Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / (Euskal) Estilo ariketak (II): estilo femenino-intimista (bigarren pertsonan)

(Euskal) Estilo ariketak (II): estilo femenino-intimista (bigarren pertsonan)

Volgako Batelariak 2008/06/20 10:12
Gure estilo ariketekin jarraituko dugu, oraingoan azken urteotan arrakasta itzela lortu duen literatur ildo batekin. Oso egokia sentimendu sakonak adierazteko, gizartearen aurrean biluzteko eta irakurle klubetatik etengabe deitua izateko. Ezinbestekoa Emakundeko aldizkarian iruzkina egin diezazuten.

 

Eserita zaude I. hirían gehien maite duzun kafean. Begiratzen diozu. Berandu iritsi da. Berandu. Ohi duen bezala. Laster hasi da hizketan. Hor duzu oraindik hizketan entsalada jaten duen bitartean. Zure aurrean. Beste bat aurrean izango balu berdina izango zen dena. Bera hizketan. Eta zu entzuten, ez dakizulako zer erantzun. Zer esan. Iritziak ematen ari da zalantzaren izpirik gabe. Ez da gaian sartu oraindik. Oraindik. Zibilizatua eta heldua da. Horregatik onartu zenuen elkarrekin bazkaltzeko gonbitea. Zu ere zibilizatu eta heldua izan nahi duzulako. Izan nahi. Nahi. Bat-batean dena zikina dela pentsatu duzu. I.-n gehien maite duzun kafea zikintzen ari zaretela. Ari zarela.

Arrain zopa azkarregi bukatu duzu. Azkarregi. Amak esaten zizun azkarregi jaten zenuela zopa beti, baina hain gustuko zenuen arrain zopa txikitan. Zuk irribarre egiten zenion amari. Eta berak zuri. Orain ez dakizu zer egin eskuekin. Ezin zigarro bat erre. Ezin irribarre egin amari. Begiak jaitsi dituzu. Zure eskuak geldirik daude mahai gainean. Trakets. Geldirik eta trakets. Orbanak dituzu eskuetan jadanik. Jadanik. Adina. Urteak. Bere eskuak gazteagoak dira. Bazenekin. Badakizu. Azkazal margotuak. Kolore fina eta eraztun garesti eta fina. Fina. Dotorea. Ez duzu pentsatu nahi. Ez duzu nahi. Baina buruan dago dena. Inoiz baino ahulago zaude. Nekaturik. Esku horiek ere ukitu dute Aitorren gorputza. Ukitu. Ferekatu. Eskuen lana. Zure eskuek ere lan horretan ibili dira. Atzo bertan. Ez zenuen orgasmorik izan.

Zerbitzaria iritsi da janari gehiagorekin. “Con permiso” entzun duzu. Ez zara gose. Beste zopa bat jango zenuke. Txikitan bezala. Geio, ama. Janaria ez ikusteko leihoaren bestaldera joan zaizu begirada. Gizonak. Helduak. Gazteak. Hamaika gizon. Elkarrekin. Futbol talde baten banderak dituzte. Behin joan zinen Aitorrekin. Baina Aitorrek ez zintuen behar. Gizonek ez dute emakumerik behar, pentsatu duzu nekaturik. Zer egin daiteke nekearekin.. Azkar, oso azkar hasiko da dena. Telebistan emakume bat negarrez ari da. Pelikula bat. Badakizu antzezten ari dela. Baina negarrez ari da. Negarrez.

emakumea idazten

etiketak: Testuak
Béatrice Urruspil
Béatrice Urruspil dio:
2008/09/15 04:44

Zuetariko batek ba al du arazo bat emakume artistekin? Zuen ustez Emakumeok bakarrik interes gabeko liburuak idatz ditzakegu, eskerrak gizonak hor direla maila altxatzeko? Berriz irakur ezazue "Eta emakumeari sugeak esan zion" ( baina ez dut uste 2.aldian ere ulertuko duzuenik...). Nire erantzun laburra irakurrita seguraski pozik izango zarete: beste emakume histeriko bat, beste bat! Holako erantzun bat espero zenuten, ezta?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44