Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gerra amaitu da, Txomin Badiolaren argazki bat

Gerra amaitu da, Txomin Badiolaren argazki bat

Rikardo Arregi Diaz de Heredia 2010/11/18 11:34
Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak antolatzen duen Arterako Hitzak zikloan parte hartu zuen Rikardo Arregik 2010ko ekainaren 16an. Txomin Badiolaren argazki bat aukeratu zuen hitzaldirako, The war is over, La guerra ha terminado izenekoa. Hemen dituzue biak: argazkia eta hitzaldia.
Artium-Badiola
Txomin Badiola: The war is over. La guerra ha terminado. 1996. Artium. Juan Redón Bildumakoa. Klik egin argazkiaren gainean handiago ikusteko.

  

Gogoa bahituta

Artium Museoaren katalogoa etxean kontsultatzen ari nintzela, hitzaldi honetarako artelana aukeratzeko, nire arreta lortu zuen irudi txiki-txiki batek Txomin Badiola artistari eskainitako atalean. Ezaguna egin zitzaidan argazkia; nonbait, noizbait ikusia neukala pentsatu nuen berehala. Irakurri nuenean ondoan zeukan testua (izenburua eta beste zehaztapen batzuk: La guerra ha terminado, The war is over, 1996. Juan Redón-ek Artium Fundazioan gordailuan utzitakoa 2002an) oroitzapenak bata bestearen atzetik etorri zitzaizkidan arrapaladan: Juan Redón Bildumaren erakusketa hemen, Artiumen, ikusi nuen 2002an oso konpainia onean, oso ordu zoriontsuetan, oso modu alai eta axolagabean, barre eta besarkaden artean, argazki askotan geure buruak islaturik ikusten genituelarik. Gogoan dut zaindarietako batek isiltzeko eskatu zigula, formalago egoteko, argazkiak ez ukitzeko. Egun hartan argazki honek gogoa bahitu zidan. Hiru argazki gogokoenak aukeratu genituen lagunak eta biok jolas moduan. Txomin Badiolaren argazki hau hiruko zerrenda horretan zegoen. Orain, zortzi urte geroago, konprobatu dut nire gogoak bahituta segitzen duela.

Hasiera-hasieratik gorputzaren inguruan antolatu nahi nuen hitzaldi hau eta artelan asko ikusi nituen gai hori buruan nuelarik; guztiak gorputza, gizonezkoaren gorputza zehatzagoa izateko, zuten mintzagai (artea mintzatzen da, jakina). Gorputz perfektu eta adoratuak, gorputz desitxuratu eta nazkagarriak, gorputz gaixoak, gorputzaren errepresentazio gutxi gorabehera figuratiboak edo abstrakziorantz jotzen zutenak, argazkiak, eskulturak eta margolanak, baina ene gogo bahituak Txomin Badiolaren argazki honetara itzultzeko bultzatzen ninduen beti. Orain dela zortzi urte korapilatzen hasi zen isilean ordu honetara ekarri nauen patua; ordu zoro haiek bizi izan nituelako nago hemen orain.

 

Bost gorputz…

Bost gorputz dago argazki honetan. Eskuinaldean mutil betaurrekodunak beste bat janzten laguntzen du, edo eranzten. Erdi biluzik daude guztiak eta ezin da zehaztu arropa jartzen edo kentzen ari diren. Ezkerraldean beste bat ageri da eserita, bakarrik. Erdialdean beste bi, haietako bat ilunpetan, eta berriro batek zerbait egiten laguntzen dio besteari, zerbait lotzen ari da, zapatilak beharbada, kirol jarduetarako beharrezkoa den zerbait agian, beste zeregin erotikoago bat irudikatzea zilegia izan daiteke era berean. Kirola diot zeren kiroldegiren bateko aldagelan gaudela ematen baitu. Erotismoa aipatu dut zeren nire begiradarako argazki honetan osagai hori ezin baita baztertu. Eta badago oraindik beste gorputz bat, argazkiaren barruan dagoen argazkian agertzen dena: emakume bat, argazki honetan dagoen eta, aldi berean, ez dagoen emakume bakarra.

Gorputz arruntak dira, ez bereziki gihartsuak, ez bereziki itsusiak, ez bereziki perfektuak, ez bereziki makerrak edo gaizki eginak. Gazteak dira, bai, eta gaztetasun orori edertasuna, edertasunaren modu bat behintzat, dario ezinbestez, baina ez dakit esan daitekeen, besterik gabe, mutiko goapoak direla, ezta itsusiak direla ere, jakina. Badago beste oztopo bat mutil hauen edertasunaren afera horretan, hau da, mutil hauen edertasuna balioesteko orduan: ekialde urrunekoak dira, txinatarrak, japoniarrak, korearrak edo vietnamdarrak, edo jarri nahi duzuen herrikoak. Mendebaldeak eraiki duen edertasun paradigmetan nekez sartuko ziren, beraz. Gogora ekarri une batez zer dioen topikoak ekialde urruneko jendeari buruz, gizonei buruz zehazki: denak dira berdin-berdinak, zakil txikia dute, txikiak dira oro har, ez dira erakargarriak.

Horrek guztiak egiten ditu erreal gorputz hauek, errealak dira, benetakoak, ez gaude iragarki luxuzko baten aurrean. Arropaz aldatzen ari diren mutilak dira bakar-bakarrik. Baten betaurrekoek errepikatzen digute perfektutasun ezaren ideia, gertuen dugunaren galtzonziloak bezala. Betaurrekoek modelo zaharra dirudite, itsusiak direla esan daiteke lasai asko, eta denboran atzera eramaten gaituzte. Galtzontziloak zaharrak dira eta zabarrak, erabileraren erabileraz emanak daude. Ez da, ez, gizonentzako barruko arropa dotorea iragartzen duen argazki horietako bat, foto-shopak ez ditu formak handitu edo borobildu.

Gorputz errealak dira, sinesgarriak eta horregatik erakargarriak izatera iristen dira, nire ustez. Dena den, galtzontzilo zuri zaharretan dagoenaren ezkerreko hankak epinizio bat merezi duela pentsatzen dut,  eta epinizio bat ez bada, amodiozko poema bat agian edo ipuin erotiko bat; agian mutil betaurrekodunak horixe bera du buruan laguntza ematen dion bitartean, miresmen moduko bat antzeman ahal baita bere hazpegietan. Belauniko, bizkarra erakusten digunak azaltzen digu perfektutasun eza modurik garbienean: orban ubel bat ikusi ahal zaio bizkarreko eskuin aldean, goian, erredura moduko bat.

... eta beste bat 

Argazki barruan dagoen argazkian beste gorputz bat dago guztiz bestelakoa: emakume bat da, jantzita dago, eta konposizioa formalagoa da, ofizialagoa. The war is over, gerra amaitu da, idatzita dago goiko aldean. Bakearen errepresentazio sinboliko eta tradizionala ikusi ahal dugu hor: uso zuriak, jakina, baina baita ere, edo batez ere, emakumea. Badakigu gizonezkoek gerrak egiten dituztela eta emakumeek ez, edo hori kontatu digu beti topikoak behintzat, edo historiak.

Kontrastea bortitza da: gerra amaitu dela irakurtzen badugu ere, berehala antzematen da gerra benetan ez dela amaitu, edo kartelak esaten duen bezala, bai, gerra amaitu dela, gerra ofiziala amaitu dela, baina gorputz errealetan gerra ez dela inolaz ere amaitu; emakumearen aurpegi alaiari, irribarreari, beso zabalei mutilen keinu serio eta malenkoniatsuek egiten diete aurre; uso zuriei mutilak inguratzen dituzten arropa eta altzariek: plastiko urdin eta gorrizko aulki arrunta, jantziak eta egurrezko eserlekuak; argazki ofizialaren zuri-beltz ustez artistikoagoaren aurrean argazkiaren kolore erreal eta gordinak ditugu, haragiaren koloreak. Propaganda ofizialak gerra amaitu dela aldarrikatzen duen bitartean gorputz errealek oihukatzen digute gerra ez dela amaitu, are gehiago, gerra ez dela inoiz amaituko.

  

Amaitu al da gerra?

Galdetu ahal dugu orduan zein den bukatu den gerra hori, zergatik dagoen ingelesez esaldia pertsonaia guztiak, emakumea barne, ekialde urrunekoak badira. Garaileek jartzen dituzte kartelak, garaileek hizkuntza. Korea eta Vietnam gogora ekarri ahal ditugu baina nik uste dut, historiari begi azkar bat botatzea nahikoa izango litzateke, amaitu den gerra hori ez dela gerra zehatz bat, ez dela gerra historiko bat ondorioztatzeko, urte jakin batean hasi eta handik urte batzuetara bukatu zena. Karteleko gerra hori gerra guztiak dira, baina ez da gerra abstraktu bat ere, ez da gerraren ideia platonikoa. Gerra horrek markak utzi ditu jendearen gorputzetan, mutilen gorputzetan, soldaduen gorputzetan: haietako baten bizkarrean orban ubel bat utzi du, erredura modukoa, argi eta garbi. Goiko kartelean amaitu den gerrak irauten du baten bizkarrean. Goiko kartelean amaitu den gerrak irauten du besteen keinuetan, jarreretan. Kirola gerraren sublimazio bezala ikusi dute batzuek. Interpretazio horrek zentzu osoa du hemen. Eserita dagoena lehiaketaren batean garaitua izan dela pentsa daiteke ahalegin handirik egin gabe, begirada tristeena berak baitauka; zutik galtzontzilotan dagoenaren begirada, aldiz, garailearena izan daiteke. Baina zerbaitek iradokitzen dit guztiak direla garaituak edo, agian hobe, guztiak daudela, guztiok gaudela amaitzerik ez duen gerra batera kondenaturik.

Esaldia ingelesez dagoela esan dut lehen eta orain beste xehetasun bati buruz hitz egin nahi nuke: eskuinaldean dagoen aulki urdin eta gorriaren gainean jantzi zuri bat dago; egurrezko kutxaren gainean dauden esekitokietako jantziek, zuriak, gorriak eta urdinak izateaz gain, izarrak dituzte marrazturik. Estatu Batuetako ikur nazionalak datozkit gogora aulkia eta jantziak ikusten ditudanean. Juan Luis Brea-k antzerakoa pentsatuko zuen argazki hau lehen aldiz ikusi zuenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, 1997ko udaberrian, erakusketa horretarako idatzi zuen testuan, katalogoan, Hiroshima aipatzen baitu. José Luis Brearentzat orban ubel horrek, erredura modukoak, gogorarazten digu mutilaren arbasoen jasandako sugar ankerra. Horrela itzultzen gara lehen egin dudan galdera, nire ustez, zentzugabe horretara: zein den amaitu den gerra hori. Iradokizun bat, besterik ez, izan daiteke Hiroshimarena. Nik segitzen dut pentsatzen Txomin Badiolak ez digula gerra zehatz bati buruz hitz egiten argazki honetan.

 

Argazki gehiago

Bi argazki gehiago oraindik argazki honetan. Bakea aldarrikatzen duen argazki horretan, eskuinaldean, behean, bi argazki txiki itsatsita daude: batean gizon baten aurpegia, mutil hauen laguna izan zitekeena, gerran hil zen soldadu bat edo, zergatik ez,  kirolari ospetsu bat, eredu bat kasu guztietan, oroigarria merezi duen norbait beti; handixeago den bigarren argazkian beste gizon bat, cowboy bat izan daitekeena, orduan beste ikur iparramerikarra izango genuke  hemen. Edonola ere, esan bezala, bi argazkiak propaganda ofizialeren gainean daude jarrita; ezin dugu estali propaganda ofiziala, zigortuko gintuzkete bestela, baina euskarri moduan erabiltzen da geure mito eta oroigarriak jartzeko, botereak jarri duenari beste erabilera bat aurkitu diote mutilek.

Kiroldegi baten aldagela dela hau esan dut lehen, baina agian gehiago zehaztu beharko nuke, ezen zilegizkoa iruditzen baitzait galdetzea non dagoen kokatuta kiroldegi hori. Kuartel batean gaudela esan daiteke, azken finean gerraren presentzia nabaria da, edo kartzela batean, garaituen gainean garaipenaren oroitzapen derrigorrezkoa argazki horretan islaturik.

 

Gorputza guda-lekua da

Gerra amaitu da, baina gorputzetan ez da gerra amaitu, ez da inoiz amaituko. Gerra handia amaitu da orbanak, malenkonia eta antsietatea utzi ondoren, baina gerra txikiak, gorputzetan gertatzen direnak, hor daude.

Michel Foucault-ekin hasi eta Judith Butler-ekin bukatu ez den tradizioan errepikatuko dut hemen esaldi ospetsua: gorputza guda-lekua da, zure gorputza guda-lekua da, gu guztion gorputzak guda-lekuak dira. Gauza ez da bakarrik gorputzak bidaltzen dituztela gerra egitera, hiltzera edo beste gorputz batzuk hitzera; gure garaietan, teknologiak gerra ia-ia jolas birtual bihurtu denean ere, hiltzen dira gorputzak gerretan, ez soldaduarenak bakarrik, jakina, zibilen gorputzak, errugabe izendatzen ditugun gorputz horiek ere hiltzen dira. Batez ere horiek hiltzen dira. Arazoa da gure gorputza bihurtu dela gerra lekua, gerra gorputzean daramagula. Gerra amaitu da baina mikrogerrek irauten dute gorputzetan.

Txikitatik aginteak patuak marrazten ditu gure gorputzetan; modu zuzenean edo zeharka aginteak bere egin nahi ditu gure gorputzak, laudorioaren bitartez edo irainaren bitartez. Gure gorputzak ez dira beti gureak, beti gaude gure gorputzak erreskatatzen, gure gorputzak gureak direla aldarrikatzen, gure gorputzen alde borrokatzen.

 

Ni nire gorputza naiz

Argitu beharko nuke, puntu honetara iritsita, niretzat gorputza dela dena, garen guztia. Gorputza gara eta ez besterik. Ez dut sinesten arima edo izpiritu edo den delakoetan. Ni nire gorputza naiz, gorputzaren bidez munduaren berri dut, besteen berri, beste gorputzen berri. Gorputza, jakina, ez da azala, ez da bakarrik begi bistan dagoena. Gibela, hesteak, zelulak, enzimak, molekulak, neuronen arteko konexio sistema, sodio eta potasioa, gorputz osoa zeharkatzen dituzten bulkada elektrikoak, gernua eta geneak, den-dena da gorputza, Gorputzaren bidez irakurtzen dut edo argazki hau ikusten, gorputzaren bidez sentitzen dut argazki honek eragiten didan zirrara, gorputzaren bidez pentsatzen dut argazki honek sortzen dizkidan ideiak, gorputzaren bidez saiatzen naiz hori guztia besteei, zuei, azaltzen. Adimena, emozioak, oroimena, desirak eta gorrotoak, den-dena da gorputza.

Gorputzak abegikorrak dira beti. Gorputzak ez dira inoiz arriskutsuak, edo bai, oso arriskutsuak izan daitezke. Horregatik botere politikoak mesfidatiak dira gorputzekiko. Arima edo izpiritua dugula esaten digute gure gorputzak hobeto kontrolatu ahal izateko. Ez kezkatu gorputzekin, esaten digute, zure arima edo izpiritua hilezkorra da, lasai joan zaitezte gerrara, zuen gorputzak hilko dira baina ez zuek. Arima edo izpiritua dutenak arriskutsuak dira zalantzarik gabe. Paradisua aginduko digute, edo herriaren memoria. edo klasearen esker on betierekoa.

Gorputzak sufritzen du. Gorputza gaixotzen da. Gerrak markak uzten dizkio larruazalean, baita barne-barnean ere. Gorputzak min egiten du baina aurre egiten dio minari. Gorputza jakintsua da.

Botere politikoak, politika hitza zentzurik zabalenean harturik, asko daki gure gorputzez, badaki gure gorputzak erabiltzen.

Batzuek gorputzarekiko gorroto eta mesprezua landu izan dute, gure gorputzetan iltzatzen digute gorputzarekiko gorrotoa. Erlijioak maisu handienak dira lan horretan, erlijioentzako gorputzak arimaren ontziak direlako soilik, bitarteko behin-behinekoa.

Gure gizarte modernoetan medikuntzak hartu ohi du lehen erlijioek zeukaten papera gorputzaren gaineko kontrola ezartzeko, orain medikuntzak kontrolatu nahi dizkigu gorputzak. Botere politikoek ez dute erlijiorik behar, erlijio berri bat dutelako, medikuntzak aldarrikatzen duen osasunaren erlijioa. Botere politiko eta ekonomikoak gorputz osasuntsuak behar ditu lanerako, gorputz ondo definituak behar ditu rolak banatzeko. Botere politikoak osasuna erabiltzen du gure gorputzak hizkuntza performatiboen bidez sailkatzeko. Ume jaio berriari berehala esaten zaio: zu mutila zara, zu neska zara. Eta gero: herrena zara, miope zara, lodi, txiki, zuri, hori kolorekoa… Gure gorputzak definitzen dituzte, mugatzen, gorputzen gainean kontrola ezarri eta mantentzeko.

Erlijioek gorputzarekiko azaltzen duten gorrotoaren ifrentzua da gure gizarte modernoetan gorputzari buruz dagoen pentsamendua, corporación dermoéstetica pentsamendua izendatuko dudana hemen, gorputza kontsumorako gauzakia bihurtu duena. Kapitalismoak ez du orain lanerako gorputz egokiak bakarrik behar, orain gorputzaren kanpoko aldeak ere garrantzia du: ezarritako parametro estetiko zehatz batzuen arabera epaitzen dira gorputz guztiak. Gorputzak osasuntsu behar du izan, gehiago irauteko batez ere, denbora gehiago lanean egoteko. Ez da kasualitatea lan bizitza luzatzearen alde dagoen diskurtsoa, erretiroa hartzeko unea atzeratzearena. Guk geuk barneratu dugu diskurtso hori: hirurogeita bost urte dut eta oso ondo nago, osasuntsu, bizitzaren une eder batean, nire gorputzak oraindik balio du, lanerako balio du.

 

Gorputzak egindako kritika

Gorputzak munduaren kritika egiten du. Esaldia ez da nirea, Octavio Paz-ena baizik. Argazkia ikustean ezin egokiagoa iruditu zitzaidan. Mutil hauen gorputzek mundu ofizialaren kritika egiten dute, bake ofizial horrena,  gerra ez dela amaitu esaten digute behin eta berriro. Anatomia politikoaren garaia da gurea. Gorputza munduaren kritika egitean errebelatzen da edo egia ofizial horren aldamenean beste mundu bat, beste egia bat antolatzen du, egiaren alde epiko bat eraikitzen du. The war is over esaten duen kartelaren aurrean ikusten dugun eszena horrek badu epikotasun moduko bat, epikotasun berri bat, jakinduria moduko bat alegia. Lehen egia gezurra da, bigarren egia benetakoa. Ziur aski pertsonaia hauek ez dira herioak, hemen islatzen den unea ez da une heroiko bat, baina ezin da ukatu epikotasun bat badela hemen, bizirik atera direnen epikotasuna, nire ustez.

Bakearen argazkiak (emakume eta usoena) modu, manera (hitzaren zentzurik artistikoan) bigun, estereotipatu eta sinbolikoa duen bitartean (besoak zabalik duen emakume irribarretsua, uso zuriak hegan), mutilen eszenak manera gogor, berri eta erreala du, aberatsagoa da beraz, benetakoagoa. Bakearen argazkian mugimendua uso zuri sinboloko horietan dagoen bitartean, mutilen eszenan jakaren mahuka arruntean dago mugimendua, errealitatean dago. Gorputzek bakearen kritika egiten dute, bakea gezurtatzen dute. Argazki ofizialaren emakumeak txorimalo ematen du, trapu zaharrez eta egur ustelduez eginiko panpina bat, mutilak hezur-haragizkoak dira, janzten edo erazten dira, gauza arruntak egiten dituzte.

 

Argazkiaren testuingurua

Esperientzia bat laburbiltzen du argazki honek, esperientzia oso bat, ez du laguntzarik behar, mundu osoa kontzentratzen du. Baina lehen aldiz erakutsi zenean argazki hau ez zegoen bakarrik, instalazio baten zatia zen. Instalazioan beste hiru argazki zeuden, pertsonaia berberekin, leku berberean; jarrerak, baina, desberdinak dira.

Instalazioa honela aurkeztu zen: gela bateko hormetako batean bi argazki zeuden eta aurrez aurre, beste paretan, beste bi; bi hormen artean, lurrean, argazki honetan ikusten den egurrezko eserleku hori bezalako bi tramankulu soka batez lotuta. Instalazio osoak du izen bera: The war is over. Argazkiek ez dute orden jakin bat, ez doaz bata bestearen atzetik, ez dago lehenengorik ezta azkenik ere, ez dute istorio bat osatzen edo kontatzen. Ikuslearen begietan dago argazkiak ikusteko orduan zein izango den ordena erabakitzea. Ez dira narrazio bat, Txomin Badiolaren hitzetan, zatiak dira soil-soilik, inora ez daramaten zatiak. Baina zati desordenatu hauek narratibotasun berezi bat erakusten dute.

Beste hiru argazki horiek hemen deskribatzeko erabiliko dudan ordena erakusketa horretarako argitaratu zen katalogotik atera dut, bertan paratu zen orden beretik.

Katalogoan agertzen den lehendabiziko argazkian pertsonaia guztiak jantzita daude, gure argazkian ikusten ditugun jantzi berberekin, eserita daude, eta guztiek, bat izan ezik (bizkarra ematen dio argazki ofizialari baina ez dio ikusleari begiratzen zuzenean ere) hormako argazki ofizialari begiratzen diote.

Bigarrena hemen dugunaren antzerakoa da, zutik daude pertsonaiak eta elkarri laguntzen diote jantziak eta zapatilak janzten edo erazten. Batek bakarrik begiratzen dio argazki ofizialari.

Hirugarrena hemen duguna da, Inork ez dio begiratzen argazki ofizialari.

Laugarrenean guztiak eserita daude, batzuk jantzita, beste batzuk galtzontzilotan, inork ez dio argazki ofizialari begiratzen. Bakoitza bere pentsamenduetan bilduta dagoela ematen du.

Lau argazkien arteko desberdintasunak hiru parametroren inguruan antolatu ahal ditugu: jarrera, zutik ala eserita; arropa, jantziago edo biluziago; eta argazki ofizialarekiko begirada edo arreta.

Lau argazkiak ikustean argiago dugu gerra ofizialaren amaieraren eta beti iraungo duen mikrogerraren arteko amildegia sakona bezain zabala dela. Argazki honetan hain garbi agertzen zaigun gerraren amaiera horri buruzko ezaxolagabetasuna ez da berezkoa pertsonaientzat, ez da kasuala, ondoko argazkietan hausnarketaren bat egon dela atzeman baitaiteke oso erraz. Ondoriozta dezakegu ezarri den bake hori gezurrezko bakea dela pertsonaien bizitzetan eta, ziur naiz orain, argazki ofizialaren gainean itsatsirik agertzen den aurpegi gizonezko hori pertsonaia hauen lagun hildako batena da, zeren pertsonaia hauek bizirik ateratakoak baitira, bizirik irauten baitute, eta bizirik irautea mingarria da, baita epikoa ere. Gerra ofizialetik bizirik atera dira eta orain gezurrezko bakean bizirik iraun behar dute, minduta, gorputza markaturik. Lagun hildakoaren argazkia begi-bistan dute eta gorputzetan marrazturik. Lau argazkiak batera ikusteak ezin garbiago uzten digu pertsonaia hauek eszpetikoak direla, sinesgabeak, narrazio ofizialarekiko mesfidati dira.

 

Bizirik irautea

Malenkonia aipatzen du José Luis Break katalogoko testuan eta gogoratzen badugu Luis Cernuda-rentzat (ziur aski André Gide-k irakatsia) malenkonia ez dela grina edo pasio galdua baino (la melancolía no es sino un fervor perdido) esperientzia oso bat irudikatu ahal dugu argazki honetan. Agian tokatu zitzaien mutil hauei, gorputz hauei, gerra horretan parte hartzea. Agian pozik joan ziren gerra horretara auskalo zer defendatzera: herri bat, bizimodu bat, ideologia bat, jainko bat, edozein gauza. Baina gerran bizi izan zutenak sinesgabe egin ditu, mesfidati, ez lirateke gerrara itzuliko, aurre egin behar baitiete orain mikrogerrei, aginteek gorputzetan diseinatuko dituzten kontrol mikropolitkoei.

Zer gelditzen zaie, orduan, mutil hauei? Lagunaren argazkia, kirola, elkarrekiko laguntza eta zerbitzua. Elkarri zaintzea da gelditzen zaiena. Zerbitzu hitza erabili dut nahita. Badakit harrigarria izan daitekeela, ez oso erosoa. Elkartasuna eta laguntza bezalako hitzak errazagoak dira irensteko, baita zaintzea edo elkarri kontu egitea ere. Zerbitzu hitzak, aldiz, umilazioa dakarrela dirudi, baina nahiago dut hitz hori gai bagara umilaziotik haratago begiak altxatzeko. Zer gelditzen zaie mutil hauei? Umilazio benetakoa kartelean dagoen esaldi hori da, ez lagunaren zapatilak lotzea. Bestearen gorputza ez da jadanik bestearena, etsai bezala pentsatzen dugu beste hori, letra larriz eta izuz idazten dugun Beste hori, ez bada lagunarena, kidearena, kamaradarena. Ez da bestearen gorputza, maila berekoaren gorputza baizik. Eta kideak direlako, berdinak, maila berekoak, gorputzek ez diote elkarri beldurrik ematen, arin ukitzen diote elkarri, elkarri zerbitzatzen diote. Ukitze arinen jokoak, begiraden jokoak, beharbada hobe jolasak, dena egiten du posible. Gogoratu beharko nuke orain argazki-instalazio hau, The war is over, Txomin Badiolaren beste argazki-instalazio batzuekin aurkeztu zela Donostian eta erakusketa horren izenburu orokorra, hain zuzen, Bestearen Jokoa izan zela.

Gerratik bizirik atera ziren gorputz hauek, eguneroko gerra txikietan bizirik irauten duten gorputz hauek menderakaitzak dira, horrela irudikatzen ditut nik behintzat. Gerraren esperientziak jankintsu bihurtu ditu gorputz hauek. Ez dago bestearen beldurrik, ez dago bestearen aurrean lotsarik, begirada tristea ez da zertan ezkutatu behar, orban itsusia ez da zertan ezkutatu behar, perfektutasun eza ez da lotsagarria. Modaz pasatako betaurrekoak eta galtzontzilo zaharkituak onartzen ditugu gorputzen arteko elkarganatze desiratuetan. Bizirik iraun dute gorputz hauek ez dute denborarik galduko ergelkeria horietan. Pribatutasunaren kontzeptua, intimitatearena, guztiz desberdina da hemen, lagunen arteko gardentasuna gailentzen da hemen.

 

Narratibotasun moduko bat

Esan dut lehenago argazki multzo horrek, ezta argazki honek ere, ez dutela, ez duela istorio bat kontatzen, istorio itxi bat, hasiera eta bukaera duen istorio mila aldiz errepikatua, kasurik onenean narrazio zatiak direla. Inork ezin du ukatu, hala ere, narratibotasuna dariela guztiei. Bitxia izan daiteke beharbada norbaitentzat poemak batez ere idatzi dituen batek argazki baten aurrean narratibotasunaz hitz egitea eta ez, logikoagoa izango litzatekeena, lirikotasunaz.

Generoen arteko nahasketen garaian bizi arren, mantentzen dira oraindik ideia zaharkituak poesiaz, ahanzten delarik poesiaren hasierako garaietan ez zegoela desberdintasun esturik narratibotasunaren eta lirikotasunaren artean, poesia epikarekin hasi zela. Niri argazki honen narratibotasuna interesatzen zait, beste gauza askoren artean, jakina. Gainera, uste dut gure garaietan narratibotasuna informazioarekin, eta informazio horren komunikazioarekin, nahasten dela askotan. Hitz ederrak idatzi zituen katalogorako José Luis Break horri buruz.  Haren ustez narratibotasuna ez dago, edo ez du zertan egon behar, informazioaren kontatze hutsean edo istorio bat kontatze soilean, narratibotasunaren helburu nagusia esperientzia bat helaraztea da, eta iradokizunak proposatzea. Hitzak edo irudiak zabaltzen dira esperientzia bat igortzeko, eta ez hainbeste esperientzia bat komunikatzeko, beti ere irakurketa edo begirada desberdinei lekua egiten zaiela.

 

Bi ohar amaitzeko

Nik nire begirada eskaini dut hemen. Badakit nire gorputzak baldintzatu duela nire begirada hau, nire gorputzak bizi izan dituen une orok baldintzatu dituela nire begirada, nire narrazio hau. Ezin da bestela izan. Gizonezko gorputzak maite dituen gorputza da nirea, eta uste dut horrek begiratzeko modu berezia ematen didala. Ez dut baldintza hori oztopo bezala bizitzen, barregarria izango litzateke hori pentsatzea, ulertezina, absurdoa; aitzitik, uste dut ikuspuntu abantailatua dela nirea, leku hobeago batean nagoela gorputz hauek ikusteko momentuan. Gizarteak ezartzen duen erdigunetik kanpo nago, urrun, eta jakina da gauzak hobe ikusten direla kanpotik, ona dela urruntzea gauzak hobeto ikusi ahal izateko, hobeto dastatu ahal izateko.

Azken kontsiderazio bat bukatu baino lehen: pentsatzen dut (tentazioa eskerga da, ezin diot ihes egin) noizbait tokatuko zaigula guri ere hormetan ikustea horrelako kartel bat, “gerra amaitu da” esango duen kartel bat, edo gerra hitza handiegia bada (eta handiegia da, zalantzarik gabe) “gatazka” jarriko digute agian, “gatazka amaitu da” edo baikortasun orokorraren seinale moduan “bakea heldu da” idatziko dute propaganda ofizialetan. Ziur naiz gu guztiok gaudela propaganda ofizial horren zain, balizko une hartan ez zaigula axola izango propaganda den ala ez: pozik egongo gara eta pozik onartuko dugu. Dena den, komeni zaigu pentsatzen hastea bake hori argazki honetan agertu zaigun bakearen modukoa izango dela, bake guztiak horrelakoak baitira, azken finean. Noizbait iritsiko zaigun bake horretan gu argazki honetako pertsonaiak bezala egongo gara: gorputzetan sufrimenduak utzitako marka nabarmenak eta ikusezinak izango ditugu; gerrak, gatazkak, izuak edo den-delakoak iraungo duela gure gorputzetan urte asko eta asko, denborak ez duela ezer sendatuko berehala. Bizirik atera eta bizirik irauten dutenak izango gara.

Gorputz hauek hortaz ere hitz egiten didate.

 

H. Etxeberria
H. Etxeberria dio:
2010/11/19 12:16

Zoragarria. Mila esker, Ricardo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44