Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Durangoko Azoka '09

Durangoko Azoka '09

Iñigo Astiz 2009/12/18 11:29
Aurtengo Euskal Liburu eta Disko Azokara Volgako Batelariok joan ez izana ez da eragozpena artikulu bat plazaratzeko, iaz bezala. Hori bai, beste norbaitek egin behar izan du lan zikina. Iñigo Astiz lagunak osatu du, Philip Larkinen poema bat egokituz, Durangoko azoka-egun bateko kronika eder eta dotore askoa.

Azoka asteartea (edo Durango Larkinen erara)

                                                                

 

“... as the dismantled Show

itself dies back into the area of work

Philip Larkin

 

Egun eguzkitsuegia, aukeran, azokarako, baina badira

autoak bazterretan, halere. Barruan, standak, hasi dira hauta-probak:

liburuak (aurrealdeak zutik, atzealdeak estu) eta diskoak (ertz

guztiak egunez egun txukundurik); harago DVDak

(RAM eta ROM, bietara); ate inguruan hots ozenak

(manifestazio leloen lehia). Bere publikoa du bakoitzak.

Gune nagusian, kritikari gehiago nobedadeei bizkarra emanda;

errezitaldia dator gero, eta megafoniako abisuak, ozen,

 

talka egiten du esku batean billeteak eta bestean poltsa betea

dituztenen agur-oihuekin. Dena ez da liburu eta disko, ordea:

egutegiak, kontzientzia-pizleak, pinak, pankarta-gizonak, komunak

garajearena dirudien zuloan; kamiseta salmentan batzuk,

pegatina oparitan besteak. Kazetarientzako txokoko

eskaileretan eserita dago jende multzotxo bat ere, etsita,

bateko eta besteko guneen artean apenas baitago hutsunerik

umeen jolas joko eta zalaparta ez beste askorako,

beren jabeen kuriositate gabeko begirada axolagabeen pean.

 

Hasi dira borrokak (barka, aurkezpenak), berandu: zirkulu sorta bat

osatzen dute literaturan interesatutako jendeek, idazleek gero,

eta ondoren berriz literaturan (gutxiago?) interesatutakoek.

Bi gizon pare Ternua prakatan sartuta, eta gorputza tinko,

elkarri hitza lapurtuz, bestearen nobedadea lurrera bota

eta gailendu nahian, bi ahoko ezpata parearen pare.

Eroria da bi bikoteetako bat, eskua eman diote elkarri,

eta beste bi datoz gero, buru zuritua bata, nahiz gero hark irabazi.

Ez da salmenta ekintza, aharrausi luzeetan amaitzen den

erlatibo segida luze bat baizik, “supersalmentetako” bat lurrera joan,

eta arma gabe dela, besteak bere tituluak atontzen dituen arte.

Baina badira bestelako ikuskizunak ere:

 

Literatur ekoizpenerako karpa luze eta altua,

jendeak batetik bestera gurutzatzen dituen mahai eta aulkiak,

ordenatuki aurkeztutako garun-erupzio txikiei beha;

adreiluen pareko historia liburukoteak, sei liburukiz osatutako

edizio bereziak (haietako bat irekita), orri horituz betetako liburuxkak---

eta haiekin egunerokotik hurbilagoko kontutxoak: lau errezeta gida,

eta beste lau bidaia kronika, autolaguntzarako aholkuak,

galtzen doazen gaitasunak gordetzen dituzten bikainkeria txikiak,

eta gero manifestuak eta sinadura dantzak ere bai,

 

ongi prestaturiko testuak, mimoz, arrazoizko denak, landuak.

Kanpoan amaitu da manifestazioa(k). Gazteenek oraindik

beren ahotsak erakusten dituzten arren; korrikaldi txikiren bat, agian, gero,

eta pankartak biraka, itxiz eta irekiz, zer mundutara zabaldu dituzten

gehiegi axola gabe. Irabazi edo galdu duten. Orain, atzealdean, badoaz

batzuen eta besteen furgonak dekoratu aldakorra bailiran; bakoitza

bere komisaria propio eta nahi baino urrunagorako bidea hartuta.

 

Billeteak ageri zituen gizona ere badoa, eta mehetu dira parkinak.

Kamioi batzuetan sartzen dituzte hesiak, mahaiak, liburuak.

Atzera doaz berriz denak helbide pribatuetara, ateetara eta lanparetara,

kale bakarreko harrizko etxeko herrixketara, hutsik iluntzean,

eta bidexka okerretara (liburutegi eta liburudendetara,

eta etxe atariraino heltzen diren pakete urri horietara);

atzera berriz udazken oste honetara, azoka astearte honetaraino

ekarri zituen euskal literaturaren horitutako azala atzean utzita---

 

Gizonak hiztegi zaharkituekin, emakume euskara-hezleak,

e-booketara axolagabeki hazitako umeak, emazte sentikorrak

Nafarroako historiak tentaturik, ordenagailu pantaila utzitako senarrak

zuzentzaile informatikoak bezain adi, Takolo-ahotseko seme-alabak---

Atzera doaz berriz denak beren bizitza lokaletara:

karabanetako izenetara, eta sukaldean zintzilikatutako

lantokietako egutegietara; enpresen urteko balantze

eta galeretara ERE, umeen futbol-egunetako taberna saioetara,

 

neguaren sarrera berantiarrera, desmuntatutako azoka

bere kasa lan gune ber horretan hiltzen uzten duten bitartean.

Egon dadila hor ezkutuan, kemenaren pare, salmenta zenbaki

eta balorazio positiboen pean; izan dadila jendeak

denboraren ke uhintsuak keinu handiagoak irensten dituela

jakin gabe egin egiten duen zerbait; denek batera

partekatzen duten zerbait, antzinako garaietatik urtero

euskal literatura existitu dadin berritzen den zerbait. Bego hor betiko.

 

                                                                              Iñigo Astiz

Philip Larkinen Show Saturday olerkian oinarrituta  

herriko merkatua

                             

      

 

 

 

 

 

 

 

 

 

   

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44