Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Denok Patxi Lopezekin (literatura aulikoa eginez)

Denok Patxi Lopezekin (literatura aulikoa eginez)

Angel Erro, Juanjo Olasagarre & Iban Zaldua 2010/10/25 09:33
Euskal poesia, ekitaldi mota guztietan, inoiz eta inork ez bezala bultzatu ondoren, bitxia da, eta erdiragarria, ikustea, literatur auziei dagokienez, zeinen umezurtz dabilen Patxi Lopez lehendakaria, jainkoek, bereziki ahizpa jainkosek, abandonatu izan balute bezala, Madrildiko haizeak eta aire-korronte demoskopikoak ere bizkarra erakusten hasten direnean.
vanity

Lehendakariaren eta, oro har, klase politikoaren literaturarekiko desaxola gero eta nabarmenagoaren froga da, berriki, Leioan EHUko ikasturtearen hasiera ekitaldian gertatutakoa, joan den irailaren 13an: Iñaki Goirizelaia errektoreak bere irekiera diskurtsoan erabilitako Pink Floyden “Another brick in the wall” kantaren aipu extenporaneoari Danteren, Joseph Brodskyren edo Amaia Lasaren batekin arrapostu egin beharrean, bere literatur jakituria gorena alde batera utzi, eta Arcade Fire pop taldearen erreferentzia urri batekin erantzutera makurtu zen gure lehendakaria.

 

Egoera tamalgarri honi luzaezina iritzita, serio berrartu nahi dugu, etsai guztien susmorik beltzenei arrazoi emanez, gure artean erabilitako ideia, hor eta hemen aurreratu duguna, euskal literatura, zein gure (halaber, euskal) ekonomia familiarra, salbatuko duen buru-eskaintza: Patxi Lopez lehendakariak jendaurrean irakurtzeko euskarazko testu literatur eduki handiagokoez hornitzea, beraren figura historiara, duen karguari dagozkion dohain intelektualez jantzirik, pasarazteko.

 

Izan ere, ez genioke literatura aulikoari, berez, beldurrik izan behar; egun bizi duen desprestigioa, iraultza burgesaren zehar-ondorio azken batean, desagertzen joan beharko litzateke zibilizazio burgesaren akaberarekin (egun bizi duguna bezala alegia). Azken batean, boterearentzako eta boteretik ondutako literatura horrek emaitza distiratsuak eman ditu mendeetan zehar (Virgilio gogora ekartzea besterik ez dago), eta XVIII. mendera arte bakanak ziren agintari edo jaun goren bati (laiko edo eklesiastiko) eskaini gabe argitara ematen ziren obrak. Hobetu al du literatura, azkeneko berrehun urteotan, merkatuaren gorabeheren eta masen apeten mende geratu izanak? Ez ginateke baiezko biribil bat ematera ausartuko. Literatura aulikoa berrabiaraztea, ikuspuntu horretatik, itxura batean ematen duena baino progresistagoa suerta daiteke.

 

Eta zein botere gune aukeratu, froga-eremu gisa, hurbilen daukaguna baino, hau da, lehendakaria baino? (are gehiago gure aurreneko lehendakari literaturzalea dela erakutsi zuen heinean). Dena dela, ulertu ongi ulertzen dugunez, eskaini dezakegunaren laginik ezagutarazi gabe (eta, behar bada, lehiaketa publikora aurkeztu gabe), ezin zaigula alimaleko lan hau eman ahal, hona ekarri dugu hiru egoera ezberdinetan lehendakariak erabiltzeko moduko hiru testu; haietako bi poesia, jakinik horixe dela hitzaldi publikoetan Lopezek, orain arte bederen, gehien maite duen generoa, eta hirugarrena autofikzioaren teknika nobedosisimoarekin burututako prosazko testu bat (beti ere, erkidegoa aurreratzen lagundu dezakeen edozein proposamen ausartekin bat eginik). Horretaz gain, erdarazko konposizio bat ere dakargu, soneto desesperatuaren irudipean.

 

Esan gabe doa Volgako Batelariok, (Euskal Autonomia Erkidegoko) Berraldaketa politikoa edo, balizko beste izenez, Desnormalizazioa etortzen denerako, odak, haiku eta zipriztin handiko ibai-nobelak prestatzen ari garela; hala nola ETArik gabeko Euskal Herri ia irudikaezinarentzako oraindik guk ere irudika ezin dugun literatur genero bateko obrak ere.

 

ERANSKINA: Hiru testu auliko eta soneto desesperatu bat

 

MUGIMENDUAREN POSIBILITATEEZ
(edo D letraren poema erudito-xaloa; talde armatuekiko negoziazioez ezer garbi esan behar ez izateko)

Diodoro Krono Megarakoak
uste du mugimendu oro
beti pasatua dela, inoiz
ez presentea, hots, uste du
ez dela mugimendurik existitzen.

Du Bois-Reymondek, Die sieben
Welträtsel
-en, munduko zazpi
misterioetatik lau argitzeko baino
ez du bere burua gai aurkitzen:
mugimenduaren jatorriaz ignoramus
et ignorabimus
dio. Ez dakigu, ez
dugu jakingo.

Dombeyk,
Rousseaurekin herborizatu baitzuen,
idatzi zuen, ez mugimenduaz
edo bere posibilitateaz, itsasoaren
fosforeszentziaz baizik. Entziklopediak
(britanikoa, of course) dioenez, kartzelan
hil zen, eta emandako hitzari fidel, ez zituen
espedizioaren emaitzak sekulan plazaratu.

Demades greziarrari ere leitzen diot:
ez zituen bere hitzaldiak idatzi.



                              *                  *                  *                *                 *            *

 

                                                                          GAU BATEAN
                                                (Lehendakariak autofikzio moduan irakur dezan)

Gaua dibertigarria izaten ari zen. Adiskideak desfasatu samar zebiltzan ni Gaztedien kongresutik heldu nintzenerako, baina ez zitzaidan asko kostatu haien mailara iristea. Gau horretako kontsentsuzko edaria gin-kasa zen; asteburuero egiten zuen aukeraketa gutako batek, txandaka. Noizean behin ematen nion atxiki bat hortik zebilen txirri bati, baina konbikzio handirik gabe, keari ahosabaian eutsiz.
     Txispatuta nengoen jada musika altuago jarri zutenean Bernaberen pubean: “Cien gaviotas”; tabernariak ondo ezagutzen zituen gure gustuak. Aulkiak apartatu eta bizi-bizi hasi ginen dantzan, nor baino nor. Gero “Al calor del amor en un bar” ipini zuten; beti gustatu zait kanta horren eite herrikoia, kasik berbeneroa. Eromena, dena den, "Sarri, Sarri"-rekin heldu zen: animatzeko falta zirenak taberna erdira inguratu, eta han hasi ginen denok erotuta, saltoka eta elkarri bultzaka. Ondoren Madnessen “Our House” irten zen bozgorailuetatik, ona hura ere, baina zorabio txiki bat sentitu nuen kantaren amaiera aldera, eta kalera irtetea erabaki nuen; gainera, ondoren Dinaramaren azkena jarri zutela aditu nuen, eta Alaska gehiegi maite ez nuenez, tarte batez geratu nintzen kanpoan.
     Gaua fresko zegoen, baina ederra aldi berean. Neguriko argi hotzak ikus zitezkeen ni nengoen lekutik, itsasadarraren beste aldean. Oraindik pixka bat mareatuta banengoen ere, zigarro bat atera nuen jakaren barrunbeetatik. Pizgailurik ez, ordea, poltsiko guztietan bila eta bila aritu nintzen arren. Orduantxe sentitu nuen nire atzean:

     –Surik nahi?

     Pitin bat izututa itzuli nintzen. Neska beltzaran bat hurbiltzen ari zitzaidan, larruzko jaka marroi argi batez jantzita; ez nuen ezagutzen. Baiezkoa egin nion buruarekin, eta zigarroa ezpainetatik erori zitzaidan. Hura hartzeko makurtzeko denborarik eman gabe, beste bat eskaini zidan neskak: Fortuna zen, baina hala ere onartu nion. Keinu seguru batez piztu zidan, pospolo batekin. “Eskerrik asko” esan nahi izan nion, baina hitzik ez zitzaidan atera.

     –Ba al dakizu kanta hori terrorista baten omenez konposatu zutela? –bota zidan tupustean; argi zegoen tabernatik atera zela nire atzetik, han zegoenik gogoratu ezin banuen ere.
     –Zein? “Ni tú ni nadie”? –erantzun nion, ergelki.
     –Ez: “Sarri, Sarri”.
     –Ez nekien... Terrorista bat, diozu?
     –Bai, Martuteneko kartzelatik ihes egiten lagundu zioten duela urtebete. Bafle baten barruan. Horren omenez idatzi zuen kanta Kortatuk.
     –Bai, gogoratzen naiz –erantzun nion nik, nora iritsi nahi zuen ulertu gabe, oraindik.
     –Ez zaizu iruditzen iraingarria?
     –Tira, ni...
     –ETAko hiltzaile bat aske dabilela goratzen du kantak!
     –Bai, baina...
     –ETAk nire aita erail zuen dela lau urte. Galdakaon. Guardia zibila zen.
     –Joder. Sentitzen dut. Benetan.
     –Ezin dut kanta hori jasan. Entzuten dudan bakoitzean zaplateko bat emango balidate bezala da.
     –Ulertzen dut.

     Honetaz eta hartaz hitz egin genuen ondoren. Ez naiz ondo oroitzen zertaz. Bizitzaz, imajinatzen dut, eta herri honen esker txarraz. Gero, agertu bezain bizkor ezkutatu zen gauaren erdian, adiorik gabe. Ni tabernara itzuli nintzen, baina ez nuen haren arrastorik topatu; batzuetan agerkunde moduko bat izan zela pentsatzera iritsi naiz.  Izkina batean geratu nintzen, uzkur, Bernabek munduko musika onena pintxatzen jarraitu zuen arren.
     Gau hartan zerbait konprenitu nuen herri honen sufrimenduaz, herri honen tragediaz.
     Sekula ahaztu ez dudan zerbait.



                                       *                  *                  *               *                *                  *

 

 

TELEFONO DEI BATEK PATXI LOPEZEN LANA ETEN DU  

Ajuria Eneako bakeraino
nadie sabe cómo ha sido– heldu da,
ez, enarek iragarria, uda,
arazo atzeraezina baino.

Mimosen artean geldoa, Patxi
itzuli da zurezko bulegora;
dei bat zain dauka. Gomutan du Hora-
zioren zuhur-hitz bat. Idatzi

beharko luke bere blogerako:
toki berberera garamatzate
denok; gure izena, bueltak emate
hutsez, urnatik dute aterako
.[1]

Hariaz, bandaz, bestaldekoari:
–Sí, dígame, le habla el Lehendakari.

 

                                       *                  *                  *                  *                    *                   *

 

[Soneto desesperatua]

A PATXI LÓPEZ CON AMOR

Te consagro un poema, ay, Patxi,
para que en los comicios cercanos
sigas siendo, alas, lehendakari
y me concedas tus favores arcanos.

Quiero, Patxi, que me encumbres
como a otros literatos vascos.
Dame, Patxi, la áulica lumbre,
eres grande, de tu pecho vasto.

Déjame, Patxi, cantarte trinos
de gorrión y cuco. A cambio, dame
fama, ETB por un tubo, mimos.

Que aunque uno es navarro,
no es de barro. ¡Patxi, ámame!
Quiero, seré bueno, asistir a tu cotarro.

 

 


[1] Aequa lege Necessitas
  sortitur insignes et imos:
  omne capax movet urna nomen.

(Hor, III, 1, 14-16)

 

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44