Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Irainen alfabeto laburra

Irainen alfabeto laburra

Volgako Batelariak 2009/05/08 12:47
Edo hiztegi are laburragoa, non Volgako Batelariok gure esker onena erakutsi nahi diegun irakurle guztiei eta bide batez ohartarazi alfabeto edo hiztegi hau laburregia dela, irain batzuk laudorio bihurtu baitira, eta sinesten dugula oraindik hobe dela norberaz gaizki entzutea deus ez entzutea baino.

 

Uste dugu noizbait esan genuela irainen zerrenda hau aterako genuela. Egia esan, promesak hain erraz ahazten dira. Promesa izan ala ez, ametsa izan ala ez, hemen duzue, irakurle maiteok, oraintsu arte begi-belarrietara iritsi zaizkigun loreak, bidali dizkiguzuen loreak, pozoitsuak batzuk bai, baina loreak azken buruan, natura horrelakoa da. Mila esker, beraz, gutaz gaizki esaka ibili zareten guztioi, zuek gabe ez ginateke ezer izango. Behean irakurle saiatuak topatuko du hitz goxo hauen iturri edo jatorria. Jatorria idatzikoa denean erraza da, baina entzun eta aditu duguna, banaka zein taldeka, zailagoa da zehaztea. Zerrenda honetan dauden hitz guztiak irain kontsidera ditzakegu? Kongresu bat antolatzekotan ibili ginen afera konplikatu hori erabakitzeko baina gure asmo askorekin gertatzen den bezala asmo gelditu da. Gutako bat baino gehiago oso pozik dabil horik dandy deitu gaituzuelako, adibidez. Irainak laudorio bihurtu dira. Gutxi iraindu gaituzue, irakurle maiteok, honekin ez dugu ezta liburu bat aterako Hirian hurrengo Durangorako. Beraz, anima zaitezte, ez itzazue mingainak lotu, atera ezazue barruan daramazuen iraintzaile hori. Jakin badakigu gu pasatzen ikustean mila neurona jartzen direla martxan zuen buruetan, ez utzi isilaren kartzelan irain hori, aska, aska ezazue.

 

Kiss

AZIDOAK: Volgako Batelariak azidoak garelakoa ez zaigu askigarria definiziotzat; are gutxiago, beraz, iraintzat. Alde batetik, zaporeen arloari erreferentzia egiten badio, VBri azidotasuna -edo, euskara jatorragoan, garraztasuna- egoztea, sinestesian oinarritutako ariketa erretoriko hutsala litzateke, VB azula, edo luze baino zabalagoa, edo kartoizkoa dela iradokitzea bezalaxe. Alegia, ez du ezer argitzen. Fama hobeagoko gozotasunaren aurkaritzat aurkeztu nahi zaigu? Gatz mikorik ukatzea? Haurrei gabe, adinean gorakoei gustatzeko moduko zapore baten ideia eman nahi da? Ez dugu hortik joko, zeren, gauza jakina denez, de gustibus non disputandum, ez da zaporeez eztabaidatu behar. Lur ziurragoak zanpatuko ditugu zientziarenetan sartuz gero, hor argi eta garbi zehaztuta dagoelako azidoa (hemen bai azido, eta ez garratz) zer den, eta propietateak zeintzuk dituen. Ezaugarri zabalduena korrosibotasuna izan daiteke, hau da, metalak bezalako material gogorrenak ere suntsitzeko prozedura azkartzea dakar. Printzipio moduan korrosioa eta azidoen bestelako propietate kimikoak onuragarriak irudi badakizkigu ere, hainbeste eta hainbeste azido ezberdin egonda, oraindik ez dugu uste Volgako Batelarion jardunari azido iritzi zionak zehazpenera behar beste hurbildu denik. Lana errazte aldera, bigarren aukera bat ematen diogu, eskura zenbait azidoren zerrendatxoa eskainita:

  • Azido azotikoa (HNO3). Oso konposatu korrosiboa, azoteaz eta oxigenoaz osatua. Urrea eta zilarra bereizteko erabilia, hortik heldu da “faltsutzaileen azotea” izatearena.
  • Azido bromosoa (HBrO2). Oso azido ezegonkorra, horregatik urritan erabilia.
  • Azido etanoikoa (CH3COOH). Euskadi Ta Askatasunaren obsesioak bizi duen azido mota.
  • Azido hexadekametilenedikarboxilikoa. Oso azido astuna.
  • Azido katartikoa. Formula konplexuko glukosido sulfuruduna. Substantzia purgatzailea da, gorputzeko gai kaltegarrien kanporatzea ahalbidetzen duena.
  • Azido montanikoa (CH3-(CH2)26-COOH). North Face soinean eta ibili kalean.
  • Azido suckzinikoa (C4H6O4). Erregai eta korrosiboa da. Anbar hautsa sorraraz dezake. Hainbat gaitz benereo tratatzeko erabilia. Zupada lotsagabe eta ingurunearekiko soraiotasunean oinarritua (Ik. beherago, gilipollas).

 

DANDYAK: Dudarik gabe, “dandyak” deitu zigunak irakurrita zeukan Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoak eskaintzen duen esanahia, batez ere azalpenaren amaiera: “(ing.ezko hitza) iz. Gizaseme dotorea, modako arropa janzten duena (iseka-kutsua izan dezake)”. Batelariok, ordea, ez diogu iseka-zantzurik ikusten: hitzak kutsu hori “izan dezakeen” bezala, ez du zertan izan behar, halabeharrez. Gainera, zer nahiago genukeen guk, beti ere azken modan joatea baino: ez dago gauza gaitzagorik joera guztiz aldakorren mundu arrano honetan, batez ere Cuatro-tik Supermodelo saioa kendu zutenez geroztik.

Baina kontua da dandysmoa hori baino askoz gehiago dela: erromantizismoak bere azken hatsa ematen ari zenean XIX. mendearen azkeneko hereneko Europan, dandysmoa, hein batean, bohemia frantsesaren bertsio britainiarra izan zen; Baudelaire, adibidez, bohemiotzat edo dandytzat hartzen da, segun zein erreferentzia-liburu hartzen duzun. Edonola ere, dandysmoaren figura literario gorena, ezbairik gabe, Oscar Wilde izan zen, hainbeste ezen 1881ean, dandyei buruzko Gilbert eta Sullivanen opereta bat Estatu Batuetako bira egitera eraman zutenean, Oscar Wilderi bidaia eta hitzaldi-ziklo bat ordaindu baitzion enpresariak, aurretik pasa zedin lana antzeztuko zen hirietatik bertatik: amerikanoek benetako dandy bat ikusi behar zuten haiei buruz ironizatzen zuen obrara joan aurretik. Izan ere, dandysmoa bohemiaren nolabaiteko ifrentzua zen: asko sinplifikatuz, bohemioa, lumpenean erortzen zen artista izaten zen, azpiproletarizatzen zen burgeskume bat gehienetan; aldiz, dandya klasez igotzen saiatzen zen artista izaten zen (Wilde bezala), zeina, modaren arauen erabilera jakin baten, estetizismoaren eta dekadentismoaren bitartez burgesia epatatzen saiatzen baitzen etengabe. Bada, ez dakigu zergatik duen bohemiak dandysmoak baino fama hobea literatur giroan: bohemia, hein batean, bazter zuloetarako turismo-saioa izaten zen bitartean (ez gutxitan behin behinekoa), dandysmoak zuzen-zuzenean jotzen zuen moral victoriarraren muina osatzen zuen klase menderatzailearen bihotzera: denok ezagutzen dugu zein izan zen Wilderen amaiera. Dandy deituko digunak, beraz, hobe luke hau guztia kontuan hartzea…

 

ELITISTAK: Elitismoaren jarraitzaileak. // Elitismoa.- Odysseas Elytis idazle nobel saridunaren ezaugarririk nabarienez aritzeko joera literario zein humanoa, v. gr., kultur adierazpenen hurbilerraztasun erostezina (oraindik denok gogoan ditugun ondoko hitzok, Elytisen Dignum est lanekoak, horren lekuko: Μονάχη έγνοια η γλώσσα μου, με τα πρώτα-πρώτα Δόξα σοι! / Εκεί δάφνες και βάγια / θυμιατό και λιβάνισμα / τις πάλες ευλογώντας και τα καριοφίλια).

 

ESKUINDARRAK: Zahartzen ari ote gara? Xinple batzuk gara anabasaren mundu honetan ez dakigulako non dauden mugak? Ezkerrak eskuinean barneratutako trabestiak ote gu gerok ere ohartu gabe? Neoliberal mozorrotuak? Edo mozorrotutako neoliberalak? Egiaz eskuinekoagoak egiten ari gara? Garun transplante bat behar ote dugu?

Irainak irain, asko kezkatzen gaitu eskuindar izate honek ez dakigulakoz nola erantzun. Gure soldatak euskal erakunderen bati emanez gure bekatuak ordainduko ditugula iruditzen bazaizue prest gaude, esaiguzue eta txintxo-txintxo utziko ditugu gure soldata, ez horren urriak (gogoratu eskuinekoak garela, izan ere, oraindik funtzionatzen dute binomioek ez? ezkerreko-pobre, eskuineko-aberats), erakunde horren eskuetan, dela AEK, Sehaska, dela Euskararen Salbazio Mundialaren Aldeko Erakundea (ESMAE). Berdin zaigu, kontua da gure bekatuak pagatzeko prest gaudela. Hori bai, behin eskuindar egin  gaituzuenez gero gure umildade osoz eskatzen dizuegu eskuin neoliberal fatxa postfrankistarekin identifikatzeko eta ez PNVko eskuin marikoi ez fu ez fa horrekin. Adeitasunez, gure eskaera kontutan hartuko duzuelakoan...

 

Puzzle

GILIPOLLAS: Irain edo deskripzio hau gaztelaniazko barbarismo bat da. Luzaro uste izan da euskaraz ez zegoela irainik –lerroon betetzaile honek holaxe entzun izan dio euskarazko irakasle bati baino gehiagori–. Horrek euskara erdara eremu gaztelaniaduna baino garbiagoa, hots, superiorea zela sinestarazten zigun. Hizkuntz irizpidetan, araztasunetik adierazkortasunera igaro denetik, lehia bizia dago lehenagoko ustea ezeztatzeko. Berriki irain eta biraoen bilduma oparoa atera du Pamiela etxeak. Gilipollas hitza, beraz, arkaismo hunkigarritzat har dezakegu, esalearen adinari buruzko aztarnatzat edo irainduak/deskribatuak (alegia, gu) euskal modernitatetik edo, oro har, euskal eremutik orotatik, modu sotilean,  bazter uzteko iradokizuntzat.

Esan ohi da, oker esan ere, irainek jasotzailea baino jaurtitzailea kalifikatzen dutela. Gauza bera esan beharko zen hitz guztiekin (eskerrik asko edo kuliska hitzak erabiltzeak, edo ez, ere erabiltzailea definitu ohi du), ustezko defentsa baliogabetuz. Behin hori argituta, Volgako Batelariak gilipollas zertan eta nola garen zehaztea legokiguke, sinestunak frogarik behar ez duen arren, izan ere dena baitzaio froga, baita artikulu hau idazten egote hutsa ere (Ondokoa, beraz, bihoakio VB-on gilipollatasunez susmo infinitesimala edukita ere, horren formulazio askatzailera inoiz menturatu ez zenari).

Hitz hau (Espainiako gaztelaniaz bakarrik ezaguna) ergeltasunaren arlo semantiko aberatsetik hartua da; zeina, inuik hizlariak zuriaren milaka ñabardura bereiztera behartuta dauden arrazoi berberengatik, funtzionaltasun handikoa suertatzen baita espainol hizlariarentzat. Esangaitzak diren konnotazioen artean, bada bat ongi azpimarratzekoa irizten dioguna: autokontzientzia. Gilipollasa ez da inbezil edo oligofreniko bat, eta, ondorioz, norbait lastimagarria edo bere egoeraren aurka deus egin ez dezakeena. Gilipollasak parte hartze aktiboa eta kuasikontzientea du jendearen gilipollatasun pertzepzioan (pedantea, desegokia, ospenahia, zinikoa, divoa, mutxoasmokoa, graziosilloa eta abar izan daitezke gilipollen adibideak, izatez bestela jardun ahal izan bazuen). Horrelako destenoreari, destaina gabe, anparo egiten diogun heinean, genialitatearen izenean bada ere, beraren ifrentzu pertzeptibo honekin ere konforma gaitezke.

  

INTELEKTUAL GORAK: Ez genekien intelektualek existitzen jarraitzen zutenik, intelektual hitzaren zentzu hertsian behintzat, hots, kategoria historiko gisa. Guk uste genuen intelektuala Émile Zolaren J’acusse harekin hasi eta Jean-Paul Sartreren entierroaren ilarekin amaitu zen figura bat zela: idazle edo pentsalari bat, noizean behin bere etxeko liburutegiko besaulkiaren babesa utzi, txinal beroak erantzi, eta haien ordez bota ezproidunak jantzi eta gizartea bizkortzen ahalegintzeko ohitura alameneko samarra garatzen zuena. XX. mendeko totalitarismoek (faxistek zein komunistek)  hutsune asko utzi zituzten intelektualen lerroetan, eta Gerra Hotzaren logikak rara avis bihurtu zituen gero; paradoxikoki, azkeneko berrogeita hamar urteetako komunikabideen garapen alimalekoak (ikus-entzunezko medioenak, batik bat) kitoa eman zien: tertulianoek eta zutabegileek ordezkatu dituzte intelektualak, kulturaren historialariek “eboluziotzat” nekez onartuko luketen zerbait, bide batez esanda.

Beste kontu bat da zentzu oooso zabalean hartzen bada “intelektual” nozioa, hau da, Platon, Akinoko Santo Tomas, Leonardo da Vinci, Mary Wollstonecraft, Leon Trotsky, Carmen Sevilla edota Fredi Paia kategoria horretan sartzea zilegi balitz: kasu horretan, prest gaude onartzeko agian bai, egon badaudela oraindik ere intelektualak (Paleolitikoan egongo ziren bezala, eta gizakia Lurraren azaletik desagertzen denean, ziurrenik, egoten jarraituko duten bezala). Baina orduan hauxe litzateke galdera: intelektual gorak baldin badaude, nolakoak dira intelektual beherak? Misterio handia iruditzen zaigu hori. Zeintzuk dira intelektual beherak, haurtzaroan jogurt gutxi jan eta bataz besteko altuera iritsi ez dutenak? Althusserren aipuak leku egokietan paratzen ez dakitenak? Trivial Pursuiteko partida bat ere irabazteko gai ez direnak (intelektual goren aurka, uler bedi)? Kalakan agertzen direnak (Firin-faranera joan beharrean, adibidez)? Futbola gai filosofiko-literario gisa erabiltzea onartzen dutenak? Futbola gai filosofiko-literario gisa erabiltzeari uko egiten diotenak hain zuzen ere?

Cuarto Mileniorako moduko maila izango lukeen gai honetaz eztabaidatzeko barne-mintegi bat antolatu dugun arren, ez gara oraindik ondorio garbi batera heldu. Informatzen jarraituko zaituztegu.

  

KRIPTIKOAK: Hau da, ezbaitasunik gabe, Volgako Batelarion kontura isuri den idoirik zuzengabeena: gure inoizkariaren hastapen ororen aurka doa kriptikotasuna, eta argitasunaren alde egin dugu beti, ilusiorik egiten ez dugun arren, ondo baitakigu biak ala biak, kriptikotasuna eta argitasuna, txanpon beraren alde biak besterik ez direla, aurkia eta ifrentzua, alfa eta omega, arana eta goiria. Izan ere, bi alderdi horien erlazioa zehazkiago determinatzen bada tankera organikoan, orduan tankera hori alderdi baten arabera kriptikotasunaren aurka bihurtzen da, beste alderditik, ordea, bere baitara eta bere barnera islatzen da. Argitasunaren zerizan erreala, ordea, erdigunea da, zeinak literaturaren berbaitarako izatea oro har kanpoko-denarekin edo berbaitan izatearekin lotzen dituen. Literaturaren berbaitarako izatearen muturra eta ertza, ordea, barneko-dena da Bata amaigabe gisa, zeinak tankeraren uneak bere iraupenetik eta kanpoko-denarekin duen loturatik hartuta bere baitara itzultzen dituen, orobat eta oro har; hori da, azken finean, edukirik gabe tankeran bere buruari edukia ematen dion eta horretan bere prozesu gisa agertzen dena, eta kriptikotasunari bere dimentsio guztia, beregaina, zerizangabea emango liokeena.

 

fuck u

 

LISTOAK: seguru aski gaztelerako mailegua. 1- Azkarra, prestua, bizkorra. 2- Zerbait egiteko pronto dagoena. 3- Axaria, ernea, zolia.

Baina ibili eta buelta guri birigarro deitu diguzue, eta gehiago: ttattar, ahobero, xabiondo, axkarmari, orojakiñe, banakakoi.

Listoak da egoera batean mundu guztiak buruan daukana pepito grillo baten moduan esanez, haur xarmaz denak sorgindu ondoren diruarekin alde egiten duena, alegia, neoliberala, turbokapitalista, eskuindarra, listoa. Alegia… gu.

 

MISOGINO: Harrapatu duzue gutako bat Billi Wilder-en The Private Life of Sherlock Holmes ikusiz, non detektibeak eman behar dituen azalpen zenbait egozten dioten misoginia dela eta. Ez da emakumeez fidatzen, dio, maitemindu eta ezkontzea erabaki zuen aldi bakarrean, dena zoriontasunerako prest zuenean, hil egin zelako emaztegaia. Ezin da hori egiten duen inorengan sinetsi; hil, esan nahi dugu. Eta hil denok egiten gara, etengabe, beraz pentsa liteke misogino ez, misantropoak garela ia. Ez da hori ere. Ez sinesteak erdi eszeptiko, erdi ziniko egiten gaitu, lehenengoengandik zalantza hartuz, anaideia bigarrenengandik. Ez miserikordiarik eskatu. Emakumeez, gizonez bezain gutxi fidatzen gara.

 

 

PURISTA BERRIAK. Purismoaren jarraitzaile berriak. VBen purismoa bi jatorri hauetan soilik uler dezakegu:

1Purismoa. *Puri (Purificación-en laburduraz)  patronimikotik eratorritako zientzia-adarra, belenestebanismo edo pantojismo diziplinekin batera, Maruja Studies zientzia eremu orokorragoko jakintza arloa. Postkolonialosmoaren eta postnazioaren inguruko teoria soziopolitiko eta literarioen testuinguruan kokatutako diziplina honek, literatur egitatera hurbiltzeko modu gisa, hobesten ditu eta txalotzen, idazleen bizitza sozialaren gaineko jakingarriak oro. Literaturaren benetako ezagutzarako bidetzat hartzen ditu sarao literarioetako iruzkin  benebolo nahiz labankadak, e-mail bidezko larrutze gupidagabeak …Purismoak, finean, literatura puruaren ezagutza soilik ustez superfiziala den horren bidez irits daitekeela defenditzen du.

2Purismoa. Puri (sanskritoz hiria; Jagannath Puri-ren laburdura) Indiar hiriari dagokiona, haren zalea. Puri ezaguna da bertan Vishnú-Krishná-ren jarraitzaileek egiten diren karroza-desfileengatik. Aitortu behar dugu, eta onartu, VBko kideon ekialdeko filosofiarekiko  eta, batez ere, karroza-desfileekiko debozioak egin gaituela ezinbestean  purista.

3. Purismoa.

Berriak kalifikatiboa, gure apaltasunak onartzen uzten ez digun epitetoa da.

 

PUTAKUMEAK: irain honek min egin digu bereziki. Ez bere lehenengo parteagatik, arazorik gabe asumitzen duguna (puta batzuk gara, ondo dakigu hori), bigarrenarengatik baizik: haurtzaroaren paradisu-izaeraren mistikatik urrunegi gaude, “ume” izendapena erreparorik gabe onartzeko. Eta euskal literaturaren umetze progresiboaren (edo hauretagazteliteraturalizazioaren) salatzaile prestuak izan garenez betidanik, iraintzat ez ezik, fede txarreko iraintzat hartu beharko dugu honako hau. Oso-oso haserre gaude. Ez da, ez, justua, jolines. Damutuko zaizue, tontolapikoak! Jope, jope eta jope!

  

SIBARITAK: Sibaritak? Benetan gara sibaritak? Ez gara Sybaris-en jaio, tamalez, eta ez dugu mito fundatzaile homoerotikoa. Sibaritak onena nahi du. Orduan bai, sibaritak gara, onena nahi dugu. Oscar Wilde bezalakoak gara: gure gustuak lauak dira, sinpleak, errazak, hau da, onenarekin bakarrik konformatzen gara. Eta onenarekin plazer desordenatuak eraikitzen ditugu desordenatuki dastatzeko. Sibarita deitzen badiguzue dotoreak garela esaten diguzue aldi berean. Eta dotoreak izatea gustatzen zaigu. Eta sibaritak. Sibarita deitzen badiguzue esaten ari zarete barne bizitza aberats eta osoa dugula, ederraz gozatzen badakigula dirurik ez izan arren. Barne bizitza aberatsa baino nahiago dugu kanpo bizitza aberatsa. Edertasuna, gainera, ez dago bakarrik barrualdean.

  

atzelariaVOLGAKO ATZELARIAK: Hara, klaro, atzelariak gara eta harro gaude gainera, euskalduntasunaz bezainbeste (har bedi azken hau ironikoki). Eta izan ez direnak ere ikastaroak egiten ari dira. Apaolaza, esaterako, gay ikonoz jantzita ibiltzen da Chuecan gora eta behera, jendea estonatzen. Zalduak bere aldetik andrea engainatzea ere lortu du.

Mafia arrosa errusiarra sortzeko estatutuak idazten ari gara, ondoko puntuak oinarri harturik:

1.- Atzelari praktikak egin behar ditu Euskal Literaturan sartu nahi duen orok.

2.- Euskal idazleak, ordenadore aurrean paratzen den orotan, maila arrosak, kalentadore lilak eta buruko painuelo morea jantziko ditu teklei eragin ahala YMCA kantaren airera mugituz.

3.- Bere lan orotan atzelariren bat aterako da, ahal bada Volgako Batelarietako atzelaria, benetakoa zein apokrifoa, bere izen abizen osoz eta beti ere modu loriatsuan.

4.- Faxismo Arrosa ailegatzen denean, ikusiko da arau hauetako zein bertan behera utzi. Bitartean zuek segi atzelari deitzen.

  

ZALDUNISTAK: Zaldunista izateko beharrezkoa da zaldunismo bat egotea. Zaldunismorik badago? Horixe galdera. Abangoardietako revivalak egitea gustatzen zaigu noizbehinka eta horrela olasagarrismoa, erroismoa, egañismoa, arregismoa eta apaolazismoa asmatu dugu, Baina ez dira oso egonkorrak ismo guzti horiek, baterik bestera ibiltzen gara, ezin bizi sekta bakar batekin, eta gutako bat baino gehiago egañista esnatzen da, baina bazkalodurako olasagarrista bihurtu da eta mozkortzen denean bi edo hiru ismo batera ibiltzen zaizkio zainetan alkoholarekin nahasirik. Agian arrazoia duzue eta ismo erreal lacaniano bakarra zaldunismoa da, beste guztiak  nahi eta ezin tamalgarriak. Izan ere, gure aita bakarra Zaldua dugu, bera da Erreala, bera da gure nagusia, berak agintzen du, bera da the must. Bizitza osoan Atxaga zelakoan eta hara. Bai, Atxaga hiltzeko prestatzen ari gara (sinbolikoki, jakina); hori egin bezain pronto, Zaldua bera akabatuko dugu (sinbolikoki edo errealki, ikusiko dugu), estatua bat altxatuko dugu bere ohoretan urrezko zekor gisa, eta dantzan eta fornizioan arituko gara denok elkarrekin, Euskal Literaturaren hurrengo Moisesa menditik jaitsi eta legearen harlauzak gure buruen kontra apurtu arte.

   

TESTUINGURUAK

Azidoak: “A través del humor ácido deconstruyen algunos de los mitos más comunes del nacionalismo” (in www.eutsi.org/kea/lucha-social/euskalherria/postindependentzia-a-postponed-manifesto.html)

Dandyak: Volgako Batelari baten korrespondentzia pribatutik.

Elitistak: “Guztiz ados zurekin, Joxe. Batelariak elitistegiak dira, horrelako banalitateei buruz hitz egiteko”. (Karlos, in http://goiena.net/blogak/faroa/232)

Eskuindarrak: “Pako Aristi Euskal Herrian dugun ahots kritiko eta koherente bakarrenetakoa da, idazle autentikoa. Ez Volgako eskuindar horiek bezalakoa” (gss, in http://sustatu.com/1152786890)

Gilipollas: “Nik bakarrik esango dut Roberto Arlt oso idazle ona dela eta Volgako Batelariak gilipollas batzuk direla”. (Anonimo, in http://donostialdetik.blogspot.com/2006/02/roberto-arlt-en-hitzak.html )

Intelektual gorak: Volgako Batelariak blogean emandako erantzun anonimoa (eta, ondorioz, ezabatua).

Kriptikoak: “Volgako Batelariak [dibertigarriak dira] mezu kriptikoak idazten ez dituztenean” (Ze Berri aldizkaria, znb. 62, or. 17, 2006ko abendua, Ibon Gaztanbide, Felix Espina eta Aritz Ibañezi egindako elkarrizketan)

Listoak: “Inozokeria handia volgariena, beti bezala listo hoien kasuan” (Idurre, in http://www.durangokoazoka.com/bloga/27#comments, Durangoko Azokako nobedadeak aurreratu genituenean).

Misoginoak: Volgako Batelariak blogean emandako erantzun anonimoa (eta, ondorioz, ezabatua).

Purista berriak: “ez nuke pentsatu nahi purismo berri batekin datozenen itsutasunak ilundu zaituenik” (Pako Aristik Ibon Egañari, in http://www.eibar.org/blogak/volga/archive/2005/11/17/60, oker interpretatu ez badugu taldeaz ari zen)

Putakumeak: “Ados azken anonimoarekin: Volgako batelariak, putakumeak!!!” (Luna, in http://www.durangokoazoka.com/bloga/27#comments, Durangoko Azokako nobedadeak aurreratu genituenean)

Sibaritak: Volgako Batelariak blogean emandako erantzun anonimoa (eta, ondorioz, ezabatua)

Volgako atzelariak: Ahozko tradizioa, sagardotegi batean entzuna, denboraldi betean.

Zaldunistak: Ahozko tradizioa, gure kideetako batek (ez Iban Zalduak) ezker abertzale tradizionaleko/ofizialeko/genuinoko/betiereko (ezabatu egokia iruditzen ez zaizuna) giroko taberna batean entzuna, pasaeran.

 

Mikel Ayerbe
Mikel Ayerbe dio:
2009/05/11 18:42

-Literatur tontiplosterrak

-tropeleko kantera edo tropeleko kantinerak (bata onartua, bestea hobetsia): uler bedi Zaldunismoaren sinonimo bezala.

-"tipicos intelectuales que siempre estan por encima del bien y del mal" (hau ez da nirea, lagun bati plagiatu diot; eta nahiz eta zuen zerrendan "intelektual gorak" jadanik aipatuta egon, hitzaren adieraren definizioaren osagarri gisa baliagarria izan daiteke...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44