Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Hobe beharrezko kritika Euskaltzaindiari

Hobe beharrezko kritika Euskaltzaindiari

Mikel Hernández Abaitua 2008/10/10 11:31
Plazer eta ohore handia da guretzat idazle gonbidatu baten izkribua argitaratzea Volgako Batelariak-en: Mikel Hernández Abaituaren "Hobe beharrezko kritika Euskaltzaindiari" artikulua. Hernández Abaituak (Gasteiz, 1959) rol garrantzitsu bat bete du 1980ko hamarkadatik aurrerako euskal letren berrikuntzan, eta bereak dira, besteak beste, "Panpinen erreinua" (1983), "Ispiluak" (1985) eta "Bazko arrautzak" (1995) ipuin liburuak, eta "Etorriko haiz nirekin?" (1991) eta "Ohe bat ozeanoaren erdian" (2001) eleberriak. Duela gutxi bere doktorego tesia irakurri du, Ramon Saizarbitoriaren lehenengo eleberrien inguruan. Ongi etorri Volgako ibaiertz honetara...

abaitua

HOBE BEHARREZKO KRITIKA EUSKALTZAINDIARI

Mikel Hernández Abaitua

 Gauza jakina da Euskaltzaindiak lan asko eta ondo egiten duela euskara batua finkatzeko ahaleginean. Ez da zeregin erraza. Euskararen erabiltzaileak gara gaizki ari garenak Euskaltzaindiaren erabakiak hain erraz onartzeagatik. Gure akademiaren lana beti izan da “gomendioak” ematea, etengabe aitortu izan duen legez, eta gomendioak ez dira begiak itxita eta eztabaidatu gabe onartzeko modukoak beti. Agian nahastuta gaude Euskaltzaindiak gomendioei “arau” hitza aplikatu dielako azkenean bere fitxa-karpeta handietan, baina ez da Euskaltzaindiaren errua guk haren gomendioak dogma bihurtzea.

Azken urteotan Euskaltzaindiaren kontra entzun edo irakurri ditudan kritika gehienak pribatuak izan dira (Ibon Sarasolaren Euskara batuaren ajeak liburuaren ondorengo aldian behintzat). Are gehiago esango nuke: azken bolada honetan asko hazi dira pribatuki entzun ditudan Euskaltzaindiaren kontrako iruzkinak, baina inor gutxi ausartzen da publikoki esaten. Mundu honetan inor ez da perfektua eta Euskaltzaindiak gauza gehienak oso ondo egin arren, “gehiegizko perfekzioan” erortzen ari delako sentsazioa dute askok. Sobera usu perfekzioa bide onenaren etsaia da eta anitz jende biziki nekatuta dago gure hizkuntz akademiaren gehiegizko zuzentze etengabeaz, batzuetan beharrezkoa den arren. Idazle, irakasle eta ikasle artean mugitzen naizenez, badakit Euskaltzaindiak bere fitxetan arau berriak ateratzen dituenean gero eta jende gehiago galtzen ari dela haiek irakurtzeko gogoa eta pazientzia, asko eta asko absurdoak iruditzen zaizkielako (eta direlako). Adibidez, Euskaltzaindiak “-(e)netz” aditz-atzizki indargarria hobesten du Hegoaldeko euskara batuan oso zabalduta dagoen “-(e)nentz” formaren kaltean (Euskaltzaindiaren arauak, 1111-1112 or.), biak zuzenak izan arren. Euskaltzaindiak berak gogorarazten digunez, bi formak dira nahiko berriak gure literatura idatzian (honek ez du esan nahi, jakina, ahozko tradizioan ere berriak direnik, zeren-eta hamaika aldiz gertatu baita ohitura faltagatik betidanik esan izan diren esamoldeak oso berandu arte ez pasatzea hizkuntza idatzira), lehenengoa XIX. mendekoa, eta bigarrena XX.ekoa. Ez da “-(e)nez” gomendatzen, tradizio luzeagoa ukan arren, sor dezakeen anbiguotasunagatik. Alabaina, forma batzuk hizkuntza idatzian berriak izan arren (baina ez hain berriak agian ahozko usadioan), tradizio labur baina sendoa lortzen dutenean (eta euskara batuan gainera) ezin dira hain erraz arbuiatu. Irakasle eta ikasle artean Euskaltzaindiaren horrelako “gomendioak” azaltzen edo gogoratzen ditudanean askok ez dizkidate sinesten, eta beste asko biziki harritzen dira. Eztabaidagarria izan daiteke “-(e)nentz” delakoa aldaerarik onena den ala ez, baina okerra ere ez da, eta hain demokratikoki eta hain sendo eta azkar nagusitu bazen pisu soziolinguistiko handiena duten lurraldeetan, burugabea da gaitzestea, kontuan hartuta, gainera, zein maiz onartzen dituen Euskaltzaindiak forma bikiak. Hitz edo esamolde bat bost mendean zehar erabilita ager daiteke euskara idatzian, baina mende bakar batean, XX.ean adibidez, hamaika aldiz gehiago erabilia egon daiteke onartzen ez den beste bat. Gainera, XX. mendea da euskararen aldeko mende dinamikoena eta literatura gehien sortu duena orain arte. Maiztasunak eta diakroniak erlatibizatu egin behar lirateke, eta pisu soziolinguistikoari, estetikoari eta afektiboari garrantzi handiagoa eman. Horregatik “-(e)netz” eta “-(e)nentz” formen artean ez zait beharrezkoa iruditzen aukeratu behar izatea, “-t(z)eko” eta “-t(z)ekotz” bikotearekin bezala [-(e)lako/-(e)lakotz, bezala/legez, erran/esan...].

Har dezagun, esaterako, “erakusle + guzti” hitz bikotearen araua (Euskaltzaindiaren arauak, 15 or.). Egia da “testu zahar guztietan” (Euskaltzaindiak berak dio) ordena hori agertzen dela. Egia da kontrako ordena ez dela XVIII. mendea arte agertzen Hegoaldeko literaturan (Ubillosen testu batean orain dela berrehun urte baino gehiago hala ere!), baina zelako kasualitatea, XVIII. mende arteko Iparraldeko literatura ez da ikaragarri oparoa preseski, eta Hegoaldekoa oso urria. Gainera, kasu honetan erdialdeko euskalkiaz (edo erdiko euskaraz, apur bat orokorrago esanda) bakarrik hitz egin behar genuke. Alabaina, XIX. eta XX. mendeetan zehar, tradizio sendoa eta naturala bihurtu baldin bada, Hegoaldean bakarrik gertatu arren, ez dut uste hain tradizio kaskarra eta laburra denik, batez ere tradizio hori euskara batuan bertan oso finkatuta egotera iritsi zelako. Hegoaldean literatura ugari izan bagenu XVIII. mendea baino lehen, agian askoz tradizio luzeagoa izango genukeen berba askoren kasuan. Eta gainera, ez al da arazoaren gakoa izango (euskara batuko “gako/kako” bikoteari buruzko iruzkina beste baterako utziko dugu), hipotesi hutsa bada ere, “hau guztiau” esamoldea (Euskaltzaindiak halaber onartua) dela zaharrena eta erredundantzia gaitzesteagatik (hala nola ekonomia linguistikoagatik) euskalki batzuetan ezkerreko erakuslea galdu zela eta beste batzuetan eskuinekoa? Ez ditzagun ahantz arkaikotasun kontuetan bizkaierak sarritan ematen dizkigun argibideak. Hortaz, azkenean, kasu zehatz honetan Euskaltzaindiak mendebaleko tradizioa onartzen du, ipar ekialdeko tradizioa onartzen du, baina ez erdialdekoa, soziolinguistikoki garrantzi handi-handia duena (eta hiriburu euskaldunena daukana gainera), eta dena “batasunaren izenean”. Bada, batasunaren izenean hiru forma horietatik bi onartzen baditu, eta bakar batekin konformatzen ez denez, ez da ulertzen zergatik ez duen onartzen hirugarrena ere. Gainera, idazleontzat, estetikoki eta eufonikoki, erdialdekoa da onena esaldi askoren musikaltasunerako, erredundantziarik batere ez duen bakarra delako (ez du ezta deklinabide atzizkia ere errepikatzen).

Horrelako erabakiak hartzea jendea mareatzea da (ezen ez zorabiaraztea), gurea bezalako hizkuntza batean sobratzen ez zaizkigun energiak alferrik xahutzea, eta tankera honetako ebazpen asko egoteak euskaraz idazten jarraitzeko gogoa kentzen dio jende askori, hizkuntzalari batzuen gozamenerako adar jotze hutsa dirudielako.

Ziur aski inkesta bat egingo bagenu, harrituta geldituko ginateke emaitzekin, argi ikusiko baikenuke EGAko zuzentzaileen edo ikastetxeetako irakasleen artean Euskaltzaindiak azken hamar urteotan hartutako erabaki asko zein gutxi hartzen diren aintzat ikasleek egindako idazlanak zuzentzeko orduan. Zorionez, zuzentzaile askok zentzu komun handia dute. Bejondeiela benetan, disidentzia hori oso osasungarria baita, askotan inkontzientea den arren.

Disidentziaren bidea justifikatuko lukeen adibide asko ditugu lexikoaren alorrean ere. Oso ongi ulertzen dugu zer zaila den akademia batek denbora gutxian hainbeste arau erabaki behar izatea, baina zin degizuet inork ez nauela nire ipuin edo eleberri batean “tiradera” hitza erabiltzera behartuko, zuberotar bat nik “kaxoi” erabiltzera inoiz behartuko ez nukeen bezala. Ez Euskaltzaindiak ezta argitaletxeetako zuzentzaileek ere. Nire azken eleberrian “kaxoi” idatzi eta zuzentzaileak “tiradera” jarri zidanean, asper-asper eginda, “kajoi” jarri nuen eta horrela argitaratu zen. Ahozko euskaran duen pisu soziolinguistikoa eta ezagutzen zaion tradizio idatzia (Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian bertan ere) aski dira ez gaitzesteko. Oso kontuz ibili behar genuke diakronia luzea maiztasun urriarekin konbinatzen denean eta diakronia laburra maiztasun handiarekin txintxostatzen denean. Ez dut uste aurreko mende guztiei XX. mendeari baino garrantzi handiagoa eman behar zaienik betiere, ezta tradizio idatziari ere ahozko tradizio garaikideagoaren kaltean, batez ere historian zehar hain anormala izan den gure hizkuntza ikaragarri dialektalaren egoera soziologikoa kontuan hartuz gero eta gure literatura gehiena urte askoan zehar urria eta kaskarra izan dela gogoratzen badugu. Hizkuntza handien prozedurak ez du nahitaez egokiena izan behar guretzat.

Orain dela gutxi Euskaltzaindiak lan neketsu eta baliotsu bat argitaratu du: Literatura terminoen hiztegia. Hiztegi horretan berba egiten ari garen gaia ilustratzeko zenbait adibide daude: “narratzaile” hitza esaterako. Obra handi horretan esku hartu duten autore gehienek –agian guztiek– oso sarri erabili eta idatzi dute urte askotan zehar hitz hori beren artikulu eta liburuetan, baina obra mardul horretan “kontalari” hitza hobesten da, nahiz eta, behar bada, liburu horretako zenbait literatura ikertzaileri “narratzaile” hitza gehiago gustatu. Arrazoia garbi dagoela dirudi: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan ez da hitz hori onartzen, ezta “narratu” aditza ere. “Narrazio” berba Literatura terminoen hiztegian agertzen da (eta paradoxalagoa gertatzen dena, “narratario”, “narratiba”, “narratologia” ere bai) baina ez Euskaltzaindiaren Hiztegi batuan. Nazioarteko narratologian, gurea inguratzen duten hizkuntzetan eta gaur egun munduan pisu handiena duen hizkuntzan, hots, gaztelanian, frantsesean eta ingelesean, zeharo normalduta baldin badago berba bat (narrar, narrer, narrate adibidez), ez dut uste eragozpen handirik izan behar dugunik hitz hori gurean onartzeko, munduko hizkuntza guztietan erabiltzen ez bada ere. Joan Corominesen hiztegi etimologikoan irakur daitekeenez, 1438tik aurrera erabiltzen da gaztelaniaz narrar eta latinezko narrare-tik dator, eta guk hitz horren tradizio luzea ez dugulako, erabiltzeko eskubiderik ez dugula pentsatu nahi dute batzuek, baina gorago esandako arrazoiek eskubide osoa ematen digutelakoan nago. Corominesen hiztegi etimologiko horretan bertan contar gaztelaniaz 1140tik aurrera erabiltzen dela eta latinezko cǒmpǔtaretik datorrela irakur daiteke, eta calcular esanahia duen arren “la acepción ‘narrar, relatar’, propiamente ‘hacer un recuento’, es tan vieja en castellano como la otra” ─beraz, garbi dago etimologikoki ere “narratu” (gertakizunak) egokiagoa dela literatura terminologiarako “kontatu” (kopuruak) baino─. Gurean, ordea, oso tradizio ezberdina dute bi hitzek, baina, hala ere, artikulu honetan zehar esandako arrazoi guztiengatik ezin dira “narratu” eta “narratzaile” hitzak hain erraz baztertu, eta are gutxiago literatura-terminologian edo hizkuntza zientifikoan. Benetan absurdoa da kontrakoa egitea. Guretzat soziolinguistikoki garrantzitsuenak diren hizkuntzetan contar / narrar / contador / narrador, raconter / narrer / raconteur / narrateur / eta tell / narrate / storyteller / narrator onartzen badira, ez dugu inolako arazorik izan behar kontatu / narratu / kontalari / narratzaile onartzeko, ─eta ez esan “narratore” nahiago duzuenik nik neuk neure liburu batean erabili nuen arren (edo “narradore”), zeren eta orduan “kontalari” delakoa baino hoberik ere aurkituko baikenuke agian─. Egia da beste hizkuntza batzuek termino “autoktonoagoak” hartu dituztela horretarako, baina ez dut uste, esaterako, alemana guretzat adibide ona denik, non bizi garen eta nolako hizkuntza txikia den euskara kontuan hartuta (azken bolada honetan hizkuntza aleman indartsuaren ereduaren itzala handiegia delako inpresioa dut, hizkuntza erromaniko artean eta nazioarteko hizkuntza nagusia bihurtu den ingelesaren presioaren pean bizi den gure hizkuntza txiki eta ahularentzat). Alde horretatik ezin gara ingelesa baino harroagoak izan. Ingelesa munduko hizkuntza indartsuena izan arren, alemana bainoago, eta germaniar taldekoa bada ere, ez da bide horretatik joan. Guk are arrazoi gutxiago ditugu bide hori hartzeko. Euskaltzain batzuk kontaktua galtzen ari dira gure errealitatearekin.

Ez da ahaztu behar artikuluaren hasieran esan duguna, Euskaltzaindiak “gomendioak” ematen dituela alegia, gero “arau” deitzen badie ere (ongi pentsatzen bada benetako kontraesana ez dena) eta Hiztegi Batuan “erabili” inperatibo asko agertzen diren arren. Beraz, gomendioak ez onartzeko eskubide osoa dugu (eta aginduak balira berdin), literaturan batez ere, eta nire inpresioa da idazleok esanekoegiak izaten ari garela azken bolada honetan, neu lehenengoa. Hala ere, badira adibide ausartak. Bernardo Atxagak, esaterako, behin baino gehiagotan izan du euskara batu ofiziala ez erabiltzeko adorea, eta ez liburuen barruan bakarrik, askoz ikusgarriagoak diren izenburuetan ere bai (Bi anai, Soinujolearen semea). Atxagak apropos ez zituen bete Obabakoak liburuan orduko euskara batuaren arau anitz (oker ez banago Atxagari berari irakurri edo entzun nion, artikulu edo hitzaldiren batean, Mitxelenari galdetu ziola aukeratutako bidea zer iruditzen zitzaion, eta berau ados agertu zela). Agian erabaki horri ere zor dio euskaldunen artean hasieratik lortu zuen arrakasta. Orain Bernardo Atxaga euskaltzain osoa da, eta ekarpen baliotsuak egin ditzake alor honetan.

Oposiziorik gabeko gobernua oso erraz desbideratzen den bezala, euskara-erabiltzaileen kritikarik ezak ez dio onik egiten Euskaltzaindiari. Une honetantxe inoiz baino arrisku handiagoa ikusten diot Euskaltzaindiari erabaki okerrak hartzeko, perfektuegia izan nahi izateagatik. Linguistikoki perfektuena dena ez da beti pragmatikoki eta soziolinguistikoki onena. Euskaltzaindiak onartu egiten die gure arbasoei mailegu asko hartu izana, “kabitu” adibidez (Euskaltzaindiaren arauak, 718. or.), eta ez digu guri eskubide berbera eman nahi beste batzuk hartzeko, tradizio handirik gabeko “ranking” eta “royalty” bezalakoak arazorik gabe onartzen dituen bitartean. Biziki absurdoa da. Hobe beharrez egindako kritikak behar ditu Euskaltzaindiak, zentzunezko disidentzia handiagoa, eta gomendatutako gauza batzuk soziolinguistikoki gaitzetsi direla konturatu behar luke, eta onartu, nahiz eta Berria bezalako egunkari saiatuek eta argitaletxeetako zuzentzaile finek (hauek ez dute desobeditzerik profesional onak izan nahi badute, noski) egoera errealaren ikuspena lausotzen duten.

Nik, zalantzarik gabe, “kaxoi” eta “narratzaile” erabiltzen jarraituko dut ene narrazioetan, “tiradera” eta “kontalari” ere konnotazio arrazoiengatik zenbait kasutan erabiltzeari uko egingo ez diodan arren (idazki hau sinonimo-murrizketaren kontrako artikulua eta konnotazio-balioen aldarrikapena ere den neurrian), eta gauza bera egingo dut beste esamolde eta ele askorekin ere taxuzko tradizioa baldin badute (baina tradizio  handirik gabeko hitzak ere onetsi behar dira usu, gure akademiak batzuetan egin izan duen bezala), nahiz eta Euskaltzaindiak ez onartu. 1979ko abenduan argitaratu genuen Susa aldizkariaren lehen zenbakian Pablo Sastrek, Erbi ezizenez sinatutako artikulu batean, inoiz argitaratu ez zen nire idazki bateko esaldi bat aipatu zuen: “Orain arte Euskaltzaindiaren atzetik ibili bagara, hemendik aurrera haren aurretik, literatur lanetan behintzat”.  Hiperboliko samarra bada ere, ez da guztiz okerra. Eta ez da okerra bi arrazoi nagusirengatik. Bat: XX. mendea aurreko guztiak baino garrantzitsuagoa da kopuruz, eta ez kalitate txarrekoa maiz. Gainera, euskara batuaren testu-tradizioa duen bakarra da, Euskaltzaindiak gauza asko erabaki baino lehen euskaldun herri alfabetatuak urgentziazko euskara batu bat asmatu behar izan zuelako. Maiztasun ikerketa berriak egin behar lirateke XX. mendeko produkzio osoa aintzat harturik, eta hor ez sartu bakarrik literatura, baita aldizkari eta egunkariak ere, hobeto ikusteko praxi orokorrean nolabait demokratikoki nagusitutako formak zeintzuk izan ziren (baina ez da maiztasunekin eta zenbakiekin obsesionatu behar). Hor ikusiko balitz “-(e)nentz” bezalakoak oso zabalduta daudela, aurreko mendeetako maiztasunen kontra badaude ere, onartu behar lirateke, baldin eta linguistikoki zeharo okerrak ez badira, eta batzuk onetsi besteak ukatu gabe, Euskaltzaindiak kasu askotan egin duen bezala. Alde horretatik, Euskal Herriko Unibertsitatean internet bidez euskaltzain batzuek abiarazi duten Ereduzko prosa gaur proiektuak esperantza ilusionagarria sortzen du, nahiz eta oraingoz corpusa txikiegia eta mugatuegia izan; gainera, ez dago garbi, paradoxala gerta litekeen arren, horrelako proiektuek Euskaltzaindian benetako eragina izango duten ala ez, euskaltzain batzuek unibertsitatetik proposatutakoa akademiaren barruan minoritarioa izan daitekeen neurrian. Bi: ortografia erraztu behar da ahal izanez gero. Hizkuntza idatziaren batasuna hain berandu egiteak alde txar asko baditu ere, ez ukatu alde onak, hau da, ortografia errazago eta zentzuzkoago bat hautatzeko aukera (zenbait hizkuntza handitan oso zaila dena, azken urteotan frantsesari buruz proposatutakoekin gertatutakoak erakusten duen legez). Gogora dezagun berriz ere oso herri txikia garela, gure egoera eta historia ez direla normalak izan, eta beste hizkuntza handiago batzuekin lehiatu behar dugula. Irabaz diezaiegun zenbait gauzatan, erraztasun ortografikoan besteak beste. Adibidez, "aho" baldin bada onartutako hitza, onartu "ahozpez" ere, XX. mendeko euskara batuan nahiko zabalduta zegoena, ez “ahuspez” bakarrik (Koldo Mitxelenaren hiztegian aurki daitezkeen arrazoiak gorabehera).

Euskaltzaindiak ez du gora bakarrik begiratu behar, eliteari eta literatura zaharrari, behera ere bai, herri aldera, XX. mendeko euskara batuaren tradizio txiki demokratikoari, zeren eta oraingo euskaldun herri alfabetatuak proposamen multzo handi bat egin baitzion Euskaltzaindiari liburuetan, aldizkarietan eta egunkarietan, Euskaltzaindiak erabaki gabe zituen gauza askori dagokionez (idatzi beharra baitzegoen Euskaltzaindiari itxoin gabe ere) eta praxian zabaldutako proposamen horiek ez ziren inolaz ere okerrak askotan (XX. mendea baino lehenagoko maiztasun nagusien kontra joan arren), eta Euskaltzaindiak ez ditu maizegi kontuan hartu, zentzunezko jokaera ez dena.

Ez da beranduegi azken urteotako zenbait erabaki beste batzuekin osatzeko. Orain arte onartu ez eta XX. mendeko euskara batuaren tradizio “herrikoiak” zabaldu dituen forma asko onets daitezke, aurrekoak ukatu gabe, aukera bikien bidez. Euskaltzaindia lan asko egiten ari da eta ondo, baina perfekzioa ezin zaio inori eskatu, are gutxiago hainbeste gauza hain denbora gutxian erabaki behar dituen erakunde bati. Euskararen erabiltzaileak gara gaizki ari garenak azken bolada honetan (nolako aldea orain dela urte batzuetako eztabaida biziekin) Euskaltzaindiak “gomendatutako” “arauak” hain otzan onartzeagatik. Euskaltzaindiak gure kritikak eta desadostasunak behar ditu.

etiketak: Testuak
Mikel Hernández Abaitua
Mikel Hernández Abaitua dio:
2008/10/14 21:23

Iñigo izeneko irakurle batek esan digunez "tiradera" hitza arrunt-arrunta da Busturialdean. Gainera honako hau ere pasatu digu: "Hemen duzue Alberto Mtz. de la Cuadraren "Nabarnizko hiztegi"ko "tiradora" sarrera: Tiradora. Ik. kajoye. ❒ Hona hemen kajoye eta tiradora hitzen arteko desberdintasuna: Kajoi da... Esate baterako, olako kuadru ereittosu te kajoi da. Ba tiradora da sartu te eittekue. Kajoye suelti be bardin da. Ta tiradora es. Tiradorak esan bi deu or sartute egotie, edo armaidxu baten. Da kajoye es. Kajoye a solte be... "Or e kajoin sartidxek erreminttak!" Kaja solte ba dekesu, ta kajoye esate tzeu areri. Da besti tiradora da, astias, sartu-atara eitten dana. // Kajoi da edoser. Eta onek e ba tiretzeko eukitte dabe les, orregaitti dala pentzetot nik erdi euskera-erdera, tiradora." HAU IKUSITA, ARE MOTIBO HANDIAGOAK DITUGU BI-BIAK ONARTZEKO.

Mikel Hernández Abaitua
Mikel Hernández Abaitua dio:
2008/10/15 09:23

Jende askok galdetu dit “tiradera” eta “tirador(a)” hitzez. Aspaldikoa da Euskaldun jendearen jakinmin linguistiko handia. Frantsesez, jakina denez, “tiroir” da. “Kaxoi” bezala, ez dira euskal jatorriko hitzak, maileguak baizik. Azken honen jatorria garbi dago: kaxa handia (Joan Corominesen arabera latinezko “capsa”tik, “probablemente por conducto del catalán caixa”). Gaztelaniaz “tiradera” Espainiar Hizkuntza Akademiaren Hiztegiaren arabera zera da, “flecha muy larga, de bejuco y con punta de asta de ciervo, usada por los indios de América, que la disparaban por medio de correas”, eta “tirador”, besteak beste, “asidero del cual se tira para abrir o cerrar una puerta, un cajón, una gaveta, etc.” Joan Corominesen arabera “tirar” zera da, “voz común a todas las lenguas romances salvo el rumano, y antiquísima en todas ellas. De origen incierto. No es improbable que se formara en la jerga militar latina con el nombre de la flecha en el lenguaje de los partos, los famosos arqueros, enemigos seculares del ejército romano; nombre que hubo de ser tir-, como en todos los dialectos iranios”. Beraz, horren arabera, gure “tiradera” eta “tirador(a)” dontsuen jatorria Asian dago. Hortaz, badirudi lehen “kaxoi” edo “tiradera” trauskiletan gezi hori erabiltzen hasi zirela egurrean sartuta kaxa delakoa norberarenganantz erakartzeko, “tiratzeko”. Et maintenant vous pouvez tirer des conclusions.

Fermin Etxegoien
Fermin Etxegoien dio:
2008/10/14 13:03

Niri ere bereziki zatarra iruditzen zait "tiradera" hitza. Hasieran ulertu ere ez nuen egiten. Orain uzten diot irakurtzeari, testuren batean aurkituz gero. Euskaltzaindian inoiz ez diote lehentasunik eman hizkuntzaren alde estetikoari, baina hizkuntza batez ere estetika denez -zerbait konkretu izatekotan- euskarak ematen duen irudia ere den bezalakoa da, hizkuntza "abstruso" batena.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2008/10/13 18:06

Interes handiz, baina nahiko presaka eta arin, irakurri dut goiko artikulu luzea. Zorionak. Ekarpen ona iruditu zait orokorrean. Pozgarria da kritikak egitea normaltzat hartzen den herri batean bizitzea (edo bizi nahi izatea, behintzat).

Baina desadostasun bat baino gehiago dudan arren, bada kontu bat biziki harritu nauena : Eukaltzaindiaren Arauak arau dira (nondik bestela izenburua ?). Ez dut ulertzen nondik atera daitekeen besterik. Zinez baieztapen harrigarria zurea. Ez dakit ba zure ikasleei esango ote diezun irakaslea ez dela irakasle, ezta azterketak azterketa ere, nota ez dela nota, titulua ez dela titulu... eta abar luzea (bai, apropos jarri dut, hori ez baita arau, gomendioa baizik).

Besterik da, dena den, arau batzuk zure gustokoak ez izatea (agian arrazoiz). Zirkulazio Kodea ere ez da osorik nire gustokoa, baina hortik "gomendio" sorta bat bezala irakurri behar dela esatera...

Enfin, beste hark esan zuen bezala, kontu hauek ez dira gureak bakarrik. Azpian Txekian duela gutxi bizi izan duten « gerra » txiki baten testigantza bat. Arruntak gara euskaldunak, zinez, eta gure arazoak ere arrunt arruntak.

Adeitasunez, Pruden Gartzia.


Argazkiak.org | Ortografia txekoa © cc-by-sa: IbanLY

Erramun Gerrikagoitia
Erramun Gerrikagoitia dio:
2008/12/06 19:06

Nik ez dut izan honen berririk gaur arte, zapatua 6 abendua 2008. Gustura irakurri dut eta agertu nahi diot (dizkiot) eskerrak ai Mikel Hernández Abaitua.

Gehien gustatu zaidana da eta dudana nabarmentzen ondoko bi reflexioneok

a)

baina ez da Euskaltzaindiaren errua guk haren gomendioak dogma bihurtzea

(Baina hortako behar da deklaratu geure buruak autonomo eta adulto)

b)

Hobe beharrez egindako kritikak behar ditu Euskaltzaindiak, zentzunezko disidentzia handiagoa, eta gomendatutako gauza batzuk soziolinguistikoki gaitzetsi direla konturatu behar luke, eta onartu, nahiz eta Berria bezalako egunkari saiatuek eta argitaletxeetako zuzentzaile finek (hauek ez dute desobeditzerik profesional onak izan nahi badute, noski) egoera errealaren ikuspena lausotzen duten.

Beraz, Mikel, zorionak eta segi aitzina.

Segi, beraz, aportatzen bakoitzak geure aldetik. Ekin effektivoki.

Erramun Gerrikagoitia referentziak.blogspot.com Lekeitio

Mikel Hernandez Abaitua
Mikel Hernandez Abaitua dio:
2008/10/13 23:29

Horixe azpimarratu nahi nuen, "arau" hitza gaizki jarrita dagoela, Euskaltzaindiak beti egin dituelako "gomendioak". Azken bolada honetan "arau" hitza eta "erabili" inperatiboa asko hasi dira agertzen. Bada horixe esan nahi nuen, "arau" hitza gaizki jarrita dagoela, fitxetan gero gomendioak direla esaten delako (artikuluan esan nuen ondo pentsatuta ez dagoela kontraesanik arau eta gomendioen artean, baina gaizki pentsatzen bada, arauari nolabaiteko legearen kategoria eman nahi bazaio, orduan kontraesana zeharozkoa da). Beraz, izenburu hori gaizki jarrita dago eta "Euskaltzaindiaren gomendioak" askoz izenburu egokiagoa da karpeta horietarako, Euskaltzaindiaren ohiturari jarraituz. Arau horiei legearen kategoria eman nahi balitzaie, jokaera hori guztiz okerra izango litzateke. Demokraziako legeak demokratikoki aukeratutako pertsonengandik datoz, eta Euskaltzaindiak euskaltzain oso izateko proposatzen dituen pertsonak ez ditu herriak demokratikoki aukeratu, nahiz eta gero proposatutakoen artean euskaltzain oso bat izendatzeko botazioa egin, baina proposatutakoak ez daude demokratikoki proposatuta, apetaz baizik. Zaila izango da bestela egitea, eta horren ordainetan artikuluan esaten dudana kontuan hartzea ez da asko eskatzea.Beraz, arau horiek gomendio hutsak dira, eta ez dute legeen kategoria. Gainera, arau eta lege batzuk onak dira eta beste batzuk txarrak eta aldatzeko eskatzea ez dago gaizki. Ez dira dogmak, aldatu egin daitezke. Trafiko arauak aipatzen dituzunez gero, jakin ezazu askotan aldatzen dituztela. Adibidez, laster ez dituzu autoan ordezko lanparak eraman behar izango. Lege batzuk lege izan arren okerrak izan daitezke, eta hiritarrek eskubidea dute beti horiek alda daitezen eskatzeko, eta askotan legeak aldatu egiten dira hiritarrek hala eskatzen dutelako. Euskararen erabiltzaileok ere eskubidea izan behar dugu gauzak eskatzeko. Eskatzeak ez dio kalterik egiten inori. Eta Euskaltzaindiak euskaldunen iritziak entzuteko prest egon behar du. Eta eskertu.

Nerea Eizagirre
Nerea Eizagirre dio:
2008/10/20 18:45

Euskaltzaindiari buruz, Mikelek duen ideia orokorrarekin bat nator, arauak bete ezean heriotza zigorrera kondenatua gaudela baitirudi askotan. Halere, esan behar dut ezer baino lehen, ni ez naizela inor Euskaltzaindiaren jarduera zalantzan jartzeko. Baina hark euskarari asko eman dionez, onean eta txarrean, euskal hiztunoi ere erraietaraino eragin digu. Eta horrexegatik, axola zaigu, eta horrexegatik, kritikatzeko edo goraipatzeko eskubidea (betebeharra) dugu euskal hiztunok. Euskaltzaindiari aitortu beharra diogu euskara estandarra sortzeak ekarri duen erabileraren gorakada eta ulerterraztasuna, baina, halaber, esan beharra diogu larregi duela gipuzkeratik hizkuntza batua izateko. Ongi da, ulertzen dugu gipuzkera zilborrean dagoenez gainontzeko euskalkiekin harreman estuena duen euskalkia dela. Baina halere, sarraski galanta! Eta okerrena da, jada (ia) ezinezko dela euskalkien berpizkunderik gertatzea. Bestalde, irudipena dut, hainbeste arau eta nahaste-borrasterekin, eta perfekziorako grina horrekin, ez ote diren ari euskara bera programatzen, kalkulatzen, zera artifiziala bailitzan. Haratago, perfekziorako irrika hori, esango nuke, ditugun konplexuen segidako kate-begia dela; euskara hain baitugu ttipi, hain arbuiagarri mundu zabalean, ezen, honek sortzen digun tristura garbikeriarekin eta perfekzioarekin estali nahi ditugun. Tamalez, sarri, horrek guztiak hizkuntzaren bizitasuna iluntzen du, eta hizkuntza bihurtzen da matematikatik hurbilago dauden egitura sintaktikoetan, jariotasuna eta bat-batekotasuna darien egituretan baino. Gaur egun, perfekzioari ematen diogun garrantziaren isla da gure aitona-amona askok sentitzen dutena. Niri behinik behin sarri esan baitidate, "zuek bai euskeraz jakiñ", eurak sentitzen baitira alfabetatu gabekoak izanagatik, eta hedabideetatik jasotzen duten euskara perfektuagatik (artifiziala askotan), euskara kontutan inozo hutsak direla, altxor handiena beraiek gordetzen dutenean. Bestalde, Mikelek aipatu du, nola orain gutxi arte Euskaltzaindia joan den gure aurretik, eta badela ordua gu aitzinean jartzekoa. Halaxe da, orain gutxi arte gerta zitekeen euskal literaturarik eta orokorrean euskara idatzirik (hiztegiak, hedabideak...), ez zela, eta geroago izaten jarraitzeko eta hazteko borrokatzen ziharduela. Beno, iritsi da ba garaia geure “euskal jakintza? edo deitu geniezaiokeena” sobera finkatu dena, eta oraindik jaioberri bada ere abaila politaz koskortzen ari zaiguna. Alegia, honekin diodana, egun euskaldun alfabetatuak garela, hiztun jantziak, euskaraz egin dezakegula geure bizitza (iratzarri ametsetik!!), eta akaso heldu zaigula ordua erabakiak hartzekoa. Izan ere, hizkuntzaren akademia orok, hizkuntzaren atzetik joan beharko luke, hark lagatako arrastoak jaso, eta beti ere honi bidea argitzen, baina ez bidea diktatzen. Horrexegatik, gure Hernándezek aipatzen zuen bezala, hiztunei erreparatu gabe hartzen dituzte erabakiak, eta hori zinez absurdoa da. Izatez, hizkuntzak berak bere kabuz urratuaren urratuaz sortu eta galduko baititu aldaerak, eta horrexegatik Euskaltzaindia gurasoen egitera mugatu beharko litzateke: hizkuntza buru bako denean bide egokia erakutsi, eta unatuta dagoenean babesa eman, baina kementsu eta heldu denean loratzen utziaz, inondik ere. Eta ez gauero-gauero deituaz arau berriak ezartzen, eta kuleroak bere partez aukeratzen... Ez nazazue gaizki uler, ez naiz ari euskaltzainei erretiroa emateaz, ezta euren agintea mugatu beharraz. Baina hizkuntzaren bizi naturalaren aldarria egiten dut, eta honenbestean hiztunon autonomiarena. Izan ere, badirudi hiztunok solte uztean “h”-rik gabeko parrandak, edo hiztegi kiskalien dastatzeak egingo genituzkeela. Eta nik uste, biharamuneko ajeek etzi zuzenago ibiltzera eramango ligukete. Hor ikusten dut nik Euskaltzaindiaren beharra, hiztunek guztiz okerra den erabilera bat hedatzean. Beti alboan bidelagun, baina hizkuntzari joera naturala mozten, soilik beharrezko denean. Bueno, laburbilduz, nik sentitzen dudana da aspaldion euskara laborategitan aztertzen dugula, eta bai, aro modernootan hala egin beharra dagoela, baina jarioari, herritarrei, ere erreparatu behar zaiela, freskotasuna bultzatu, eta euskaldun berriek (eta euskara ezagun duten baina erabiltzen ez dutenek) ikus dezaten hizkuntza bizia dela, freskoa, zinderrakizukekekeketkek lako aditzez haratago... Baina askotan hau guztia gure esku dago, erabiltzaileon esku, eta izan gaitezen errebeldeago, kritikoago, beti ere euskararen mesedetan bada. Eta horrelaxe, Mikelek proposatzen digun letren-tankeaz, apur ditzagun arauak, eta idatz (eta hitz egin) dezagun egokitasunaren barruan, baina bizien eta naturalen den eran. Eta gu gara gakoa, gure esku baita euskararen bizia, baina askotan, askatasunari diogun beldurrak men egitera garamatza, bidean nortasuna galdu behar badugu ere.

Dani Irigoien
Dani Irigoien dio:
2008/10/27 02:56

Demagun 15, 25 eta 40 urteko hiru euskaldun alfabetatu elkartzen ditugula euskararen inguruko galdera sorta bati erantzuteko. Hirurek hutsik egin gabe eskolan ikasitakoa zintzo erantzungo balute, ez lituzkete erantzun berak emango.

Euskaldun labealdi bakoitzak euskara idatzirako arau diferenteak ikasi ditu, nahiz eta guztiak "batuaz" ikasitakoak izan. Froga gisa, etxeko txoko batean ditut eskolan generabiltzan "Zipristin" eder haiek.

Jende askok uste du Euskaltzaindiak arauak nahi ahala aldatzen dituela, baina ez da egia: Akademia erabakiak hartzeko laaaasaaai eta maaaantso aritzen da lanean, eta erabakiaren berri ematen denean inork gutxik ulertzen du zergatik aukeratu den forma bat eta ez bestea. Gogoan ditut oraindik "ingurugiroa" eta "etorri bait da" idazten genuen garai haiek.

Mikel Hernández Abaitua
Mikel Hernández Abaitua dio:
2008/10/14 16:34

Tiradera berba ez zait zatarra iruditzen, eta artikuluan esaten nuen bezala, sinonimo-murrizketaren kontrako idazkia ere bada idatzi dudana, eta ez diot "tiradera" berba idazteari uko egiten, eta pertsonaia zuberotar baten edo bizkaitar baten ahotan ipini nezake narrazio batean, baina horrek ez du eskubiderik ematen "kaxoi" debekatzeko. Hain zuzen ere, euskalki guztiak iruditzen zaizkit oso ederrak, eta nire artikuluan ikusten den bezala, beti saiatzen naiz bizkaierazko eta nafar-lapurterazko hitzak sartzen, nafarrerazkoak eta gipuzkerazkoak sartzen ditudan bezala. Zoritxarrez, zuberera irakurtzea eta entzutea oso gustatzen zaidan arren, ez zait hainbeste ateratzen idazten dudanean, baina zein euskalki melodikoa den: "Gisala Ligiko zübia laminik eginik tüzü". Ederra benetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44