Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Juan Luis Zabalari lan-eskaintza

Juan Luis Zabalari lan-eskaintza

Volgako Batelariak 2008/08/27 11:46
Idatzi honen bitartez, Volgako Batelariok kolaborazio eske gatoz Juan Luis Zabala (a) "Pipi" idazle eta "Berria" egunkariko kultura saileko kazetariarengana.
pepsi

Gure inoizkarian berrikuntza batzuk egin behar ditugula eta, Volgako Batelarion erredakzio batzordearen azkeneko bileran erabaki dugu Enplegu Eskaintza Publiko bat luzatzea Juan Luis Zabalari, “Juan Luisen Zerrendak”, “Pipiren Txokoa”, “Txoko-Pipi” edo elkarren arteko bileran alde bien adostasunaz erabakiko dugun izenburupeko saila zuzen dezan.

Juan Luis Zabalak, azkeneko urteotan, abilezia berezia erakutsi du zerrenden langintzan, ez soilik Olerti Etxeak argitaratzen dizkion Euskal Liburuak sailari dagokionean (benetan eskertzeko lana dena, bertan jasotzen baitu, atalka, urte bakoitzeko euskarazko literatur liburuen produkzio osoa), baizik eta are interesgarriagoak diren zerrenda zoroastriko (edo dualisten) eraikuntzan iritsi duen maisutasunarengatik: hortxe daude, urrutira joan gabe, idazle abertzaleen eta ez abertzaleen zerrenda klasikoa, eta berriki aditzera eman duen AHTaren aldekoen eta (eliminazioz) aurkakoen zerrenda ezin argigarriagoa. Gure erredakzio batzordeko member batzuek saialdiak egin ditugun arren, gutako inor ez da heldu, eta hurbiletik ere, Zabalak aurkezten dituen iragarpenerako dohainak garatzera, ezta haren zorroztasun psikologikoaren mailara ere, eta hori dela eta, etsita, mundu guztiko enpresen estrategiara makurtzera deliberatu gara: abildade bat norberaren kabuz ezin denean lortu, merkatuan eskuratzen da eta kito.

Honatx gure proposamena, beraz: hilerik behin edo, bereziki sortzaile sentitzen bada, hamabostean behin, Juan Luis Zabalak bere zerrenda horietako bat idaztea, guk Volgako Batelariak inoizkariaren blogean atsegin handiz zintzilikatuko duguna. Abiapunturako ideia batzuk, zerrenda posibleetarako: “Pasaiako Ekoportuaren aldekoak / kontrakoak” (azpiegitura handien azpisail dudarik gabe emankorrerako), Bic naranja / Bic crystal (idazlearen konpromisoaren inguruko hautua baino funtsezkoagoa, azken berrogei urteotako literaturaren historian), “Héroes del Silencioren zaleak / detraktoreak” (inork ez baitu onartzen, oro har eta droga psikotropikoen eraginpean ez bada, Héroes gustura entzun duenik inoiz), “(Praka) Piratak jantziko lituzketen / sekula jantziko ez lituzketen intelektualak” (negu gorrirako erronka bat; orain, udan, ez luke meriturik)… Elkarren artean egingo dugun lehenengo brainstormingean finkatuko genituzke irizpideak, eta saila abiatzeko zerrenden zerrenda behin behinekoa.

Gure eskaintza kontuan hartuko duzulakoan, adeitasunez

Volgako Batelariak.

Julen Aseginolaza
Julen Aseginolaza dio:
2008/09/09 00:04

Ez zaitezte hain apalak izan! Zuek ere, Volgako batelariok, egin dituzue zorroztasun psikologiko handia erakusten duten zerrendatxo batzuk (hau http://eibar.org/blogak/volga/archive/2008/02/11/volga-sarien-emanaldia-eta-II eta hau http://eibar.org/blogak/volga/archive/2008/01/10/volga-sarien-emanaldia-i adibidez).

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2008/08/30 01:22

Bihotzez eskertzen dizkizuet hala laudorioak nola eskaintza, adiskide maiteok, baina ezezkoa eman beste erremediorik ez dut. Ongi erreparatzen badiezue, nire zerrenda xume horiek, izen zehatzez hornituak egonagatik, zalantzaz eta galdera ikurrez emanak dira, ez dute benetako ekarpenik egiten.

Ziur naiz aise aurkituko duzuela zerrendak zehaztasun handiagoz eta zalantza gutxiagoz egingo dizkiezunik.

Aholku bat ere emango dizuet, atrebentziarekin: zuek aipatutako horiez gain, garaileen eta galtzaileen arteko bereizketa egiteko ere eskatuko nioke nik zerrendagileari. Dudarik izanez gero, Ivan Igartuari galdetzea dauka. Interes handiz irakurriko dut lan horren emaitza.

Zorterik onena opa dizuet zuen egitasmo berri eta onuragarri honetan.

  1. D.: Aukeratua edozein delarik ere, oharataraz iezaiozue, mesedez, Héroes del Silencio ia ezagutu ere egiten ez duen eta sekula pirata galtzarik jantzi ez duen patxikontra bat naizela (dakizuen bezala, Jose Joan Gonzalez Txabarrik sortutako hitza da hori, zerrenda bat osatzeko oso aproposa), eta aukeran nahiago dudala Bic Crystalen gorpuztasun frogatua Bic Naranjaren ustezko espiritualtasuna baino.
Dani Irigoien
Dani Irigoien dio:
2008/09/03 00:52

Batelariak beti bezain ironiko, baina oraingoan erresumin punttu bat nabari zaizue. Juan Luis Zabalak esana ez zaizuela ongi iruditzen ematen du; idazle ez-enrollatuentzako karnetak banatzen ari dela irudituko zaizue akaso, edo zerrenda beltz bat igual.

Zer da hain gaizki iruditzen zaizuena? Aipatutako idazle horiek denok dakigu gutxi gora behera zein "rollokoak" diren (zareten?), eta beraz hau ez da "outing" saio bat izan. Hala izan balitz, askoz libertigarriagoa izanen zen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44