Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Kartak Iwo Jimatik

Kartak Iwo Jimatik

Uxue Apaolaza 2010/02/12 14:39
"Cartas desde Iwo Jima" Clint Eastwood-en pelikularen eta "Cartas desde Iwo Jima del general Kuribayashi" Kumiko Kakehashiren liburuaren irakurketa konparatua egitera noa. Gehiago oinarritzen da pelikulan, liburuan baino, behingoagatik esan baitezaket nahiago dudala pelikula liburua baino, liburua jeneralarekin maiteminduegi egoteagatik beharbada. Zergatik da pertinentea lan hau hemen agertzea edo nola sinestarazi diet hala dela Volgako gainerako kideei? Fikzioak historia eta zuzendariaren ikuspuntua kontatzeko, errealitatea oinarri, erabili dituen estrategiak azalduko nituela esanez; errealitatetik tresna dramatikoak atereaz, fikzioa errealitatean txertatuz historia hobeto azaltzeko… Eta espero dut emaitzak izango duela horretatik.
Pelikularen kartela

Kumiko Kaketashiren liburua Kuribayashi jeneralarekiko autorearen miresmenetik jaio da; jeneralaren beraren eta irlan izan ziren beste hainbat soldaduren kartak biltzen ditu eta baita lehenengoaren hurbilekoen testimonioak ere, gerran Japonen jarduerarekiko saiakera kritikoa eta bokazio antibelizistakoa osatuz.

Pelikula aldiz, Clint Easwood-ek zuzentzen ari zen Banderas de nuestros padres-en azaltzen zuenarekiko “bestea”-ren ikuspuntua jorratzeko zuen beharretik jaio zen, Suribachi gailurrean marineek estatubatuar bandera jaso zuteneko argazki enblematikoan zentratua eta Iwo Jimako bataila estatubatuar ikuspuntutik kontatzen duena alegia. Beren artean independente dira pelikulak, gidoilari ezberdinekin, japoniarra gureari dagokionean; “beste” bandoa topiko eta propagandatik libre azaltzeko helburua du. Hiru akto klasikoak jarraitzen ditu, protagonistaren argumentuari ez ezik (Saigo, japoniar armadako soldadua) batailari berari ere aplikatzen zaizkionak.

Iwo Jimako bataila Bigarren Mundu Gerran gertatu zen, Pazifikoko Gerraren barruan hain zuzen; 1945 urteko otsailaren hamaseitik martxoaren erdialdera arte iraun zuen eta bereziki odoltsua izan zen, Kuribayashi jeneralak antolatutako japoniarren erresistentzia estatubatuarrek espero baino askoz eraginkorragoaren ondorioz batez ere. Sonatua, batetik lehen aipaturiko argazkiagatik eta, bestetik, japoniarrek defentsarako lur azpian eraiki zituzten tunel kilometroak direla eta.

Bi obrek iturri historiko nagusitzat soldadu japoniarrek Iwo Jimatik bidali zituzten kartak hartzen dituzte, Kuribayashi jeneralarenak batik bat, liburuan irakur daitekeen eran eta pelikularen gidoiaren autoreak, Iris Yamashita, adierazi duenez. Pelikula halaxe hasten da, gutun sorta bat topatzen duen arkeologo talde batekin (irlako egunerokoaren berri ematen duen beste iturri bat). Karta, dokumentu intimoa, printzipioz ofizialak baino dokumentu egiatiagoa litzateke, batez ere senideen arteko kartak badira, bi obrok erabiltzen dituztenak hain zuzen. Gerra garaian hutsarte asko pasa behar izaten da; “Itxaroten genituen arriskuen lekuan, han topatu genuena zikinkeria zen, lana eta gau argiak; hori guztia gainditzeak gehiegi erakartzen ez gintuen heroismoa eskatzen zuen. Are okerragoa zen aspertzea; soldaduarentzat asaldagarriago da heriotzaren gertutasuna baino” idatzi zuen Ernst Jüng-ek Tormentas de acero-n; gogaitze une horietan Iwo Jiman kartak idazten zizkieten senitartekoei. Hala ere, informazio asko ematen badute ere, adibidez gudu-zelaiko egunerokoari buruz, badira kartak guztiz egiatiak ez direla pentsatzeko arrazoiak, familia ez kezkatu nahia edo pelikulan iradokitzen den zentsura kasu. Kontserbatu den karta kopurua hain altua izatearen arrazoia familientzat duten balioa da, “zenduen erlikien ordezkotzat, Iwo Jimatik eroritakoen hezur eta gauza pertsonal gutxi berreskuratu ahal izan baitzen”[1].

Marineen bandera

Bi obrek jartzen dute lehen planoan gai bera; bizitza indibidualaren balioa. Kumiko Kakehashik liburua itaun batekin amaitzen den hitzaurreaz hasten du. Prentsak argitaratu zuen Kuribayashi jeneralaren Iwo Jimatik igorritako azken telegrama honela hasten zen: "Gure herrialdearekiko eginkizun nekeza betetzeko ezgauza,/ behin gezi eta balak gastaturik, umiliaturik, erori gara”. Manipulatua izan zen. Kuribayashiren arabera “triste” hil baitziren, ez “umiliaturik”. “Zer bizi zuen Iwo Jimako bataila-eremuan, eta zerk eraman zuen gainera gizonak hiltzera halako ezaxolaz bidaltzen zituen buruzagitza militarraren kontrako kexa sotila zen poema bat idaztera?”[2] galdetzen du autoreak hitzaurrean, ohoreak bizitza baino gehiago balio duela zalantzan jartzen duen japoniar jeneralaren berezitasuna azaltzen duenean.

Pelikulan Saigo soldaduak, irlako hondartzan trintxerak aitzurtzen zituen bitartean, hausnartzen du: "Nire hilobia aitzurtzen ari ote naiz?”. Pelikula osoan zehar mantenduko den galdera dramatikoa, Saigok guztiaren gainetik bizirautearen alde borrokatzen denaren rola betetzen baitu. Pelikulak are azpimarratzen du bizitzaren aldeko aldarrikapena, Kuribayashi protagonismo dramatikotik lekualdatuz eta Saigo ipiniz protagonistatzat, bizitza ordezkatzen duena, eta bide batez, jeneralaren alter egoetako bat dena.

Pelikulak izan zuen arrakastaren klabeetako bat nipondar ikuspuntutik egina izatea da; publiko estatubatuarrarentzat ikuspuntu ezezaguna, gerra propagandak bere garaian eta zenbait topikoren elikatzeak gero, iritzi publikoari bestearen ikuspuntura hurbiltzea eragotzi baitio, Max Hasting-en arabera ikerketa historikoetan ere islatzen dena: “Gerrari buruzko ikerlan mendebaldar gehienetan japoniarrak herri irmoki zeharkaezina dira. Deigarria da akademiko britainiar eta estatubatuarrek historialari nipondarrak zein urri aipatzen dituzten”[3].

Iwo Jimako bataila Tadamichi Kuribayashiren izenari loturik dago. Ez zen agintaritza urrun batetik prestaketak eta bataila zuzentzera mugatu. Detaile bakoitza planifikatu eta gainbegiratu zuen eta bere agintepean irla habitatu zutenen eguneroko domestikoa arautu. Pertsonaia berezi hori izan da japoniar eta estatubatuarren arteko zubi lanetarako balio izan duena.

Pelikulako lehen aktoa jenerala aurkeztera dedikatzen da irlan zeharreko paseo, gainbegiratu eta bileretan jarraituz; batailaren bilakaeran pertsonaia honen garrantziak azaltzen du pelikula beliko batean Kuribayashiri esklusiboki eskainitako eszenak hainbeste eta hain luzakorrak izatea.

Kuribayashi jenerala hegazkin txikian iristen da offeko ahotsa entzuten dugun bitartean; pelikula osoko off ahotsak kartak idatzi dituzten igorleei dagozkie. Pelikulako une honetan entzuten duguna jeneralak emazteari abiatu aurretik idatzitakoa da; etxeko kontuekin kezkatzen den jenerala erakusten zaigu, perfekzionista eta antolatzailea. Sukaldeko haize korronteak ez konpontzeak atsekabetzen omen du, eta semeak, Tarok, konpon dezala eskatzen dio, zeinak jakinarazten baitu jeneralak abiatu aurreko egunak apalak muntatzen pasa zituela[4]. Alderdi familiar hori liburuan zehaztasunez kontatzen da jeneralaren beraren karten bidez. Pelikulan aipatua, emazteari etxeko arazoak konpontzeko instrukzioak emanez, hainbat gutunetan idatzitako pasarteen arteko bat da. Filmean kartak pelikulako momentu ezberdinetan azaltzen dira; arrazoi estilistikoez gain funtzio emozionala dute, baina baita informazio emailea ere.

Bere amerikar etapan idatzitako eskutitzean azpimarratzen du adibidez Estatu Batuetako hirietan zehar dabilen auto kopurua, amerikarren gailentasun teknologikoa islatuz. Pelikula hasieran errezitatutako kartak beste informazio bat ere ematen digu: jeneralak bataila irabazteko zuen itxaropen urria. Liburuaren autoreak ere azpimarratzen du puntu hori eta baieztatzen Iwo Jiman lurrartu baino lehen ere Kuribayashik bazekiela ez zela handik bizirik aterako, posdataren arabera hura bere azken karta zela uste baitzuen, irlan beharko ez zituen gauzak familiari bidali baitzizkion eta biziko ez zenaren susmoa familiari bere horretan azaldu baitzion[5].

Kuribayashi

Liburuan ez bezala pelikulan ez da jeneralaren biografia kontatzen. Iwo Jimara eramango duen ibilbidea 1941ean hasten da Kantongo Txina Hegoaldeko indar espedizionarioko Estatu Nagusiko buru izendatu zutenean. 1943an Guardia Inperialeko Bigarren Dibisioko komandante izatera pasa zen, Tokioren defentsaren arduradun; 1944ko apirilean uko egin zion postuari meneko batek sortutako sute baten erantzukizuna bere gain hartu zuenean, eta Ekialdeko Armadako Kuartel Nagusira bidalia izan zen. Ordura arte bizilekutzat zuten luxuzko etxea utzi eta apartamentua alokatu zuten Higashi Matsubaran, Tokio. Han biziko ziren bere emazte Yoshii, Taro seme zaharrena (eta Amerikatik bidalitako karta gehienen hartzaile), Yoko eta Takako, bederatzi urterekin aita abiatzen ikusi zuen alaba gazteena eta aitaren karta gehien jasoko zuena. Tadamichi Kuribayashi denbora laburrez biziko zen etxe hartan. Chicha Jimako unitate  operatiboetatik jaiotako Ogasawara-ren defentsa indartzeko taldearen agintean jarri zuten, 109 Dibisioa. Segituan joango zen Iwo Jima-ra.

Bada bere biografian bere bizitzan zein bere kideen berekiko pertzepzioan erabakigarria izango zen etapa bat, pelikulak ere jasotzen duena; gainera pertsonaiak Japon eta Estatu Batuen artean betetzen duen lehen aipaturiko zubi lanean klabea: Estatu Batuetako egonaldia. Pelikulan Iwo Jimara bere amerikar-zaletasunaren ondorioz bidalia izan zenaren zurrumurrua azaltzen da, zeina traiziotzat ulertzen den.  “Estatu Batuak munduko herrialde guztien artean Japonek aurka egin behar liokeen azkena da”[6]; badirudi familiari behin eta berriz errepikatzen zion ideia zela eta oinarri sendokoa. Pelikulan zehar flash back bidez behin baino gehiagotan azaltzen da etapa hori eta maiz aipatzen da bere estatubatuarrekiko miresmena. Berrogeita bi izan ziren Tadamichik handik idatzitako gutunak, herrialdeak beregan izan zuen eraginaren berri izateko material oparoa dena.

Atzerrira halako bidaiak egiten zituztenak Guntô-gumi izenekoak izaten ziren, “sablearen brigada” osatzen zutenak, ohore guztiekin graduatuak (enperadorearen sableaz ukituak izatetik dator izena). Alemania zen helmuga eskatuena, Frantzia ondoren; ingeles hizkuntzakoak gutxien. Karrera militarra hasten zutenak Prestatze Eskola Militarrean egiten zuten, non alemanera, frantsesa eta errusiera irakasten zuten (gainera armada nipondarra modelo alemaniarraren arabera zegoen antolatua), gero Akademia Militarrera pasatzeko, eta azkenik, Armadaren Gerra Fakultatera. Akademia Militarrera baina bigarren hezkuntzako eskola arruntaren bidez ere irits zintezkeen, non ingelesa irakasten zen; azken horixe izan zen Kuribayashiren ibilbidea. Aginte postu gehienak prestatze eskolatik zetozenen esku geratzen ziren: “Prestatzeko Estola Militarra prusiar eskolen patroiarekin dago diseinatua, zeinak aristokraziaren semeak soldadu bihurtzen zituzten. Graduazio altuko ofizialek eskola honetara bidaltzen zituzten semeak”[7], Estatu Batuekiko ezjakintasuna beraz handia zen ofizialen artean.

1928an Kuribayashi Estatu Batuetara abiatu zenean Japon eta bere familia utzita, zalditeriako kapitain zen, Armadako Gerra Fakultatean lizentziatua. Zalditeriako Lehen Dibisioa egokitu zitzaion eta denbora librean Harvard eta Michigango unibertsitateetara joan zen, zeinetan “ingelesa ikasi zuen, Amerikaren historia eta AEB-etako gaurkotasunari buruzko gaiak”[8].

Estatu Batuetako egonaldira egiten diren flash-backez gain, zeinek gainera Kuribayashi eta zenbait estatubatuarren arteko harreman afektiboa azaltzen baitute, pelikulan bada Kuribayashiren bigarren alter ego kontsidera daitekeen eta beregan amerikarren eragina azpimarratuko duen beste pertsonaia bat, pertsonaia historikoa, Nishi baroia, 1932an Los Angeles-en ospatutako Joko Olinpikoetan parte hartu eta Iparramerikako goi gizartean mugitu zena. Bere gain ere amerikar-zaletasun susmoak izan omen ziren[9].

Nishi baroia

Liburuan aipatu ez baina pelikulan azpimarratzen den aspektu bat arrazakeriarena da. Bi herrialdeek praktikatu zuten arrazakeria arerioari gizatasuna kentzeko. Max Hasting-ek Estatu Batuek hauspotutakoaren adibide zenbait ematen ditu. “Gerra bonoak banatzeko Estatu Batuetako Gerra departamentuko ikus-entzunezko batek honako lema erabiltzen zuen: ‘bono bakoitzak japoniar bat hiltzen du’. Metraileta fabrikatzaile estatubatuar batek bere produktuak ‘zulo gorri handiak gizon txiki horietan’ egiteko balio zutela esanaz iragartzen zituen. Europar  frenteetan gertatzen zena bestalde ez zen Pazifikoan ohikoa zen praktikarekin konparagarria, japoniarren burezurrak lehortu eta kontserbatzen zituzten souvenir erara eta etsaiaren hezur leunduak pertsona maiteei bidali”[10]. Pelikulak intsinuatutakoaren arabera baina, estatubatuarrekiko mesprezuak japoniarren kalkulu militarretan ere eragiten zuen, Kuribayashik nahiago zukeen arrazionaltasunetik oso urrun.

Poster 1

Pelikulan arrazismo horri lehen erreferentzia instrukzio batean zehar egiten da, instruktoreak desabantaila objektiboak zerrendatu ostean galdetzen duenean zergatik hala ere irabazi egingo duten. Bigarren aktoaren bigarren erdialdean Saigoren gerra lagun izango denak erantzuten du, japoniarren gorentasunean hezitako Kempeitai-ak. Hobeak direlako. Pertsonaia hori izango da bando japoniarraren ezaugarri hori islatuko duena pelikulan jarraitzen duen argumentuaren bidez. Nishik batailaren erdian amerikar soldadu zauritua jaso eta zaintzen du. Berau hiltzen denean amak bidalitako karta bat irakurtzen du, Saigoren lagunarengan anagnorisia sortzen duena, munstrotzat zuena humanizatzean bere arrazakeriaren absurdoaren kontziente egiten baita. Gerran jarraitzeko arrazoirik gabe entregatu egiten zaie japoniarrak mesprezatzen dituzten amerikarrei, eta tragedia bihurtzen da gaztearen patua iparramerikarrek gatibu armarik gabeak hiltzen dituztenean, bera tartean.

Amerikar motorizazioarekiko lilura bi erreferentziaren bidez agertzen da pelikulan; lehenik Kuribayashik Tarori AEBetatik bidalitako eskutitzean (lehen aipatua) eta bigarrenik gainerako ofizialei jarraitu beharreko estrategia azaltzen dienean, itaunduz ba al dakiten Amerikan urtean zenbat auto fabrikatzen diren. Tarori bidalitako kartetan autoak marrazten zituen eta harritu egiten zen giltzariek ere bat izan zezaketelako[11]. Washington edo Boston bezalako hirietan bizi izan zen; Fort Blisseko zalditeria erregimentuan; Fort Rileyn, infanteria dibisioaren egoitzan. “Estatu Batuen botere militar eta ekonomikoaz zuen kontzientzia lehen eskuko behaketetan oinarritzen zen”[12].

Estatubatuarrek erraz irabaziko zutenaren kalkulu okerra egin bazuten ere[13], (hildako sei edo zazpi japoniarreko beraietako bat galduko zutela kalkulatu zuten, Iwo Jiman baina bat koma hogeita bost gizon estatubatuar galduko  zuten japoniarreko), japoniarrak izan ziren beren kalkuluekin gehien galdu zutenak. Estatubatuarren irudiko “Alemania zen, diferentziarekin, Aliatuen etsai arriskutsuena, bitartean Japon zen gorrotoen foku nagusi”.[14] Lurreko indarren zatirik handiena Europara bidali zuten. Max Hasting-ek dioenez 1941-1942an japoniarren aireko indarra eta itsas armada ondo ekipatuak zeuden, 1944tik aurrera baina gainditurik ziren eta 1944 eta 1945 arteko aire erasoek bi urtetan gerrak ordura arte sortutakoak baino heriotza gehiago eragin zituzten; “…kapitulazioa baino urte bat lehenago, Hirohitoren nazioak bere biktima zibil eta militarrak izango zirenaren frakzio txiki bat baizik ez zuen jasan. Japonen katastrofe humanoak gerraren azken hilabeteetan pilatu ziren…”[15]. Japonek etsai militarki askoz indartsuago baten aurkako gerra hasi zuen, “bere liderrak bi gauza onartuz arriskatu ziren: Estatu Batuak ez zirela aurrez-aurreko luzea mantentzeko prest egongo lehenik; eta bigarrenik: Alemania nagusitu egingo zela Europan. Bietan huts egin zuten”[16].

Irlaren argazkia

Pelikulan lur hartu orduko Kuribayashi bere ibilerekin hasten da, liburuan ere aipatzen dena. “Bere lantokira iritsi zenean Kuribayashik egin zuen lehen gauza irla zentimetroz zentimetro ikuskatzea izan zen, bere topografia eta baldintza naturalak perfektuki ezagutzeko. (…). Oinez Iwo Jimaren perimetroa ibiltzeak ez du egun bat baino gehiago eskatzen. Kuribayashik beraz ibiltzeari ekin zion”[17]. Liburuan zein pelikulan lehenik Suribachi mendira zuzentzen da, irla osoko puntu altuena. Hegoaldean itsasoa zuen, ipar ekialdean Chidorigahara lautadara jaisten zen, Chidori aerodromoa zegoen lekura. Lautadaren bi aldeetan hondartza bana; ez zegoen estatubatuarrak lehorrera zitezkeen beste lekurik. Suribachi, eskaintzen zuen panoramikari esker, puntu estrategikoa izango zen. Irlaren zatirik handiena Motoyama mesetak hartzen zuen, mendixka eta lubetaz betea[18]. Japondik 1200 kilometrora, zortzi kilometroko luzeraz eta lauko zabaleraz, 1861an erreklamatu zuen Japoniak eta intermitenteki erabilia izan zen azukre-kanabera plantaziotzat.

Pelikularen lehen aktoan Kuribayashiren pertsonaiari dagokion argumentuaren galdera dramatikoa honakoa da: zein estrategia jarraituko du jeneralak? Informazioa, jeneralak paseo eta gainerako agintaritzekin eginiko bileretan bilduko duena, dosifikaturik dago behar dramatikoen arabera. Horrela, pelikularen zati honetan izango dituen antagonisten bidez, armadako agintea zein aireko eta lur indarrak, Kuribayashiren planak Iwo Jiman eta Japonenak gerran mehatxatuko dituen arazoetako bat islatzen da: indar militar inperialen baitan bizi zen koordinazio falta.

Lehenik aireko indarren ofiziala galdekatzen du zeinak erantzuten dion 41 ehizako hegazkin eta 13 bonbaketari geratzen zaizkiela. 66 hegazkin galdu zituzten Saipaneko defentsan. Aldiz, ez dakite ezer esaten lurreko estrategiari buruz. Japoniako erregimena praktikoki diktadura militarra izanik ere, gerraren zuzendaritzan diziplina falta nagusitzen zen. Estatu Batuetako lurreko armada eta itsas armadaren artean ere bazen norgehiagokarik, baina gerraren zuzendaritzak estrategia komunak diseinatzen zituen (hain ospetsua den itsas armadak Iwo Jiman izan zuen operazioak bere kabuz egiteko gaitasuna frogatzeko aukera). Japonen bandoan bi gerra independente egin ziren; “Japongo aginte zentro erritualek – Lurrekoa, Marina eta talde industrial handi edo Zaibatsuak – bakoitzak bere modura gerra bereiziak zuzendu zituzten, batak besteari oinarrizko informazioa ere ezkutatuz etsaiari ezkutatzen zioten grina berberaz”[19]. Boterea gainera disolbaturik zegoen ofizialen artean enperadorearen ahuleziaren ondorioz, samuraiz beteriko herrialde batean. Banaketa hori alde batera utzirik, Alemaniarekin ere ez zegoen koordinaziorik, naziek japoniarrak mesprezatzen baitzituzten; konpartitzen zuten bakarra etsaia zen, horregatik Max Hasting-ek Bigarren Mundu Gerrez hitz egiten du.

Suribachi

Pelikulan Kuribayashik irla guztian zehar apunteak hartu ondoren artilleria Suribachira eramateko agintzen du; defentsa guztia hondartzan zentratzea ez dela egokia uste du. Gainerako ofizialekin ulertu ezina nabarmena da. “Estrategia aldaketa bat izango da. Motoyama, Higashiyama eta Suribayachin kobak egingo ditugu. Lurrazpiko gotorlekuak egingo ditugu eta amaierara arte borrokatuko gara”, komunikatzen die gainerako ofizialei  pelikulan. Marianetako batailaren ondoren flotak eskain zezakeen laguntzarekiko konfiantza desagerturik zen (pelikulan Nishik ematen dio berria). Ekainaren 19an ipini ziren aurrez aurre japoniar eta estatubatuarrak Marianetan; Japonek kontraeraso erabatekoa jaurti zuen, zeinetan ahal izan zituen itsas eta aireko indar guztiak inplikatu zituen; indar estatubatuarrek biderkatu egiten zituzten. Hegazkin japoniarren erdiak galdu ziren.

Kuribayashiren bi erabaki funtsezkoak izan ziren hainbeste denboraz batailari eutsi ahal izan ziezaioten; desgaste gerraren eta irla barnealdetik defendatzearen (kostatik beharrean) aldeko erabakiak. Saipan erori ostean Kuartel Nagusi Inperialak bere egin zituen erabakiak eta “Irlen defentsarako puntu klabeak” izenekoan Palaos irlen eta Iwo Jimaren eremuari jakinarazi zitzaizkien, baina beranduegi izan zen lehenengoentzat; Peleliun adibidez ez zuten estrategia aldaketarako astirik izan. Iwo Jiman bi hilabete lehenago jarri zuten martxan estrategia berria, Kuribayashi bere kabuz iritsi zelako hartara, baina ez zen erraza izan aurrekarien gainetik pasatzea eta, gainera, “armada ez zen Kuribayashiren kostako lehen lerroko defentsa abandonatzeko erabakiaren aurka azaldu zen bakarra. Irlara bidalitako lurreko ejertzitoko ofizial beteranoek iritzi oso etsaitasunezkoak plazaratu zituzten”[20].

Iwo Jima mapan

Estatubatuarrek beren eskutan nahi zuten irla, Japonek hogei mila gizon bidali zituen defendatzera eta Kuribayashik han borrokatzen geratzea erabaki zuen. Zergatik? Pelikulan jeneralaren  motibazioaz hitz egiten zaigu batez ere. Galdera dramatikoa berak egiten dio Nishiri; Nishik handik bizirik aterako ez direnaren ziurtasuna du eta Kuribayashik seinalatzen dio hala ere geratu egin dela. Bere buruari erantzuten dio aurreragoko eszena batean bere familiari sufrimendua eragozten badio borrokatuko dela baieztatzean. “B-29-en erasoaldiak eta ondoriozko baja zibilak ahalik eta gehien atzeratzeko nahia izan ziren Kuribayashi edozein preziotan desgaste gerra aukeratzera eraman zutenak. Badirudi berak estatubatuarren aurrera egitea geldiarazten eta denbora egiten zuen bitartean, ejertzitoko goi aginteak gerra amaitzeko negoziazioak burutuko zituen itxaropena zuela”[21]. Tokio bonbardatuko zuten beldur zen bere hainbat kartatan aipatu bezala, eta eragotz zezakeela uste zuen eusten bazioten.

Pentsatzeko era honek zer ikusia izan dezake Kuribayashiren ustez militar batek betetzen zuen funtzioarekin. Pelikularen hasieran protagonistak, Saigo, irlan emakumerik ez dela aipatzen du: “ez dago gorteiatzeko emakumerik”. Bi arrazoi izan daitezke horren kausa. Han “kontsolamendu etxerik” ez izatea[22] eta irlako biztanleria zibila ebakuatu izana. Azken honetara, pelikulan, arrazoi sentimentalek eramaten dute: ume bat ikusten du herrian inspekzioetako batean eta bere familia gogoratzen du. Liburuan beste era bateko kontsiderazioek sortzen dute Iwo Jimako biztanleak ebakuatzeko erabakia. “Gatazka guztizko gerra bat zen dagoeneko, non ez zen militar eta zibil ez borrokalarien artean bereizketarik egiten. Japoniar hiritarrak, ‘gerran den nazio baten herri’ izanik, gerra helburuen arrakastaren alde dena sakrifikatzera deituak zeuden. Kuribayashik baina, soldaduen existentzia bera hiritar arruntek beren bizitzekin normaltasunez jarraitu ahal izateak justifikatzen zuenaren konbikzioa zuen”[23].  

Liburuan jarrera horren beste adibide bat ematen da, pelikulan isla izan dezakeena Saigo pertsonaiarekin duen harremanean. Sadaokak, armadako langile zibilak, Iwo Jimara lagundu nahi izan zuen, baina Kuribayashik uko egin zion; ez horrela ia familiakotzat tratatzen zuen beste gazte baten kasuan: biak omen zituen gertuko, baina lehena ez zen militarra eta bigarrena bai. Pelikulako momentu batean Saigori esaten dio soldadu ona dela; berak ezetz erantzuten dio, bera okina dela. Zibila da beraz. Hura izango da pelikulan hirugarrenez jeneralak bizitza salbatuko (barkatuko) dion momentua.

Liburuaren arabera posible da Kuribayashi batailaren amaiera aldera Tokioren gaineko bonbardaketak hasi zirenaren jakinaren gainean egotea. Pelikulan ordea ez zaigu datu hori ematen, Kuribayashiren motibazio dramatikoa ezabatuko bailuke.

Japoniarrek aerodromotzat nahi zuten irla eta Japoniarantzako eraso-ardatz zentralean euste-puntutzat interesatzen zitzaion estatubatuarren itsas armadari; hartara, itsas armadaren hiru dibisio kontzentratu zituzten Iwo Jiman.

Batailaren zain tunelak zulatzen ari zirela estatubatuarrekin zer ikusirik ez zuten etsaiak izan zituzten japoniarrek. Saigoren pelikula hasiera aldeko hitzek diote: “Hemen ez da ezer hazten. Kiratsa dario, bero dago, zomorroz beterik dago eta ez dago urik”.  Eta hala zen; bertan bizi ziren mila biztanleentzat irlak biltzen zuen ur aski, ez ordea gerrak ekarritako soldadu guztientzat. Euri-jasak itxoiten zituzten, eta ura anoatu, baina hala ere, “zenbait soldaduk ur falta endemikoa beren bizitzekin ordaindu zuten”[24]. Gainera edaten zuten ur apurra ere hilgarri zitekeen, “soldadu askok sukar paratifoideak eta disenteria pairatu zituzten”[25].  Saigoren lagunetako baten istorioak islatzen du pelikulan arazo hori, hasieratik tripako minez ikusten duguna, azkenik hil arte; “Kashiwara disenteria ohoragarri batek jota hil zen” erantzuten dio Saigok aberriaren alde hiltzearen ohoreari. 

Kuribayashik ez zuen bakarrik inposatu soldadu eta ofizialen arteko berdintasuna urari zegokionean, denek berdin jan zezaten ere agindu zuen. Salbuespenak egiten zituen noizean behin whisky-a edanez[26], pelikulan Nishirekin afaritan egiten duena. Afari berean ordenantzek hirugarren plater bat jartzen jarraitzen dute hutsik dagoen arren, ohituraren izenean; arrazoiari jarraitzen ez zaionean tradizioei eustearen absurdoaren sinbolo.

Iwo Jima mapa

Pelikulan tunelak zulatzen ikusten baditugu ere eta lanak ofizialen artean sortzen duen haserrea, ez da lanaren gogorrean sakontzen. Infernua zen soldaduentzat. Zailena ez zen tunelak egitea gainera, pasadizoak baizik: horizontalean zulatu behar zen, lur azpian hamabost edo hogei metrotara eta gero hondakinak atera. Gas sulfurosoek goragalea eta zefaleak sortzen zizkieten soldaduei”[27].

 

Protagonista zibila da, aipatu bezala, eta fikzio dramatikoaren barne ere bere helburua bizirautea da. Saigoren, protagonistaren, ibilera gidatuko duen galdera dramatikoa flash-back bidez ematen zaigu; emaztea ere konbentzitu nahiz, bidean den semeari biziraungo duela zin egiten dio. Biziraungo duen edo ez da galdera, eta helburu horri, pelikularen bigarren aktoan batez ere, jarriko zaizkio tentsio dramatikoa sortuko duten eta itzuli argumentuzkoak sortuko dituzten oztopoak.

Saipaneko atzera-egitearen ondoren bataila oso gertu zegoen. Bonbardaketak etengabekoak ziren lehorreratze aurreko hilabeteetan; baina defentsak eraikitzen jarraitzen zuten, lur azpian.

Pelikulan soldaduei bataila aurretik Kuribayashik ematen dien txarlan aipatzen du; “inork ez du hiltzeko eskubiderik hamar soldadu etsai hil aurretik”, “Batailarako Adore Promesak” direlakoetako bat da, Kuribayashik soldaduen artean banatu zituenak. Etsaia desgastatzea zen helburua, arerioan bajek eragin handia izango zutela jakinik. Azken promesak honela zioen: “Gerrilla taktikaz etsaia erasotzen jarraituko dugu bizirik gutako bat baino geratzen ez bada ere”[28]. Pelikulan diskurtsoa banzai oihukatuz amaitzen du. Baina Kuribayashik “zorrozki debekatu zituen banzai estiloko erasoak, erasotzaileen deusezte guztizkoarekin amaitzen ziren lerro etsaien kontrako eraso suizidak”[29]. Hala ere, Némesisen irakur dezakegu behin posizioa galdutzat jotzen zen zenbaitetan, japoniarrak taldeka amerikarren kontra jaurtitzen zirela oihuka, Suribachi mendia galdu zenean, jeneralaren erabakiaren kontra, gertatu bezala.

Bigarren akto osoa Saigoren biziraupenaren aldeko borrokak hartuko du. Suribachi mendiaren galeraren ondoren inmolaziora bultzatu nahi zituen ofizial baten esku geratuko da; “Suribachi mendia aurreikusi baino lehen galdu zen, batez ere Motoyamarekin, irlaren erdian, komunikatzen zuten kobak ezin izan zirelako garaiz amaitu. Japoniarrek guztira hemezortzi bat kilometro koba zituzten eraikiak iparramerikarren lehorreratzea gertatu zen unean, baina Suribachi menditik eta Motoyamatik abiatzen zirenek ez zuten oraindik topo egin. Suribachi isolaturik geratu zen Iparamerikarrek Chidorigahara okupatu zutenean, zeina bien artean zegoen”[30]. Kuribayashik aurreikusi zuen lehorreratzean kostan eraikitako metraileta habiak galduko zituztela, baita Suribachi mendia ere, ez ordea bere erretiratze aginduaren aurka beren buruaz beste egitea erabakiko zuten gizonen galera. Némesis liburuan Okhosi izeneko soldadu gaztea aipatzen da, akto suizida horretatik bizirik atera ahal izan zena gorpuen artean ezkutaturik. Saigok ere gaindituko du gertaera.

Saigoren laguna hilik suertatzen den lehen aipatu errendizioan ere, larri salbatzen du bere bizitza protagonistak, printzipioz Saigok ere bere kidearekin alde egiteko asmoa baitzuen; ezin ihes egin izanak ahalbidetuko dio bizirik jarraitzea. Gaixotasunak ere, bizitzaren beste etsai garrantzitsua, ekidingo ditu.

Batailaren amaieran, dena galdurik denean, Kuribayashik donazio bileteak erretzea agindu zuen; pelikulan dokumentu horiek erretzeko mandatua Saigoren bizitza salbatzeko bide bihurtzen da.

Saipaneko erretiradaren ondoren, japoniarren gutxiagotasuna argia zenean, Iwo Jimak beharrezko izateari utzi zion, lehentasuna azken batailak baitzuen orain, artxipelagoan. Pelikulan berria atzeratzen da, ez da ematen bataila dagoeneko oso aurreraturik egon arte, baina berau otsailaren 19an hasi bazen, otsailaren 6erako Kuartel Nagusiak Iwo Jima etsaien esku eroriko zela erabakia zuen.

“Ez da heriotza noble eta heroikoa tokatu zaizuena, bizitzen artean ankerrena baizik…”, esango die jeneralak bere gizonei. Pelikularen momentu batean Saigok gaztelu baten argazkia erakusten dio lagunetako bati, hilik zegoen emakume bati eraikia, dio, eta zortea izango dutela beraiei hilobi bat aitzurtzen badiete. Izatez, beraiek izan ziren egin zutenak, pelikula hasieran protagonistak hondartzako lubakiak egin bitartean, “Nire hilobia aitzurtzen ari ote naiz?”, egiten zuen galderari erantzunez; irabaztearen ezintasunaz kontziente eta irlatik bizirik ateratzea ere zail, liburuan zein pelikulan bere gizonak egitera behartu zituen esfortzuaren helburua etorkizunerako monumentu bat zen. Ez zuten hiltzea beste paturik, eta bataila haren arabera gogoratuko zituzten beraz. Aipagarria da lur azpian hilobiei buruz hizketan ari diren bi gazteren irudiaren indarra; inperioak ezer ez lortzeko alferrik hiltzen zituen gazteak.

Pelikula ez da zehatza gertaeren kronologian eta faktore anitzen ondorio diren gertaeretan sustraituta dauden erabakiak bulkada emozional edo sentimentalen bidez azaltzen ditu. Gainera, estatubatuar ikuslearen enpatia lortzeko, oso zentratzen da japoniar eta estatubatuarren artean zubiak bilatzen, horren adibide garbi izanik Kuribayashi jenerala bera, bere pertsonalitatean estatubatuar/mendebaldar balore eskalaren parte diren arrazionaltasuna, indibidualtasuna, meritua, familia… azpimarratuz. Gainera, bere estatubatuar bizitzara egindako flash back bidez estatubatuarren eta Kuribayashiren arteko harreman sentimentalak eraikitzen ditu arrazoi dramatikoak direla eta.

Pelikulak kontu historikoez gain, fikzioaren premia estruktural eta dramatikoak izan behar ditu kontuan, testuinguruaren barruan pertsonaien ibilbide indibidualean zentratzen da ikuslea enpatia eta emozioen bidez nahi duen leku mentalera eramateko. Azpimarratzekoa da rol egoki eta bigarren mailako istorioen bidez tentsio dramatikoaz gain prozesu historikoari buruz eta berau garatu zen baldintzei buruz hainbeste datu ematen dituzten pertsonaiak eraikitzeko gidoilariaren trebetasuna.

Kuribayashiren biografia kontatzeko, edo bere izaera osotasunean islatzeko denbora falta pertsonaia destolestuz konpontzen da, Nishi baroia eta Saigo protagonista jeneralaren pertsonalitatearen ezaugarrietakoren baten isla izanik.

Bataila honen potentzial dramatikoa nabarmena da, puntu klimatiko bizienak protagonistaren helburuak lortzen ezinezkoak diruditen istorioak baitira; David Goliaten kontra. Errealitatea da bataila hartan bizitzak garaipen gutxi izan zuela. Bakarrik ingeniaritza obra batek (lurrazpiko tunel kilometroen formarekin arkeologoek irakurri eta beren aberkideek mirets zitzaten), pertseberantziak eta odolak emango zien hilezkortasun ia artistikoa akabatzera bidali zituzten haiei. Pelikulak xede horren garaipena dirudi, pelikula bera oroitzapen baita, eta are, bere baitan bizitzak berak garaituko baitu. Protagonismo dramatikoa Saigori emanaz, errealitatean ezkontzera zihoan eta irlan hil zen Kuribayashiren laguntzaile bat gogora arazten duena (Saigok, ezkondurik, emaztea haurdun utzi behar izan du), eta heriotzatik salbatzean, semeari jaio aurretik zin egin zion eran bere bizirauteko helburuan garaile egitean, beste baloreen gainetik bizitza indibidualaren aldarrikapena azpimarratzen du, errealitateak, esan bezala, ez bailiguke zine aretoetatik bizitza garaitzen ikustearen euforiaz irteten utziko.



[1] KAKEHASHI, Kumiko. Cartas desde Iwo Jima del general Kuribayahsi. El Andén, 2006, Bartzelona,  179 orr.

[2] Ibid., 29 orr.

[3] HASING, Max. Némesis. La derrota del Japón, 1944-1945. Crítica, 2007, Bartzelona. 17 orr.

[4] KAKEHASHI, Kumiko…, 49 orr.

[5] KAKEHASHI, Kumiko, 40 orr. “Karta honekin batera, behar ez dudan guztia itzultzen dizuet, nirekin ekarritako gauzak. Oroigarritzat balioko dizuetela pentsatzen dut, memorian manten nazazuen. (Gainera oso posible da ez nire gorpuzkiak ez nire ondasunak ez itzultzea nire heriotzaren ondoren). Beharbada helarazi diezazueket ekipaia militarra, hala gauza gehiago bidaltzen jarraituko dut. Ez whiskyrik ez halako gauza estrarik bidali. Benetan ez ditut behar. Nork daki niganaino iritsiko diren, eta iritsita ere, aukera asko daude ordurako ni bizirik ez egoteko”.

[6] Ibid., 148 orr.

[7] KAKEHASHI, KUMIKO… 154 orr.

[8] Ibid., 155 orr.

[9] “Por entonces circulaba el rumor de que también a él lo habían enviado a un campo de batalla en el que era segura la aniquilación total, por considerársele proamericano”. Ibid, 72 orr.

[10] HASTING, Max. Némesis. La derrota del Japón, 1944-1945. Crítica, 2007, Bartzelona, 31 orr.

[11]KAKEHASHI, KUMIKO… “Eguneroko bizitzaren esperientzia hauei esker, eta ez bakarrik liburuen bidez, joan zen Kuribayashi Japon eta Estatu Batuen arteko alde ekonomiko izugarriaren jakitun egiten”, 155 orr.

[12] Ibid., 71 orr.

[13] “En la estrategia estadounidense dominaba cierto engreimiento cultural al respecto del coste necesario de la victoria. Se demostró que tenían razón en sus cálculos, pero ello no se debería haber dado por sentado en un conflicto que enfrentaba a naciones industriales de primer orden”. HASTING, Max. Némesis. La derrota del Japón, 1944-1945. Crítica, 2007, Bartzelona, 13 orr.

[14] Ibid., 25 orr.

[15] Ibid., 44 orr.

[16] KAKEHASHI, KUMIKO… 65 orr.

[17] Ibid., 58 orr.

[18] Ibid., 59-60 orr.

[19] HASTING, Max. Némesis. La derrota del Japón, 1944-1945. Crítica, 2007, Bartzelona, 69 orr.

[20] Ibid., 99 orr.

[21] Ibid., 81 orr.

[22] Ibid., 68 orr.

[23] Ibid., 69 orr.

[24] KAKEHASHI, K… 107 orr.

[25] Ibid., 106 orr.

[26] Ibid., 64 orr.

[27] Ibid., 107 orr.

[28] Ibid., 75 orr.

[29] Ibid., 79 orr.

[30] Ibid., 202 orr.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44