Hamasei aholku Erasmus literatura idazteko
(Badaezpadako nota benea: ondo dakigu darabilgun izendapenak, gehienetan tamalez, ez duela zer ikustekorik ondoko irudiko Rotterdameko Erasmo pentsalari ernazentistarekin, baizik eta -susmatzen dugu- garai aurrebolognar hauetan Europako atzerriko unibertsitateetan ikasi ahal izateko mugikortasun-programa ezagunarekin. Edonola ere, “Erasmus literaturaz” baino gehiagotan, “Erasmus belaunaldiaz” hitz egin dute, zuzenean zein zeharka, Pako Aristi, Xabier Mendiguren edo Beñat Sarasola bezalako egileek, besteak beste; dena dela, guk gehiago ikusten dugu joera gisa, belaunaldi kontu bezala baino, eta horregatik nahiago dugu “Erasmus literaturaz” hitz egitea, nahiz eta, begien bistako arrazoiengatik, tendentzia hori errotuagoa dagoen adin-tarte jakin batzuetan…).
Baina goazen, behingoz, Erasmus literatura hori idazteko gure gomendioen sorta aletzera:
Hamasei aholku Erasmus literatura idazteko
1. Eser zaitez zure idazmahaiaren aurrean. Piztu ordenagailua, egon une batez pentsatzen testu prozesatzailearen distira zuri-urdinxkari begira. Hau inportantea da: Erasmus literatura idazteko ezin da bide tradizionalik erabili, hots, utikan idazteko makinak eta, are gehiago, arkatzak, boligrafoak eta lumak. Ordenagailua eramangarria baldin bada, are hobeto.
2. Eraiki amodiozko istorio bat, ahalik eta apasionatuena: gakoa pasioa da, pasioa gainezka, borborka, gori-goria; pasio horrek ordainik ez badu, are hobeto.
3. Istorioak ez du zertan autobiografikoa izan behar, baina, ahal dela, irakurleak hala sinetsi edo, gutxienez, susmatu behar du. Zure autobiografia errealean halako zerbaitetarako oinarririk aurkituko ez bazenu –litekeena dena–, jo ezazu literatur autoritateek eskaintzen dituzten ereduetara: Alexandre Dumas jr.-en La Dame aux camélias, Barbara Cartlanden lan osoak, Jazmín aldizkaria, kulebroi venezuelarren ondare aberatsa... Seriotasun handienaz, ekin egokitzapen eta eguneratze lanei. Telefono mugikorrak, Facebook, HIESa, prozaca edo ibuprofenoa bezalako xehetasunak oso erabilgarriak izan daitezke, besteak beste, xede horretarako.
4. Lehenengo pertsona erabili, edo, askoz jota, bigarrena. Sekulan ez hirugarrena, orojakintza dezimononikoaren hondar nardagarri hori.
5. Koka ezazu atzerriko edozein lekutan, ahal dela mundu garatuko hiri handi samarren batetan. Istorioa berdin-berdin gerta zitekeen bost mila biztanletik gorako edozein euskal nukleotan, ados, baina egiguzu kasu. Hobe leku horretan egon baldin bazara inoiz, ikasten, lan egiten, oporretan gurasoekin edo are bizpahiru orduz autobus bitartezko bidaia antolatu batean. Baina hala ez balitz ere, ez larritu: zertarako daude Google eta Tagzania, eta telebistako kate geografiko guztiak, edozein udal liburutegitan topa ditzakezun gidaliburu turistikoak albo batera utzi gabe. Edozein modutan ere: saiatu zaitez ez galtzen inoiz, zure deskribapen eta hausnarketa metropolitanoetan, turistaren begirada turistikoa.
6. Oso inportantea: hiri hori ezin da inondik inora ere espainiarra izan. Frantsesa, ordea, bai, Lapurdi, Nafarroa Beherea edo Zuberoako idazlea ez bazara behintzat –Iparraldeko idazleek debekatuta daukate, edozein modutan ere, espainiar hiririk aukeratzea–. Kontuz ibili eta ez dezazula hauta jadanik “erabilita” dagoen hiri bat (New York, Paris, Berlin, Londres, Hanburgo, Stockholm, Manchester, Lisboa…); lasai, pila bat daude oraindik eskuragarri.
7. Ez aipatu gai politikorik. Baina, dena delakoagatik, gai politikoren bat sartzeko beharra baldin badaukazu, izan dadila zeharka eta ahalik eta modu naïf eta xaloenean. Edo, antzeko zerbait dena, ahalik eta poetikoenean, hots, ulergaitzenean. Sakontasun itxura emango diozu horrela zure ekarpenari, eta men egiten jarraituko puntu honetako helburu nagusiari.
8. Euskal Herriaren gaiaren aurrean, bi aukera dauzkazu, erabat kontrajarriak. Lehenengoa, kontuaz ezertxo ere ez esatea, hots, zure narratzaile autofikziozkoa –lehenengo edo bigarren pertsonan beti ere– guztiz neutroa egitea, izaki libre, kosmopolita eta unibertsal bat, nazionalismoa bidaiatzen sendatzen delako leloaren erakusgarri. Bigarrena, gaia guztiz presente egitea, irakurlea eta literatur laneko gainontzeko pertsonaiak akitzeraino; kasu horretan oso gomendagarriak dira familiako eta gerra zibileko kontuak, eta, esan gabe doa, ahalik eta xehetasun aurreindustrial eta landatar gehien biltzea, modu erromantikoenean noski –zure sendiak eskaini diezazukeen mota horretako informazioa mugatua bada, ez kezkatu, gogora ezazu hor daudela Euskalerriaren Yakintza eta Auspoa bildumako lan guztiak–. Lehenengo aukera egokia da arrakasta maila nazionalean eskuratzeko; bigarrena, liburuaren nazioarteko balizko hedapen bati begira. Edonola ere, lausotu edo saihestu beti egungo euskal gatazkaren gaia.
9. Sar ezazu homosexualen bat zure obran. Ausartzen bazara, endredatu ezazu berarekin narratzailea, ez luze, ez sakon, agian ezta sexualki ere, orrialde gutxi batzuetan zehar askoz jota –zure gurasoak eta izeba zaharrak pitin bat eskandalizatzeko moduan, ez gehiago–. Ez ezazu soberako lanik hartu horretarako dokumentatzeko: erabili itzazu LGTBen inguruko literatur, irrati eta telesail topiko ohikoenak (dela homosexual bakarti-tragikoaren packa, dela bizitza alegereko lumadun Abbazalearena).
10. Ez bazara homosexual batekin ausartzen, txerta ezazu pertsonaia bitxi bat, edo bat baino gehiago. Poeta bat, errebelde bat, –bizitzaren benetako zentzua ezagutzen duen– zoro bat, burua –ez gehiegi– galdutako agure edo atso sinpatikoren bat, animalia edo landareren bat –sinbolikoa baldin bada, hobeto–. Aipatu derrigorrezko pasioaren objektua ere bihur dezakezu pertsonaia arraro hori, horretara ipiniz gero –atsoa eta agurea baztertuta, noski–.
11. Behin zure obra amaituta –are Juan Beneten moduan dena paper-biribilki luze batean jarraian idatzi baduzu ere–, atomizatu ezazu, zatitu, nahastu pasarteak muserako karta-sorta baten naipeak balira bezala, joka ezazu postmoderno. Ausartagoa baldin bazara, zer demontre, uko egiozu nobela izendapenari eta bihur ezazu zure obra ipuin bilduma edo poema liburu. Xehadura-itxura areagotzeko, txertatu obran, inolako beldurrik gabe eta ausaz, aldez aurretik idatzi eta argitaratu dituzun zure zutabe, ipuin, poema eta BOPVrako –edo dena delakorako– itzulpenak.
12. Ondo astindu emaitza, azalean apar mehe bat agertu arte. Utzi geldirik une batez –baina ez dadila luzeegia izan: moda literarioari ez zaio aldatzen utzi behar–.
13. Ondoren, aurkeztu Igartza Sarira, eta, berriro ere, itxaron. Xabier Mendigurenek ezarritako profilaren kanon estetiko estuan sartu ez eta, ondorioz, irabaziko ez bazenu, edo aurkezteko adina gaindituz gero, jo zuzenean Elkarrera, eta hasi handik –berriz ere ezetza emango balizute– argitaletxeetan zeharreko beherakako espirala, Hiriaraino iritsi arte –bereziki zorigaiztoko baldin bazara–.
14. Behin argitaratuta, eta hirugarren puntuan esandakoari jarraituz, saia zaitez, ahalik eta bitarteko gehienak erabiliz, obra autobiografikoa edo kasik autobiografikoa dela sinestarazten, edo, gutxienez, guztiz fikziozkoa ez dela pentsa dezan irakurleak. Ez duzu gezur handirik esan beharko horretarako: nahikoa da, maiz, kazetarien galderei isiltasun esanguratsu batez erantzutearekin.
15. Izan adeitsu literatur kritikariekin. Ahal baduzu, emaiezu liburua eskura, ondo aukeratutako eskaintza-hitz batzuez hornituta, eta zure biotopoko produkturen batez (edo gehiagoz) lagunduta: gazta (oso) bat, ardo edo pattar botila bat, kaxa bat trufa, fruta azukreztatuen poltsa bat… Ez hitz egin gaizki, sekula ere, kritikarien lanaz (publikoki bederen): ez orokorrean, ez eta, are gutxiago, izen-abizenik aipatuz ere.
16. Azkenekoa, baina ez gutxienekoa: galdetzen badizute (eta galdetzen ez badizute, berdin), uka ezazu, aldez edo moldez, Erasmus belaunaldikoa zarenik, edo Erasmus literatura praktikatzen duzunik. Ez dezazula ahaztu izpiritu aske bat zarela, literaturaren zeru garbiyan.
Euskal literaturan, Iban (Pérez) laguna, ia ezer ez da erreala, edo dena da errealegia, fikzioaren fikzio bati dagokion bezala. Eta, bestalde -autofikzioa zerbait berritzailetzat aurkezten dutenen zoritxarrerako-, literatura guztia, hein handiagoan edo txikiagoan, da autobiografikoa, literatura izena merezi duen gehiena behintzat: guztia dator niatik, norberak baino konta ezin daitekeen horretatik; Jon Alonsok idatzita utzi zuen bezala, literaturaren justifikazio bakarretakoa da “garrantzizkoa den hori norberak bakarrik esan dezakeelako” uste arranditsua. Baina, bestalde, Javier Maríasek duela ez horrenbeste zioen bezala -eta hau ere egia dela uste dut, egia guztiak bezala erlatiboa-, “inoiz gertatu ez dena da zentzuz konta daitekeen bakarra, asmatu dena, irudikatu dena”. Beraz…
Aholkuei buruz, bi aukera dituzu: a) zintzoak direla sinestea, edo b) konpetentzia bide txarretik eramateko estrategiatzat jotzea -hala maitasunean nola (literatur) gerran dena baita zilegi, jakina den bezala-. b) hautatzekotan, edonola ere, eta kontuan hartuta aholkuen egileak ondo dakiela euskal literaturan zenbat gaizki-pentsatu dagoen, zalantzarako tartetxoa: agian aholkuak zintzoak dira, azken finean, egileak badakielako jendea, iruzurtiak direla iritzita, justu kontrako bidea hartzen saiatuko dela… Etab., etab.