Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Estilo Ariketak (VI): Elkartasunezko Poesia

(Euskal) Estilo Ariketak (VI): Elkartasunezko Poesia

Volgako Batelariak 2008/09/17 15:08
Zeinen erraza den elkartasunezko poesia! Edo zeinen zaila!, esanen dute beste batzuek. Zeinen puta den, ordea, ez dago dudarik. Puta diogu elkartasunaren objektuaren baldintza txarrak adierazi beharrean poetaren egoera erosoa seinalatzen baitu. Elkartasunezko poesia asko erabili da oraingo euskaldunen artean, predikamentu handia du jendearengan, gainera. Hartu figura bakarti bat, subalternotasuna iradoki, pathos-ari eragin eta ...voilà, elkartasunezko poesia.
lehorte_lehorte

 

Emakume bat

Emakume bat bazkaltzen

Emakume bat bazkaltzen ari da

Jatetxe dotore batean.

 

Tabernaria

Tabernaria ailegatu da

Tabernaria ailegatu da bigarren platerarekin.

 

Leiho bat

Leiho bat barneko jendea

Leiho bat barneko jendea ikusten.

 

Kanpoan

Kanpoan jende multzo bat

Kanpoan jende multzo bat pasatzen.

 

 

Telebista joka ari  da.

 

Barnean.

 

Kanpoan.

 

Mundua.

 

Negarrez....

 

 

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2008/10/22 11:48

Ez nago batere ados Haiku Maiku-ren irakurketa horrekin.

Poema hori hain zuzen ere "Elkartasunezko poesiaren" kontrarioa iruditzen zait (baldin eta ondo ulertu badut zein motatako poesia den hori), poetaren figuraren kritika argia dagoelako bertan. "Poeta miopea"-ren eta "Egilearen" arteko bereizketa hori ez zait pertinentea iruditzen poema honetan, areago poema "Poema miope HAU" hasten denean. Gaininterpretazio bidez iritsi daiteke soilik konklusio horietara. Espainolera itzuli behar izanez gero, "miope poeta" edo "poeta miope"?

Bestetik, egia da forma itxiak ez direla "idazle akademiaren" baitan sartu behar, baina horrek ez du poema kontraesaten. Forma itxia, hemen, "arau" eta "legearen" metaforatzat hartu behar da. Ez dut poeman inondik ikusten goi-poesia/herri-poesia bereizketa. Eta hala izanda ere, ez da ahaztu behar mendebaldean haikua herri-poesiatzat hartzea okerra dela, mendebaldeko haikuaren harrera XX. mende hasieran egin baitzen, goi mailako poeten eta "akademiaren" eskutik.

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2008/10/19 21:25

Ezagutzen dudan "elkartasunezko poesia" eredurik interesgarriena honako hauxe da:

HAIKU MAIKU (Paddy Rekalde, Bilbo dub kronikak, Susa, 2004; 23-24 orr.)

Poeta miope hau
parke ondoko kafetegi batean jesarri
eta haiku bat idazten saiatzen da,
leihotik zuhaitzei begira,<
haiku bat
haiku eder bat,
bost zazpi bost,
zuhaitzei begira.

Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala

Irribarre egin du,
kafesnea ahora daramala,
libretan idatzitakoa irakurtzen duen bitartean.

Ezkiek gozo
oparitzen digute
euren itzala

Eta ezkietara itzuli du begirada,
euren azpian etzanda dagoen gizon beltz bat
CDz betetako poltsa zarpailtsu pare bat
ikusi barik.

Inork ez daki
gizon beltz hori
bizirik ala hilda dagoen
zeru itsaso zikin honen azpian.

Hala ere,
poeta miopeak
ederto bete du
idazleen akademiarako
etxeko lana,

bost zazpi bost.
= = = = = = = =

Zergatik iruditzen zait hain interesgarria? Ba hemen elkartazunezko objektuaren baldintza txarrak (gizon beltzarenak, alegia) adierazi egiten dituelako poemak, bai, baina poetaren egoera erosoa seinalatze hori desbideratzen baita. Egoera erosoa da "poeta miopea"rena, ez poema honen egilearena.

Bestalde, esan nahiko nuke forma itxi guztiak (haikua, alegia) ez direla "idazle akademia"ren baitan sartu behar. Gizon beltz hori bizirik balego (atsedenaren bila etorri izan balitz itzalera), begiak itxita kantutxo bat gogora ekarri izan balu, zer nolako poema errepikatuko ote lukeen gizon beltz horrek? Ziur aski forma itxiko poema bat, poesia herrikoia forma itxiko poesia izaten delako ia beti. Haiku bat? Ez dut uste. Baina agian seguidilla xume bat,

zazpi bost zazpi bost.

paddy rekalde
paddy rekalde dio:
2008/11/21 13:45

hara, tontamentien zer topatu dodan zuenian... haiku-maiku horren gaineko diskusiñua. Bueno, ni ez naz teorikoa, are gehiago, teoria guztietatik saiatzen naz alde egiten, baina tira... nik uste "elkartasunezko poesia" horretatik baino haruntzagora doiala, sakonean halako ikutu bat badeko ere, eta, jakina, ez da haikuen kontrako poema bat, ezta poesiaren kontrakoa ere. Nik esango nuke gaur egun dena, edo ia dena, instituzionalizatu eta arautu ( eta karratu. eta antzutu, eta melengetu, eta aspergarri bihurtu...) egiten dela... eta literatura, kasu askotan, ere bai. Teknikak eta halakoak ondo daoz batzuetan, hala nola nobela bat zinema gidoi bat bihurtzeko, baina poesia ikusten dut era apasionatu batean, arautu beharrik barik, eskola barik... pasioa, odola, beroa... gauzak "ariketa" bihurtzen direnean euren bizitasun guztia galtzen dabielakoan nago, eta hortik poema. Miopea, bai, munduari begira dabil morroia, baina ezer ikusi barik, bakarrik dabilzkio buruan bueltaka teknikak, arauak, 5-7-5... alegia dena hotz, odolbakoa. Beharbada erromantiko hutsa izan naiteke, baina nire mundua, bai leku aldetik bai garai aldetik, pasioaren bidezidorretatik ibili da beti. Zer eingotsau, lagunok. besarkada bat paddy

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2008/10/22 18:30

Orain ikusi dudanez, zure aurreko mezua goitik-behera alderantziz ulertu dut, eta beraz, ados esaten duzunarekin eta barkatu gaizkiulertua.

"Miope poeta/poeta miope"-rekin esan nahi nuena da seguruaski poema "miope poeta" (poeten multzoa, poeta izateaz gain miopeak direnak denak) gisa itzuliko nukeela nik, eta ez "poeta miope" (poeten artean miopeak diren poetak); ez dakit ondo esplikatzen dudan esan nahi dudana.

Eta ez izan erreparorik, zure euskara korrektoa baino gehiago da!

Ondo izan eta barkatu berriz ere gaizkiulertua.

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2008/10/22 17:40

Mila esker, Beñat, ekarpenarengatik. Agian "eredu" ez da hitzarik onena, baina izenburua bapatean idatzi nuen, eztabaida pizteko asmoarekin edo. Estilo ariketa parodia bat da, eta blog-eko parodiatik izen bereziko poesiara pasatzea salto arriskutsua izan daiteke. Baina nire irakurketa egokia eta adeitsua zelakoan bota dut, behintzat. Barkatu eragozpenak (eta nire euskara traketsa).

Izan ere, poema horren eta Batelariek parodiatu nahi duten sasi-generoaren arteko harremana dela uste dut. Harremana, ez identifikazioa. Arrazoi osoa duzu "Haiku Maiku" poema ezin dela genero horretan sartu behar diozunean. Uste dut poema horrek "Elkartasunezko poesia" baino haratago joan nahi duela, elkartazunezko objektuaren eta poetaren egoeraren arteko desberdintasuna argituz eta aspimarratuz, eta honelaxe genero horrek dituen arazo batzuk gaindituz. Horregatik esan dut benetan poema interesgarria dela, eztabaida honetan aipatzeko modukoa. "Elkartasunezko poesiaren" arazoa ongi islatzen duen poema da, baina "Elkartasunezko poesiaren" zuloan erortzen ez dena, aipatu nuen "desbideratze" horren bidez.

"Forma itxia" edo "forma finkoa"ri buruz diozunarekin bat nator (ez dakit nola esan, ingelesez "fixed forms" esaten dute). Baina esan nahi nuen paradoxa bat datzala poemaren baitan: poesiaren aurka poema bat da, edo poesia mota baten aurka, munduko miseriaren aurrean itsua/miopea dena. Haiku bat (forma finkoko poema bat, goi-poesiatzat hartzen duzuna) erabiltzen da poesia horren adibide legez. Poema bera (Haiku Maiku) forma askeko poema bat da. Ez dakit gaininterpretazioa ote den ala ez, baina poemaren barruan bereizketa bat egiten da bi poesia horien artean. Hori bakarrik argitu nahi nuen, huskeria bada ere.

Ez dut ulertzen, ordea, zer esan nahi duzun "miope poeta" / "poeta miope" aipamenarekin. Hala ere, ez dut ur sakonetan murgildu nahi. Javier Cercas-ek esan zuenez, "ez dago gerra krudelagorik, poeten arteko gerra baino" eta.

Hedoi Etxarte
Hedoi Etxarte dio:
2008/09/28 03:38

TURISTA

turista, être décalé
superficial sin causa
gaizkiulertuaren artista
sasiabenturazalea, hizkuntz-autoritarioa
kanpotik cool, barnetik erreakzionario
aldian-aldiko espekulatzaile irribarretsu
aire kutsatzaile
errealitate berrian aurreiritzien ezartzaile
ingelesustelaren inposatzaile
tzaile
ñabarduren suntsitzaile
brain watched
superficial sin causa
turista zu zara terrorista
tourist you are the terrorist

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44