienetako bat.

Bestalde, egia da nobelak bestelako ahalegin bat eskatzen duela idazteko orduan, jarraituagoa; Jokin Muñozek berak aitortzen duen bezala,

Pertsonaiak sortu eta katramilatu? Trama baten nondik nora modu koherentean garatu? Istorioaren tempusa ongi neurtu? Sorpresak kokatu istorioan barrena? Eszenatokiak erabaki eta jantzi? Mesedez! Oso gutxik daukate gurean horretarako ipurdirik. Bai, ipurdia. Hori baita nobelagile batek gehien behar duena: ipurdi zabal-gogor bat, aulkitik mugitu gabe orduak eta orduak idazten pasa ahal izateko. Agur, hortaz, kanape-dastaketak! Agur, prentsa-kolaborazioak! Agur argazkiak! Agur... agur... Klandestinitatea dakar asmo handiko proiektu literario bati heltzeak, eta hori, klandestinitatea, beste batzuentzat utzi dugu, zoritxarrez.

Baina ahalegin horren natura ezberdina izateak ez du esan nahi, halabeharrez, ipuin liburu batean metatutako lan kopuru osoa nobela batekoa baino txikiagoa denik: Karlos Linazasorok behin baino gehiagotan adierazi bezala, liburu bat osatzen duten narrazioak idazten eta zuzentzen pasatutako orduak erraz berdin dezakete (eta, batzuetan, gainditu) nobela batean sartutakoak, beste era batean (atomizatuago) sartzen diren arren. Egia izan liteke, bestalde, nobelak hobeto bat egitea idazle profesionalaren irudiarekin, eta alde horretatik urri gabiltzala euskaldunok, portzentaian ez bada bai bederen kopuruan: gure ezinbesteko amateurismoari hobeto egokitzen zaio, apika, genero laburren lantzea… Baina hori oso bigarren edo hirugarren mailako argudiotzat erabiliko nuke nik, euskal ipuingintzaren indarra azaltzeko unean.

Edozein modutan, eta berriro ere, ez dut uste gurean ipuin gehiago idazten denik, proportzioan, inguruko literaturetan baino; ez behintzat (hobeto ezagutzen dudalako egiten dut konparaketa) Espainiako gaztelaniazko literaturan baino: nahikoa da ikustea zenbat ipuin lehiaketa antolatzen den urtero penintsulako txoko guztietan, eta zenbat ipuin aurkezten den bakoitzean, argudio hori deuseztatzeko. Euskal Herrian, hori bai, ipuin liburu gehiago argitaratzen da, ehunekotan, inguruko literaturetan baino, edo, beste era batean esanda, hemengo argitaletxeek arazo gutxiago dituzte ipuin liburuak kaleratzeko, itxura denez, Madril, Bartzelona edo Parisekoek baino (edo Londres edo New Yorkekoek baino: topiko bat da esatea ipuingintzak onespen handiagoa daukala herrialde anglosaxoniarretan, baina liburu edizioaren arloari dagokionean ipuingintza ez dago askoz ere hobeto esparru horretan gure kultur inguruan baino, nahiz eta prestigio aldetik agian hobeto dabiltzan han, eta, inportanteagoa dena, ipuinentzako badagoen merkatu bat, aldizkari literarioena, Estatu Batuetan inportantea izaten jarraitzen duena, nahiz eta ez lehen bezainbat). Eta ipuin liburu batek, edonola ere, prestigio gehiago dauka hemen beste literatura batzuetan (gehienetan) baino; bestela ulergaitza litzateke, duela gutxi kaleratu den liburu baten kasuan bezala, argitaletxeak hura publizitatzea ipuin liburu gisa, hegalak “narrazioez osaturiko nobela” bat dela dioen bitartean: Euskal Herria ez den ia beste edonon nobela gisa presentatuko litzateke zuzenean, inolako eskrupulurik gabe, ipuinez osatuta dagoela “ahaztuta” (deskubrituko du irakurleak erosi ostean, eta hobe deskubritzen ez badu). Hemen narrazio liburu moduan aurkeztu da ahal delako horrela aurkeztu, bere prestigio apurra dutelako (oraindik) ipuin bildumek.

Euskal ipuin liburuak gehiago saltzen al dira, beraz, inguruko literaturetakoak baino, eta eleberriak baino? Ezbairik gabe, gure inguruetan baino gehiago argitaratzen badira gehiago salduko dira, proportzioan behintzat (poema liburuekin antzeko zerbait gertatzen da). Baina ez dut uste aldea esajeratua denik eta, nolanahi ere, edozein editore kontsultatuz gero berehala jakinaraziko digun bezala, eleberriak gehiago saltzen dira (ia) beti, ipuin liburuak baino; ezagutzen ditudan irakurle txoko edo klubetan nabaria da, bestalde, partehartzaileen grina handiagoa dela nobelarekiko, ipuinarekiko baino. Agian horrekin (eta Euskal Eleberri Handiaren Etorreraren beranketa erdiragarriarekin, noski) dago lotuta, Ibon Egaña gure kideak maiz komentatu digun bezala, euskal argitaratzaile batzuek (Igelak eta Alberdaniak, nabarmenki) egin duten apustua atzerriko nobela garaikide batzuen itzulpenaren alde. Auster, Süskind, Tabucchi, Haddon, Boyne, Nothomb, Baricco, Taia eta antzekoen liburuen itzulpenen kasuez ari naiz; guztiak, ziurrenik ez kasualitatez, eleberriak: ez kontsumoko masa-literatura (Stephen King edo Ken Follet bezala, adibidez), baina ezta goi mailakoena ere, baizik eta (Gasteizko bigarren eskuko liburu-denda baten klasifikazio bitxiaren arabera) “nobela literarioa” erredundantzia adierazkorrarekin izenda dezakeguna. Ipuin bildumen itzulpena, ordea, Literatura Unibertsala sailaren eremura mugatuta geratu da kasik, eta poesia liburuez hobe hitz egiten ez badugu: haien itzulpena hutsaren parekoa da ia.

Hori hala bada, zeintzuk izan daitezke euskal ipuingintzaren sendotasunaren arrazoi nagusiak?

1) Agian euskal liburu-merkatuaren ezaugarri berezietara jo beharko genuke lehenik eta behin, merkatu horren txikitasunera alegia, eta beste literatura handiagoen “arauetatik” (hots, merkatuaren berunezko legeetatik) ihes egiteko eduki ditugun aukera zabalxeagoetara; Ramon Saizarbitoria eta Eider Rodriguez, besteak beste, jardun izan dira inoiz euskal literaturaren txikitasunaren abantaila horretaz, eta nik uste dut haiek esandakoaren adibide bat izan daitekeela ipuin liburuen argitarapenarekin gertatzen dena. Editorea erlatiboki babestuta dago diru-laguntza sistemari esker (ez sobera ere), eta ipuin liburu batekin aberastuko ez den arren (baina ezta nobela gehienekin ere), ez du agian galera handiegiak jasango eta, beraz, arriskatu daiteke literatura-sistema handiagoetan “komertzialtzat” hartzen ez diren generoko liburu gehiago argitaratzera, hala nola ipuin bildumak. Ikusteko dago ea diru-laguntzak emateko sistemaren aldaketak, Eusko Jaurlaritza eta Editoreen Elkartea negoziatzen ari direna, ze ondorio izango duen ipuin liburuen argitarapen kopuru eta portzentaien gain, baina, bitartean, ezin da ukatu hori dela kontuaren gakoetako bat.

2) Bestalde, jakinda ere, lehenago aipatu dudan bezala, nobelak hobeto saltzen direla, oro har, baita euskaraz ere, egia da gure egoera linguistiko diglosikoak sorpresarako abaguneak eskaintzen dituela eta, inguruko literaturetan gertatzen denaren kontra, noizean behin best seller bilaka daitekeela, nolabaiteko xirmi-xarmaz, ipuin liburu bat. Ez naiz ari, jakina, Obabakoak bezalako obra bati buruz (zeinaren eleberri itxura, haren ipuin bilduma izaera abilki kamuflatu zuena, ezin baita alde batera utzi), baizik eta Jon Arretxe (Ostegunak, Ostiralak…), Jasone Osoro (Tentazioak, Korapiloak) edo Karmele Jaiorenak (Hamabost zauri, Zu bezain ahul) bezalako kasuei buruz, besteak beste, edizio kopuru ikusgarriak kaleratu dituztenak, euskal eleberri askorenak (gehienenak) baino handiagoak. Euskalduntze-alfabetatze prozesuaren eta murgiltze ereduaren zabaltzearen zehar-eraginak izango lirateke halako kasuak, hein batean behintzat: euskaltegietan eta institutuetan berritu egin beharra dago, noizean behin, testu literario erraz, arin eta laburren hornikuntza, eta halako liburuek aukera egokia eskaintzen dute horretarako. Horrela esplika daiteke (beste arrazoi batzuen artean, noski) zergatik ez dion (oraindik) muzin egiten gurean ipuinari literatur produkzio-lerro standard eta homologatu baten garapenaren alde gehien egin duen argitaletxeak, MegaElkarrek alegia.

3) Hainbeste ipuin liburu argitaratzeak, bestalde, eskola sortzen laguntzen du, ezbairik gabe. Idaztea irakurtzearen jarraipen bat bada (horrela txertatzen zaigu idazketaren birusa, oro har), ez da harritzekoa ipuin liburu asko ekoizten diren (eta irakur daitezkeen) testuinguru batean ipuingile berriak sortzea. Ezin da ahaztu, adibidez, gure (post)modernitate literarioaren bi liburu funtsezko eta fundatzaile ipuin liburuak direla: Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988), hezkuntza sisteman presentzia handia izan dutenak bestalde (beste era batean esanda, euskarazko ereduetatik pasatutako gazte eta jada ez horren gazte askok ezagutzen dituztela, eta batzuek are irakurri dituztela…). Eta, bestalde, generoa ez dela ikusten (kazetari batzuek hala sinesten jarraitzen duten arren) nobelarako aurreko pauso soil gisa, eta euskal idazle batzuek (Karlos Linazasororengan ari naiz pentsatzen, edo Patxi Iturregirengan, eta –Lagun izoztua alde batera utzita– baita Joseba Sarrionaindiarengan ere) apustu irmoa egin dutela ipuinaren alde, literatur karrera bat genero laburrean oinarritu daitekeenaren seinale. Baldintza horiek kontuan hartuta, ez nau harritzen, generoaren irakurle berriak sortzearekin batera, ipuingileen belaunaldi berriak (eta interesgarriak) jaiotzen jarraitzeak.

4) Euskal ipuingintzaren laugarren (eta azkeneko) kontsideraziorako Rodrigo Fresán idazle argentinarraren ideia bat euskal kasura egokitzen saiatuko naiz, bereziki erakargarria iruditzen zaidan heinean: demagun gurea, Nobelaren Nazio bat baino, Ipuinaren Herrialde bat dela. Hauxe zihoen Fresánek bere ipuinen poetika batean (Pequeñas resistencuas. Antología del nuevo cuento español, Páginas de Espuma 2002):

[Saiatu behar gara ulertzen] zergatik nazio batzuk Ipuin Herrialdeak diren eta herrialde batzuk, ordea, Nobela Nazio. Estatu Batuak, esaterako. Bere historiaren hasieratik –Moby Dick eta Huckleberry Finnetik– Nobela Amerikar Handien pertsekuzio eta ehiza konpultsibora emana, inoiz ez guztiz kontsakratuak etiketa horrekin, grazia ez baitago trofeo enbaltsamatua bibliotekaren horma batean zintzilikatzean, baizik eta bale zuriaren etengabeko pertsekuzioan. Hortaz, Estatu Batuetako historiak –tradizio demokratiko luze eta eutsi batekin, non etsaia kanpotik baitator beti ere– nobelagileak produzitzen ditu, zeinak, lanarteetan, nobela baten eta hurrengoaren artean elikatzearren, ipuinak idazten dituzten. Erregelarekiko salbuespenak, jakina, beti bezala bikainak izan ohi dira. Ondorioz, ez da harritzekoa Argentinako historia espasmodiko, eskizofreniko eta beti etenak –Kixote baten edo Emma Bovary baten farorik gabe– ipuingile jenialak produzitzea, zeinak, noizik behin nobelaren bat idazten zuten arren, ipuinera itzultzen baitziren alai, horretan formaren maisutzat hartuak izateko. Ez da kasualitatea, noski, Borgesek –idazle argentinarraren paradigmak– sekula nobelarik idatzi ez izana. Eta bere ipuinen irakurketa, bata bestearen ondoren, nobela sekretu eta fantasmatiko baten atalak osatzen amaitzea, eta nobela argentinarrik handienak eta famatuenak beti egotea ipuinaren birusak kutsatuta. Rayuelari buruz ari naiz, Sobre héroes y tumbas, Adán Buenosayres, El juguete rabioso, Respiración artificial, El beso de la mujer araña bezalakoei buruz, edo El sueño de los héroesi buruz –perfektuena akaso–, gau bateko ipuina gogoratzen saiatzen ari den nobela baten istorioa besterik ez dena. Nobela atomikoak, ezpalak airean, irakurtzekoak, beti, amaitzen ez den leherketaren unean. Argentinako historiaren eztanda konstante eta aldi berean etenaren gisa. Nobela txarra baina ipuin handiak, beti amaitzen berriro ere hasteko. Hala, Prozesuko militarrak eta Malvinetako militarrak bi ipuin diferente dira. Perónekin hiru ipuin daude eta beste hainbeste Maradonarekin. Menemen Duhaldearen ipuina Duhalderen Duhaldearen ipuinak ezeztatzen du. Eta –haien guztien gainetik– “munduko seigarren potentziaren” ipuina dago eta inpotentzia kazeroladunaren gaurko ipuin hau. Lasaitasuna behar da nobela bat idazteko, ipuin bat lurrikara baten erditik idatz daiteke. Lehenagokoa: ezinezko nobela, baina ipuin bilduma gaindiezina.

Euskal kasuarekiko analogia bat egitea, zalantzarik gabe, tentagarria da: tradizio askorik eta batez ere onik gabeko literatur historia bat, unitate politiko ezberdinetan zatitutako hizkuntza-komunitate bat, adostasunik ez subjektu nazionalaren inguruan, gure iraganaren irakurketa ezberdinak (gure historia ere nobela txarra da, baina ipuin biziki deigarriz osatuta dago)… Eta, gu inguratuz, Nobelaren Nazio handienetako bi, Frantzia eta Espainia: hala bermatuko lieke Historia (ustez) koherente eta monolitiko batek, eta haien iragan (eta presente) inperialak edo postinperialak; ezin uka nobela bezalako genero sortzez hibrido baina finean biribil eta omnikonprensibo bat ondo baino hobeto egokituko litzaiekeela, alde horretatik (eta, bide batez esanda, Kataluniako eta Galiziako literatura bernakuluetan ez al dira azken urteotan, narratibari dagokionean, gehien nabarmendu –senezko– ipuinlariak, nobelagileak baino? Mercé Rodoreda, Quim Monzó, Pere Calders, Joan Perucho, Sergi Pamiés, eta Alvaro Cunqueiro, Manuel Rivas, Xosé Luis Méndez Ferrín…). Agian gure errealitate eskizofreniko, menpeko eta zatikatua islatzeko forma egokiagoa da ipuina (aldakorragoa, dinamikoagoa, kamaleonikoagoa…) eta, ondorioz, ipuin bilduma, nobela baino, are gehiago, eta Jokin Muñozek uste duenaren aurka, Gauzaren kontuak garbitzeko. Eta akaso gu ere, Argentina bezala, Ipuin Herrialde gara, Nobela Nazio baino.

Ez litzaidakeena, berez, gaizki irudituko.

etiketak: Testuak
jokin muñoz
jokin muñoz dio:
2008/09/08 12:16

Bakar-bakarrik puntualizazio bat, Iban, hartu didazun aipua kontestualizatzeko. Nik hura esan nuenean (“epilsiak babesten gaitu” delakoa), GAUZA ukitzen duten idazleez ari nintzen bakar-bakarrik, ez, orokorrean, euskal literaturaren bideez. Ez dut uste gurean ipuin-egileen ugaritasunaren arrazoia GAUZAri ihes egin nahi horretan datzanik, ezta gutxiago ere. Alegia, gaia ukitu behar badugu, ipuingintzaren legeek bide ematen digutela esan nahi ez dugun hori ezkutatzeko (sujeritzeko), aukera estilistiko bat argudiatuz (elipsiaren legea, kasu). Nobela aukeratuz gero, berriz, deskriptiboagoa den aldetik, zailago daukagu hori. Beste modu batean esanda: ipuingintzan idazleak erabakitzen du zer utzi iceberg-aren azpian eta zer ur azalean, idazle batetik bestera aldatzen direlarik azpikoaren eta azalekoaren portzentaiak. Gainontzean, nik ipuingintzak gurean duen indarra bi motibori egozten diet batik bat: 1. Idazle gehienen amateurismoa. Asmo handiko proiektu bati heltzeak dedikazio handia baitakar, ia-ia obsesio bilakatzeraino. Eta gutako gehienok ez gaude, inolaz ere, egokiera horretan. Ni Antzararen bidearekin ausartu naiz, eta nahi duenari medikuaren faktuta erakutsiko diot. Edonola ere, Epaltzak eta Irigoienek trilogia bana iragarri digute, eta horrek deuseztatu dezake goitik behera nire teoria hau. Goazen, hortaz, bigarrenari heltzera:

  1. Merkatuaren lege gaiztoak. Alegia: ipuingintzan arituz gero, urtero publikatu dezakezu liburu(xka) bat, eta zure karetoa komunikabideetan agertu. Bizi zaren, bazauden, zeozer egiten ari zaren seinaleak eman behar baitituzu aldioro. Jon Alonsoren tropelaren metafora ezagun horri helduta, lasterketan ari garelarik, txirrindulariok ezin gara gelditu ezta pixa egiteko ere. Nola esango genioke honi, Iban? Trabajos de mantenimiento? Gutxi gorebehera idazle askok egunkari eta aldizkarietako kolaborazioekin egiten dutena da, baina enpake gehiagorekin (argazki handiagoak, elkarrizketa luze bat, Sautrelako bisita...).

Bukatzeko, euskal ipuingintzaz ari garela, gaiztokeria bat: uste dut Jon Juaristi izan zela, urte jakin bateko gure liburu produkzioaz ari zela, esan zuena (ejem...): “Literatura vasca: un año más viviendo del cuento”.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2008/09/25 20:51

Objekzio arrazoitsuak egin dizkidazu, Ur, eta saiatuko naiz neurri berean erantzuten.

Alde batetik, ados nago Hamaika pausori buruz diozunarekin: niri ere izugarria iruditzen zait: gai bera edo ingurukoak tratatu dituzten beste euskal nobelen dezente gainetik dago. Baina nik ez dut nire artikuluan "maisulan" hitza aipatu, Euskal Eleberri Handia baizik, zeina, Amerikar Nobela Handia bezala, inposible bat baita, berez. Eta inposible bat da, besteak beste, oso zaila iruditzen zaidalako egile batek (nobela batek) unearen Zeitgeista harrapatzea, egun, XIX. mendean posible izan zen bezala alegia; irudipena daukat (irudipena soilik) egun ez dela kasik posible. Eta ipuinek, beren dibertsitatean, gehiago hurbil daitezkeela helburu horretara. Baina ipuin liburu bat, egiturazko arrazoiengatik, nekez iritsiko da inoiz “maisulan” izatera. Ipuin liburuek gorabeherak izango dituztelako beti, halabeharrez. Pertsonalki oso lasaigarria iruditzen zaidan zerbait, bestalde.

Hori esanda, nik uste dut badirela, azken hogei urtetan, bikaintasunaren mailan oso gora iritsi diren zenbait ipuin liburu: Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan, Juan Garziaren Itzalen itzal, Xabier Montoiaren Emakume biboteduna, Pello Lizarralderen Sargori (berak ipuin liburutzat jotzen ez duen arren), Jose Luis Otamendiren Euri kontuak, Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik, Eider Rodriguezen Haragia eta Karlos Linazasororen Diotenez (edo Linazasororen balizko antologia bat, tranpa txiki bat izango litzatekeen arren); hortxe nire oraingo top-zortzi edo bederatzia, denborarekin eta berrirakurketekin aldatzen doana. Eta hurrengo mailan ipuin-liburu dezente egongo lirateke. Nobelekin kontuak ez zaizkit horren oparo ateratzen, ordea. Horixe da nire hausnarketaren abiapuntuetako bat.

Obabakoaki dagokionean, onartzen dut diozuna: obra hibridoa da, eta hain ondo harilkatutako hibridotasun horretan datza, hain zuzen ere, bere arrakastaren eta esanguraren parte handi bat. Ez da inondik ere ipuin bilduma bat (nik ez dut sekulan halakorik esan), eta eztabaidatu daiteke, orobat, ea ipuin liburua ote den. Baina ez dago ukatzerik Atxagak idatzitako ipuin batzuetan duela abiapuntu. Eta hori, hibridotasunarekin batera (inplikatzen duena ez gaudela, inondik ere, nobela baten aurrean) nahikoa esanguratsua iruditzen zitzaidan, eta zait, nik kontatu nahi nuenerako.

Badakizu: bakoitzak bere errotari ur.

Plazer bat izan da.

Ur Apalategi
Ur Apalategi dio:
2008/09/23 17:28

Aupa Iban, irakurri dut zure azkena eta beste batzuetan baino gutxiago egiten dut bat bertan azaltzen duzun ikuspegiarekin, nahiz orokorrean interesgarria den eta defendagarria iruditzen zaidan zure hipotesi nagusia, alegia nobela herriak ala ipuin herriak daudela eta horietako bat dela Euskal Herria (hainbat arrazoirengatik). Bihoazkizu bi ohar labur. Hona bi puntu nolabaiteko nire desadostasuna adierazteko. Lehena: maisu lanik eza ikusten duzu euskal nobelagintzan. Ez dakit... Hamaika pauso maisu-lantzat daukat, esaterako. Besterik ote dagoen maila horretara iristen denik? Baliteke ezetz. Baina bat bederen badagoela iruditzen zait eta hain zuzen arazo nazionala (gaizki, noski) "lixeritzen" duen nobela da. Porrot nazionalaren nobela handia. Porrotarena, ados, baina nobelatzar nazionala. Zailegia arrakasta publiko zabala lortzeko? Bai. Baina Joyce-en lana ere ez du edozeinek irakurtzen. Bestalde ba al dago ipuingintzan maisu-lanik? Zeintzuk? On-onak (bikainak) diren ipuin liburuak badira, jakina. Bigarren puntua: Obabakoak ipuingintzaren eremura eramaten duzu, nire iduriko ileetatik arrastaka. Ez dut esango nobela denik (ni ere trogloditen modura portatuko nintzatekeelako), baina bai obra hibridoa dela, guztiz, esanguratsuki, sakonki, esentzialki. Eta muskerrarena ez zait iruditzen ipuinak elkarri josteko tresna, McGuffin ala aitzakia soil gisa. Obabakoak-en egitura tripartitoa (ez dezagun ahantzi Villamediana) zentzu bat daukan egitura da, obra mutante baten hezurdura, filosofia literario eta moral baten berme estrukturala (nire tesian kontu hau asko garatu nuen inori interesatzen bazaio...).

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2008/09/11 18:02

Eskerrik asko zehaztasunagatik, Jokin, bihotzez. Baina ez duzu demostratzen zergatik den eraginkorragoa eta aberatsagoa, Gauzaz aritzeko orduan, oso xehea den kontakizun bat (nobela bat, adibidez), bitartekoen ekonomia erabiltzen duen testu bat baino (ipuin bat); are gutxiago konparazioa ez denean nobela baten eta ipuin baten artean, baizik eta nobela baten eta ipuin liburu baten artean. Ez dut uste, orrialde kopuru berbererako, bide batek besteak baino lan gehiago edo gutxiago eskatzen duenik, lan horren intentsitatea ezberdina desberdina izan daitekeen arren noski. Edonola ere, emaitza interesatzen zait niri, eta alde horretatik aitor dut, Gauzari dagokionean, gehiago interesatu zaizkidala azken urtetako ipuinak nobelak baino (oro har eta salbuespenak salbuespen); are gehiago Gauzaz ari diren azken aldiko nobela batzuk -Soinujolearen semea edo zure Antzararen bidea bera- ipuinaren birusak kutsatua ageri direnean, nire ustez. Baina, ai, nobelak, irakurle klub bateko edozein ohiko partaidek ondo dakien bezala, errazagoak dira laburtzeko, analizatzeko eta errealitatearen bat-bateko interpretazio-gako bihurtzeko. Nik ez dut uste ezkutatzeko gogoa denik Gauzaz ari diren ipuinlarien asmo nagusia. Agian funtsezkoa ez dena, denok dakiguna alde batera uzteko gogoa besterik ez da, prentsak eta ikus-entzunezkoen garapenak XIX. mendeko nobelatzar omnikonprensiboak obsoleto xamar bihurtu dituzten garai batean.

Zure gainontzeko objekzioei dagokienean, amateurismoarena erdizka iruditzen zait onargarri, euskal literaturaren baitan amateurrak gehienok garen heinean. Arrazoi nagusia hori balitz ez litzateke apenas nobelarik argitaratuko, eta ez da horrela: ipuin bilduma baino nobela gehiago argitaratzen jarraitzen dute gure idazle amateurrek; 2002-2006 bosturtekoan literatur lan guztien ia %33a, ipuin liburuek osatzen duten %27aren ondoan, Bazka aldizkari elektronikoaren arabera (eta hori ipuin antologiak bertan sartuta: autore indibidualen obrak konparatuko bagenitu, zuzenagoa litzatekeen bezala -ez dago nobela antologiarik- ipuin liburuek hartzen duten portzentaia txikiagoa litzateke). Eta horrek, edonola ere, ez du azaltzen zergatik iruditzen zaidan interesgarriago, oro har, ipuin produkzioa nobelarena baino.

"Mantenketa-lanei" buruz... zer esan. Alde batera utzita ipuin liburu askok eleberritzat hartzen diren beste askok baino orrialde kopuru handiagoa izan ohi dutela, kontua horrela balitz ez dakit zergatik ez diren argitaratzen poesia liburu gehiago, nobelak eta ipuin bildumak (batera) baino: azken batean, horiek bai, askoz ere orrialde gutxiagorekin alea justifikatzeaz gain, askoz ere hitz gutxiago bilbatuz osatzen dira… Errealitatea, ordea, ez da hori. Ah, poema liburu bat egitea zailagoa dela ipuin liburu bat edo nobela bat baino? Ez dakit: agian bai poema liburu on bat. Edo ez. Baina zergatik ez dio ekiten orduan jendeak erdipurdiko poema liburu gehiago idazteari eta argitaratzeari, nobelekin eta ipuin liburuekin gertatzen den bezala? Are gehiago kontuan hartuta poeta statusak, horrek bai ematen duela "enpake" gehiago, oraindik ere.

Ez dakit nire goiko azalpenek ezer azaltzen ote duten, Jokin. Baina zureek ez naute, oraingoz behintzat, sobera asetzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44