Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Estilo ariketak (III): Nazioarteko estilo cool-a (atxagaostekoa)

(Euskal) Estilo ariketak (III): Nazioarteko estilo cool-a (atxagaostekoa)

Volgako Batelariak 2008/07/04 11:11
Lurralde mitikoak asmatzea, ariketa txarra ez den arren, ez da jadanik nazioarteko sona lortzeko biderik seguruena, euskal idazlearentzat, eta gainera geografia imajinario oso bat asmatzeak lan asko ematen du. Bestelako estrategiak garatu behar dira festibalez festibal ibiltzeko eta atzerriko fan devoué-en sardak biltzeko zure literatur sareetan. Hona hemen azkenaldian arrakasta izan duen bide baten etsenplua, nazioarteko modu cool-arena, kosmopolitismoa eta ukitu folklorikoa abilki konbinatzen dituena. Bizkor ibili, ez baitakigu iraungitze-datarik ez ote duen...

 

John F. Kennedy aireportuan nago Stefan Tormic idazle bielorrusiarrarekin, egun elurtsu batean, eta bion hegaldiak atzeratzen ari direnez, bere idatziez galdetu diot. Zer dagoen kaiera marroi horren orrialdeetan, Poesia Astea iraun bitartean behin baino gehiagotan ateratzen ikusi diodana. Zelangoa den idazle bielorrusiar baten egunerokotasuna. Eta jakin nahi dudala bertako baten ahotik nola bizi den jendea iparreko alde horretan, Bielorrusian.

Stefanek bere hurrengo eleberriaz mintzatu zait. Oso abiapuntu sinplea duela aitortu dit. Emakume bat bazkaltzen ari da bere alabarekin. Patxadaz ari dira. Amak bigarren mundu gerrako istorio bat kontatu dio alabari. Ume txikia zen garaiko istorio bat. Alaba, ordea, ospitalean dagoen anaia txikiarekin oroitzen ari da. Ia-ia gaindosiaz hil dena. Ez diote elkarri kasurik egiten, amets batean bezala daude. Bi esfinge dirudite. Halako batean, ustekabean, zerbitzaria azaldu da bigarren platerarekin, bataren pentsamenduen eta bestearen hizketaldiaren haria etenez. Jende-multzo handia ikusi dute orduan erakusleihoaren ondotik pasatzen: Bielorrusiako lehendakariaren aurkako manifestazio bat. Gero telebistari begiratu egiten dio amak, eta han ikusi duenak beldurrez bete du.

Horraino idatzita daukala esan dit Stefanek. Istorioa ederra iruditu zait, eta gogora ekarri dit Resurreccion Maria Azkuek Euskalerriaren Yakintzan dioena txantxangorriari buruz. Nola, negua amaitzera doanean, zulo zabal bat egiten duen elurretan, txantxangorri bakar batentzat baino askoz zabalagoa, eta nola, han pausaturik, nota bakar bateko txioa botatzen duen, luze. Eta nola, inguruan beste txantxangorririk suertatzen bada, nahiz eta kilometro askotara egon, txio berberaz erantzungo dion, eta, ondoren, lehenengo txantxangorriaren zuloraino egingo duen hegal. Zulo horretatik ikusiko dute, elkarrekin, neguaren amaiera. Hori dio behintzat Azkuek.

Horretan geundela, Stefanen hegaldiaren berri eman dute bozgorailuetatik. Stefan eta biok isilik geratu gara pantaila handiko hitzei eta zenbakiei begira. Halako batean esan dit: «Bielorrusieraz txoria, daratulua, elurra eta samina esateko hitz bera erabiltzen da. Gauza bera dira laurak. Denok dugu bihotzean gordeta samin bat, txori bat eta daratulu bat ditugun bezala, denik eta ñimiñoenak badira ere. Eta denoi egiten digu elurra bihotzean, inoiz».

txantxangorri
etiketak: Testuak
Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2008/07/09 10:42

A, Kirmen Uribe irakurtzeko ze nolako gogoa sortu didan ariketak! Gau sargoritsu honetan behar dut cool piska bat, eta Kirmen piska bat es mucho cool. Baina atzerrian nago eta ez dut libururik bitartean eskutik heltzeko…

Nazioartekoa eta atxagaostekoa nauzuenez, internetera joko dut Kirmen irakurtzeko. Googleri eskatu eta kito: hona hemen izkribaturik aurkitu dudan ene poemarik kuttunena: "Ez Eman Hautatzeko".

Baina bihurria den Google horrek erderazko bertsioa ere bidali dit, agian bene-benetan cool izateko nahian. Elizabeth Macklinek itzulia: Don't Make It a Choice (http://www.englishpen.org/writersintranslation/magazineofliteratureintranslat/basquecountry/dontmakeitachoice/).

Eta orain ezustekoa: "I know my resistance is a fine line of thread, / But I'd be lost with only the Sea. / Drown with Dry Land." Jatorrizko bertsioan: "Badakit hari fin bat dela nire bizilekua, / baina Itsasoarekin bakarrik galduko nintzateke, / lehorrarekin ito."

My resistance = nire bizilekua?! Hara! Ez al luke "my residence" esannahiko gure Elik? Hori bai traduttore tradittore, itzultzaile sortzaile eta atxagaostekoa. Cool, hitz batez. Argituko al lidake norbaitek misterioa, misteriorik balego?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44