Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Etxepare Institutuko nazioarteko katedren zerrenda

Etxepare Institutuko nazioarteko katedren zerrenda

Volgako Batelariak 2011/04/28 10:34
Ezaguna den bezala, Etxepare Institutuak Euskal Literaturako “Bernardo Atxaga” katedra sortu du New York Hiria Unibertsitatean, Manhattanen, euskal hizkuntzaren eta kulturaren nazioarteko zabalkuntza sustatzeko asmoz. Hurrengo ikasturtean irekiko dute egoitza, hamar egun iraungo dituen mintegi batekin. Urtean zehar, espezialista ezberdinek Euskal Literaturaren eta Euskararen gaineko ikastaroak emango dituzte bertan, eta hasieran Bernardo Atxaga bera izango dute, aipatu mintegia zuzentzen. Volgako Batelarion zerbitzu sekretuak, ikerketa sakon baten ostean, katedra hori askoren arteko lehenengoa baizik ez dela jakin du, eta hurrengo hilabeteetan sortuko dituen katedren zerrenda lortu du, artikulu honetan bertan argitara ematen duguna hain zuzen ere.

katedraduna

“Koldo Mitxelena” katedra. Chicagoko Unibertsitatean ezarriko da, eta negoziazioak nahiko garatuta daudela dirudi honezkero. Hizkuntzalaritza Aurreindoeuroparra eta Koktelgintza Aurreratua (vodkaren konbinatuen arloan, bereziki) izango dira bertan eskainiko diren ikasketa espezializatuak. Abiatzeko hitzaldi-zikloa Joseba Lakarra irakasleak emango du; Juan Martin Elexpuruk konfirmatu du jada bere presentzia, campuseko sarreran, Iruña-Veleia auziaren inguruko pankarta batekin.

“Karmele Jaio” katedra. Benaresko unibertsitatean sortuko da (Uttar Pradesh, India), eta haren aztergai nagusiak Eguneroko Bizitzaren Oinarrizko Psikologia Ebolutiboa eta Euskal Inteligentzia Emozionala (I eta II) izango dira. Rio do Janeiroko “Paulo Coelho” katedrarekin neba-arrebatuta egongo da, eta kolaborazio horrek, dibisak ez ezik, oso bibrazio onak produzituko dituela espero du Aizpea Goenagak, Etxepare Institutuko zuzendariak.

“Joseba Sarrionandia” katedra. Katedra hau ibiltaria izango da, eta aleatoriotasuna izango du ezaugarri nagusitzat, hau da, munduko unibertsitate ezberdinetan joango da aleatorioki ezartzen, aurretik sorpresazko matrikulazio-kanpaina laburrak bultzatuko direlarik. Jorratuko diren gaiak, halaber, anitzak izango dira, eta urtez urte joango dira aldatzen zozketaz: ipuingintza fantastikoa, poesia soziala, saiogintza konprometitua, helduentzako haur eta gazte literatura, espetxe-segurtasunaren hastapenak… Cervantes Institutuaren diru-laguntzak eskuratzeko dokumentazioan “Jon Juaristi” katedra bezala izendatuta agertuko da beti.

“Arantxa Urretabizkaia” katedra. La Sorbonne-n fundatuko litzateke, Iritzigintza Orokorra eta Geriatria  Literarioaren espezialitateen inguruan. Hondarribiko udalak ordainduko du, antza denez, haren kostuaren zati bat, katedrari izena ematen dion idazleak Alarde garaietan Parisera eskola batzuk ematera joateko konpromisoa hartuz gero.

“Pako Aristi” katedra. Etxepare Institutuak ez daki oraindik katedra hau zein unibertsitatetan fundatuko den, ezta bertan zeri buruzko mintegiak eskainiko diren, baina guztiz premiazkoa ikusten dute Institutuko adituek, idazlearen hurrengo intziri-artikulua saihesteko bidean (ezin izan ditugu konfirmatu, ordea, “Edorta Jimenez” katedra baten inguruko zurrumurruak).

“Imanol Galfarsoro” katedra. Durhameko Unibertsitateko Filosofia sailak eta British Encryption Service-k, elkar hartuta, “Imanol Galfarroso” katedra abian jarri dute, puntako filosofoen testuak euskara baturrora itzultzeko asmoz: hitz joko, anakoluto, puntuazio mistiko edo orozizekizazio pribatiboaren bidez, literaturaren errefutazioa burutzeko eta nazioarteko eta garaiarteko ezkerraren norabide eta helmuga ezinbestekoa Euskal Gatazka (Azka-Tag) dela frogatzeko. Volgako Batelari guztiok izena emanda gaude, bekadun.

“Koldo Izagirre” katedra. Leningradeko unibertsitatean zabalduko da, Hizkuntzen Heriotza Konparatuaren ikerketen koordinaziorako nazioarteko zentro profetiko-apokaliptiko gisa. Katedraren titularra aukeratzeko modua izango da bere berezitasun nagusienetako bat: postua emango zaio soilik hura eskuratu bezain laster katedrari uko egiteko prest dagoenari. Froga guztiak gainditu ondoren hautagaiak postuari eustea erabakiko balu, automatikoki autosuntsituko litzateke (katedra).

“Kirmen Uribe” katedra. Hau ere, ezinbestean, Manhattango New Yorkeko unibertsitatean ezarriko da, “Bernardo Atxaga” katedra (dena delakoagatik) iraungitzen den unetik bertatik, eta haren gaia Euskal Literatura eta Hizkuntza izango dira, orobat, Ornitologia Poetikoarekin batera. Baina, “Bernardo Atxaga” katedrak ez bezala, ez du irakasle berezirik edo berririk kontratatuko, idazle gazteak emango baititu eskola guztiak (urteroko sarrera-errezitaldia salbu, Jon Kortazarrek eta Mikel Urdangarinek osatutako bikoteak performatuko duena).

 

Errafa Kontea
Errafa Kontea dio:
2011/06/17 03:39

Baina ze txantxa mota da hau? Katxondeo maila handia. Inprobokazio eta umore fina. Gustagarria. Dastatu beharrekoa. Galderatxo bat: Arrantza Urretabizkaia ez al da tertuliatan aritzen den emakume oso argi eta polit bat, ez al da bera? Eratzunaren zain geratzen naiz eta nahiago dut Uxue Apaolazak eratzutea. Milesker aldez aurretikan. Eta muxu bat Uxue, eskatu ez arren.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44