Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Estilo-ariketak (VII): Estilo uterino-isurkaria

(Euskal) Estilo-ariketak (VII): Estilo uterino-isurkaria

Uxue Apaolaza 2009/03/13 11:31
Autoparodia bat da ia ondorengo estilo ariketa. Ni ere lotu nintzaion gure (gu emakumeak izanik) fluxuen duintasuna goratzeari, gutxienez, esan nion nire buruari, iragarkietan hilekoak likido urdin absurdu izateari utzi arte. Irakurri genituen gure gaitasun sortzailea esentziatzat aldarrikatzen zutenak; eta orain, ama izatearena pisutsu zaigunean gazazko gure bizitzetan, hilekoa. Ez esan, hilekoa; hitza irakurtzeak gizon zenbaiti sortzen dien nazkak bakarrik merezi du zenbaitetan. Baina ez ote garen pixka bat pasatu jatorrietara bidaia honetan fluxuekiko miresmenean…

 

konpresa2
ESTILO UTERINO ISURKARIA

 

Berak semena jarri zuen, obulua eta malkoak nik; orain zimurretan behera kaskada txikitan erortzen zaizkidan hauen antzekoak, kafetegi barrutik alaba errepidea lasterka pasatzen ikusi dudanean, niri gertatu zitzaidan adin berean hiru hileko haurdunaldi oraindik ikusezinaz. Gaurko malkoak ordea emoziozkoagoak dira. Ikasi nuen gizonek urtetan zehar satanizatua, guk sakralizatu behar genuela. Ezin zaio hainbeste emakumeren bizitzari duintasuna ostu; duintasunak, ume izateari utzi arte, alkandora baba eta okaz betetzen badizu ere.

Musu indartsuak eman dizkit masailean eseri aurretik, eta ez dakit zer den nireago, malkook edo musukatu dituen alabaren listu tanta. “Negar egin duzu?” galdetu dit. Ez dakizu zenbat. Bekatuaren izen guztiak biltzen zituen gau hartan, fluxu likits eta esne mingotsezko krema hartatik bizitza sortzeko nire boterearen ezjakin, begiak itxita ere odola ikusten nuen, izterretan behera ikusi gabe sentitu nuen arte, maindireak gorrituz, lehen alditasunaren lekuko. Gero abandonaturik sentitu nintzen semenez tirokatu ninduenak alde egin zuenean, nire obraren autoretza osoa berreskuratu baizik ez nuela egin ohartu arte; semenak hainbeste laguntza behar du antzu ez izateko!

Barre egin du kafesnea ezpainetan behera erori zaionean, umea da oraindik, negar zotin izugarri haiekin agurtu gintuena duela hogeita hiru urte. Ez du ulertzen hilero, odola pigmentu, umetokitik behera jariatzen duen indar sortzailea; oraindik eskuzapi hertza uretan busti eta masailetik likido amniotikoa kendu behar banio bezala da, mahai azpitik poltsan daramadan plazentari loturik zilbor heste bat balu bezala. Orain, hileroko odol eta hazi jarioari eutsi eta zelulak biderkatzen ari da, bere boterearen muturrera iristen ari den jainkosa bat bezala, hain oharkabean, kafea edanez eta berriketan, uteroa seinalatuz, organo ordinario bati bezala.

Zerbitzariari baso bat ur eskatu dio Espidifen bat hartzeko. Hilekoaren mina baretzeko hartu izan du orain arte, zaletu egingo zen; ez da ohartzen minetik jaiotzen denaren indarraz. “El aborto no es un derecho, es una tragedia y fracaso personal”, bista telebistarantz joan zaigu bioi, Esperanza Aguirre ikusteko. Berak gurutzatu duen zebrabidea lasterka zeharkatuz autobus aldera datozen haurrei begiratzen die orain kristalaren zehar ibuprofenoa edan bitartean, eta atzetik jarraitzen dieten ama eta ume zaintzaileei. Aita irribarretsu bat seinalatu eta dio, “Koldo aita hori litzateke”, eta egin du barre. “Eskerrak abortua nahiko eskuragarria izan den orain arte ere klase ertainarentzat” erantsi. Eskubidea du, ez dio aldarrikapenari dramatismorik erantsi, ez dio traumarik ere sortu; batzutan ez du nire alaba ematen. “Nahi nuelako” egin du, “ez dut tormenturik antzu behar eta ugaltzeko teman zirrikitua topatu zuen orgasmoa bere lekuan jartzeagatik”. Begiaz keinu egin dit alabak Tampax-a eskutan komunera altxatzeko; konpresek alua izerdiarazten diote, eta ez zaio usaina gustatzen.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44