Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / David Foster Wallaceren ipuin bat: "Suizidioa opari-antzeko"

David Foster Wallaceren ipuin bat: "Suizidioa opari-antzeko"

David Foster Wallace, Ibon Egaña, Uxue Apaolaza 2008/11/06 11:15
David Foster Wallace (Ithaca, 1962-Claremont, 2008) bere belaunaldiko idazle estatubatuar interesgarrienetako bat dugu. Volgako Batelariak-en haren ipuin bat euskaratzea eta argitaratzea erabaki dugu; itzulpena Ibon Egañak egin du, eta Uxue Apaolazak sarrera-testua.
DFW

“David Foster Wallacek bere burua urkatu zuen ostiralez bere etxean”. Horrela hasten du Bobpop-ek idazlearen heriotzari buruzko post-a bere blogean. Eta ostiralean dio igandera arte ez genuelako gertatuaren berririk izan, “sinpleki bere belaunaldiko autore iparamerikar onena hil zen, eta inoiz huts egiten ez zuen autore bakanetako bat”,  Peio H Riañok idatzi bezala.

DFW, marka bihurturik, batez ere bere burua hil duenetik; inoiz baino gehiago idatzi da ziurrenik berari buruz erabakia hartu zuenetik, Espainian (eta gurean) inoiz baino irakurle gehiago irabaziko du idazle hilak. “Berak gizarte zatikatu honetako bakardade modu asko analizatzen ditu, non ez dagoen defentsarik indibiduoarentzat. Defendatzeko ezintasuna izan zen, indibiduoaren ahuldadea, orain iruzkin autobiografikotzat azaltzen dena”, Javier Calvok, gaztelaniara bere liburuak itzuli dituen idazleak, zihoenez.

La broma infinita nobelak egin zuen ezagun batez ere, saiakerak ere baditu, Algo supuestamente divertido que nunca volveré a hacer, kruzeroa egin eta hari buruz idatzi zituenekin, edo Hablemos de langostas.

Eta ipuinak; “Foster Wallace, nobelagile melvildarra izateaz gain, estatubatuar narratiba berriko ipuingile aktibo onena zen. Bere ekarpena kalkulaezina izan zen tradizio bat agortzea hartu baitzuen helburu eta beharbada bat asmatzea, berarekin hasi eta amaituko dena (…) Foster Wallace-k bere narrazio motzekin tradizio oso bat desafiatu nahi izan zuen eta jakintza sakonetik baizik ezin izan zuen egin”, dio Alvy Singer-ek.

Ipuin liburuak: La niña del pelo raro, onena beharbada, Entrevistas breves con hombres repulsivos eta Extinción.

Riañok azpimarratzen du bere idatzietan “egunerokoaren behaketa xehatuaren groteskoa, komikotasun desbordantea, satira gupidagabea eta umore beltza”. “Egia da ordura arte txanponaren beste aldea kontatuko zigun norbaiten gabezia sumatzen zela. Iparramerikako bizimodu zoragarriaren ongizate guztia (eta europarra hedaduraz) putzu erraldoi nazkagarri eta kirasduna zen, zaborra, non berak inork baino hobeto miatu zuen”.

Besteen hitzak lapurtuz jarraitzeko, Eduardo Lago-renak: “Bere estruktura narratiboak gure aroaren sentsibilitatearen ondorio zuzena dira; aurreko belaunaldien kode estetikoak leherraraziz, bere prosa tentakularrak bizi dugun paradigma kulturalaren sistemak mimetizatzen ditu; komunikazioen bertigoa, informazio gehiegizkoa, finantza korporazio handien eragina, pop kulturaren ikonoak, entretenimenduaren industria, zinea, kirola eta musika, terrorismoaren mehatxu nonahikoa” (…). “Experimentalismoan txapelduna, garbi izan zuen ezin zuela hutsean eginiko artifiziozko jokoan geratu “ eta David Foster Wallace beraren hitzekin jarraitzen du: “Esentziala emozioa da. Idazketak bizirik behar du, eta nola azaldu ez dakidan arren, oso gauza sinplea da: greziarren garaitik, literatura onak sabelaren ahoan korapiloa sentiarazten dizu. Gainerakoak ez du ezertarako balio”.

Ithacan jaio zen, New Nork, 1962an eta 2008an hil du bere burua, irailaren 12an Claremont-en, California. Eta batzuei oraindik ez zaigu sabeleko ahoan egin zitzaigun korapiloa askatu.

Gure hitzik gehiago erantsi gabe, bere ipuin bat jarriko dugu, Ibon Egañak euskarara itzulia.

 

Suizidioa opari-antzeko

Bazen behin ama bat oso, arras gaizki pasatzen zuena emozionalki, barrutik.

Berak gogoratzen zuenaren arabera, beti pasa izan zuen gaizki, baita umetan ere. Haurtzaroko xehetasun gutxi gogoratzen zuen zehazki, baina gogoratzen zuen bere buruarekiko gorrotoa, izua eta desesperazioa sentitu izana, betidanik berekin egonak ziruditenak.

Ikuspegi objektibo batetik, ez litzateke burugabea esatea amagai hark zabor psikiko asko irentsi zuela haurra zela eta zabor horren zati bat bere gurasoek egindako sexu-gehiegikeria gisa deskriba zitekeela. Hala ere, hori guztia, egia izanagatik, ez zen arazoa.

Arazoa zen, bere oroitzapenak ziotenaren arabera, amagai hark bere burua gorroto zuela. Bizitzako egoera guztiak izuz hartzen zituen, edozein aukera edo egokiera azterketa garrantzitsu eta izugarriak balira bezala, eta aurretiaz prestatzeko bera ergel edo alferregia izan balitz bezala. Zigor izugarriren bat saihesteko, azterketa haietan guztietan nota altuena atera behar balu bezala sentitzen zen[1]. Denak izutzen zuen, eta besteek hori igarri ahal izateak izutzen zuen.

Amagaiak ondo zekien, adin goiztiarretik jakin ere, presio etengabe eta izugarri hura bere barnetik zetorkiola. Errua ez zela berea baizik. Horrek bere burua gehiago gorrotarazten zion. Bere buruagandik perfekzio erabatekoa espero zuen, eta lortzen ez zuenero etsipen sakon eta jasanezinak hartzen zuen, bera ispilu merke bat bailitzan puskatzeko mehatxu egiten ziona[2]. Amagaiak espektatiba garai haiek etorkizuneko bere bizitzaren arlo guztietan proiektatzen zituen, batik bat besteen onirizte edo gaitzespena jokoan zegoen haietan. Arrazoi hori medio, haurtzaro eta nerabezaroan zehar, denek hartzen zuten neska distiratsu, aparta, erakargarri, lagunkoi eta miresgarritzat; laudatu eta onetsi egiten zuten. Bazirudien bere kideek inbidia zietela bere energiari, bere dinamismoari, bere itxurari, bere inteligentziari, bere prestutasunari eta besteen behar eta sentimenduei jartzen zien arretari[3]; lagun min gutxi zuen. Nerabezaroan zehar, autoritateek, hala nola, irakasleek, ugazabek, militar buruek, apaizek eta unibertsitate-ikasleen elkarteetako aholkulariek aipatu zuten neskatoak “[bere buruaren] espektatiba oso altuak [z]ituela” eta nahiz eta maiz komentario haiek ardura- eta gaitzespen-asmo abegikor batetik jalgiak ziren, ia beti antzeman zitezkeen beroietan onespen ukitu arin baina ukaezin bat -autoritateak epai objektibo eta inpartziala eman zuela, eta bere onespena eman zuela-, eta edozelan ere amagaia (orduan) onartua sentitzen zela. Kontuan hartua sentitzen zen: bere irizpideak baziren jasoak. Halako harrotasun zital bat sentitzen zuen, bere buruarekiko erakusten zuen errukigabeziak eraginda.[4]

Helduarora iritsi zenean, dagoeneko egoki zen esatea amagaia barrutik oso-oso gaizki ari zela pasatzen.

Ama bihurtu zenean, gauzak areago gogortu ziren. Amak haurrarekiko zituen espektatibak orobat jasoak ziren, bete ezinak. Eta haurrak zerbait lortzen ez zuen aldiro, amaren joera naturala zen hura gorrotatzea. Beste hitzetan, berak (mutikoak) amak ustez zuen gauza bakarra, irizpide jasoak, ezbaian jartzeko mehatxu egiten zuenean, bere kabutan, amak bere buruari zion gorrotoak kanporantz proiektatzeko joera hartzen zuen, eta haurrarenganantz. Joera hari gehitzen zitzaion amaren gogoan ez zegoela banaketa ñimiño eta zehaztugabe bat besterik bere nortasunaren eta haurrarenaren artean. Haurrak hein batean amaren beraren isla zirudien, irudiak murrizten eta itsuski distortsionatzen zituen ispilu batean. Beraz, haurra heziera txarrekoa, handinahia, zabarra, kaskagogorra, berekoia, krudela, ez-esanekoa, alferra, ergela, burugogorra edo infantila zen aldiro, amaren joera sakon eta naturalena zen hura gorrotatzea. 

Baina ezin zuen gorrotatu. Ama on batek ezin du bere haurra gorrotatu, epaitu, hartaz abusatu edo hari ezelako minik opa. Amak bazekien. Eta bere buruarekin ama gisa zerabiltzan irizpideak, espero zitekeen bezala, oso jasoak ziren. Eta arrazoi horregatik berak “hanka sartzen”, “zakar hitz egiten”, “pazientzia galtzen” edo haurrarekiko gorrotoa (laburra izanagatik) adierazten (nahiz mentalki soilik) zuen aldiro, ama berehala hondoratzen zen bere buruarekiko kontu-eskeen eta desesperazioaren amildegian, zeina jasanezina egiten zitzaion. Hala, ama gerran sartu zen. Bere espektatibak errotiko gatazkan zeuden. Gatazka bat non bere bizitza xakean zegoela sentitzen baitzuen: haurrarekiko sentitzen zuen asegabetasun instintiboa garaitu ezinak bide egingo zion bere baitan, bazekien, bere buruari ezarriko zion zigor izugarri eta suntsitzaileari. Arrakasta izateko erabakimena zuen, etsi-etsian hura lortzekoa, bere buruari ama gisa ezarriak zizkion espektatibak betetzekoa, horren prezioa zein zen arduratu barik.

Ikuspegi objektibo batetik, bere burua kontrolatzeko ahaleginetan amak arrakasta itzela lortu zuen. Haurrarekiko kanpo-jokaeran amak xamurtasun nekaezina erakutsi zuen, konpasiotsua, ulerkorra, maitakorra, gartsua, inkondizionala izan zen, itxuraz, epaitzeko, gaitzesteko edo bere maitasunaren ezein forma ukatzeko gaitasunik gabekoa. Zenbat eta doilorragoa izan bere haurra, are xamurtasun handiagoa eskatzen zion bere buruari amak. Bere jarrera apartekoa zen, ama bikainak nolakoa behar duen zehazten duen edozein irizpideren arabera.

Trukean, haurrak, hazten zihoan heinean, bere ama maiteago izan zuen mundu honetan den beste guztia baino. Bere buruaz egiazki hitz egiteko aukerarik izan balu, haurrak esango zukeen izaki makur eta gorrotagarritzat zuela bere burua, zeinari, merezi gabeko zorte-kolpe bati esker, munduko ama onena egokitu baitzitzaion, amultsuena, jasankorrena eta ederrena.

Baina barrutik, haurra hazten zihoan heinean, amak bere buruarekiko gorrotoz eta etsipenez beterik jarraitzen zuen. Ziurrenik, esaten zion bere buruari, haurra gezurretan, iruzurrean eta auzategiko maskotak izutzen ibiltzea bere amaren errua zen. Ziurrenik berak ama bezala zituen akats grotesko eta patetikoak bistaratu besterik ez zuen egiten haurrak, mundu guztiak ikus zitzan. Hortaz, haurrak bere ikasgelako UNICEFentzako dirua lapurtu zuenean edo katu bat isatsetik heldu eta auzoaren adreiluzko etxeko ertz zorrotzaren aurka behin berriro kolpatu zuenean, amak beretzat jo zituen haurraren akats zabarrak; haurraren malkoak eta bere buruari egiten zizkion aurpegiratzeak eskuzabaltasun eta maitasun baldintzagabeko batez konpentsatu zituen, zeinak eragin baitzuen haurrak bere ama aterpe bakartzat hartzea, espektatiba ezinezkoz, epai zurrunez eta zabor psikikoz azkenik gabe betetako mundu batean. Bera hazten zihoan heinean (mutikoa), amak bere inperfekzio guztiak onartu zituen, bere barnean gorde zituen eta horrela absolbitu, erredimitu eta erregeneratu zuen, kezkatu gabe bere buruarekiko gorroto-funtsa handitzeko arriskuaz.  

Eta halaxe izan zen bere haurraren haurtzaro eta nerabezaro guztian zehar, halako moldez non haurra askotariko lizentzia eta baimenak eskatzeko nagusi izan zenean, ama bere barruan gorrotoz gainezka sentitu baitzen: gorrotoa bere buruari, bere haur akastun eta zorigaitzekoari eta epai zorrotzen eta espektatiba ezinezkoen mundu bati. Halatan semea izan zen -haur guztiak bezala, amagandik soilik itxaron daitekeen maitasun perfektu hori itzultzeko irrikaz- guztia adierazi zuena amaren ordez.



[1] Bere gurasoek, bide batez, inoiz ez zuten jo eta ez ziren inolako diziplinarik ezartzen ahalegindu, ezta hura presionatzen ere.

[2] Bere gurasoak baliabide gutxiko jendea izan ziren, fisikoki inperfektuak eta ez azkarregiak, eta neskatoa bere buruarekin haserretzen zen ezaugarri haiek antzemateko gai zelako.

[3] Sasoi hartan ez ziren erabiltzen positiboa izan, psikologikoki erlaxatu bezalako esapideak (ez, bidenabar, zabor psikikoa ere, ezta gurasoengandiko sexu abusuak eta ikuspegi objektibo ere)

[4]Izan ere, ama izateko gutxi falta zuen neska hari, hain diziplina gutxi ezartzeko gurasoek ematen zioten azalpena hauxe zen: bazirudiela alabak bere burua zigortzen zuela gupidarik gabe edozein hutsegite edo transgresio txikirengatik, halako moldez non hari inongo diziplinarik ezartzea, komatxo artean, “nolabait zakur bati ostikoka aritzearen parekoa” zatekeen.

 

Ipuin hau Elkarrizketa laburrak gizon higuingarriekin liburuan argitaratu zen (Brief Interviews with Hideous Men, Little, Brown & Company, 1999). Gaztelaniaz Entrevistas breves con hombres repulsivos bezala argitaratu zen (Mondadori, 2001) eta frantsesez Brefs entretiens avec des hommes hideux bezala (Au Diable Vauvert, 2005).

David Foster Wallaceren beste ipuin bat irakurri nahi baduzu, klikatu hemen. Edo, jakina, liburutegietara edo liburu-dendetara jo...

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44