Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / JG Ballard: "Galdetegi baten erantzunak"

JG Ballard: "Galdetegi baten erantzunak"

Angel Erro 2009/04/23 16:52
Aste honetan JG Ballard hil da. Haren omenez, War Fever bere azken ipuin liburuko "Galdetegi baten erantzunak" ipuina, laburrena, euskararatu dugu, Ballarden lan gehiago irakurtzeko gonbite gisara.

JG Ballard Zientzia Fikzioaren eremua erruz gainditzen zuen kultuzko idazlea zen. Hala izan behar Ingeles Hiztegietara ailegatzeko, adjektibo bihurturik; Collins English Dictionaryk halaxe dio "ballardian" sarreran: 1) of James Graham Ballard (J. G. Ballard; born 1930), the British novelist, or his works. 2) Resembling or suggestive of the conditions described in Ballard's novels & stories, esp. dystopian modernity, bleak man-made landscapes & the psychological effects of technological, social or environmental developments.

ballard

Ezaugarri horiekin guztiekin, ulertzekoa da modernitatearen ondarearekin zer egin ez dakitela dabiltzan belaunaldi gazteek Ballard ikurtzat hartu izana. 2008an Bartzelonan erakusketa-jardunaldi batzuk antolatu ziren, Autòpsi del nou mil-lenni izenpean, idazlearen figura eta lanak aldarrikatzeko. Orduko hartan, Nocilla belaunaldi delakoaren balizko kideak ileetatik elkarri tiraka ibili ziren, nor ote ballardianagoa. Gu gerra guztietara berandu iristen bagara ere, dagokigun ballardismo kuota txikia ere aldarrikatu nahi dugu; eta horretarako, informazio gehigarri modura lotura batzuez gain, JG Ballarden azken ipuin liburutik (War Fever, 1990), umore sotilaz ondutako ipuin bat itzuli dugu.

 

Loturak:

Egileari buruzko webgune interesgarria

Times egunkariko obituarioa

Berria egunkariko artikulua

Youtubeko kanala egileari buruz 

 

Ipuina:

 

GALDETEGI BATEN ERANTZUNAK

 

 

1)      Bai.

2)      Gizonezkoa (?)

3)      a/a 3. terminala, Londreseko aireportua, Heathrow.

4)      Hogeita zazpi.

5)      Ezezaguna.

6)      Barnado Doktorea Lehen Hezkuntzako Ikastetxea, Kingston-upon-Thames; Errege-erreformatorioa, Send, Surrey, Bruneleko Unibertsitateko Konputazio-Zientzietako Saila.

7)      Zoru-garbitzailea, Mecca joko-aretoa, Leicester Square.

8)      Ekidin ahal badut.

9)      Sistema-analizatzailea, Sperry-Univac, 1979-1983.

10)  Manchesterreko Koroa-Auzitegia, 1984.

11)  Iruzur informatikoa eta kreditu-txarteletakoa.

12)  Erruduna.

13)  Bi urte, Packhursteko Errege-Presondegian.

14)  Stockhausen, De Kooning, Jack Kerouac.

15)  Une guztietan.

16)  Egunean bi aldiz.

17)  UNE, herpes, gonorrea.

18)  Senarrak.

19)  Nire desirarik handiena hura telebistako programa bihurtzea da.

20)  1986ko otsailaren 17an ikusi nuen lehenengo aldiz hildakoa, Londreseko aireportuko kaperan. Lehen lerroko eserleku batean otoitzen ari zen.

21)  Garai horretan, 3. terminaleko aire-kontrolatzaileentzako komun matxuratu batean bizi nintzen.

22)  1,73 m., hogeita hiru urte, gorpuzkera mehea, larruazal albinoa, bizar fin eta beltza, istripu bateko zauriren bat bi eskuetan. Lehen begiratuan uste izan nuen terrorista palestinar bat zela.

23)  EL AL-eko hegaldi-ingeniari bati lapurtutako uniforme-pantaloiak jantzita zeramatzan.

24)  Gelditzen zitzaidan diruarekin itsaski-hanburgesa bat erosi nion solairu arteko kafetegian. Eskerrak eman zizkidan eta, kreditu-txartelik ez bazeraman ere, kutxazain automatiko batetik 100 £ atera zituen hall nagusian.

25)  Sinetsita nengoen Nat Westeko kontu-gordailuetako kode informatikoetara sartzen lagunduko zidan figura mesianiko baten aurrean nengoela.

26)  Ez zen egon ezein sexu-jarduerarik.

27)  Richmondeko izotz gaineko patinaje-pistara eraman nuen, non, berehala, sei jauzi hirukoitz egin baitzituen. Patinaje artistikoan izena ematera animatu nuen, Europako Txapelketan eta Seuleko urrezko domina batean pentsatuta, baina bera izotz gainean itzelezko espiral bikoitzak marrazteari ekin zion. Azaldu nion horiek ez zeudela txapelketarako figura derrigorrezkoen artean eta berak esan zidan espiral horiek ADN sintetikoaren patroi bat irudikatzen zutela.

28)  Ez.

29)  Ulertarazi zidan harreman garrantzitsuak zituela Gobernuko goi-mailetan.

30)  17B suitea, Londreseko Penta Hotela. Komuneko zoruan lo egin nuen.

31)  Oxford Street, Knightsbridge eta Earls Courteko kutxazain automatikoak.

32)  Gutxi gorabehera 275.000 £ hiru astetan.

33)  Bideo pornoak. Kamera Klimax eta Electric Blue-rekin bereziki interesatu zen.

34)  Ia egunero.

35)  Horditzen zenean. Betiereko bizitzaren oparia zekarrela zioen.

36)  Penta Hotelean, Torvill eta Dean izotz-dantzariei aurkezten saiatu nintzen. Berak Burtsako eta Royal Society-ko kideak ezagutzeko interesa baino ez zuen.

37)  Adin guztietako emeak.

38)  Talde-sexua.

39)  Marie Drummond, hogeita bi urte, salmenta-laguntzailea, HMV Records; Denise Attwell, hogeita hamazazpi, ikerketa-gainbegiralea, Geigy Farmazia-Industria; Florence Burgess, berrogeita hamabost, diakonoa, Elkarte Biblikoaren Liburutegia; Angelina Gómez, hogeita bost, azafata, Iberia; Phoebe Adams, berrogeita hiru, misilen aurkako gurutzatua, Orange kanpamentua, Greenham Common.

40)  Batzuetan, haren iradokizunei jarraiki.

41)  Ez asegarria.

42)  Eiakulazio goiztiarra, inpotentzia.

43)  Sexu-aldaketarako ebakuntza aholkatu zidan.

44)  National Gallery, Wallace Collection, Museo Britainiarra. Jesusen, Zoroastroren eta Buda Gautamaren irudikapenaren gainean jakin-mina berezia zeukan eta antzekotasunei buruzko komentarioak egiten zituen.

45)  Gerentearen baimenarekin, NE barrutia, British Telecom.

46)  Antena, Postetxeko Dorreko teilatuan jaso genuen.

47)  2500 kHz.

48)  Orion konstelaziorantz.

49)  Beraren ahotsa entzun nuen, antza denez Betelgeuse izarretik igorria orain dela 2000 urte.

50)  Londres osoan eta hego-ekialdean telebistako seinalea hartzeko arazoak.

51)  Lehen postua telebistako audientzia-indizeetan, Coronation Street, Dallas eta Dinastia elkarrekin gaindituta.

52)  Ohiko gonbidatuen artean Diana printzesa, Charles printzea eta Billy Graham doktorea zeuden.

53)  Wembleyko Konferentzia-Aretoa alokatu zuen.

54)  «Hilezkortasuna Gizaldiaren Zerbitzura.»

55)  Gonbidatuak Zientzietako, Politikako, Elizako, Indar Armatuetako eta Ogasuneko jendea ziren.

56)  Ordainketa oparoak.

57)  Mayfair eta Regent Street-eko kutxazain automatikoak.

58)  Diruari estimu handia zion, baina ez zen batere inpresionatu Torvill eta Dean-en irabaziez mintzatu nintzaionean.

59)  Lotura kimikoaren izaerarekin tematuta zegoen.

60)  Beraren ondoan, tribunan, honakoak zeuden eserita: 1. Erreginaren oposizioaren burua. 2. Royal Society-ko presidentea. 3. Canterbury-ko artzapezpikua. 4. Errabino Handia. 5. Diners Club-eko presidentea. 6. Ingalaterrako Bankuaren presidentea. 7. Ogasuneko Langileen Federazioaren idazkari nagusia. 8. Hertz auto-alokairuko presidentea. 9. IBM-ko presidentea. 10. Estatu Nagusiaren burua. 11. Henry Kissinger jauna. 12. Ni.

61)  Adierazi zuen giza plasma germinalean barruratutako ADN sintetikoak zahartze-prozesua geldituko zuela eta giza bizitza ia mugagabe luzatuko zuela.

62)  Agian milioi bat urte.

63)  Iragarri zuen Diana printzesa hilezkorra zela.

64)  Harridura/Sinesgaiztasuna.

65)  Aisia-industrian inbertsio handiak egiteko aholkatu zion audientziari.

66)  Libra esterlinaren balioa 8,75 $-etaraino igo zen.

67)  Estatu Batuetako telebista-kateak, Time, Magazine, Newsweek.

68)  Bigarren Etorrera.

69)  Hirugarren Munduaren jarrera ezkorraren aurrean etsipen handia hartu zuen.

70)  Kremlina.

71)  Gurutze-misil baten buru bihur nadila nahi zuen.

72)  Nire desilusio geroz eta handiagoa.

73)  Ezinegon sexuala.

74)  Richmond-eko patinaje-pistan denbora gehiegi ematen nuelako kexatzen zen.

75)  Errege izendapena.

76)  Libra esterlina 75,50 $-etaraino goratu zen.

77)  Andrew printzea. Behin eta berriro.

78)  Injekzio bat testikuluetan.

79)  Albo-ondorioak inpotentzia iraunkorra eta antzutasuna ziren. Hala ere, hilezkortasuna ziurtaturik zegoenez, ondorengoak izatea ez zen beharrezkoa izango eta ugaltzeko grina atrofiatuko zen denborarekin.

80)  Sexu-aldaketarako ebakuntza serioski hausnartu nuen.

81)  Hilezkortasunari buruzko Gobernuaren Liburu Zuria.

82)  Hamaika urtetik gorako populazio maskulino guztiaren testikulu-injekzio derrigorrezkoa.

83)  Smith & Wesson bat, hogeita hemezortzi kalibrekoa, kanoi motzekoa.

84)  Guztiz niri bururatuta.

85)  Richmond-eko patinaje-pistan ordu asko, ADN patroiak, arrakastarik gabe, ezabatu nahian.

86)  Westminster Aretoa.

87)  Aldez aurretik pentsatuta. Zalantzatan jarri nituen beraren benetako motiboak.

88)  Erailketa.

89)  Ez nintzen Atzerriko Aginteko agenteek erosia ez bultzatua izan.

90)  Ernegazioa. Londresko aireportuko nire komunera itzuli nahi izan nuen.

91)  Diana printzesaren eta Nevadako gobernadorearen artean.

92)  Honela mintzo zen Zaratustra-ren klimaxean.

93)   2,17 m.

94)  Hiru tiro.

95)  O taldeko odola.

96)  Ez zuen eternitatearen gainontzeko denbora nire konpainian eman nahi.

97)  Heriotzara zigortuta, ziegan Canterburyko artzapezpikuaren ordezkari bereziaren bisita jaso nuen.

98)   Jainkoaren Semea hil egin nuela.

99)   Pixka bat herren zebilen. Esan zidan, preso kondenatua nintzen aldetik, ni bakarrik egon nintzela injekzio esterilizatzaileetatik kanpo, eta nire oraingo betebehar bakarra nazioaren jaiotza-tasaren lehengoratzea zela.

100)  Bai.

JG Ballard, Gerra sukarra, 1990

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44