Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Irakurle taldeen jardunaren inguruko hamasei hausnarketa

(Euskal) Irakurle taldeen jardunaren inguruko hamasei hausnarketa

zaldua 2010/06/02 11:48
Irakurle (edo irakurzale, edo literatur) taldeak (edo txokoak, klubak, solasaldiak, bilguneak etab.: aukera beza bakoitzak gustukoen duen izendapena) errealitate sendo bihurtu dira, azkeneko urteotan, euskal literatur sistemaren baitan. Iban Zalduak, halako pare batetan koordinatzaile gisa aritu denak, esperientzia horretatik zenbait ustezko ikasgai atera, bere intuizio batzuekin nahastu (ezin esan zeintzuk diren zentzuzkoago, ikasgaiak ala intuizioak…), eta hausnarketa hauek zirriborratu ditu, Volgako Batelariak inoizkarirako propio idatziak.

Lost Book Club
Lost telesaileko Besteen irakurle kluba, Julieten etxean bilduta, Stephen Kingen Carrie nobelaren inguruan eztabaidatzen
1.- Irakurle taldeak ez dira euskal asmamen kolektiboaren azkeneko emaitza miragarria (Ander Iturriotz EIEko buruari, esaterako, hala gustatuko litzaiokeen arren). Liburuak talde txikietan irakurtzeko eta eztabaidatzeko ohitura aspaldi dago errotuta europar kulturan, eta haren arrasto urruna gutxienez XVIII. mendearen hasieran bilatu daiteke, herrialde anglosaxoniarretan bederen; 1916ko “Xingu” ipuinean, bestalde, halako talde baten erretratu literarioa (eta maltzurra) eskaintzen zuen Edith Wharton idazle estatubatuarrak. Hego Euskal Herriko euskarazko irakurle taldeak, egun ezagutzen ditugun bezala duela hamar-hamabost bat urte sortzen hasi zirenak, Espainian eta Euskal Herrian bertan gaztelaniaz ezarrita zeudenen (edo ezartzen ari zirenen) ereduari jarraiki ipini ziren martxan, maiz biblioteken eta udaletxeetako kultura edo emakumeen zerbitzuen ekimenez.

2.- Irakurle taldeak, beraz, ez dira euskal literaturaren salbazioa izango, fenomeno orokorrago (“unibertsalago”) bati erantzuten dioten heinean; indartsuagoak eta ugariagoak dira, gainera, gaztelaniaz, ez bakarrik gure inguruko lurraldeetan, baizik eta baita Hego Euskal Herrian bertan ere. Izan ere, mugimendu honi demaseko garrantzia emateko ahaleginek kontrakoa erakutsi lezakete, akaso: edozein iltze goriri heltzeko aitzakiarik behar ez duen euskal literatur sistemaren ahuldade orokorra, hain zuzen.

3.- Irakurle taldeak ez dira masa-bertsolaritzaren ereduaren balizko arrakastara hurbilaraziko gaituzten tresnak. Alde batetik, irakurle taldea, berez, nahiko gauza intimoa eta txikia delako (edo izan beharko lukeelako). Eta, bestetik, neure zalantzak ditudalako ea bertsolaritza, bere BEC bertsioan (halakoetan haizatzen dira gehien bertsolaritzaren eta euskal literaturaren arteko konparaketak eta imitazio-gurak), eredu komenigarriena ote den literaturarentzat: azken batean, hura kiroletik dago gertuago, artetik baino…

4.- Aurreko puntuan iradoki bezala, talde txikia hobeto egokitzen zaio irakurle klub baten jardunari, talde handia baino; nik uste dut muga, goitik, hamabost eta hogei kideen artean dagoela. Hortik aitzina irudipena daukat taldearen handitasunak liburuaren inguruko eztabaida itotzen duela, ahotsen aniztasuna murrizten duela, eta, azken finean, bertan burutzen den lana ez dela horren etekingarria.

5.- Eztabaida baita, azken batean, irakurle talde baten helburu nagusia: kide guztien iritziak eta ahotsak entzun daitezela, liburu bera irakurtzeko modu ezberdinak kontrastatzea. Liburu batez aritzea, alegia, eta liburu horren bitartez, beste liburu batzuez hitz egitea, eta hortik abiatuta, akaso, baita bizitzaz ere.

6.- Liburua izan daiteke, beraz, abiapuntu edota helburu: sekula ez egilea. Idazlea, zalantzarik gabe, lagungarria izan daiteke irakurle talde baten saioan, obrari buruzko argibide inportanteak eman ditzakeen heinean. Baina kontuan hartu batzuetan kontrakoa gerta daitekeela hain justu (idazleak, epaiketa bateko salatuak bezala, ez du zertan egiatia izan bere obrari buruz), eta arrisku gehigarri bat dagoela, gainera: balizko eztabaida idazlearen hitzaldi soil bihurtzekoa. Hori saihesteko, idazlea solasaldia hasi eta hiru ordu laurden geroago sarraraztea gomendatzen dut: irakurleak askatasun handiagoz aritu ohi dira tarte horretan, biziago, eta lagungarri suerta daiteke hurrengo eztabaidarako puntu nagusiak prestatzen, delituaren gorpua bertan dagoen unerako alegia.

7.- Liburua da helburua, ez hizkuntza. Irakurle taldeak ez luke euskara talde bat izan behar (euskara talde batek sortua izan daitekeen arren), liburuez euskaraz ari den talde bat baizik. Eztabaida literarioan, zer esanik ez, obraren hizkuntza-ezaugarriez hitz egin beharko litzateke, baina horiei lehentasuna eman gabe; saihestu beharko lirateke, beraz, euskararen kalitatearen edo dotoreziaren inguruko eztabaida luzeegiak. Irakurle taldeek ez lukete euskara ikasteko edo praktikatzeko topalekuak izan behar, eta maila subsidiario eta menturazko batean izan beharko lukete, izatekotan, euskalgintzaren agente.

8.- (Euskal) Irakurle taldeek ez lukete euskal literaturaren erakusleiho izan behar, soilik, euskarazko literaturarena baizik. Angel Errok behin baino gehiagotan azpimarratu duen bezala (eta nik behin baino gehiagotan deklarazio horiek errepikarazi dizkiodan bezala), euskal literaturarik onena, egun, itzulpenetan daukagu zain; normala dena, kontuan hartuta iristen zaizkigun itzulpen gehienek, gugana heltzeko, galbahe askoz ere zorrotzagoa igaro dutela, kalitatearen ikuspuntutik, edozein jatorrizko euskal liburuk baino (egoera bestelakoa litzateke itzulpen masiboetara emandako kultur inguru batean biziko bagina, baina hori ez da, oraingoz, gure kasua). Itzulpenek literatura ona dastatzeko ematen diguten aukerari ez genioke muzin egin behar irakurle taldeetan.

9.- (Euskal) Irakurle taldeen programak ez lirateke, ezta ere, nobedadeen joan-etorriaren mende antolatu behar. Nobedadea ez delako, berez, kalitatearen inolako bermea, eta, aldiz, horrela irakurle taldeak liburuen promozio-makineriaren mende geratzeko arriskua areagotzen delako (besteak beste). Hala jokatzeak, gainera, gure literaturaren historiako iragan hurbileko eta ez horren hurbileko bitxiak berreskuratzeko aukera kentzen digu, tamalgarria litzatekeena.

10.- Nobelaren nagusigo naturala mugatzen saiatu beharko lirateke irakurle taldeak, ahal den neurrian behintzat, ipuinari, poesiari, saiakerari, antzerkiari eta bestelako generoei leku eginez.

11.- Irakurle taldeak, idealki, ikasketa-prozesu bat proposatu beharko lieke bere partaideei, ibilbide edo itinerario bat literatura onaren ezagutzan sakontzeko alegia; hau da (demagun), norbaitek Marcial Lafuente Estefaníaren liburu bat atseginez irakurri ahal balu ibilbidearen hasieran (ipini egokiak iruditzen zaizkizun euskal idazlearen izen-abizenak Estefaníarenen ordez), amaieran ez litzateke gauza bera gertatu behar. Irizpide hau, bide batez esanda, lehian legoke (euskal) nobedadeen eta nobelen programazio indiskriminatuarekin, eta arriskutsu bihurtzen du aldez aurretik testatu  (hots, irakurri) gabeko liburuen proposamena.

12.- Bide bat baino gehiago egon daiteke helburu hori lortzeko, nahiz eta infinituak ez diren, euskarazko liburuen eskaintza infinitua izatetik urrun dagoenez gero. Eta helburu hori ez da inoiz betetzen guztiz, irakurketa etengabeko ikaskuntza-prozesua den aldetik. Edonola ere, bideen aniztasun hori, arestian aipatutako taldearen intimotasun desiragarriarekin batera, irakurle talde ezberdinen berezko autonomiaren aldeko (eta edozein uniformizazio ahaleginaren aurkako) argudio indartsua iruditzen zait.

13.- Aurreko guztiak irakurle taldearen gidariaren edo koordinatzailearen figura ezinbesteko bihurtzen ez badu ere (beste antolaketa-era batzuk egon daitezkeela onartzeko prest nago), gutxienez komenigarria egiten duela iruditzen zait. Liburuak aukeratzeko orduan bide demokratikoegien aukera mugatzen duen neurri berean, bestalde.

14.- Hala ere, noizean behin (oso noizean behin) baliagarria suerta liteke liburu ez oso on (edo are txar) bat proposatzea irakurtzeko, taldeko partaideek, konparazioz, zenbat aurreratu duten jabetze aldera alegia. Ariketa gisa, diot.

15.- Maiz hala gertatzen den arren, irakurle taldearen balizko gidariak edo koordinatzaileak ez du zertan idazle bat izan: irakurle ona izatearekin nahikoa litzateke. Eta kontuan hartu, uste hedatuaren aurka, kontu biak ez datozela beti bat.

16.- Edonola ere, badago gauza bat idazlea ere baden gidari edo koordinatzaile batek inoiz egin beharko ez lukeena: bere liburu bat eztabaidagai ipintzea. Ez da batere ramegantea, eta, are gehiago, itsusi samar geratzen da.

 

etiketak: Testuak
mikel ayerbe
mikel ayerbe dio:
2010/06/17 12:16

guaykeriekin jarraitzeko, eta autobonboa egiteko, eta eztabaida are gayago (ahoskatu bedi, geihago) des-bideratezko, datorren ikasturteko irakurle txoko, klub, solasaldi, bilgune edo gela ilun guztietan datorren helbide horretan aurreratzen den liburuaren irakurketa egitea proposatzen dut (tamalez, nik ezin dut adibidearekin predikatu, ze Zalduraren 16. araua urratuko nuke, neurri batean behintzat):

Desira desordenatuak

Irakurketa on!

Rikardo Arregi
Rikardo Arregi dio:
2010/06/04 10:17

Badakit batzuei sinesgaitza egingo zaiela aitorpen hau baina egia da: VBn argitaratu denean irakurri dut Ibanen testua, ez lehenago.

Gaztelaniazko irakurle taldearen koordinatzailea naiz Arrasateko Udal Bibliotekan eta zenbait puntu iruzkindu nahi nuke hemen:

  1. - Harrigarria da irakurtzea norbaitek pentsatu edo esan duela irakurle taldeena euskal izpirituak sortu zuela ezerezetik. Badirudi EIEk irakurle talde guztiak kontrolatu nahi dituela.
  2. - Gaztelaniaz gutxitan eraman ahal da idazlea irakurle taldearen saiora; askotan hilda dago edo, bizitzekotan, oso urrun bizi denez, ezinezkoa da idazlea ekartzea (garestiegia da, alegia). Inbidia ematen didate, beraz, irakurle talde euskaldunek, erraztasun hori dutelako, baina Ibanek gaztigatzen digun bezala tentuz ibiltzea komenigarria da.
  3. - Hizkuntza gutxitan da mintzagaia gaztelaniazko irakurle taldeetan. Kasu batzuetan, ordea, bai: idazleak erabiltzen duen gaztelania eta irakurleek erabiltzen dutena urrun dudenean adibidez, baina gaur egun Argentinako edo Mexikoko gaztelania ez dira hain exotiko. Gainera, hiztegiak daude horretarako. Bigarren kasua: irakurtzen den liburua itzulpena denean edota irakurleek liburu bereko itzulpen desberdinak irakurri dituztenean.
  4. - Gaztelaniazko irakurle taldekideei berdin zaie zein den liburuaren jatorrizko hizkuntza. Irakurle talde euskaldunetan dagoen itzulpenekiko aurreiritzi hori ez dago; are gehiago, irakurleek beste hizkuntzetan idatzi dena edo idazten dena ezagutu nahi dute. Itzulpenaz oso iruzkin gutxi egiten dira. Liburua klasiko denean, gainera, itzulpen desberdinak izan ahal dituzte irakurleek esku artean, kasu horietan konparatzen dira itzulpenak baina itzulpena ez da inoiz gai nagusia, ezta bigarrena edo hirugarrena edo laugarrena ere. Hala gertatu zait aurten bertan Goetheren Las afinidades electivas edo Prousten Por el camino de Swann liburuekin. Badakit euskarak eta gaztelaniak oso historia desberdinak dituztela eta euskal hiztunak eta gaztelaniadunak hizkuntzari buruzko kontzientzia desberdinak dituztela (askotan pertsona bakar baten baitan) baina zer pentsa ematen du aferak. Euskaraz jatorriz idatzi ziren liburuen itzulpenekin ez dago inolako arazorik.
  5. - Ikasketa-prozesua da irakurle taldeena Ibanek esan bezala. Irakurleek liburu gehiago deskubritzen duten neurrian gustu bat garatzen dute urtez urte. Niretzat (gaizkiñe jarriko naiz) pozgarria izan zen entzutea irakurle bati Isabel Allenderen liburu berri bat (batzuk irakurriak zituen) hasi eta ezin bukatu ibili zela, esku artetik erori zitzaiola.
  6. - Gaztelaniazko irakurle taldeetara joaten dena irakurlea da gehienetan eta nobedadeak ezagutzen ditu, erosi eta irakurri. Absurdoa da, beraz, talderako irakurketak nobedadeen arabera antolatzea bakarrik. Gaztelaniazko aukera handia da, handiegia agian; aukera egitean gaztelaniaz eta oraintxe bertan idatzi diren liburuei bakarrik begiratzea ergelkeria da.
  7. - Gainerako puntuekin erabat ados Iban Zaldua jaunarekin.
Asun Agiriano
Asun Agiriano dio:
2010/06/03 11:53

Bai, ni ere ados, Iban bere esperientziatik abiatzen da eta uste eta intuizio horiekin batera, badaude niri behintzat zer pentsa ematen didan puntu gehiago ere, hausnartzeko bide eman dezakeenak, esaterako, zergatik irakurle talde/literatura solasaldietako partaide gehientsuak emakumeak dira? edo zergatik gazteentzat ez dira horrelako bilguneak erakargarriak egiten? Erantzun posible batzuk buruan ditut baina bera bezain luma zorrotz batek idaztea nahiago nik...

Pello Otxoteko
Pello Otxoteko dio:
2010/06/03 11:16

Chapeau!! Bazen garaia!! Asko gustatu zait, oso zorrotza eta nire ustez itu-ituan jo du. Euskal mundua normalizatutzat jotzeko, beste herriek normaltasunez egiten dutena egin behar dugu. Eta dudarik gabe, liburua da helburua irakurle talde batean. Agian ez nago erabat ados 13. puntuarekin, baina beste guztiarekin bai. Beti bezala Iban, impecable, (eta implacable). Izan ongi, Pello.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2010/06/04 10:49

Ez dut idazten zuri kontra egiteko, Rikardo, baina bai hizpidera ekartzeko ideia bat zurean lausotua geratzen dena: une honetan gu gehienoi (hots, euskal hiztun gehienoi) hizkuntza-kontzientziak egiten gaitu euskaldun, ez beste ezerk.

Zentzu horretan gogoratzen dut hausnarketa interesgarri bat egin zigula Sarrionandiak idatzi zuenean dagoeneko ez dagoela "euskaldun naturalik" (bon, ez dut gogoratzen zehatz-mehatz zer esan/idatzi zuen, hari horretatik tira egiteko asmoa adierazi zuela baizik). Agian, euskarazko literatur taldeetan errealitate hori islatzen da nabarmenki, hots, ez dagoela euskaldun naturalik, edo, daudenak, hain naturalak dira ezen ez dute euskal libururik irakurtzen (gutxiago literatur-klubetan parte hartzen).

Garenak gara. Garenarekin bizi gaitezen.

Fermin Etxegoien
Fermin Etxegoien dio:
2010/06/07 16:48

Izan ere, Pruden, seguru nago sikologo martziano batek aztertuko bagintu (euskal gaixooi buruz ari naiz) ezaugarri mental jakin batzuk erraz aurkituko lituzkeela gugan, zeuk "kontzientzia" deitzen duzun jarrera horren barruan.

Ezaugarri sikologiko batzuk bai, zein besteak ez; ez noa sikoanalistarenak hemen egitera -ez naiz gauza ere sentitzen- baina noizbait serioski aztertu beharko dira euskal gaixoon artean nagusi ditugun kuadro sikologikoak, eta ondoren saiatu beharko genuke deskubritzen zenbateraino diren euskalgintzaren ezintasun askoren eragile.

Egin beharrekoa, neurosia elikatzeari uzteko.

Zeharkako adibidea orain: ¿konturatu zarete ezker abertzalean ziren "ageriko" gay gehienak Aralarrera pasatu direla?

Ba hori.

Pruden
Pruden dio:
2010/06/07 20:42

Ez dakit oso ondo zertaz ari zaren, Fermin, baina, ados, atera gaitezen ohiko topiko euskaltzaleetatik eta jo dezagun polemika gehien sor dezakeenera (zeharkako adibideaz ari naiz, jakina).

Euskal Herrian ba ote dago gay izaterik? "Naturalki" izaterik, esan nahi dut. Esango nuke ezetz, alegia, esango nuke gay izateak (erran nahi baita, "ageriki") kontzientzia maila handia eskatzen duela, bizileku zehatzaren arabera oraindik handiagoa izan daitekeena. Neuk esango nuke kontzientziarik gabe, hots, kontzientzia irmo eta sendorik gabe, gehi talde antolatu baten laguntza, gehi sektore sozial zabal (nahiz eta minoritario) baten nolabaiteko harrera ona... hori guztia izan gabe, ia-ia ezinezkoa da. Eta horrekin guztiarekin, zaila, oso zaila. Agian hemendik hogei urtera gay "naturalak" ezagutuko ditugu, hots, "kontzientzia gabeak", baina une honetan, esango nuke ezetz. Uste dut honetaz Juanjo Olasagarrek nobela eder bat idatzi zuela, neuk oso pozik irakurri nuena: "Ezinezko maletak".

Dena den, euskaltzaleekiko paralelismoa baldarra da, badakit, baina ez dut neuk aukeratu. Barkatu inor minduta sentitzen bada, ez naiz batere eroso sentitzen horretaz hitz egitean, baina hain juxtu ere pentsatu dut ez nintzela isildu behar, tabu baten aurrean banengo bezala. (Baina oraindik nahiko tabu da, ezta?).

Manex Agirre
Manex Agirre dio:
2010/06/11 14:01

keguai, gai batetik hasi eta beste gay batean bukatzearen hau.

Euskaldunen (kasu honetan, euskal hiztunen) eta homosexualen paralelismo/lotura/konparaketak egiten aurrekari polita jarri zuen Imanol Minerrek:

"Hiztunaren normalizazioaz hasi behar dugu hitz egiten, euskalduna osasun gabeko hiztuna baita; erdaldunak ere ez du orekatik bizi euskararekiko esperientzia. Ataka zail honetatik ateratzeko hona inguruan ditugun esperientziak: mugimendu feministaren ibilbidea, alkohol-zaleena, beltzen borroka bera eta berrikiago gay, lesbiana eta transek egiten dihardutena. Askapen prozesuak guztiak, bakoitza bere ñabardurekin baina zein baino zein argigarriagoa" (lantalan blogetik hartua: http://www.lantalan.com/125)

"Feministek, homosexualek eta bestek erabili ohi dute empowerment, edo jabetzea, kontzeptu hori. Zuk euskarara ekarri duzu. Nolatan?

Hori egiaztatze batetik dator: euskaldunak bigarren mailako herritarrak gara. Euskaldun gisa nortasun krisi bat dugu, eta ikusten dut autoestimua ezin beherago dugula. Portaera aztertuta, ondorioztatzen da euskalduna otzana dela. Normalki, isildu egiten gara, elebakarrari alfonbra gorria jartzeraino: barkamena eskatzen dugu, erraztasun guztiak ematen dizkiogu, gazteleraz bestea eroso senti dadin. Justu, erreproduzitu nahi ez dugun portaera erreproduzitzen ari gara. Hori gertatu da oso jazarpen egoera gogorrak ezagutu dituzten beste giza talde batzuetan. Oso ibilbide luzea egin du feminismoak, esate baterako, eta arrazarengatik diskriminatu dituztenek, gay eta lesbianek eta transexualek... Giza talde haiek bide bat egin dute, beren egoeraz jabetu eta horri buelta emateko. Mugimenduak antolatu dituzte, eta horien presio eta lanketak eragin du administrazioak ere aintzat hartzea, politika publikoak martxan jartzea... Euskaldunok ukazioa bizi dugu maila guztietan. Horrek parean jartzen gaitu beltzekin, emakumeekin, gay eta lesbianekin.... " (Berriatik hartua)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44