Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gutxiengoaren txostena

Gutxiengoaren txostena

zaldua 2008/07/31 09:15
Izenburu bereko Philip K. Dick idazlearen ipuinaren irakurketak sortarazitako gogoetak Steven Spielbergen “Minority Report” filmaren inguruan, edo alderantziz.

Tarteka itzultzen naiz Philip K. Dick idazlearen obrara, J. L. Borges, J. Cortázar edo I. Calvinorenera bueltatzen naizen bezain sarri behintzat bai; inoizkari honen irakurleak badu mania horren berri. Aitzakia, oraingoan, gaztelaniaz argitaratzen ari diren haren ipuin guztien laugarren (eta azkenaurreko) liburuki potoloa da, Cuentos completos IV (Bartzelona: Minotauro, 2008, 476 orr.). Liburua saltoka irakurtzean (ipuinetako batzuk leituak nituen), “El informe de la minoría” izenburukoarekin egin dut topo: irakurria ez, baina, jakina, ezaguna nuen, hark eman ziolako abiapuntua Steven Spielbergek zuzendutako Minority Report pelikulari (Twentieth Century Fox, 2002), nire ustez Indiana Jones sagaren egileak azken urteotan filmatu duen onenetarikoa.

Filma atera eta gutxira ikusi nuenez, eta Dicken “Gutxiengoaren txostena” askoz ere geroago irakurri dudanez (lehenengoz 1956an argitaratu zen arren), lehenengoarekin hasiko naiz. Ikusi duenak gogoan izango duen bezala, zientzia-fikzioko thriller futurista bat da Minority Report: John Anderton polizia (Tom Cruise) Washington DC barrutiko Krimenaurreko (Pre-Crime) dibisioaren buruetako bat da, 2054. urtean. Denbora laburrean krimen bortitzak kasik zerora murriztu dituzte hiru mutante pre-cog erabiliz, hots, etorkizunaren zati bat ikusteko gaitasuna duten hiru gazte (drogazaleen seme-alabak direnak eta haien gurasoen adikzioaren ondorioz garatu dituztenak, kasualitatez, beren abildadeak). Pre-cogak gai dira etorkizuneko krimenak aurreikusteko, gehienez lauzpabost egunetako aurrerapenarekin, eta Krimenaurreko poliziek, ordenagailuen laguntzaz, denbora-tarte hori daukate pre-cogek eratzen dituzten irudiak prozesatzeko eta jakiteko non gertatuko den asesinatoa, lortzen dituzten datu ziur bakarrak biktimaren izena, hiltzailearena eta gertakariaren ordua baitira. Helburua, beraz, (aurre)kriminala hilketa egin aurretik harrapatzea da; Dicken ipuineko Andertonek esaten duen bezala, azken batean, “inolako legerik hautsi ez duten gizabanakoak atxilotzen ditugu… baina zalantzarik gabe hautsiko dutenak”. Sistema Estatu Batu guztietara zabaldu nahi da orain, eta hori dela eta Ed Witwer ikuskatzailea bidali dute Justizia sailetik (Colin Farrell), Andertonen lana gainbegiratzeko helburuarekin. Une horretan sortzen da krisia: hurrengo hiltzailea John Anderton polizia-buru bera izango dela aurreikusten dute pre-cogek, ezagutzen ez duen Leo Crow delako bat baten kontra egingo duela tiro alegia, eta Andertonek ihes egin beharko du, bere ekipo osoa atzetik duela, hura tranpa bat edo egia izango ote den jakiteko. Gakoa, jakina, “gutxiengoaren txostenean” aurkituko du Andertonek: kontua da ordenagailuek hiru pre-cogen aurreikuspenen sintesi bat osatzen dutela, baina haiek etorkizunaren segmentu ezberdinak ikusten dituztenez, etorkizun alternatiboak azter ditzaketela eta, izan ere, batzuetan ez datozela bat emaitzan: pre-cogetako batek krimena ez dela gertatuko ikus dezake, adibidez, baina beste biak ados badaude, txosten hori gutxiengoan geratu eta “alboratu” egiten da.

Filma, esan bezala, primerakoa iruditu zitzaidan lehenengo aldiz ikusi nuenean, eta iritzi berekoa naiz bigarrenez ikusi ondoren: teknikoki oso landua (atsegin dut argazkilaritza zuzendariak eman zion kolore hitsa), primerako efektu bereziekin (nola ez), thriller bezala akasgabea da (nobela poliziako onen osagarriak erabiltzen dakizki zuzendariak, ez zaio suspenserik falta), iradokitzen duen etorkizun hurbileko mundua sinesgarria da eta, gainera, atzean dagoen ideia (nola alda dezakeen gizarte bat krimenaren aurreikuspenaren aukerak) indartsua da oso: baina azken hori, zer esanik ez, Dicken ekarpena da, ez Spielbergena edo gidoigileena.

Harritu naute, ordea, jatorrizko ipuinaren eta pelikularen arteko zenbait desberdintasunek, hala sotil nola funtsezkoek, oinarrizko ideia berbera den arren: horietaz mintzatuko naiz artikulu labur honetan hain zuzen ere. Hasteko esan dezadan gaingiroki, eta iritzi orokorraren aurka, pelikula ipuina baino hobea iruditu zaidala: lotuagoa, aberatsagoa, ñabardura ugariagokoa. Normala da: alde batetik, Rafael Azconak behin baino gehiagotan aldarrikatu zuen bezala, ipuinak material literario hobeak izan ohi dira filmetarako, nobelak baino; nobela batek beti galduko du, gehiago edo gutxiago, film baten neurrira murrizterakoan, eta aukeran, hobe da nobela txar batetik abiatzea, pelikula dezente bat lortu nahi bada behintzat, maisulan batetik baino, zeinaren filmaketa porrota bihurtuko baita halabeharrez, konparaketen ordua helduta. Eta, bestetik, eta horrekin lotuta hain justu, onar dezagun: Philip K. Dick ez da goi mailako idazle bikain bat, hutsik egiten ez duen horietakoa. Are gehiago esango nuke: nahiko zabarra izatera hel zitekeen, hari solteak uzten zituen behin baino gehiagotan, eta bere estiloa (hori ezin du itzulpen onenak ere makilatu) nahiko zuzena eta lehorra zen, bihurgune handirik gabekoa. Eskuartean daukagun ipuinean bertan, esaterako, irakurleari eskainitako pre-cogen aurreikuspen-sistemaren deskribapena egiteko erabiltzen duen bidea (edo “gutxiengoaren txostenaren” kontua azaltzekoa) ez da batere sotila, gehiegi nabaritzen da tramoia: Spielbergek, ordea, askoz ere dotorezia handiagoarekin konpontzen du kontua, hobeto txertatzen du narrazio filmikoan. Andertonen eta bere emaztearen arteko gorabeherak ere sinesgaitz samarrak dira: ipuinean zerbait falta dela sumatzen du irakurleak, kontu hori guztiz garatu gabe utzi izan balu bezala. Ez, Dicken literaturaren indarra ez datza horretan, bere ipuinen eta eleberrien oinarrian egon ohi den ideia asaldagarrian baizik, batik bat 1950eko eta 1960ko hamarkadetan idatzi zituenetan (aitortu behar dut bere azken garaiko produkzioa, 70eko hamarkadakoa, zeinetan zientzia-fikzio teologikoa idazten hasi baitzen, gutxiago interesatzen zaidala). Eta asaldatzeko gaitasun horretan egiten dute talka, nire uste apalean, filmak eta ipuinak.

Bi lanen arteko desberdintasunak askoz ere gehiago dira, jakina. Ordenagailuek txartel zulatuekin funtzionatzen dute oraindik ipuinean (gogoan izan berrogeita hamarreko hamarkadan argitaratu zela, informatikaren historiaurrean beraz); pelikulan, ordea, ukimen-pantaila erabat futuristak dira nagusi (nahiz eta ziurrenik ez diren luzaroan “futuristak” izango, ez hainbeste behintzat). Anderton, protagonista nagusia, kasik agurea da ipuinean, eta Krimenaurreko dibisioaren sortzaile eta zuzendari nagusia; pelikulan Cruise gihartsua da Anderton, eta haren gainetik beste zuzendari bat kokatu dute gidoilariek, Lamar Burgess (Max Von Sydow), erretiroa erdi hartuta dagoena eta sistemaren benetako aita dena. Anderton banatuta dago filmean, Spielbergek horren gustuko duen familia-drama bat tarteko: sei urteko seme bakarra bahitu zioten biak igerileku publikoan zeudela, eta bikoteak ezin izan zuen galera gainditu; alabaina, ipuineko Andertonen eta bere emazte gazteagoaren arteko harreman ekibokoa (une batean traizio egin diola uste du Anderton paranoiko samarrak) ez du hainbeste garatzen Dickek, normala den bezala bestalde. Aurreikuspen-sistema perfektuagoa da ipuinean: ikerlariek badakite, astebete edo bi aste lehenago, ez bakarrik nortzuk diren biktima eta hiltzailea, baizik eta baita non eta noiz izango den zehazki gertakaria, eta atxiloketak, beraz, automatikoki egiten dira; pelikulan, ordea, suspensea areagotze aldera, margena eta datuak dezente murrizten dira, aipatu bezala.

Bestalde, gerra nuklear baten ondoren kokatzen da ipuina (garai hartako Dicken lan asko bezala: Gerra Hotzaren erdian zeuden), militarrek paper nahiko nabarmena dute, eta pre-cogak erradioaktibitateak eraldatutako mutanteak direla iradokitzen da; ordea, drogaren inguruko kontuak dira nagusi Minority Report filmean (Cruiseren pertsonaia atormentatuak diseinuzko drogetan aurkitzen du ihesbidea eta, esan bezala, engantxatutako gurasoen axolagabetasunaren ondorio dira mutazioak). Bide batez esanda, ipuineko pre-cogak deformeak eta atzeratuak dira, burmuinari konektatutako kablez inguratuta daude, aulki zurrunetara metalezko xaflez lotuta, eta lehenengo aldiz ikusten dituenean guztiz desatseginak iruditzen zaizkio Witwerri; pelikulan, ordea, mutanteak, bitxiak izan arren, nahiko gazte ederrak dira, eta etorkizuneko ikuspenak fotoi-esnezko piszina moduko batean jasotzen dituzte, nondik ez baitira irteten, lo egiten dutelarik etengabe: haien bizitza ez da samurra (gobernuarentzako lan egiten dute akuri gisa, azken batean, eta krimenak amesgaizto moduan aurrezagutzen dituzte…), baina ondo tratatzen dituzte, eta haien inguruan, gainera, nolabaiteko kultu edo erlijio bat sortzen ari da, hiritarren artean gero eta eragin handiagoa duena. Ipuinean, ordea, gobernuko sail bakoitzak (Ekonomiakoak, Hezkuntzakoak etab.) bere pre-cogak dituela ematen du (testuan aipatzen den bezala, bere “ziminoak”) eta, ondorioz, ez da inolako erlijiorik sortu Krimenaurreko sailekoen inguruan. Esan bezala, Poliziaren eta Armadaren arteko tirabiren kontua, Dickek nabarmen azpimarratzen duena ipuinean, desagertu da guztiz filmatutako bertsiotik. Eta zigorra jasotzen dutenak, bestalde, nolabaiteko loaldi batean murgiltzen dituzte filmean, eta biltegi hiperteknifikatu (eta nahiko “aseptiko”) batean sartzen dituzte; ipuinean “atxiloketa eremu” bat aipatzen da ostera, nazien kontzentrazio eremuak edo gulaga baino ezin zituena gogora ekarri 1950eko hamarkadaren testuinguruan.

Azkeneko desberdintasun hauek esanguratsuagoak iruditzen zaizkit, eta guztiak doaz norabide berean: fimeko etorkizuna gogorra izan daiteke, baina ez hainbeste, ez behintzat ipuinak marrazten digun panorama bezainbestekoa. Baina badago garrantzitsuagoa (eta behin betikoagoa) den alde bat filmaren eta ipuinaren artean: amaiera. Spielbergen pelikula (ezin bestela izan harena izanda) ondo amaitzen da: Anderton eta bere emazte ohia berriro elkartzen dira eta ume baten esperoan daude; pre-cogek makina huts izateari utzi eta bizitza berri eta askeago bati ekiten diote, zibilizaziotik urrun; eta, inportanteagoa dena, sistemak akatsak zituela frogatu denez (eta, ondorioz, errugabeak egon zitezkeela zigortuta), Krimenaurrea bertan behera utzi eta, esan gabe doa, ez da nazio osora zabaltzen. Akats ñimiñoren bat izan dezakeenaren susmoaren aurrean, Tom Cruisek (barkatu, Andertonek) ez du zalantzarik eta nahiago du sistema deuseztea: ikusleak lasai egin dezake arnas, Ongia nagusitu baita azkenean.

Ipuinaren amaiera, ordea, anbiguoagoa da, Dickengandik espero zitekeen bezala. Krimenaurreak izan dezakeen akatsen susmoaren aurrean, eta (filmean bezala) protagonistak bere etorkizuna aldatzeko aukera duen arren, pre-cogen aurreneko profezia gorabeheratsua betetzeko erabakia hartzen du protagonistak, sistema mantendu ahal izateko alegia, eta hil egiten du bere biktima: aurreikuspena betetzen denez, nahiz eta zigorra jaso (kasu honetan, erbestea kolonia estralurtar batera), Andertonek sistema ondo funtzionatzen duela uzten du frogatuta, eta haren iraupena ziurtatzen du. Irabazi al du Ongiak Dicken ipuinean? Ez dago jakiterik: egia da estatu-kolpe bat ekiditen dela horrela (militarrek sistema akasduna zela frogatu nahi zuten, poliziaren nagusigoa murrizteko eta prestigioaren zati bat berreskuratzeko, gerra nuklearraren ondoren galdu zutena), baina zalantza geratzen da airean. Ez al dago argi sistemak akatsak izan ditzakeela, Andertonen ibilaldiek erakutsi bezala? Ez al dira atxiloketa eremuak, azken batean, errugabez josita egongo? Zuzena izan al daiteke errugabetasun ustekizunean oinarritzen ez den zuzenbide sistema bat? (konta diezaiotela hori, bestalde, Guantanamoko atxilotuei... tira, izan ere, ez da horren urrun joan behar galdera hori planteatzeko...).

Nago ipuinak, bere giro eskematikoagoarekin, bere amaiera konplexuagoarekin, bere mezu ilunagoarekin, hobeto sortarazten dituela zalantza horiek, filmaren amaiera biribilagoak baino. Teknikoki eta artistikoki, esan bezala, pelikula ipuinaren gainetik egon arren. Edo horregatik hain zuzen ere. Ematen du liburua/filma alternatiba eskaintzen zaigun guztietan bataren ala bestearen alde egin behar dugula halabeharrez: kasu honetan ez nuke jakingo zein den erantzun zuzena. Ipuinaren irakurleari esango nioke pelikula ikusi beharko lukeela Dickek material horrekin zer egitera hel zitekeen suma dezan, denbora gehiago eta beltz ekipo zabal bat eduki izan balitu alegia (ez dezagun ahaztu garai hartan hori zela bere ogibidea: pulp aldizkarietarako idaztea zientzia-fikzioko ipuinak). Eta pelikularen ikusleari, ipuina irakurtzea ezinbestekoa lukeela jatorrizko egileak istorioari eman nahi zion zinezko zentzuaz jabetzeko. minoritydick cuentos
etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44