Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Estilo ariketak (IV): Estilo agro-mistiko enroilatua (AristiNatorrenArtistaBatNaizNi modalitatea )

(Euskal) Estilo ariketak (IV): Estilo agro-mistiko enroilatua (AristiNatorrenArtistaBatNaizNi modalitatea )

Volgako Batelariak 2008/07/24 08:17
Abuztuan El Almendro turroia bezala, etxera itzultzen da Gabonetan, saihestezin, estilo agro-mistiko enroilatua: ez du hutsik egiten. Egun batzuk aurreratu gara gu, eta laugarren estilo ariketa hau osatu dugu, idazle-profeta gura guztiendako etsenplu.

Gaur jatetxe batean sartu naiz bazkari legea egitera. Nahiko beteta zegoen eta libre ikusi dudan leku bakarrean eseri naiz, bi emakumeen ondoan. Batak ama dirudi, alaba besteak, eta ederrak dira biak, bakoitza bere erara. Nabarmen ikusi dut euskal idazle gehienok liburu batekin irabazi ohi duguna baino dezente gehiago balio duela amak jantzita daraman soinekoak, eta bere zorro dotoreagatik soilik ordaindu duela nik poesia errezitaldi bategatik eskuratzen dudana adina, edo areago. Eta berriro ere pentsatu dut zein etsigarria den hemen idazlea izatea, gure kultura altxor gisa ikusi beharrean jendeak denbora-pasa arin gisa hartzen duelako, eta kultura horren partaide dela uste duelako Kilometroak edo Durangoko azoka bezalako festa erraldoi eta hutsaletara joaten delarik. Alaba apalago jantzita doa, baina ziur nago soinean daramatzan foulard, alkandora loredun eta abarrak ez direla ematen dutena bezain merkeak. Izan ere, modaren antzera, gastronomia bera kultura bihurtu dute gure Euskal Herri mengel honetan, biek eskatu dituzten plater konplikatu eta apaingarriz beteek aditzera ematen duten bezala. Menuan agertzen diren gauzarik sinpleenak eskatu ditut nik ordea, babarrun batzuk eta arrautza frijituak urdaiazpikoarekin, jakinda ez direla inondik ere iritsiko Olatxo baserriko Sebastianak prestatzen dizkidanen mailara: bisita bat zor diot aspaldiko partez.

         Urteekin dohain bat eskuratu dut: osoak ez diren pertsonak, haien buruekin gerran dabiltzanak bereiztearena, toki batean sartu bezain laster. Gaztea, normala den bezala, gutxitan izaten da pertsona oso, haren arima hazten ari delako oraindik, baina are gutxiago garaiotan, bizitza trabatzen baitiote telezaborrak, mezu elektronikoek, MP3ek eta antzeko trepetek: lehen errazagoa zen topo egitea gazte batekin aldi berean izaki betea zena. Baina benetan min ematen didana osoak ez diren gizon eta emakume helduak aurkitzea da; Hermann Hessek idatzi bezala, “helduarora iritsita zirkulua itxi ez duenak, ez du heriotzaren aurreko itxaropenik biziko”. Eta argi ikusten dut ama, egiten dituen keinuengatik, alaba isilari esaten dizkion gauzengatik, gerran dagoela bere buruarekin, ez dagoela ados egiten duenarekin, irten egin nahiko lukeela bere bizitza bihurtu den zurrunbilo burges ezdeusetik, baina ez duela ausardiarik ez umiltasunik bere alabari halakorik aitortzeko. Halako batean, gainera, botatzen ari den txolinkerien jarioa eten du amak, hobeto entzuteko saio arrosa nazkagarri horietako bateko auskalo zein albiste inozo, jatetxeko telebistak gure belarri zaurituetara helarazten duena, ozen.

            Gazte batzuk erakusleihoaren ondotik igaro dira, geroago egingo den manifestaziorako pankartak eta banderak eramanez. Euskararen aldeko martxa bat da, baina argi entzun daiteke kristalaren alde honetatik haien artean erdara hutsez ari direla. Eta ipuin sufi hura etorri zait gogora, bere dizipuluari basamortuko hondar-aleak banan bana biltzea proposatu zion maisuarena. Dizipuluak hori guztiz ezinezkoa zela erantzun zion, eta ez zuela halako alferreko lana hartzeko inolako asmorik. Maisuak, orduan, erantzun zion hori ez zuela sekula jakingo lanari ekiten ez bazion gogoz, eta hasieratik desanimatzen denak ez duela saririk jakinduriaren bide malkartsuan. Eta nik gauza bera esango nieke manifestari horiei, bidea zaila eman arren gaizki ari direla hasiera-hasieratik hondatzen badute, eta ezina ekinez egiten dela.

            Konturatu naizenerako alde eginak dira ondoko mahaiko bi emakumeak, ama galdua bata, alaba mutua bestea, zorionak ihes egiten duen airean irribarrea eskuratu ezinik.

 

Ohar gehigarria

Volgako Batelarion eskakizuna Martxelo Otamendiri: ez gaitzak berriro ere utzi abuztuan Pako Aristirekin (eta bere “epístolas a los euskaldunicienses”-ekin) bakarrik. Ez izan horren krudela (eta zikoitza), eta gorde ezak diru pixka bat gutxienez beste zutabegile bati ordaintzeko; ahal dela, sermoilaritzan ari dela hobeto disimulatzen duen bati. Baina, halako bat lortzea ezinezkoa balitz, ez dik axola: kontua barietate pixka bat gehiago izatea duk, besterik ez. Mila esker.

eskilara
etiketak: Testuak
Patxi turroizalea
Patxi turroizalea dio:
2008/07/25 00:17

Pakoren sermoiak gustora eta errez irensten ditudan bezela, imitazio hau kostatu egin zait eztarrian behera eramatea, baina estimatzen da ahalegina.

Barietatearen beharraz, ni ere bat nator zuekin, hala ere, Martxelo, Pakoren turroiaren pareko bat, kalitate beretsukoa, nahikoa lan merkatuan antzekorik bilatzen.

Iñaki Villar
Iñaki Villar dio:
2008/08/21 20:54

Ba zera, niri iruditzen zait Aristiri maiz etxekoandreei gertatzen zaien gauza bera gertatzen zaiola: Eroskira joan eta behar baino turroi gehiago erosten dutela eta, jakina, gero etxekook turroi berbera jan behar izaten dugula aspertu arte. Almendroak aritzak ez izan arren, artikuluak Pakoren estiloa gogora ekarri didala ezin uka dezaket. Zorionak!

patxi lurra
patxi lurra dio:
2008/08/10 20:49

Ba neuri, artikulutxo honen estiloa ez dakit sarkastikoa dan, aristifoboa edo beste barik klase gitxiko errespetu falta merkea.

Patxi Iraeta Zubeldia
Patxi Iraeta Zubeldia dio:
2008/07/25 00:37

Barkatu, ahaztuta neukan benetako izen abizenak derrigorrezkoak zirela zuenean, eskubiko zutabearen arabera. Patxitrapero sinatzekotan ere egon naiz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44