Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Jo ta ke postindependentzia lortu arte

Jo ta ke postindependentzia lortu arte

Rikardo Arregi, Uxue Apaolaza, Juanjo Olasagarre 2009/01/07 10:18
Aspaldi ez genituela biltzen gure inoizkari honetako member-ek hortik zehar argitaratu dituzten Postindependentziaren inguruko zutabeak eta testuak. Laster iritsiko diren artikulu berrien aurrerapen gisa, hemen dituzue gai estrategiko honetaz Rikardo Arregi, Uxue Apaolaza eta Juanjo Olasagarrek egindako ekarpen mamitsuak.


ikurriñaBasque Country

Postindependentziaren aldekoak oso kezkaturik gaude euskal futbol selekzioaren inguruan, selekzioaren izenaren inguruan zehatzak izateko, sortzen ari diren istiluekin. Ezaguna da postindependentziaren manifestu fundatzailean euskal futbol selekzioak duen paper garrantzizkoa. Guretzako Euskadi-Euskal Herria eztabaida guztiz lokalista da eta fundamenturik gabekoa nazioarteko partidetan gure selekzioak hartuko duen izena Basque Country izango delako dudarik gabe; hots, telebistan baztertxo batean agertzen diren taldeen izenak (Eurokopan zein mundialean) ingelesez daudela beti: Czech Republic, Turkey, Latvia eta horrelakoak.

Argi dago gure selekzioa Eurokopara iristen bada noizbait (postindependentistok ez dugu itxaropen handirik) telebistako izkinatxoan agertuko den izena Basque Country izango dela, eta ez besterik. Bestalde, Bilbao Exhibition Centre baldin badugu ez dakigu non dagoen arazoa euskal futbol selekzioari Basque Country deitzeko.

Postindependentziaren ezaugarri nabarienetako bat da arazoei abantailak bilatzea. Euskadi-Euskal Herria eztabaidari abantaila ederrak atera ahal dizkiogu. Futbolarekin batera guretzat hil ala biziko kontua da hooligan talde basati eta beldurgarri bat izatea. Beraz, proposatzen dugu bi hooligan talde eratzea, bata Euskadiren aldekoa, Euskal Herriaren aldekoa bestea. Talde atzerritarren jarraitzaileak jipoitzeaz gainera, elkarren arteko borroka ederrak antolatu ahal izango dituzte bi euskal taldeek partida bakoitzean.

Fenomeno bitxi horrek mundu osoko hedabideen arreta erakarriko luke eta gure selekzioari dedikatutako lerroak eta minutuak biderkatuko lirateke prentsan eta irrati-telebistetan. Azken finean horixe da gure helburua.

Rikardo Arregi, Deia, 2008-XI-17.

(argazkia: Jorge Gómez diseinatzaile kanariarraren kreazioetako bat)

 

Eurovision

Eguberria hurbiltzen ari zaigu eta eraso homofoboak ugaltzen dira nonahi, Eguberriari darion espiritu mengel hori izango da iturburua agian. Azken erasoa Moskuko alkate jaunarena izan da Eurovision lehiaketa dela eta: hurrengo lehiaketan (Moskun egitekoa dena) gay eta lesbiana jendeari ongi pasatzeko esan dio, baina kaleetatik ez agertzeko, manifestaziorik, desfilerik eta antzeko gauzarik ez egiteko, hori etxean egiten dela baina ez plazan, eta pozik egon behar direla aspaldian kendu baitzuten Errusian gay eta lesbianei isunak jartzeko zegoen tradizioa, esker txarreko jendea!

Postindependentista bezala oso kezkaturik nago euskal agintariek ez dutelako oraindik ezer esan hil ala biziko arazo horri buruz, ezta Ararteko jaunak ere. Postindependentziaren puntu nagusietako bat da Basque Country-rentzako Eurovision lehiaketan leku bat lortzea, munduaren gaytze eta frikitze prozesu amaigabean friki eta gayen artean zabaldu behar baitugu gure herriaren independentzia itxura, hots, gure postindependentzia.

Eurovision lehiaketa telebisten arteko lehiaketa denez altxatzen dut hemendik nire ahotsa, lumak eta eskuak ETBko arduradunei zerbait egin dezaten eskatzeko. Oraintxe da gure aukera. Gay, lesbiana, transexual eta queer jendetzaren eskubideen eta duintasunaren alde izugarrizko lana egin ahal du gure telebistak (euskaldunak eta elkartasuna betidanik egon dira loturik). Eta postindependentziatik gertuago egongo ginateke. Gainera gure musikariek ahantziko zuten diru publikoaz dituzten eztabaida horiek, eta energia eta ahalmen guztiak helburu noble baten alde jarriko zituzten: Eurovision irabazi eta datorren urtean Europa osoko gay eta friki jendea BECen beso zabalik jasotzea.

Rikardo Arregi, Deia, 2008-XII-15.

 

'Trans'

Badator Olentzero, nahiz susmoa dudan lan gutxiago izango duela aurreko urteetan baino. Lagun ikusezinak aurten testuinguru onuragarriagoa du, krisi ekonomikoaren urtean, kostu indibidualak minimizatzen baititu.

Ikusezinez beterik izan dugu urte amaiera; esku ikusezinaren gaitasunik eza, tortura berriro ere ikusezindua, eta, nola ez, Durangoko Azokako kartela. Hautsak harrotu dituena, edo hautsak harrotu dizkiotena hobe, txapelak matxista egiten omen duen edo ez. Joan den urteko kartela Olentzero biluzia zen, txapela darama baita ere, eta Olentzerok ez du, gainera, bere generoarekiko zalantzarik sortzen: gizona da. Ez zuen inork eskatu debeka zezaten, beharbada eskaera horrek beste bat ekarriko lukeelako; Olentzero originala ere alda dezaten eskatu beharko genuke, opari ez sexistak ekar ditzan eskatzearekin batera. Garaiak uzten du, gainera, umeentzat azalpen koherente bat osatzen; Olentzero kirurgia plastikoaren laguntzaz emakumetu daiteke, edo ez guztiz, baina pixka bat -bide batez liposukzio bat ere jar dezakegu, horrela gainera obesitatearen kontra egingo baikenuke-.

Ez digu balio gizon, zuri, heterosexualaren irudi gero eta zaharkituagoak, Euskal Herri postindependenteak Gabonetan ere aitzindari izan behar du. Trans.

Uxue Apaolaza, Berria, 2008-XII-24.

 

Hollywood eta gu

Ur Apalategi maitea, ez dizut orain arte esan, baina, oro har, asko gustatzen zaizkit Ttakun honetako zure artikuluak, ikasi egiten dut gainera. Batetik ez nuen ezagutzen zer esan nahi zuen spin doctor ingelesezko esaerak eta Wikipediara jo dut: “1. Egoerei bira baikorra eragiten dien pertsona. 2. AEBetako rock taldea. 3. Jende garrantzitsua aholkatzen duena”.

David Palmer nor den ere begiratu behar izan dut. Wikipediako artikulua irakurri ahala 1. aldia... 2. aldia... 3. aldia agertzen delakoz izan ez balitz David Palmer benetan AEBetako presidentea izan zela sinetsiko nuen. Xehe-xehe ageri dira bizitza eta ekintzak, hori bai kulebroiegi nire gusturako. Alaba bortxatuak... Hirugarren Mundu Gerraren arriskua. Birus hiltzaileak gehiegizkoak iruditu zaizkit.

Dena dela, Katixa, Ur, Obama, lehendakaritza eta fikzioa aipaturik, nola ez akordatu Airbag filmeko lehendakari beltzaren zirt-zarteko agerpenarekin! Baina arrazoi duzu, Ur, guretako, beno haiendako, ni nafarra naiz, zu lapurtarra, erraz irenstekoa litzateke lehendakari beltza. Erreala, trauma alegia, beste nonbait dugulako, ez arrazan baizik eta nazioan. Ongi diozunez, digestio txarragoa eraginen liguke Fernando Rubiok lehendakari espainolazoak beltz batek baino.

Dena dela, ez baduzue Fernando Rubiorik aurkitzen, nik badut lehendakari gai ederra EAEn bizi zaretenondako. Argi e! Ez dizuet ezer txarrik opa. Miguel Sanz bera. Jaurlaritzako buru dotore gelditzeaz gain, braust batean sendatuko lizueke Errealarekin duzuen trauma hori. Postindependentziarako pauso bat iruditzen zait.

Horri ez badiozue egoki, fikzioa eta errealitatea bereiztea ia ezinezkoa egiten zaigun garaian bizi garela kontuan izanik, ez legoke gaizki (berriz ere ez dizuet ezer txarrik opa) gure EAJ-PNV maiteak hauteskundeak galdu eta PSOEko (nik ez nieke bozkatuko, jakina) lehendakaria izatea: Francisco Lopez.

Haizeeee! Haize hogeita hamar urteko boterearen ondorioz sortu bizio eta ohitura txar guztiei! Haize, adibidez, Euskal Telebista kate hiper kistcha izateari!

Bi aukera horiek edo Urrek iradokitzen duen bezala Hollywoodeko spin doctor bat kontratatu eta Jaurlaritza zein ETAko langile bihur dezatela.

Francisco Lopez lehendakari espainolazoak PNVko emaztea du baina pasio sutsuko harreman sekretu batean korapilatuko da etar batekin. Harremanak Negoziazio Mahaia osatzea bideratu baldin badu ere, bere funtzionamendua pasioaren gora-beherei lotua izanen da. Orain maite zaitu, negozia dezagun; orain ez, altxatu eginen naiz. Horrela jarraituko dute, ez luze, gauza luzeak usteldu egiten baitira, urte pare bat edo harik eta lehendakariaren PPko alabak harrapatzen dituen arte. Orduan dena lehertu eta azkenean Franciscok eta etarrak bikote arrunta osatu eta elkarrekin bizitzen jarriko dira. Azken eszenan bien arteko ezteia islatuko da dagokion sinbologia eta patrifilio guztiekin, bi banderak, dantzariak eta sebillanak triki flamenkoaren airera hanka-besoak mugitzen, PNVko emaztea, orain bai, aizkora sorbaldetan daukan kristoren mutikote beltz baten besotik zintzilik, PPko alaba ikurrinez egindako soineko luze batekin, euskal idazleak eta Euskal Herrian bizi diren erdal idazleak euskainolez poemak errezitatzen, bertsolariak Aragoiko joten doinutan kantari eta abar eta abar. Oinarri-mito ona izan zitekeen, Amerikako pioneer-rena bezain ona, erailketak, kartzelak, Parot legeak, erasoak, mehatxuak. Partiduen legez kanporatzeak ez balira.

Juanjo Olasagarre, Argia, 2008-X-5.

 

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2009/01/10 10:36

Inolako zerrendarik egiteko asmorik gabe (Aberriak guarda!): saiatu al zarete Xabi Larrañaga fitxatzen? (ikus, soilik azken adibide gisa: http://www.berria.info/paperekoa/iritzia/2009-01-09/010/005/Eskuak_libre.htm)

Hasier Larretxea
Hasier Larretxea dio:
2009/01/07 21:12

Rikardo, Eurovision-erako Nahiadance, proposamen. Kantua...ummmm...http://www.myspace.com/nahiadance DTN Do the Nahiadance", noski! Ekialdeko puntuak, seguru. Hot,hot,hot!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44