Haur eta Gazte Literatura helduei azalduta
Haur batek ere badaki zer den Haur eta Gazte Literatura (HGL, aurrerantzean); hala ere, helduen artean behar bezala ulertzen ez den kontzeptu bat delakoan, eta nahasmendu orokor horretan argia emateko, testu argigarri hau idazteko deliberoa hartu dut. Ez ordea oso hurbileko dudan adixkide zahar baten laguntza estimaezinik gabe. Adixkide horrek, ez dakit ezagutuko duzuen, Uste Apala du izena, neure-neurea dut eta, xehetasun gehiago ematekotan, Bernardo Atxagaren Mintzoa eta Setatsua anaien senide urruna dela esan beharko nuke.
Ibilbide berri bati ekingo diot lan honen bidez, lotsa apur batez ekin ere; izan ere, nire Uste Apalak abisatu bezala, hasteko ataka honetan lankide berrien begirada paternalista nabaritzen dut garondoan itsatsita “hara, berria, haur literaturaz arduratuta, gizajoa” esanez bezala.
Baina noizbait hasi behar eta, noan harira. Azalpen hau egiteko egitura ezagun samar bat erabiliko dut, hain zuzen ere Polisistemen Teoriak duela hogei bat urte proposatua, “Literatura-sistema” kontzeptuarekin batera. Teoria horrek azterketa-eskema bat baliatu zuen, Roman Jakobson estrukturalistaren komunikazioaren eskeman oinarrituta. Horren arabera, gure kasuan, euskal HGLren sistemaren osagaiak errepasatuko ditut, hau da: ekoizleak, produktua, kontsumitzaileak, merkatua, errepertorioa eta instituzioa. Honetan nire Uste Apalak bere burua bitan banatua duela esaten dit (eta nik neurea hirutan banatua sentitzen dut); izan ere, alde batera, ez nuke esan beharko gai horren inguruko lan bat egina dudala jada, baina, bestetik, Xabier Etxaniz lankidearekin batera egin nuela aitortu beharko nuke. Tira, nire Uste Apalak ere bere kontraesanak izaten ditu.
Arestian aipatutako osagaiak ez dira kategoria itxiak, ordea, eta beste osagai batzuekin ezartzen dituzten dialektiketan ulertzen dira bete-betean, laster ikusiko dugun legez.
Aztertuko dudan lehen osagaia, esan bezala, ekoizleak dira. Errepertorioa landuz produktuak ekoizten dituena da ekoizlea, eta horretarako trebezia aitortzen zaio aldez aurretik. HGLko ekoizleak idazleak zein ilustratzaileak badira ere, hemen idazleei bakarrik erreparatuko diet, eta irudigileei buruz beste batean mintzatuko naiz.
HGL bakarrik sortzen duten ekoizleak oso gutxi dira, eta kasik ostruka baten behatzez konta litezke. Gehien-gehienak, beraz, HGLrekin batera “izenlagunik gabeko” edo “letra larrizko” literatura ere ekoizten dute (oso interesgarria izango litzateke literatura horri letra larriak kendu eta izenlagunak jartzen hastea, baina hori ere beste baterako utzi beharko). Batzuetan bere kabuz ekoizten dute HGL, eta beste batzuetan merkatuaren eraginez, hau da, argitaletxeek bultzaturik. Horietako askoren artean modan jartzen ari da esatea “azken literatura lana idatzi eta gero haur literaturako lantxo bat idatzi dut atseden hartzeko”, hainbeste non euskal HGL euskal idazle izerditsuen balneario erraldoia bihurtzen ari baita. Beraz, horrelako jarrerarekin, errepertorio berriak sortzeko duten ahalmena oso mugatua da.
Generoari dagokionez, beste HGL sistemetan baino askoz ere emakumezko gutxiago dago gurean eta hori, arlo honetan, sinetsidazue, normaltasunaren seinale da. Joera sexualen aldetik, berriz, heteroak bezala homoak ditugu, eta horretan ere homologazioaren bidetik goaz, jakina.
Euskal HGLren hurrengo osagaia produktua da. Even-Zohar-en arabera, sistema (kultura) bateko errepertorioko elementu bat praktikan jarria da produktua, objektu fisiko zein semiotiko gisa. Gurean, produktuak bi ezaugarri nagusi ditu: bi herenetik gora kanpotik hartua da, itzulitakoa, bertako ekoizleen ahalmen urriaren adierazgarri; eta nagusiki narratiboa da: ipuintxoak, ipuinak, istorioak, pasadizoak, nobelatxoak; beste generoak anekdotikoak dira (poesia pixkanaka indarra hartzen ari den arren).
Alderdi kuantitatiboari erreparatuta, nire Uste Apalak xuxurlatu dit asko argitaratzen dela, eta nik erantzun diot alderdi kualitatiboaren aldetik, berriz, kalitatea oso eskasa dela: urtero argitaratzen diren lan onak Homer Simpsonen eskuko hatzekin konta litezke, eta beste inon argitaratuko ez liratekeen liburuak plazaratzen dira.
Kontsumitzaileak errepertorioan era pasiboan eraginez produktu bukatu bat erabiltzen duten gizabanakoak dira. “Eragite” hori produktu jakin baten eta errepertorioaren ezagutzaren arteko harremanak ezartzea da. HGLn haurrak eta gazteak izaten dira kontsumitzaile horiek, baina ñabardura garrantzitsu batzuekin: nagusiki, gure euskal sisteman, eskola-erakundeko kide diren aldetik kontsumitzen dute, eta horri “merkatu bahitua” deitu ohi zaio (horregatik argitaratzen da hainbeste, oso merkatu goxoa delako: zabala eta ziurra); aurreko horren ondorio zuzen gisa, ia inoiz ez dira kontsumogaiak aukeratzen dituztenak, eta aukeratzailea “bitartekari” izenez ezagutzen dugu (irakaslea, gurasoa, bibliotekaria, liburu-dendaria...); aurrekoen ondorioz, errepertorioaren ezagutzarekin ezartzen dituzten harremanak oso bereziak dira, eta horiek “ariketa kañeroak” izenez ezagutzen ditugu; ezinbestean eskarmentu mugatuko irakurleak diren aldetik, ez dira gauza irakurrarazitakoaren aurrean sentitzen duten frustrazioa adierazteko, eta horri “irakurzaletasun falta” deitzen zaio; eta last but not least kontsumitzaileak instituzioaren alibia dira, baina hori geroago argituko dut.
Deskribatuko dudan hurrengo elementua merkatua da. Errepertorioaren gauzatzeak produzitu eta saltzeko lanean aritzen direnek osatzen dute. Beste ikuspegi batetik, ekoizleen eta hartzaileen arteko bitartekaria da merkatua, produktu jakin baten balizko arrakastaren bideratzailea. Beste hitz batzuetan esanda, argitaletxeek, banatzaileek eta liburu-dendek osatzen dute merkatua. Errealitate soziokulturalean, askotan merkatua eta instituzioa batera agertzen dira espazio berean; eta HGLren kasuan irakasleek merkatuko agente lana betetzen dute, baina zehazkiago hitz egingo dut horretaz instituzioari buruzko atalean.
Errepertorioa da testuen ekoizpena bideratzen duen arau eta elementuen multzoa. Jakobsonen kodearekin gertatzen den bezala, ekoizleek eta kontsumitzaileek errepertorioari buruzko ezagutza eta adostasun maila jakin bat partekatu behar dute. Sistema gazte eta/edo ahuletan errepertorioak oso mugatuak izaten dira, eta orduan, gure HGLren sisteman bezala, kanpoko errepertorioetara jotzen da bertakoa osatzeko, eta sistemak berak errazago onartzen ditu kanpotik datozen ereduak. Baina, kontuz, inportatutako errepertorioa arrotzegia bada, kontsumitzaileek errefusatua izateko arriskua dago. Gurean, literatura fantastikoaren alorreko errepertorioak falta dira, haurrentzat zein gazteentzat. Beste alde batetik, errepertorio batzuk kanonizatuta daude, eta beste batzuk bazterrekoak edo periferikoak dira. Nire Uste Apalak eta biok lehenago esan dugun bezala, euskal ekoizleek errepertorio berriak sortzeko duten ahalmena oso mugatua da, eta errepertorio berriren bat sortzen dutenean kanpoko errepertorioak imitatuz egiten dute.
Eta guztien arteko konplexuena izatearren azkenerako utzi dugun osagaia instituzioa da. Horretan azalarazten dira garbien sistemako eragileen arteko tirabirak. Izan ere, definizioz, kultura jakin bat kontrolatzen diharduten faktoreen multzoa da. Instituzioaren zereginak dira arauak eta ereduak (errepertorioak), ekoizleak eta merkatuko eragileak onartu edo baztertzea. Zehazkiago, instituzioaren barruan honako hauek aipa daitezke: gutxienez ekoizleen parte bat, edonolako kritikoak, argitaletxeak, aldizkariak, klubak, idazleen elkarteak, gobernu-taldeak (kultura sailak, akademiak, hezkuntza erakundeak), sariak, hedabideak eta beste. Bistan denez, instituzioa ez da zer homogeneoa eta, horregatik, instituzioaren gidaritza lortzeko botere-borrokak gertatzen dira. Instituzioak gainera, merkatuarekin konparatuta, epe luzera egiten du lan, eta literaturaren historiara zer pasatuko den edo oroimen kolektiboan zer geratuko den erabakitzeko ahalmena dauka.
Amaraun konplexu hori askatzen hasteko, argitu behar da, orain arte argi geratu ez bada behintzat, HGL literaturaren eta hezkuntzaren artean kokatzen den jarduera periferikoa dela. Alde horretatik, instituziotik jasotzen duen arreta oso txikia da (literatura-itzulpengintzak jasotzen duenaren parekoa, konparazio baterako). Esaterako, Euskaltzaindiak lehiaketatxo bat antolatzen du urtero BBKrekin batera, gazteen lan onenak saritzeko; gauza bera egiten du Hezkuntza Sailak. Baina ez dakit zeregin hori noraino lotua dagoen HGLrekin. Unibertsitatean duela hamarkada gutxi batzuk sartu da, Magisterio Eskolen bidez (atzeko atetik, beraz), eta gaur egun ikerketa gutxi batzuk egin dira HGL gai hartuta. Hedabideek txokotxo bat eskaintzen diote HGLri, eta baita orrialde oso bat ere Gabonetan edo Haur Liburuaren Egunean (horrek esan nahi du literatura horretara dedikatzen diren kritikoak ere badaudela, ETren atzamarrekin konta daitezkeenak, ebaki-itsatsiak egitetik bizi direnak barne).
(Eusko Jaurlaritzako) Kultura Sailak hasieratik sartu zuen HGL Euskadi Sarien barruan, eta hori lorpen handi bat izan zen sektorearentzat, baina kontzeptua gaizki ulertuta edo, oraindik Gazte Txartelaren jabe izateko adinean dauden epaimahaikideak izendatzea bideratzen du; historia ezaguna da: hasiera batean Kultura Saila mahai “orekatuak” antolatzen saiatu zen, lurraldetasuna zela, genero-berdintasuna zela, baina azken urteotan elkarteen eskuetan utzi du kideak izendatzeko lana, eta haiek, demokraziaren izenean edo, ia-ia zozketaz izendatzen ditu lehiaketa eta sariketa guztietako epaimahaikideak.
Eta HGLko obrak baloratzeko orduan (horixe baita instituzioaren zereginetako bat, esan bezala: garai bakoitzean sistemaren erdigunean dauden errepertorioak seinalatzea), kritikoak eta adituak oro ados jartzen ez direnean, ditxosozko galdera egiten dute: “Baina, haurrek ulertuko dute?” edo “Umeei gustatuko zaie?”. Horri deitzen diot nik haurrak alibi gisa hartzea. Helduen literaturan halakorik?: “Nire koinatak ulertuko luke liburu hau?”. Afizionatuak (hau nire Uste Apalaren ekarpena da).
Eskola-erakundea, bestalde, antza denez jabetuta dago HGLren garrantziaz, baina baliabideak falta ditu. Zeintzuk dira haur eta gazteek derrigorrezko eskolatzean zehar irakurri beharko lituzketen obrak? Eskola-erakundeak ez dauka garbi, eta, oro har, irakurtzearekin nahikoa dela uste dute. Horregatik, argitaletxeren bat datorkienean idazleren baten bisita dohainik eskaintzera liburu-erosketa jakin baten truke, bada, onartu egiten dute, kasurik onenean liburuaren kalitateari erreparatu gabe (txarrenean, liburua irakurri gabe ere). Eta ikasle gaixoek, idazleen bisitez kopetaraino, edozer irensten dute. Nire Uste Apalak esaten dit kontrako bidea entseiatu beharko litzatekeela: idazleak erakutsi beharrean, ezkutatu egin beharko liratekeela, erakargarriago bihurtzeko, eta J.D. Salinger edo Benno von Archimboldi jarri dizkit adibide gisa.
Haur batek ere badaki HGL zer den, baina heldu gehienek ez, antza, eta auzia zertxobait argitzeko idatzi ditut lerrook. Orokortasunaren ikuspegi bat besterik ez da. Datozen artikuluetan zehazkiago mintzatuko naiz idazle, obra eta bestez. Hori, ordurako lan berri honetatik bota ez banaute.