Hiruzpalau galdera Debra Kang Dean-i
Antonio Casado da Rocha.- Jatorri hawaiiarra eta japoniarra dituen idazle iparramerikarra zara. Zer nolako harremana duzu japoniar olerkigintzarekin?
Debra Kang Dean.- Bashō oso garrantzitsua da niretzat, bere lanaren espiritualtasun sakona dela eta hala nola bere helburu estetikoagatik, hots, hizkuntz xehetasunaren bidez hizkuntza arrunta eta eguneroko bizipenak eremu poetikora eramatea. Idazleoi, gure lanbidea ikasteaz gain, olerkiak sortzeaz gain, poesiako diziplinaren bidez gure nortasuna eraiki behar dugula ere gogorarazten digu Bashōk. Lanbideari ekiten baldin badiogu soilik, nolabait esateko eskuen zereginera mugatzen baldin bagara, adimena edo bihotza alde batera uzten ari gara, olerkiaren benetako iturria hain zuzen ere.
ACR—Precipitates, zure azken liburuan, japoniako renkuaren zenbait teknika erabiltzen dituzu. Zergatik?
DKD—Liburu osoa egituratzen duen Patchwork of Selvage atalarekin hasi nintzen, 1999ko urtarrilean, saiakuntzan. Eremu berriak arakatu nahi nituen; nire lehenengo liburua itxuratzen zuten haurtzaroko olerki autobiografikoak idatzi ordez, orainaldian mugitzea nahi nuen, eta hartu nuen aurrenetako erabaki bat singularreko lehenengo pertsona ez erabiltzea izan zen. Saiakera honetarako baliabide naturala iruditu zitzaidan renkua.
Patchwork of Selvage-k, renku izpirituaren eragina jaso du letrarena bainoago, zeina oso arau zuhurrez gobernatua den, nahiz eta nik ohiko metrika erabili izan dudan nire bertsoak osatzeko; ingelesez idazten duten egungo olerkariek egiten ez dutena, arrazoi osoz. Bertsoz osatutako egunerokoa den heinean, nire olerkiak sasoien zikloari segitzen dio, renkuak modu estilizatuago batez egiten duen bezala. Renkuaren gakoa, nire ustetan, eszena edo eta irudi baten bidez aurreko estrofari eta, aldi berean, hurrengoari aipu egiten dioten estrofak sortzean datza; helburua, beraz, ez da estrofa paregabeak idaztea, euren arteko harremana bizkorra izatea baizik. Garapen narratiboak suspertu baino, teknika honek renkuaren “hedaketa” bitxia ahalbideratzen du, Patchwork of Selvage-n oso nabaria dena.
ACR—. Zer irizten diezu haikuak eskaintzen dituen bideei? Gogokoren bat ba al duzu?
DKD—. Haikuak ingelesez aritzeko eskaintzen digunari buruz nahiko eszeptikoa izan naiz denbora askoz, kultur eta hizkuntz ezberdintasunengatik. Amerika herrialde handia eta gaztea da. Denborarekin gutxi aldatu diren eta entzuleria zabala izan dezaketen leku historiko edo literario bakan batzuk baino ez daude —hasteko Walden aintzira baino ez zait bururatzen— eta ongi garatutako sasoi hiztegirik ere ez dugu. Oinarritzat hartu dezakegun urteko sasoien hiztegirik gabe, irtenbide bakarra naturarekiko sentsibilitate fin bat bilakatzea da, eta helbide aldaketa dezenteren pairatzaile edo emaitza naizenez, haiku on bat idazteko beharrezkoa den ingurugiroekiko ezagutza falta zaidala aitortu behar dut.
Nire haiku gogoetako bat, Precipitates-en gainidazki gisa agertarazi nuena da:
Even in Kyoto—
hearing the cuckoo’s cry—
I long for Kyoto. Bashō
(Robert Hass)
Kyoton nagoela ere
—kukuaren kantua entzutean—
Kyotoren herrimina. Bashō
(ZPH)
Bashōren haikuaren itzulpen honek niregan suspertzen duen sentipena bene-benetakoa da, hein batean bere ekonomia anana fruituan oinarritzen zen Hawaien hezi nintzelako ni, hamazortzi urterekin alde egin nuen eta orain, noski, Hawai asko aldatu da, turismoaren menpean baitago. Hass-en bertsioa hainbeste gustatu izanaren beste arrazoi bat, sasoien igarotzeari buruzko aipamen batzuk ernaraztean datza, bai literarioak bai literalak. Kyoton ere egon naiz eta bere iraganaren mamua sumatu dut orainaldian.
Bashō and His Interpreters: Selected Hokku with Commentary liburuan, Makoto Ueda-k honela itzultzen du haikua:
Even in Kyoto
I long for Kyoto—
a hototogisu Bashō
(Makoto Ueda)
Kyoton ere
Kyotoren herrimina—
hototogisu bat Bashō
(ZPH)
Hototogisu kukuaren japoniar izen onomatopeikoa da; itzulpen hau jatorrizkoaren sintaxiari datxekio estu-estu eta ezberdintasunak kitzigarriak dira. Hass-en itzulpenean sentimendua ernatzen duena ni-aren kanpoko zer edo zer da, iraganeko eta egungo Kyotoren arteko aldea azpimarratzen delarik. Uedak itzulitako haikua Hass-ena amaitzen den lekuan hasten dela dirudi; sentipena da nagusi orain eta ondoren hototogisua agertzen da; kukuaren kantuari esker Kyoto biak bakar batean urtzen dira behin-behinekoz. Bederatzigarren mendeko Sosei monje budistak bizi eta olerki batean ezarri zuena ikusteko, sentitzeko eta jasateko aukera ematen digu, Bashōri eta guri, haiku honek. Sentipen honen bidez bat egiten dugu berarekin eta bi mundutan batera bizitzea posible egiten zaigula esan genezake; eta naturak eskainia denez, aldaketen menpe dagoenez, bizipen honi alde egiten utzi behar diogu aldi berean.
(Debra Kang Dean-i buruzko informazio gehiago, hemen)