Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Haur eta Gazte Literatura helduei azalduta (2): Baina zer gertatzen da (HGLko) euskal sortzaileekin?

Haur eta Gazte Literatura helduei azalduta (2): Baina zer gertatzen da (HGLko) euskal sortzaileekin?

Manu Lopez Gaseni 2010/03/25 12:29
Haur eta gazte literaturari buruz Volgako Batelariak-en argitaratzen ari den kolaborazioaren bigarren emanaldiarekin datorkigu Manu Lopez Gaseni idazle eta unibertsitate-irakaslea. On egin!

umea 2

 

Haur eta Gazte Literaturaz plaza honetan bertan idatzi nuen aurreko lanaren arrakasta inkontestablearen aurrean, kemenez deliberatu naiz bigarren emanaldia idaztera, beti ere Uste Apala barne lankidearen laguntzarekin.

Gaurkoan idazleen jardueraren azterketan jarriko dut foku nagusia, nahiz eta, aurrekoan esan nuen legez, tarteka beste eragile batzuez mintzatu beharko dudan ezinbestean.

Urtean 400 bat liburu argitaratzen omen dira euskal HGLren eremuan. Horietatik bi heren euskaratutako obrak dira; beraz, jatorriz euskaraz idatzitakoak 100 liburu inguru dira urtean, berrargitalpenak kontuan hartu gabe.

Lehenengo galdera da (bide batez, Joan Mari Torrealdaik ia urtero egiten duen galdera), 400 liburu horiek asko dira? Beharrezkoak dira hainbeste liburu? Bai eta ezezkoan nago, hurrenez hurren. Eguneko liburu bat baino gehiago, jasangaitza da hori edozein haurrentzat. Argitaletxeen arteko konkurrentzian bilatu beharko litzateke horren azalpena, diru-laguntza publikoen eragin inflazionista ahaztu gabe.

Baina jo dezagun, une batez, beharrezkoak direla. Zergatik gure idazleak ez dira gauza produkzio horren zati handiago bati aurre egiteko? Sistema gaztea eta ahula delako gurea (aurreko lana irakurri ez zutenentzat). Bestela esanda, errepertorioen gabezia handiak ditugulako. Eta, 400 liburu horiek beharrezkoak balira, gabeziarik handienak lehen irakurleentzako liburuetan eta gazte literaturan topatuko genituzke nagusiki, bi arlo horietan egiten direlako itzulpen gehien.

Lehen irakurleentzako liburuen arazoa ezaguna da: albumak garestiak dira eta ez dira errentagarriak, horretarako gutxieneko masa kritikora iristen ez garelako (orduan, zergatik argitaratzen da hainbeste?, berritzen dit galdera ene Uste Apalak). Hala ere, ez dakit azpiegitura arazoa den soilik, ala sortzaileekin ere zerikusirik ez ote duen.

Gazte literaturari dagokionez, berriz, ez dago aitzakiarik: gure sortzaileen kopurua, edo maila, edo auskalo zer, ez da nahikoa merkatuak bere buruari ezarri dion erritmoari aurre egiteko.

Gure sortzaileak albumen eta gazte literaturaren arteko tarte horretako haur literaturan aritzen dira gehien, eta idazle batzuk gai izan dira errepertorio berriak sortzeko eta are obra batzuk esportatzeko (jakina da zein diren haur literaturako idazle itzulienak: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Patxi Zubizarreta eta Juan Kruz Igerabide); beste idazle (gutxi) batzuk oso maila duinean aritzen dira; baina zoritxarrez beste askok errepertorio zaharrak berritzen dihardute behin eta berriro, “etengabe liburu bera idazten duen” idazlearena hitzez hitz hartu balute legez. Errealismoaren eta fantasiaren arteko joan etorri etengabean, garbi dago euskal haur literaturak errealismo kritiko otzan batean ainguratuta jarraitzen duela, beste literatura batzuetan fantasia berriro nagusitzen ari dela ohartu gabe. Gurean, onenean, baloreei eta zehar lerroei lotutako lan gehiegi egiten dira, eta oraindik beste garai bateko errealismo / kostunbrismora obra lerratzen dira. Gure idazleek fantasia-klabean pentsatu nahi dutenean, ordea, mitologia gogaikarrira jotzen dute behin eta berriro. Eta den-dena argitaratzen da.

Alde horretatik, kalitatearen eta kopuruaren arteko balorazioa eginez, esango nuke, paradoxikoa bada ere, gehiegi argitaratzen dela. Badirudi ekologiaren sena oraindik ez dela iritsi argitaldarien eremura. Zenbat paper alferrik botata! Nire Uste Apalak xuxurlatu dit Itun handi bat, New Deal berriago bat egin beharko litzatekeela haur eta gazte literatura jasangarriaren alde. Horretan, eragile guztiek hartu beharko lukete parte. Idazleek gutxiago idatziz, argitaldariek gutxiago argitaratuz, idazleen elkarteek libururik gabeko idazleak onartuz, eta abar. Baina ez dakit hori nahikoa ote litzatekeen. Ekimen berritzaileagoak beharko liratekeelakoan nago. Ea:

-Haur literatura idazteari uzteko bekak sortu beharko lirateke, haur literatura idatzi beharrik gabe idazleei bizimodu duina ziurtatzeko. Aitortu behar dut ideia hau ez dela guztiz berria; benetako aitzindaria, jakina denez, Jaka Beka izan zen; baina saialdi herabea izan zen hura: ez ziren ausartu dirua ematera ezer ez idaztearen truke, eta beste edozein idazlan eskatzen zuten (adibidez, Eta handik gutxira gaur, Beñat Dardo, Aulki jokoa… liburuek haur literatura gisa ez dute gauza handirik balio, baina gainontzean ondo daude).

-Kazetarien laguntzaz, “Zein da zure libururik txarrena?” argazki-erreportaje kanpaina. Elkarrizketatutako idazle bakoitzak bere libururik txarrena seinalatu, ahalik eta ale gehien bildu, eta argazki batean agertu behar du edukiontzi urdinera botatzen dituela.

-“Bihurtu zaitez ipuin kontalari (bertsolari…)” kanpaina. Papera aurrezteko beste ekimen interesgarri bat izango litzateke. Jardueraz aldatzeko prest leudekeen idazleek prestakuntza ikastaroak jasoko lituzkete doan (Uned-en?, Larrabetzun?).

-Berriz ere argitaletxeen laguntzaz, “Ez dut gehiago idatziko, eta zer?” obratxoa argitaratu eta doan zabaldu beharko litzateke (nork idatzi?).

-Guztiarekin ere idazten jarraitu nahi luketen idazleekin erregistro bat egin beharko litzateke (Torrealdai, priez pour nous), idazle bakoitzak urtean gehienez ere liburu bakarra argitaratzen duela ziurtatzeko (eta ez, orain bezala, urtero dozena erdi bat; baina nola da posible).

Hau guztia borondatezkoa izango litzateke, noski, merkatu askeko ekonomia batean bizi gara eta. Baina begira zenbat abantaila: argitaletxeek titulu gutxiago argitaratu baina bakoitzetik ale gehiago salduko lukete. Haurrek kalitate hobeko irakurgaiak izango lituzkete. Liburutegietako arduradunen arindu ederra hartuko lukete. Irakasleen liburu gutxiago irakurri beharko lukete. Eta kritikoek… baina hori beste baterako utziko dut, dagoeneko nazkatuta nago eta baldintzazko era gogaikarri horretan idazteaz.

(Datorren emanaldia: “Critic? What critic?”)

etiketak: Testuak
mikel ayerbe
mikel ayerbe dio:
2010/04/09 16:08

Bigarren artikulu honek aurrekoaren arrakasta inkontestable bera izan ez dezan, eta sortzaileen aldeko hutsuneak bilatzen jarraituz, nik neuk album ilustratuen azpigenero edo korronte batetaz gogoeta egin edo galdetu nahi nuke: izan ere, zer gertatzen da ilustratzaile eta aldi berean idazle ere badiren sortzaileekin euskal literaturan?

Jakin badakigu, euskal HGL-ren eremu sistematizatuan genero edo azpigenero batzuk ez dutela egun leku nahikorik (antzerkia, poesia eta abar) baina lekua dutenen artean ere, album ilustratuak errentagarriak ez izanik eta masa kritiko nahikorik izan gabe ere, "zergatik argitaratzen dira hainbeste?" galdetzen du Uste Apalak artikuluan. Itzulpenak izan ziren hasieran azpigenero hau bultzatzeko aitzakia baina egun, euskal liburu albumen sorkuntza asko ugaritu da eta horren lekuko dira, besteak beste, Etxepare edo Peru Abarka Sariak edo zenbait ko-edizio duin. Gainera, apurka-apurka argitaletxe gehienak liburu albumaren balioaz jabetu direla ere esango nuke eta bote-prontoan, berriki Txalapartak edo Igelak atera dituzten hainbat album datozkit gogora, Ttarttalo edo Pamiela-Kalandrakakoekin batera...

Eta hala ere, gure sisteman ilustratzaileek estilo, oihartzun eta ahots propioa lortu dutela baderitzot ere (Ilustrazioaren Euskadi sari berria ere aipatu lezake norbaitek horren adierazgarri gisa, nahiz eta hau beste kontu bat izan), faltan botatzen ditut ilustrazio-marrazkilaria eta testu-idazlea sortzaile beraren eskuetatik ateratzen diren liburuak. Izan dira ahalegin batzuk, (Euskaraz: Dei Gaztelumendi eta bere "Borobiltxo ilargiaren bila" soilik datorkit burura; Gazteleraz: Asun Balzolaren zenbait lan edo Mikel Valverderen "Paula en Nueva York", zeina ez baiten euskarara itzuli ere egin...)

Izan ere, album ilustratuen inguruan ari garela, ilustratzaile-sortzaileak bestelako ikuspuspuntu bat eman baidiezaioke liburu albumari eta muga-mugako lanak eskaini, bai irudiez soilik eta testurik gabeko lanak sortzeko (Jörg Müllerren "El soldadito de plomo" edo Shaun Tanen "Emigrantes" itzelak gogoan, zeinak mutuak diren eta zorionez, euskal irakurleak bereganatzeko zailtasunik ez duten eta bereganatu egin beharko lituzkeen), zein testua eta irudein arteko batasunaren aldetik, baita HGL edo helduen arteko mugak lausotzeko ere, interesgarria litzatekeela deritzot, nahiz eta urtero liburu gehiegi egon, urtean gisa honetako pare bat liburu aterako balira, edo beka edo sariak ematerakoan kontua hau ere aintzat hartuko balitz.

Agian tonto xamarra naiz, edo inuzenteegia, baina eskatzea libre den neurrian...

mikel ayerbe
mikel ayerbe dio:
2010/04/14 12:05

Xabierrek arrazoi du, noski, baina Manu Lopezen artikulua eta Iban Zalduaren Berriako Hirudia ataleko honako hauek irakurrita ( http://paperekoa.berria.info/kultura/2010-03-21/042/006/LITERATURA._Hirudia._Neurriak_hartzeko_ordua.htm ; eta gure eremura gehiago gerturatuz, http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-04-11/042/009/Gazte_literaturaren_aurka.htm eta ) badirudi gabezia nagusietako bat produzkioaren ugaritasunean datzala... Eta hori, zorionez edo zoritxarrez, gure literatur sistemaren normalkuntzaren adierazle dela esango nuke, beste sistemetan bezala, merkatua ari baita nagusitzen arlo guztietan (edo aspaldi nagusitu zen eta oraindik ez dugu onartu nahi)...

Horregatik da ezinbestekoa, nire ustez ere, haur eta gazte literaturaz baina bereziki haur literaturaz ari garela, irakurleak (eta ez hiztunak) lortzeko bitartekaritza lan egokiak egitea, eta horretarako, irakasleei eta gurasoei aurrenik, baina baita bibliotekariei, idazleei, kritikariei zein literatur zaleei ere laguntzea, hala nola, ekimen desberdinak aurrera ateraz eta babesa zein zabalkundea emanaz. Eta ez naiz liburuaren eguna gainean dugula egiten diren ekitaldi puntualez ari, baizik eta bestelako lanketa eta eskaintza bat duten ekimenez baizik (adibidez, gertuagotik ezagutzen ditudalako, Galtzagorrik antolatzen dituen Bularretik Mintzora edo Irakurketa Mintegia zein Irakasleentzako jardunaldiak datozkit burura, besteak beste. Baina ekimen hauek ere ezagutarazi eta bultzaten ez badira, nahiko lan, ikusita HGLz noizean behin hortik zehar antolatzen diren hitzaldi eta jardunaldi interesgasrriek zein oihartzun izaten duten).

Manu
Manu dio:
2010/04/14 13:58

Argitalpen inflazioa problema bat da, berez, areago ikusita argitaratutako liburu asko eta asko ez direla salmenta maila minimo batera iristen; baina akaso horretan ere, mugiezinen krisian gertatu den bezala, merkatua autoerregulatu egingo da. Baina horren ondoriozko bigarren arazoa hauxe da: haurrak ez ezik gurasoak eta irakasle asko ere galdu egiten direla hainbeste libururen artean, eta azkenean nagusitzen direnak ez dira liburu onenak, saltzaile onenak baizik. Hori ez gertatzeko, Mikelek aipatu bezala, bitartekariak serio formatu behar dira, eta horretarako dauden bideak ezagutarazi.

Xabier Etxaniz
Xabier Etxaniz dio:
2010/04/12 18:23

Egia da Mikelek dioen bezala eskatzea librea dela, baina egia da ere, nire ustez gure literatura merkatuak ez duela ahalbidetzen euskaraz bakarrik argitaraturiko albumik. Egia da ere gero eta album gehiago argitaratzen direla, baina nik esango nuke ia guztia itzulpena dela (eta horietako gehiena nahiko duina). Etxepare sarian datorren urtean ez da ziurtatzen beste hizkuntzetan ateratzea (ikus argitaraturiko oinarriak) eta jakin nahi nuke Peru Abarka sarien salmenta. Gaur egun horrelako liburu bat ateratzeko 3.000 aletik gora egin behar dira, eta zoritxarrez gure merkatua gero eta makalagoa da (horra hor hurrengo baterako gonbitea, nork saltzen du zerbait euskaraz?? Nik ezagutzen ditut argitalpen zenbaiten datuak eta negargarriak dira -haur nahiz helduen liburuetan, literatura nahiz saiakeran-); eta hemendik aurrera -jaurlaritzaren diru laguntzen aldaketa dela eta- are ahulagoa izango da (lehengo 300 ale haiek ez direlako salduko kasu gehienetan). Euskaraz irudiz osaturiko liburu zoragarriak argitaratu dira (Zatoz, txantxangorria, zatoz -Ttarttalo, 2005- dugu horietako bat) baina, azkenean, deskatalogatu egin behar izan dituzte. Eta kanpoko argitaletxeek apusturen bat egin dutenean atzera egin dute nahiko epe laburrean (Ibaizabal, S.M., Alfaguara, Kalandraka soilik zegoenean,...). Gure literaturak eskolaren menpekotasun handiegia du, eta eskoletan irudi liburuak oso politak izango dira... baina nola ez duten balio hizkuntza ikasteko edo irakasleek ez dituzten ezagutzen/ez dakiten nola irakurri, ba ez dira erabiltzen, ez dira erosten. Irudi liburua izan da haur literaturak literaturari egin dion ekarpenik garrantzitsuena, baina zoritxarrez horrek aurrera egiteko bi baldintza behar dira, lehena irakurleak (irakasleak, gurasoak, liburutegietako arduradunak,...eta horien ondorioz haurrak), eta bigarrena -gure kasuan- sortzaileak, azken arlo honetan aurrerapusuak egiten ari gara baina oraindik nahiko poliki eta beti kanpokoen menpe (koedizioak onartu behar argitaratu ahal izateko). Nik eskatzekotan irakurleak eskatuko nituzke, literatura maite duten irakurleak, literaturaz gozatu nahi dutenak. Eta aukeran izan daitezela irakasleak edo/eta gurasoak, horiexek baititutzte gure literaturaren atearen giltzak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44