Fake Argitaletxing (edo Edizio lan automatikoak, guztion eskura)
Bai, ziurgabetasunik gorrienak bizi du gaurko argitalgintza; e-bookaren agerpena, eta honek literatur lanak eskuratzeko orduan ekar dezakeen aldaketa, nola bereganatu ezin asmatuz dabilela. Esanguratsua da Espainiako Edhasa etxeak 2010. urte hasierarako prestatu zuen zorion-txartel erreguzkoa (‘Andre Maria, Andre Maria, nire honetan gera nadila’ klasikora jota): “Virgencita, Virgencita, / nuestra señora lectora, / líbranos de todo mal, / haznos llegar a la hora / con el libro digital.” Euskal editoreak berdin-berdin dabiltza, azkenaldian haietako bat tratatu duenak baieztatu ahalko duenez; otoitz, modu diskretuagoan egiten duten arren, haien egoitzen sototako horma-hobi banatan ezkutuan gordetzen duten Blanca Urgell sailburuaren irudi aingerutar baten aurrean (bai, are Zarautzen ere).
Beldur nagusia egilearen eta irakurlegoaren arteko bitartekaritza ahultzean datza, baldin idazle bakoitzak bere idazkia doanik eskaini edo zuzenean saldu balezake. Gure kezkak, berriz, beste batzuk dira. Eta ahulune honi etekina ateratzeko parada ikusi eta ez diogu ihes egiten utzi nahi.
Argitaletxerik gabeko garai hura iristen denerako, eta trantsiziozko moduan behintzat, programa informatiko bat prestatzen ari gara Volgako Batelariok (all rights reserved) euskal idazle bakoitzak bere kasa e-book-lana plazara ahal dezan, argitaldariaren eragozpen bat ere gabe eta (XXI. mende hasierako euskal argitaletxeen) abantaila eta berme guztiekin.
Funtzionamendua
Idazleak aukeratu behar izango du e-liburua zein argitaletxeren bermearekin atera nahiko lukeen. Esaterako, “Elkar”. Oraindik izena ez duen gure programa informatikoak jatorrizkoa orraztu eta segundo gutxiren buruan Elkarrek argitaratu izan balu bezalako testua ekoiztuko du, irakurleei eskaini ahalko diena, “FAKE-ELKAR” iragarriko duen etiketa (edo tag) batekin. Landu dugun prototipoak emaitza ikaragarriak erakutsi dizkigu.
Aplikazio berri bat gehitzeko aukera aztertzen ari gara, zeinaren bitartez irakurleak edo jasotzaileak, egilearen hautu editorialari men egin gabe, fake-argitaletxeaz aldatu lezakeen, bere gustuen arabera. Merkatu-ikerketek diotenez, bada irakurle multzo garrantzitsua argitaletxe jakin bati edo batzuei fideltasun maila handia diena, eta aplikazio honek mesede egingo lieke haiei irakurgaien eremua zabaltzean, hala nola egileei ere irakurle mota gehiagorengana hurbildu ahalko bailirateke. Baina, esan bezala, arazo legalak egon daitezke (gure aholkulari juridikoekin aztertzen ari garenak) batez ere egileek beren lanaren gaineko jabego intelektualari eta oro har erabakitasun eskubideei dagokienez.
Adibideak
Gure egitasmoan interesatutakoek (batik bat babesle eta inbertsiozaleek) ideia argiagoa egin dezaten, fake-anitz-argitaratzaileak burutuko dituen barne-prozesuetarik batzuk aurreratuko ditugu jarraian:
Fake-Susa (narratiba)
- Jatorrizko testuko lehen kapitulu osoa ezabatu. Nobela ez balego kapituluetan zatituta, aurretiaz ekingo zion automatikoki kapitulu zatikatzeari, ondoren lehen kapitulu osoa desagerrarazi ahal izateko.
- Gainontzeko kapituluetako testua aleatorioki tokialdatu. Barne errepikapen batzuk sortuko lirateke (ala ez), nahasmenean irakurleak izan (ala ez) dezan batasun zentzuren bat.
- “-tasun” atzizkia automatikoki kendu (-“keria” atzizkia, berriz, bere horretan utziko da), adjektiboen nominalizazioa hobetsita. Adibidez, “egoeraren larritasuna > egoeraren larria”
- Izenlagunen %40 zuzenean desagertu.
- Gainontzeko izenlagunen %30 ondoko zerrendako batez ordezkatu: etsi, larri, latz, beltz, gorri, ezinezko.
Fake-Alberdania
- Jatorrizko izen arrunt guztiak selekzionatu eta egiaztatu hitz horietako bakoitza (argitaletxe bereko) Zehazki hiztegiko lehen adieran agertzen dela, alegia, inolaz ere ez dela beh kalifikazio daraman hitzetarik. Bigarren kasu (deitoragarri) horretan, aldaketa automatikoki burutuko zen. Adibidez, “kristala puskatu eta motxila autoko leihotik bota zuen” > “beirakia hautsi eta bizkar-zorroa ibilgailuaren leihotik jaurti zuen”.
- Jatorrizko aditz laguntzaile guztiak selekzionatu eta bermatu haietako %50 gutxienez iraganezkoak izatea, emaitza gaur egungo gizartean txertatutako hausnarketa historiko bat izateko aukerak ugaritu daitezen.
- Protagonista, obra gaur egun eta Euskal Herrian kokatuta balego (erraza da detektatzea), halabeharrez izango da ETAren atentatu baten zuzeneko edo zeharkako lekukoa, edo are biktima ere; jatorrizkoan halakorik ez balego FAKE-ALBERDANIAk propio sortuko duen pasarte edo ahapaldi batean alegia, eta kontuari buruzko sakontasun aldakorreko hausnarketa bat (ahalik eta politikoki zuzenena, sistemak aurrez eginak dituenetako bat) jarraituko dio, lehenago edo geroago, eszena horri.
- Obra Euskal Herrian bai baina azkeneko berrogeita hamar urtetako batean kokatuta ez balego (ez horren erraza detektatzea), egungo biolentzia politikoaren giroari erreferentzia alegorikoa (baina argia) egingo dio dena delako pasarte edo ahapaldi berriak.
- Euskal Herritik kanpo kokatuta badago, Paul Austerren nobela baten itxura emango dio, edo unean bertan modan egon daitekeen nazioarteko beste edozein midcult mailako literato batena.
Fake-Erein
-
Egia esan, ez dago Erein argitaletxekotzat har daitekeen liburu-tipo zehatzik, eta fake-argitarapen bide honetan aurrera egin nahi duenak, emaitzaren gaineko ziurgabetasunaren arriskua hartu beharko du, Aleatoriotasun Osoaren Erein Printzipioa aplikatuko baitio programak: haren arau bakarra FAKE-EREIN hautatu duen aurreko obrarekiko guztiz ezberdina izatea da, eta are kontraesankorra ere. Izan ere, berdin dio zein den sartutako liburuaren jatorrizko natura, kontua da Nobela Melankoliatsurik Melankoniatsuenari Thriller Umoristiko batek jarrai diezaiokeela, honi Nobela Historikorik Arruntenen Artean Arruntenak, honi Euskal Gauzaren Inguruko Liburukote Hermetikoenak, etab., etab. Oinarrian ez dirudi bereziki erakargarria idazleentzat, ados, baina arriskatzeak benetan merezi du: inoiz ez da jakiten noiz tokatuko zaion editore automatikoan sartutako liburu bati Maisulan Saizarbitoriar bilakatzea, eta, makina txanponjaleetan gertatzen den bezala, aukerak handitzen doaz modalitate hau behin eta berriro erabiltzen den heinean…
Fake-Hiria
- A metodoa: Aurreko (fake-argitaletxeen) irizpide guztiak nahas-mahas aplikatuko zaizkio jatorrizko testuari, azkenean (benetako) Hiria-n argitaratzen duen idazleak pairatu behar duen argitaletxetik argitaletxerako via crucis-a hobekien islatzeko. Bide batez, testuaren ulergarritasun osoa saihestuta.
- B metodoa: jatorrizko testua, ohikoa den moduan, Xuxen euskara-zuzentzaile automatikoarekin burutu bada, gure programak akats ortografiko ohikoenak biltzen dituen Nexux euskara-okertzailea ezarriko dio, argitaldirik baldarrena irudikatzeraino. Esaterako, “arrautza” hitzaren bertsio eta perbertsio guztiak sartuta daude, testuan behin ere modu berean ez agertzea ziurtatzeko: arraultz, arrahutze, arrultza…
- Aukeran, “(Mila Bederatziehun eta) Hirurogeita Hamarratzailea” komandoa erabili ahal izango da, testuari garai horretako itxura emango diona alde guztietatik (baina batez ere argumentuari eta pertsonaien barne-munduari dagokionean), Atxagak Obabakoakeko ipuinak idazten eta argitaratzen hasi aurreko euskal literaturarena alegia.
- Aukeran “Ana Rosa Quintana” komandoa ere erabili ahal izango da; jatorrizko (erraz da esaten) testuarekin zerikusirik ez duen pasarte loturagabe bat, “nahi gabe”, txertatzean datzana: webgune gehiegi bisitatu batetik, norberaren ordenagailuaren barrunbeetatik edo diru-laguntzak nola banatzen diren ebazten duen Euskal Herriko Aldizkari Ofizialetik hartua.
Fake-Susa (poesia)
- Jatorrizko testua dagoeneko olerki bilduma bat baldin bada, hiruzpalau atal nagusitan banatuko ditu, zeinean lehendabizikoa, ahalik eta modu liriko eta alegorikoenean, gai politiko edo konprometituenei egokiko zaie; bigarrenean (eta, bere kasuan, hirugarrenean ere) gai berdinaren trataera agerikoagoa garatuko da; eta azken atalean (edo saski-naskian) gutxi gorabeherako poema guztiek sarbidea izango dute.
- Irudi surrealisten ugalgailu 2.0 aplikatu (XX. mende hasieran zerabilten cadavre exquis eta bestelako areto-jokoen aldaera soila), alor semantiko bereko bi hitz esaldi berean ekiditea xede.
- Umore-ezabatzaile automatiko bat abian jartzeko ahaleginean ari gara, eta lana aurreratu samar badugu ere, oraindik arazo batzuekin topo egiten du sistemak, lehenago aipatutako irudi surrealisten ugalgailuak sortzen dituen esaldi zentzugabeak direla kausa.
- Jatorrizko testua prosa poetikokoa bazen, Fake-Susa (narratiba)-ko testu barruko tokialdaketa aleatorioa sintagmetaraino ere iritsita, bertso-lerrokatu, hau ere modu guztiz aleatorioan.
- Puntuazioa kendu.
Fake-Elkar
- Sistemak derrigorrez egon beharreko egilearen argazkiari PhotoShop programa aplikatuko dio, simetria-parametroetan oinarrituta, hamar kanonetatik bederatzik ziurtatzen dutelako horretan datzala edertasuna.
- Modu berean, testuari irizpide berdinak (simetriarenak) ezarriko zaizkio, bikaintasunera (beste izenez, irakurlegoaren onespenera) errazago iristeko ahaleginean: istorioak bukatu beharko du hasitako moduan (esan nahi baita, zirkularra izango da; hau ziurtatzeko, programa informatikoak estatistikoki erabakiko du zein den leitmotiva, eta, gutxienez, hogei orrialdetan behin, eta, derrigorrez, hasieran eta amaieran sartuko du).
- Haurgazteldu-lelotura izeneko komando graduatzaileak aukera ematen dio erabiltzaileari jatorrizko testua adin ezberdinetako publikoarentzat egokitzeko. Idazlearen irabaziak (eta fama) handiagotzeko asmoz, Fake-Elkarrek aukera ematen du testu berbera hiru sail ezberdinotan (haur/gazte/heldu) argitaratzeko (inor ohartu gabe oinarrizko testua –halakorik balego, fake-argitaletxe honen diseinuak permititzen baitu liburu oso bat ex nihilo sortzea, hala nola ex aequo, ex cathedra, edo ex libris– berdina dela kasu guztietan).
Fake-Pamiela
- FAKE-PAMIELA-k jatorrizko testuaren analisi azkar bati ekingo dio: jatorrizkoa ez baldin bada nahikoa salgarria, erran nahi baita, “nafar”, “gaztelu” edo “konkista” hitzen presentzia baxua bada (%10 baino beheragokoa), programak bi konponbide proposatzen ditu (banatuta salduko liratekeenak, salneurri ezberdinetan): a) arestian aipatu hitzen kopurua zenbateko onargarrira igoko da modu automatikoan, hala kokaleku egokietan nola ezustekoetan, edo b) atxagaritmoa martxan jarriko da (kontzeptua oinarri-testua bere buruarekin behin eta berriz biderkatu beharreko aldi kopuruan datza, emaitza atxagaritmoa kalkulatu nahi den zenbakia izan dadin), halako moldez non maisu-lan bat, beste bat, lortuko da (Fake-Pamiela honen azken aldaera honek kobratuko da testuak bere burua biderkatu behar izan dituen aldien arabera).
Fake-Meettok
- Fake-Hiriaren bertsio sofistikatua: hanka-sartze kopuru deigarri baina ez haserregarria bermatzen du eta, aldagai-dispositibo baten bidez (azken joeren erabilpenagatik zein inork erabiltzen ez dituen joeren agerpenagatik), programak apustu suizidaren tankeraz hornituko du jatorrizko testua.
Fake-Txalaparta
- Gure porrot osoa onartzen dugu alor honetan: Googleren
algoritmoa mundu guztiko bilatzaileen disenaitzaileei bezala, ezinezkoa
izan zaigu, oraingoz behintzat, Txalaparta argitaletxearen pautak osoro
deszifratzea, eta proba-saio guztiek huts egin digute; izan ere, North
Facerekin eta Ternuarekin elkarlanean generatutako Txalapartako
harpidedun birtual samaldaren arbuioa jaso dute bide honetatik eraldatu
ditugun liburu guztiek, zergatik ez dakigula. Are Iker Jimenezi eskatu
diogu laguntza, baina Tafalla inguruan altxatzen omen den uhin
psikomagnetikoen hesiak alferrikako egin ditu bertako sekretuez
jabetzeko bere ahalegin paranormal guztiak. Gure itxaropena da datozen
Garai Politiko Berri, Itxaropentsu Eta Esklusiboki Politiko hauetan hesi
hori zertxobait laxatu eta argitaletxearen kriterioen arkanoen barna
bidea egin ahal izango dugula, azkenik, gure Fake Argitaletxing-a osa
dezagun.