Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Bilbao-New York-Bilbao

Bilbao-New York-Bilbao

Angel Erro eta Iban Zaldua 2009/01/30 11:56
Tentaldiari ihes egiteko modurik onena bertan erortzea da, zioen Oscar Wildek, eta azkenean, borroka latz baten ondoren, ezin izan diogu eutsi eta durangoste honetako modako kontrobertsia literarioaren hatzaparren artera egin dugu jauzi, bide batez aspalditik utzita geneukan (baina hemendik aurrera berpiztuko dugun) inoizkari honetako kritiken saila berrabiaraziz. Volgako Batelariak-en barne posta-zerrendako gure ohiko mezuen truke mamitsu batetik abiatuta, lau eskutara (eta zortzi begitara) osatu dugu Kirmen Uriberen lehenengo eleberriaren inguruko iruzkin hau.
kirmen's

 

 

 

Kirmen Uribe
Bilbao-New York-Bilbao

Elkar, 2008.

 

 

 

 

Kirmen Uriberen Obabakoak?

Kritika honetarako titular posible baten bila ari ginela kuestio horrekin egin dugu topo: jo al daiteke Bilbao-New York-Bilbao (Elkar, 2008) Kirmen Uribe idazle ondarrutarraren  Obabakoak-tzat (Erein, 1988)? Baietz uste dugu, hein batean behintzat, eta beherago saiatuko gara azaltzen zergatik. Eta, orobat, zergatik uste dugun, beste hein batean, Bilbao-New York-Bilbao ez dela, ezin dela izan Obabakoak bat.

Bilbao-New York-Bilbao autofikziozko liburu bat da, egilearen izen bereko narratzailea duena, eta baita anglosaxoniarrek faction deitzen dutena ere (fact + fiction), hots, nagusiki benetako gertakariak (historikoak edo garaikideak) eta fikziozko batzuk nahasten duen generokoa, egileak berak aipatu duenez. Bertan Ondarroako familia bateko hiru belaunaldien nolabaiteko historia (edo istorioak) aurkeztu nahi zai(zki)gu, liburuaren beraren eraikuntza prozesuarenarekin batera, keinu eskuarki metaliterario batez alegia. Pasarte batean hala aitortzen du egileak:

"Fionnari [Fionna Mac Rae, Estatu Batuetako bere editoreari] nobelaren egitasmoa azaldu nion. Ideia  bilakatuz joan zela, eta azkenean Bilbao eta New York arteko hegaldi batean kokatu nuela dena. Nola hitz egin bestela familia bateko hiru belaunaldiri buruz, XIX. mendeko nobelara itzuli gabe. Nobelaren idazketa-prozesua kontatuko nuen, eta zatika, oso zatika, hiru belaunaldien kontakizunak" (155. orrialdea).

Apurrez eraikitako liburu bat da, beraz, fragmentarioa, eta ikuspuntu horretatik esan ahal da, halaber, euskal Nocilla Dream bat dela (Candaya, 2007), zatikatze moduagatik, istorioak tartekatzeko moduagatik, lotura oso meheaz, eta baita lehen pertsona erabiltzeko moduagatik ere. Baina Agustín Fernandez Malloren nobelan zientzia eta (eszenatoki nagusi gisa) Estatu Batuak zeuden tokian, Kirmen Uribek bere herriko istorio xamurrak ipini ditu, pinturaren historia liburutik (batez ere euskal pintura garaikidearen historia liburutik) ateratako anekdota gehiegi aldatu gabeekin batera. Honako hauek dira nobelak jorratzen dituen ardatz nagusietako batzuk: Aurelio Arteta pintorearen eta Rikardo Bastida arkitektoaren arteko harremana, eta haiena Ondarroarekin; narratzailearen aita lemazainaren bizitza familiarra eta profesionala, batez ere Atlantiko iparraldeko arrantza-guneekin izan zuen harremanari dagokionean, eta baita belaunaldi horretako beste zenbait adiskide eta ezagunenen zantzuak ere; Liborio aitonaren istorioak, eta haren “Dos Amigos” izeneko ontziaren inguruko misterioa (nobelaren hasierako leit-motiva izan behar zuena eta, finean, lanaren MacGuffin nagusia bilakatzen dena); Kirmen Uribe narratzaileak, Nerea beraren andreak eta Unai hamasei urteko semeak osatutako triangeluaren gorabeherak; narratzailearen beraren ibilerak, famatzen hasitako euskal idazle gisa, Europako eta Amerikako mundu literarioan barna. Besteak beste. Eta horiek guztiak hariltzen, bi kontu: 2008 urtearen amaiera aldera narratzailea Bilbotik New Yorkera egiten ari den hegazkin bidaia, eta nobelaren beraren eraikuntza prozesuaren kontakizuna.

Nobela honetan, narratzaile aparta dela frogatzen du Kirmen Uribek. Bere idazkerak ez du inoiz ere trabarik egiten, eta aurrera bultzatzen du etengabe irakurlea, estilo sinple bezain eraginkorra baliatuz… ez dena, kontraesankorra irudi dezakeen arren, lortzen batere erraza. Uriberen prosa urteetako lanaren emaitza da, eta zinez txalotzeko modukoa da alde horretatik.

Bilbao-New York-Bilbao mundu galdu batez ari da: “desagertzen ari den arrantza munduari buruzko nobela bat” izateko asmoz sortu zen, egilearen beraren hitzetan (20. orr.). Atxaga eta mundu obabatarrarekiko lotura ezin argiagoa da alde horretatik, eta, izan ere, Soinujolearen semea (Pamiela, 2003) nobelako euskal hitzen lurperatzearen eszena ekartzen digu berehala gogora hizkuntzaren higaduraren inguruko hausnarketak egiten dituenean, adibidez pasarte honetan: “Gero kontatu nion banketxe batean egiten zuela lan [Nereak, narratzailearen andreak]. Eta bezero batek, berarengana joaten den aldiro, papertxo bat ematen diola hitz zaharrekin. ‘Aspaldian ez dut hitz hau entzun’ esan eta Nereari gordetzeko esaten dio. Hitzak, esaerak, arrainen izenak ematen dizkio erretiratutako arrantzale batek. Dirua gordetzeko tokian jartzen ditu salbu antzinako hitzak” (175. orr.).

Egileak berak, eta baita kritikariren batek ere, obraren berritasuna eta arrisku-gogoa azpimarratu dituzte (egileak elkarrizketa batean Aritz Galarragari esan zion bezala, “ez nuen nobela ortodoxoaren bidetik joan nahi. Nobela honetan ez dago ia tramarik, ez dago intrigarik”), eta horren oinarri fragmentazioa eta autofikzioa aipatu, W. G. Sebald edo Enrique Vila-Matas bezalako autoreei erreferentzia eginez. Guk, ordea, ez dugu uste nobedadea horren nabarmena denik, ezta azterketa Euskal Herriko letren eremu estura murrizten dugularik ere. Izan ere, obraren xehadura bazen, halaber, Obabakoak-en ezaugarri behinenetako bat, autofikzioarekin batera (nahiz eta Atxagaren lanean ezkutuagoa izan Bilbao-New York-Bilbao-n baino); Joxe Agustin Arrietaren Manu militari (Elkar, 1987) eta are Ramon Saizarbitoriaren 100 metro (Kriseilu, 1976) edo Ene Jesus (Kriseilu, 1976) bezalako nobelek, bestalde, fragmentazioa zuten ardatz nagusi. Eta autofikzioari dagokionean ez dago soberan gogora ekartzea Karlos Linazasororen obra guztia zeharkatzen duen zerbait dela, T. hiriko K. izeneko pertsonaiaren bitartez (batzuetan narratzailea dena, gainera), edo, obra hurbilago bat aipatzearren, Hasier Etxeberriaren Iturrino Handia nobela (Susa, 2007), edo, gure gaztelaniazko letretara joz, Miguel Sánchez-Ostizen hainbat lan. Esan genezake, beraz, euskal literatura garaikidetan nagusi ez, baina ondo sustraitutako joeretan kokatzen dela Bilbao-New York-Bilbao.

Edonola ere, eta alde askotatik iraganera begira dagoen nobela izanik ere (1920ko hamarkadatik gaur egunera arte, nagusiki, baina antzinagoko garaietara salto eginez noizik behin), argitaratutako unean oso errotuta dago, eta alde horretatik nobela gaurkotzeko sekulako lana egin du egileak iturri ezberdinetatik datozen material zaharrak bateratuz eta eguneratuz. Esaterako, Meryl Streepek Donostiako azkeneko zinemaldian eginiko deklarazio batzuk datoz, 2008ko irailaren 26koak, edo Hegoaldean estreinatu berri den Entre les murs pelikularen aipu zehatza. Eta narratzailea Bilboko aireportura iristen denean hauxe dio: “2008ko udazken honetan bete ditut hogeita hemezortzi urte. Obamak McCaini presidentetzarako lehia irabazi berri dion honetan. Bilbotik Frankfurterako hegaldia hartu behar dut eta handik New Yorkera” (23. orr). Nobela kasik argitaratu zen unean bertan idatzi zelako sentsazioa emateko baliatzen ditu egileak mota horretako xehetasunak; zenbaitetan Uribek profeziaren dohaina irabazteko moduan, egileak urrian bukatu baitzuen nobela idazten (cf. Berria, 2008ko urriaren 21eko erreportaia) eta Estatu Batuetako hauteskundeak azaroaren 4ean gertatu ziren (cf. mundu osoko prentsa). 

Kirmen Uribek esan du, halaber, “Kanpora joanda asko ikasi dut, baina nire helburua ez da kanpoko hura geurera ekartzea, kanpokoaren kopiak egitea. Nire helburua geure ikuspegia kanpoan erakustea da”: begi bat atzerrian jarrita idatzi du egileak liburu hau. Izan ere, hala frogatzen du liburuaren izenburuak berak, euskaraz ohikoa den “Bilbo” izendapenaren ordez nazioarteko mailan ezagunagoa den “Bilbao” aukeratu den heinean. Beste zenbait xehetasunak (adibidez, “Prestige” petroliontziak eragindako hondamendiaren inguruko azalpen luzeegiak, egungo euskal irakurlearentzat soberan legokeena, 96. orr., edo lehen aipaturiko Estatu Batuetako hauteskunde presidentzialei erreferentzia bera) liburu honen nazioarteratze-bokazio argiaz ari zaizkigu.

Bestalde, egileak aitortu bezala, tramarik eta intrigarik gabeko liburua da, baina (gehitzen dugu guk) baita tentsiorik edo dilema moralik gabekoa ere. Familiako partaide guztiak eta are familia inguruko harreman guztiak dira onberak, salbuespenik gabe: Jose aita, aitona Liborio, amona Susana, izeba Maritxu, izeba Margarita, osaba Boni, Antigua Piperra eta Miel Gallastegi auzokideak… Onberatasun propietate hau, gainera, ez da familiaren ingurura mugatzen, kutsakorra da, eta are aspaldian aita ezagutu zuen eskoziar bat, Angus MacLeod, hartzen du bere baitan, 1970eko hamarkadan euskal arrantza-ontziak harrapatzen ziharduena eta, beraz, “aurkari” gisa agertzen den pertsonaia bakarrenetakoa nobelan: “gizon onak ziren euskaldunak” aitortzen amaitzen du. “Bitxia zen egoera”, jarraitzen du gero narratzaileak, “aitaren ustezko arerioa, euskal barkuak preso hartzen zituen hura orain Euskal Herrira etorri nahian zebilen” (187. orr.). Zinez nabaria da Kirmen Uribek sakon ikertu duela bere familiaren historiaren inguruan (izan ere, ikerketa hori da liburu honen oinarri sendoenetako bat), baina kritika hau sinatzen dugunok onartu behar dugu, literatura giza arimaren argi-itzaletan esploratzeko tresna gisa maite dugun heinean (besteak beste), liburuaren alderdi horrek ez gaituela sobera asebete. Antonio Tabucchiren iritzikoak gara, alde horretatik:

"Egia esan, nire idazketan gehien interesatzen zaidana negatiboak deritzaten tasunekin aritzea da. Positiboak ez zaizkit sobera interesatzen. Pertsona on bat, gizabanako positibo bat, santu izatera hel daiteke, eta egutegietan agertu, baina ez dut uste pertsonaia literario interesgarria bihurtzera irits daitekeenik. Giza ariman ikertzeko askoz ere emankorragoa da koalitate negatiboetan murgiltzea. Pertsonaia positiboak, gardenak, jakina den bezala, halabeharrezkoak izan dira errealismo sobietarraren nobelagintzan, azkeneko urteetako literatura horribleenetako bat osatu duena".

Ildo horretako beste adibide bat aitona Liboriorena da. Liburuan zehar indar negatibo nabarmen baina nahiko lauso eta arketipikoak ageri dira: ETAren terrorismoa, Estatuaren errepresioa, frankismoa eta, batik bat, Gerra Zibila, zeinaren alde iluna, zuzentasun politiko-literario nagusiari jarraiki, altxatuek ordezkatzen baitute (alde positiboa abertzaleek eta sozialistek osatzen duten bitartean). Bada, halako batean (irakurleari aurretik pista ez bereziki argiren bat eman zaion arren) jakiten dugu aitona Liborio, zeina behin baino gehiagotan azaldu baitzaigu “Dos Amigos” ontziaren kontuarekin eta Bastidatarren Ondarroako oporraldiekin lotuta, frankisten aldekoa izateagatik egon zela preso gerraren hasierako garaian, non eta Larrinagako kartzelan, eta Bilboko bonbardaketen ondoren bertan errepublikazaleek burutu zuten sarraskitik ihes egin ahal izan zuela, bidean beste preso nazional bat salbatuz (140. orr.). Alabaina, Kirmen Uribek ez dio horren interesgarria izan zitekeen hariari heltzen, eta istorioaren hondarreko apurra kontatzen digunean aukera galtzen du garaiko euskal gizarteak bizi izan zuen zatiketaz sakonago aritzeko: “Izeba Maritxuk esan zidan aitona inbidiagatik eraman zutela kartzelara, herriko ezinikusiengatik. Politikak baino pisu handiagoa izan zuela gaiztakeriak. Erregezaleen zerrenda batean agertu zen eta salatu egin zuten” (168. orr.). Gainera, Liboriok ez zuen gerra ondoren nazionalen heroi bihurtu izana aprobetxatu nahi izan, eta etxean berdin-berdin eman zien aterpe hala Saturrarango kartzelan lan egiten ziharduen Javier militarrari nola kartzela horretako preso baten alabari… Faction ildokoa ere baden Javier Cercasen Soldados de Salamina nobelaren ezaugarri batzuk gogoan (Tusquets, 2001), historia irabazleetako baten aldetik nola ikus zitekeen literarioki tratatzeko egokiera zegoela iruditzen zaigu, talaia horretatik egindako lanak nahiko urriak diren euskal literaturaren une honetan.

Bestalde, arreta piztu digute bereziki dauden dialogo gutxien sineskortasun edo naturaltasun eza, pasarte narratibo hutsen erritmo biziarekin kontraste handia egiten dutenak. Hona hemen adibide bat, New Yorkera doan abioian, ondoko eserlekuan narratzaileari egokitzen zaion emakume maitagarriarekin duen solasaren zatitxo bat:

"-Idazlea naiz eta dokumentatzen ari naiz nobela baterako.
-Idazlea? Ba nik liburu artean egiten dut lan. New Yorkeko liburutegi publikoko langilea naiz. Barka, ez dut neure burua aurkeztu. Renata Thomas naiz. Tira, Renata Violet Thomas. Violet hori nire amonagatik jarri zidaten. Hego Carolinako emakumerik ederrena zen.
-Kirmen Uribe, urte askotarako.
-Izen hori, ze hizkuntzatan da?
-Euskaraz.
-Egiatan? Euskaraz entzuten dudan lehen gauza da. Interesgarria... Eta nolatan New Yorkera?
-Lagun bat dut New Yorkeko Unibertsitatean irakasle, Mark Rudman. Poesia eskolak ematen ditu berak eta hitzalditxo bat ematera gonbidatu nau.
-Poesiari buruz? Ni oso poesia irakurle txarra naiz...
-Ez da soilik poesiari buruz. “Käsmuko hilarriak” jarri diot izenburua. Käsmu Estoniako herri txiki bat da, han Baltikoaren ertzean. Europako zazpi hizkuntzatako idazleak bildu ginen bertan.
-Ze interesgarria." (104. orr.)

 

Aipatu dugun bezala, Bilbao-New York-Bilbao badaude istorio ezberdinak lotzen dituzten bi hari garrantzitsu (New Yorkerako hegazkin bidaia eta nobelaren proiektuaren garapenari buruzko metafikzioa), Obabakoak-en ipuinak josten zituen istorio nagusi bat zegoen bezala (kasu honetan narratzailearen itzulera bidaia bere herrira, Obabara). Izan ere, hala Bernardo Atxagaren ipuinetako batzuk, nola Kirmen Uriberen istorioetako ez gutxi, aldez aurretik argitaratu ziren: lehenengoaren kasuan, aldizkarietan eta sari literarioak biltzen zituzten liburuxketan, eta Uriberenean, Berria edo Gara bezalako egunkarietan, besteak beste, zutabe periodistikoen itxuran. Material horien arteko lotura-hariak, ordea, nabarmen lausoagoak dira Bilbao-New York-Bilbao-n Obabakoak-en baino, eta alde horretatik bat egiten dugu, hein batean, Beñat Sarasolak bere kritikan planteatzen zituen zalantzekin, zeinen arabera “badirudi idazlea jasotako material eta apunte guztiak ezin lotu ibili dela, eta azkenean, maniobra borgestar hori erabili duela material sakabanatua nola edo ahala biltzeko. Kosta egiten zait pentsatzen keinu metaliterario hori aski denik nobela osoa sostengatzeko”.

“Hein batean” egiten genuela bat diogu, bi arrazoiengatik. Alde batetik, josteko modua, printzipioz, ez zaigulako bereziki “borgestarra” iruditzen, baldin eta adjektibo hori ez bada bihurtu “apetatsuren” edo “metaliterarioren” ordain soila, behintzat. Eta, bestetik, gure iritzia ez delako Sarasolarena bezain negatiboa lotura horien arintasunari berari dagokionean: ez dugu uste gaur egungo nobela fragmentario bat eraikitzeko orduan apurren arteko loturek (adibidez) Obabakoak-enek edo (beste adibide bat jartzearren) Julio Cortázarren Rayuela-koek bezain tinkoak eta landuak izan behar dutenik; gorago agertu zaigun Enrique Vila-Matasen zenbait liburu (Bartleby y compañía edo París no se acaba nunca, esaterako) oso leit-motiv arinen inguruan daude eraikita, eskuartean daukagun liburuan bezala anekdotak eta istorioak metatuz, eta, hala eta guztiz ere, sendo eusten diote irakurketari. Arazoa dator lotzen diren istorioen funtsa eta izaera ahula denean, orobat, gorago aipatu ditugun argudio eta adibideekin azaltzen saiatu garen bezala. Beti ere gure ikuspuntu subjektibotik: argi daukagu Kirmen Uriberen azkeneko urteetako zutabegintza gustuko duenak gustuko izango duela eleberri hau, eta nekez asebeteko duela, ordea, idazlearen prentsarako ekoizpena atsegin ez duena.

Beste adibide bat jartzearren (eta honetan ere Obabakoak-ekiko galtzen ateratzen da Bilbao-New York-Bilbao), literaturaren izaeraren inguruko hausnarketak bereziki herbalak iruditu zaizkigu (eta ez da ahaztu behar nobelaren eraikuntzaren inguruko jolas metaliterario bat dagoenez, bereziki inportanteak direla obra honetan). Esate baterako, Giovanni Belliniren koadroaren azterketatik abiatzen dena, Meryl Streepen eta David Foster  Wallaceren aipuekin amaitzeko (161-163 orr.), edo Resurreccion Maria Azkue eta Txomin Agirreren arteko anekdotarena (221 hh.), edo fantasiaren boterearen ingurukoa (1908ko itsas galeraren kontakizunetik abiatuta, 54 hh.), edo, batik bat, aitak narratzaileari parabola baten gisan eman zion aholku literarioarena (51-52 orr.). Oro har, pasarte politak dira, atseginak, esan bezala parabola eitea hartzen dutenak askotan, baina anekdotikoegiak suertatzen dira, sakontasun handirik gabekoak, literatur oihartzun ahula uzten dutenak irakurle saiatuaren gogoan, edo hori iruditu zaigu guri behintzat. Obabakoak-eko “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra eta adibide bat” ezagunarekin konparatzea besterik ez dago esaten dugunaz jabetzeko.

Izan ere, badago aipatutako hausnarketa literarioen artean bat kasik manifestu estetikoaren maila iristen duena, eta guri bereziki esanguratsua iruditzen zaiguna (Gara egunkarian zutabe gisa agertu zen lehenago, aldaketa gutxirekin, 2003ko urtarrilaren 29an):

Idazleak behar du babesa hasten ari denean. Horregatik galdetu nion iritzia aitari nire lehen zutabea argitaratu nuenean prentsan, haren onespena jasotzeko. Argitaratu nituen hasierako lanak ziren zutabe horiek, 1998 urrun hartan. Nire hastapenak. Lehen zutabe hura ikaragarri landua izan zen, idazketa-ordu luzeen ondorio. Albait hobekien idazteko ahaleginean, ipuin laburraren pareko atera zitzaidan. Baina geroztik konturatu naiz ipuinak ipuin direla eta zutabeak zutabe. Zutabeek ipuinek ez duten ezinbesteko ezaugarria baitute: bat-batekotasuna.
          Aitaren erantzuna ez zen edonolakoa izan. Ez nuen haren onespenik jaso. Aitzitik, kontakizun baten bitartez erantzun zidan. Mutil koskorra zelarik ba omen ziren herrian bi apaiz. Sermoia esateko bakoitzak bazuen manera jakin bat. Bata hurbila zen, jendeak xamur jasotzen zituen hark esan nahi zituen guztiak, Don Manuel. Bigarren apaizaren estiloa, ostera, makurra zen. Ez zitzaion ezer ulertzen. Don Jesusi buruz ari zitzaidan. Elizako hasierako ilaretan esertzen ziren aberatsentzako esaten zuen sermoia, atzeko ilaretakoak kontuan hartu gabe. Bada nik bigarren apaiz horren moduan idazten nuela esan zidan aitak, Don Jesusen moduan, zirkinik egin gabe." (51-52. orr.)

 

Hemen dago, jakina, kontakizunen, hots, parabolen bitartez aritzearen justifikazioa eta oinarria, egileak liburu honetan darabilen estiloaren ezaugarrietako bat dena. Baina, bestalde, badago, esan bezala, asmo literarioen aldarrikapen argi bat: ez da Don Jesusen moduan idatzi behar, baizik eta Don Manuelenean; atzeko ilaretakoak hartu behar dira batik bat kontuan. Arazoa izan daiteke atzeko ilaretakoentzat idatzi nahi hori dela medio, lehenengo ilaretakoak besterentzea, urruntzea. Eta Bilbao-New York-Bilbao arrisku horretan erortzen dela esango genuke.

Kirmen Uribek Bitartean heldu eskutik (Susa, 2001) poema liburuarekin lortu zuen hain gutxitan gauzatzen den mirari hori: hala ohiko poesia irakurleak nola poesiarik (eta are literaturarik) irakurtzen ez zutenak asetzen zituen obra bat ontzea. Orduz geroztik, gure ustez, eta batik bat bere zutabegintzan, gero eta gehiago lerratu da, Don Manuelen modura, publiko zabalaren (egilearen beraren hitzetan, irakurle “arruntaren”, Berria, 2009ko urtarrilaren 17a) onarpena erraztu dion bide batera, eta alde horretatik, kontuan hartuta Uriberen aldez aurretiko lan periodistikoaren presentziak zelako garrantzia duen bertan, ez da harritzekoa liburu honek antzeko joera izatea. Beste era batean esanda, eta kontua halabeharrez asko sinplifikatuz, Bitartean heldu eskutik liburuko "Bisita" poemaren eredua alde batera utzi, eta errazagoa eta goxoagoa (eta, antza denez, nazioarteko mailan arrakastatsuagoa) suertatu den “Kukua”-renari ekin dio eskuarki (idazleak zioenez, "Bisita poema, hemen arrakasta handiena izan duena, han [Estatu Batuetan] ere gustuko izan dute, baina askoz gehiago gustatu zaizkie Kukua eta Txoriak neguan. Galdu duten naturarekiko harremana bilatzen dute horrelako poemetan, eta ikusten dute guk oraindik badugula hori", Berria, 2007ko urtarrilaren 6an). Bilbao-New York-Bilbao jite horren lekuko dela pentsatzen dugu, hein batean behintzat.

Eta esandako guztiaren ondoren, itzul gaitezen, beraz, hasieran planteatzen genuen galderara: Bilbao-New York-Bilbao Kirmen Uriberen Obabakoak ote?

Erantzuna, alde batetik, baiezkoa da. Argitarapen-daten kointzidentzia harrigarriaz haraindi (hogei urte igaro dira zehazki Bernardo Atxagari fama ekarriko zion obra kaleratu zenetik), ugari dira Obabakoak eta Bilbao-New York-Bilbao liburuen arteko antzekotasunak, orain arte aletzen joan garen bezala. Biak abiatzen dira aldez aurretik idatzitako eta, kasu askotan, argitaratutako material solteetatik (ipuinak, Atxagaren kasuan; zutabeak, Uriberenean). Biak ardazten dituzte testu horiek istorio nagusi baten bitartez (tinkoagoa Obabakoak-en, lainotsuagoa Bilbao-New York-Bilbao-n). Biek begiratzen dute atzera, galtzen ari den mundu tradizional batera, kostaldekora Uribek, baserritarrenera Atxagak; baina biak dira, aldi berean, nobela garaikideak, idatzi ziren uneko munduari lotuak. Biek dituzte ezaugarri metafikzionalak, azalekoagoak eskuartean darabilgun liburuan, oihartzun handiagokoak Obabakoak-en kasuan, eta biak abiatzen dira autofikzioaren bidetik, argiago Uriberenak, ez horrenbeste Atxagarenak. Eta, oraindik goizegi bada ezer finkorik esateko, Bilbao-New York-Bilbaoren salmenta-datuen erritmo bizia mantenduz gero behintzat, biek lortu(ko) dute zabalpen handia euskal publikoaren artean; behintzat, jakin dugunez, ari da jada irakasleek agindutako irakurgai bihurtzen bigarren hezkuntzako ikastetxe batzuetan.

Baina, bestetik, Bilbao-New York-Bilbao nekez izan daiteke beste Obabakoak bat, oso zirkunstantzia ezberdinetan sortu delako: Kirmen Uriberen nobela, Atxagarena ez bezala, diseinatuta dago batik bat mundu mailako literatur merkatu baterako, 1988an oraindik sorrera bidean zegoena (euskal literaturari dagokionez bederen). Obabakoak, egia da, gure literaturaren nazioarteko libururik arrakastatsuena bilakatu da, baina ez zen, nagusiki, helburu horrekin sortu, eta ikusteko legoke zer bide egingo zuen nazioartean Espainiako Narratiba Sari Nazionala eskuratu izan ez balu. Hain zuzen ere Obabakoak-ek hori lortu zuelako izan da posible Bilbao-New York-Bilbao bezalako liburu bat sortzea eta, ondorioz, errepikaezina bihurtu da Obabakoak-en esperientzia bera. Gainera, Obabakoak-ek, Kirmen Uriberen Bitartean heldu eskutik hark bezala, batere ohikoa izaten ez den unanimitate bat lortu zuen mota guztietako irakurleen artean, ez duguna uste errepikatuko denik, goian azaldutako arrazoiengatik, Bilbao-New York-Bilbao-rekin.

etiketak: Kritikak
Joanes Apaolaza
Joanes Apaolaza dio:
2009/02/10 00:10

Tabernetan Bisbalen Ave María jartzean izugarriki hunkitzen naiz, adibidez Yes ez zait gustatzen, oso elitista da, disonantziak ditu, kanta luzeegiak, testuetan hitz arraroak erabiltzen dira, hiztegian bilatu beharrekoak, adibidez esaten dute "albatros" esan lezakete "usoa" eta denok ulertuko genuke. Bisbalek egiten ditu abestiak berba xaloekin, sentimendu autentikoei buruz. Operak oso pisutsuak zaizkit eta literatur abangoardiak elitistak iruditzen zaizkit, bakarrik pedante sasijakintsuetzat, metafora zitala da are arrazista, eta literatur irudia erabat xenofoboa. Bizitzaz gozatzen ez dakitenentzat eginak. Ave Maríak oso mezu polita eta baikorra du, maitasunari buruz ari da, dena emateari buruz inori minik eman gabe, irribarraren alde egiten du, eguneroko gauza txikiak apreziatzearen alde. Zurruntasun lirikoaren aurka, Brecht bereizle hutsa zen eta gainera proletarientzat idazten zuen, ez "guztiontzat", eta Bisbalek "guztiontzat" idazten du, baina klaro Bisbal maite ez duten horiek erretsinduak dira, enbidioso hutsak eta beraien erretsumina gizarteratzen dute haien liburu eta blogetan, dena pozoinduz. Ave Maríak mundua aldatuko du, alkandora irekiz, benetakotasunez, bera da Hego Espainiako adierazgarri hoberena, eta ez Camarón eta beste ijito horiek, indigena ezmarketindunak, Ave María freskoa da eta bideoklipa du eta fusioa egiten du popa eta flamenkoaren artean, berritzailea da eta irrifarrez. Gainera Iban Zaldua hironikoa da eta errealitatea bortsatzen du, lastima berak ez jakitea, eta Iban Zalduarekin inor emozionatuko balitz sikopata eskizoidea behar luke, are masoka. Eta Anjelek ezin ditu hirugarren lerrokoak hunkitu gauza arraroetaz aritzen delako, greziarrak (jogurtak) eta latindarrak (salsa bereziki), eta hori oso baztertzailea da azkenean; inork bere lerroekin barre egingo balu (barrea deabrua da, hunkidura besarkada) espazio-denboraren pertzepzioan akats bat luke eta hobe luke liburutegietatik urrundu eta futbol zelaietara gehiago joan (urtean 2 liburu irakurtzeko eskubidez, bat hondartzan, bestea eguberritan, betiere Alfaguara argitaletxean argitaratua bada). Amaia mamua, hori bai dela eleberri integratzailea, lerro guztientzat ulergarri, edo Aita tutua, plazerra da hori irakurtzea. Halere, goxotasuna eta hunkidura eskerrak subjektiboak direla. Asko hunkitu dira baikorki Gaza bonbardatzean, asko ezkorki, asko ezin izan dira hunkitu ere. Hunkitu dira sozialiberalak Obamaren hautaketako abestiekin. Asko hunkitu ziren Zapateroren berraukerapenerkin, bereziki sozialiberalak. Nire borrokak asko hunkitu ninduen, eta Bibliak zer esan. Manifestu Komunista ordea ez da hunkigarria, azpiko lerroentzako dago idatzia, bereizlea da eta oso ezkorra gainera. Baina ni, hunkiduraren eta "moñoñotasunaren" ibai honetan Ave Maríak hunkitu nau, enegarrenez errepikatuko dut. Eta ez Schuberten Ave Maríak (sasi-unibertsitario-kabroi-friki-amargatu horrek begira nola idazten zuen bere izena: Sch...). [ emoziovague hau euskal literaturan gailenduko ez delakoan: Joanes Apaolaza ]

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2009/02/01 16:59

Ez dut teknizismoetan sartzeko sobera gogorik, baina tira, agintzen dut hau dela kontu hutsal samar honi buruzko nire azken komentarioa. Zuek proposatzen duzuen metafikzioaren eta metaliteraturaren arteko (dudazko) bereizketa onartuta ere ez dut ikusten gauzak aldatzen direnik, Borges argi eta garbi metafikzionala izaten jarraitzen du nire begietan. Borgesena fikzio/errealitatea, istorio/errelato, idazle/autore bereizketei buruzko (edo kontrako) literatura ez bada... Bidenabar, material gehigarri gisa, Borges eta Cortazar-en autofikzio eta metafikzioaren inguruan badago sarean eskuragarri artikulu bat (masoka samarrak direnentzat): http://ffyl.uncu.edu.ar/IMG/pdf/dig2.pdf.

Antonio Casado da Rocha
Antonio Casado da Rocha dio:
2009/02/02 20:46

Aupa batelariok, oso ona iruditu zait saiakera, baina eztabaidagarria ere bai. Beraz, tentaldiari ez diot ihes egingo eta botako ditut atrebentzia pare bat. Hasteko, ados nago euskal literaturan autofikzioaren aitzindariak badaudela. Gaztelaniaz egindakoari dagokionez, ez dut ezagutzen Sánchez-Ostizen autofikzioa, baina B-NY-B-ren pasarte batzuek J. M. Isasi Urdangarin "Y ahora qué" (Bassarai, 2003) gogora ekarri didate biziki. (Hala ere, Uribek fikzioarekin josten ditu benetako memoriak, eta Isasiren idazteko era oso bestelakoa da, egilea eta benetako pertsonaiak egoera guztiz kontrafaktiko batean sartuz).

Ba al dago sineskortasun edo naturaltasun eza dialogo batzuetan? Mmmm... ba, aipatzen duzuen pasarte horretan, narratzaileak "urte askotarako" Renatari esaten dionean, arraroa egiten zait, bai, baina uste dut badagoela arrazoi eskutu bat. Izan ere, "urte askotarako" hori Isasiren nobelarekiko erreferentzia edo keinu eskutua izan liteke (cf. "Y ahora qué", 94. orr.). Eta, bestaldean, gogora dezagun liburuaren ardatz nagusia gertatzen dela hegazkin batean. Nire ustez, hegazkinetan pertsona ezezagun batekin egiten ditugun berriketak ("airport conversations" deituriko horiek, hain zuzen ere) arraro samarrak izaten ohi dira, ezta?

Baina hauek dira idazleen kontuak. Atzo El País-en, Bernardo Atxagak azpimarratzen zuen irakurlegoaren garrantzitasuna literatura on bat lortzeko bidean. Guztiz nator bat berarekin behingoz. Uribek idatzi du nobela irakurlea gogoan duela, eta nabaritzen da. Eta eskertu ere bai, zeren eta literatura kontuetan idazleen (edo beraien liburuen) arteko harremana baino, idazlearen eta irakurlearen artekoa funtsezkoa iruditzen zait. Eta azken harreman horretan datza, nire uste apalez, Uriberen nobelaren lorpen nagusia. Egia esan, aspaldian ez nuen hain gustura euskal nobela bat irakurri. Aipatzen duzuen onberatasun hori (samurtasuna, goxotasuna, Ruper Ordorikak aldarrikatzen duen "Vicks Vaporub" eragin balsamiko hori) ez baitugu soberan euskal literaturan eta.

Josemari Isasi Urdangarin
Josemari Isasi Urdangarin dio:
2009/02/04 00:57

Beste ezertan hasi baino lehen, Iban Zaldua eta Antonio Casado agurtu nahi ditut hemendik, aspalditik ezagunak ditudalako biak. Azken urte hauetan, zine-klub batean parte hartu dut astero astero,eta eskarmentu horretatik ondorio hauxe atera dut: zenbat eta film apartagoa izan, ezohikoagoa, orduan eta eztabaida handiagoa piztuko du. Badirudi lan batzuek ezbaian aritzera bultzatzen gaituztela, gu konturatu gabe tartean sartzen gaituzte, gure jakituria eta gustu artistikoak kontrastatzeko ispiluak balira bezala. Nire ustez, horixe bera ari da gertatzen B-NY-B nobelarekin, eta orain arte agertutako iritziak ikusita, nik neuk ere neureak bota nahi ditut. Lehenik eta behin, aitortu behar dut nobela ikaragarri gustatu zaidala. Irakurle gisa hasieratik bukaerara gozatu dut berarekin. Pruden eta Antonio bezala, neu ere gatibatu egin nau nobelaren estilo atseginak, eta gustura bidaiatu dut Kirmenen idazkerak eraman nauen tokietara. Tokietako batzuk gogoeta sorrarazi didate, beste batzuk oroimena piztu didate, beste batzuetan neure burua ikusi dut islatuta eta, halaber, beste batzuetan hunkitu egin naiz. B-NY-B liburua benetan berezi egiten duena horixe baita nire ustez, ez dakidala nola lortu duen hori guztia egileak, liburua den bezalakoa izanda. Eta horretan bat nator Ana Arregik sinatutako kritikarekin,esaten duenean, "Adi-adi irakurtzen duzu eta, hala ere, batzuetan sentitzen duzu galduta zaudela". Nobelak ez du argumenturik, itxura batean loturarik ez duten istorioez osatuta dago, gogoeta metaliterarioz zipriztindua eta pertsonaiak ez dira intriga klasiko bateko ez heroi ez billau. Eta, hala ere, nobelak funtzionatu egiten du nobela gisa! Uste dut Ana Arregik bete-betean asmatzen duela esaten duenean nobelara behar bezala hurbiltzeko hasierako hiru oharrak klabeak direla. Gogoratu bestela Canettiren aurreneko zita: "Esan zeure-zeurenak diren kontuak, esan,/ horrek du benetan garrantzia./ Ez lotsatu. Gainontzeko guztia arrunta da,/ egunkarietan ageri dena." Nire aburuz, Canettik aipatzen duen jomuga bera du Kirmenek nobela honetan, eta xede horrek liburuaren konposizioa goitik behera baldintzatzen du. Ondorioz, benetakotasun nahi horretan berebiziko ez diren alde formal eta teknikoak soberan daude berarentzat. Helburua ez da nobela sinesgarri bat idaztea, benetakotasuna baizik. Argi geratzen da hori fikzioari buruz liburuan zehar agertzen diren zalantza guztietan. Eta horregatik, hobe da norberak hobekien ezagutzen duen hori kontatzea, gertukoa duena, kezkatzen duena, maite duena. Uste dut Kirmenen meritu handinetako bat horixe dela, erronka hori onartu izana, zintzotasunez eta gogo biziz. Bere burua babesgabe uzbeko arriskua hartuz. Amarrurik gabe, maskararik gabe. Beharbada maila horretan pausu bat haratago joan da, autofikzioan aritu diren aitzinekoak gaindituz. Eta ez diot hori soilik bere aitona frankista izan zela itzulingururik aitortzen duelako liburuan, edo Nerearenganako maitasuna argi eta garbi azaltzen duelako. Meritu alangintza horretarako tonu egokia lortzean datza, irakurle askok horren ondo hartu dugun tonu atsegin hori, ez dena ez sentimentala, ez txepela, ez erromantikoa, ezta melodramatikoa ere. Tonu hori lortzea ez da bat ere erraza, kritikan diozuen bezala, oso idazle ona izan behar da horretarako; oso ondo hautatu behar dira hitzak, erritmoa, pausak, isiluneak. Baina, batez ere, Sebalden bigarren oharrari jarraituz, gure bizitzako atalak lotzen dituzten hari ikustezin horiek ikusteko gai izan behar da idazlea, zer garen, nongoak garen. Horrexegatik ez dut ulertzen, eta ez nator bat, pertsonaien ustezko ontasunaren inguruan egiten den kritikarekin. Esan nahi dut nobela honetan pertsonaiak diren modukoak direla, eta batez ere, ezin dutela beste era batekoak izan. Tentsioa, dilema moralak, ez dira oinarritzen pertsonaien balizko ontasunean ala gaiztakerian, pertsonaien artean dauden harremanetan oinarritzen da benetako tentsioa. Are gehiago,nire iritziz, lotura afektibo horiek dira B-NY-B nobelako ardatz nagusia. Lotura afektibo askotarikoak: norbera eta inguruaren artekoak, lagunen artekoak, maitaleen artekoak, familia artekoak eta,oroz gain, aita-semeen artekoak. Aitona-Aita-Kirmen-Unai lerroa. Hori dela eta, ez nator bat B-NY-B nobelak "Bisita" poemaren ildoa ez duela jarraitzen diozuenean eta "Kukua" olerkiaren bidea jarraitzen duela. Gogoan hartu bestela liburuaren hondarrean agertzen den "Jaiotza" olerki indartsua, edo Antiguaren egunerokoa, edo aita besarkada batekin agurtzen den pasartea. Ez al da besarkada hori "Bisita" olerkiko arrebak eskatzen duen keinua? Nik baietz esango nuke. Nobelak pertsonaien arteko harremanen alde ilunean sakontzen du eta gogorarazten digu, nahiz eta lotura horiek sendoak izan, maite ditugun pertsonak desagertu egingo direla noizbait. "Arrainetan negua dena, gizakietan galera da" esaten da liburuaren hasieran, eta galeraren ideiak markatzen du nobela osoa. Pertsonen galerak eta, baita ere, mundu oso batenak, aitak sinbolizatzen duen itsasoari lotutako bizimoduarenak. Eta horrela hartzen du zentzua hirugarren eta azken oharrak, V. Woollfenak, hain zuzen. Besarkada bat eta eskerrik asko.

Volgako Batelariak-en goardiako erretena
Volgako Batelariak-en goardiako erretena dio:
2009/01/30 21:42

Oops, lapsus. Eskerrik asko, Ion, oraintxe bertan zuzenduko dugu.

Angel Erro, Ibon Egaña eta Iban Zaldua (biribilketa alegerean)
Angel Erro, Ibon Egaña eta Iban Zaldua (biribilketa alegerean) dio:
2009/01/31 21:07

Eskerrik asko zure ekarpenengatik, Beñat, estimatuta daude. Baina ez gatoz guztiekin bat. Zalantza asko egiten dugu ea Borgesek, nobela bat idaztera ipini izan balitz ere, nobelaren eraikuntza bera nola gauzatzen ari zen kontatu izango zukeenik. Gure ustez, borgestartasunaren ezaugarri nagusia irakurketetatik idaztea da, asmakuntzatik edo bizipenetatik egin beharrean. Metaliterarioa da liburuak, asmatuak edo arras erudituak, ezinbesteko oinarri hartzen dituen neurrian, eta ez, Sterne edo Diderot bezala, obrak barruko mekanismoa salatzen duelako. Agian terminoak nahasten ari gara (ez da harritzekoa, muga labainkorra baita) eta bigarren hauentzat “metafikzioa” hitza gorde beharko genuke, bestetik ere, autofikzioarekin (ni errealaren gaineko konstrukto fikzionalarekin, alegia) bereiztu beharrekoa, halaber.

Eta Vila-Matas metaliterarioa dela esango genuke, Borges den modura (eta ez metafikzionala, eta bai autofikzionala, fitxa osatzearren). Interesgarria da errekurrentziarenaz esaten duzuna, baina guk VM hizpidera ekarri badugu, nobela honen kasuan, da bere motiboak (errekurrenteak edo ez) lotzeko erabiltzen dituen harien fineziagatik, nahiko nabarmena, gure ustez, hala aipatu ditugun liburuetan nola beste batzueta ("El mal de Montano"-n, adibidez): aitzakia hutsak dira bere obsesioak (literarioak) lotzen joateko. Guretzat, edonola ere, Vila-Matas ere bere obra guztian literaturatik kanpo bizi eta sentitu ezin denaren kasu tipikoa, kasik klinikoa, baino ez da. Errekurrentea, benetan eta funtsean, Thomas Bernhard bat da, edo Joyceren ondoren kontzientzia-isuriaz modu batera ala bestera baliatu den edozein.

Josemari Isasi Urdangarin
Josemari Isasi Urdangarin dio:
2009/02/04 02:01

Lasai egon. Ez dut berriro errepikatuko!

Ion Olano
Ion Olano dio:
2009/01/30 21:32

Oso ona iruditu zait zuen iruzkina: lan fina eta neurtua (nobela, ordea, ez dut oraindik irakurri). Gogoeta lasaiago bat egin bitartean, ohartxo bat besterik ez dut egin nahi: Vila-Matasen liburua "París no se acaba nunca" deitzen da, eta ez "París nunca se acaba". Segi bogatzen, batelariok!

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2009/02/07 19:23

Emozioa eta arrazoia bereiztea, bihotza eta burua, erabat konbentzionala da, denok dakigun bezala, baina nahikoa praktikoa muga batzuen barruan.

Gaur Berrian Ibani egin dioten elkarrizketa luzea irakurri ondoren oraindik garbiago geratu zait Kirmenen literatura, Ibanena edo Anjelena ez bezala, bideratua dagoela emoziotan zuzen-zuzenean jotzera, bitarteko ahalik eta arinenak erabiliz. Eta, nire ustez, helburu hori arrakastaz burutzeak ekarri(ko) dio irakurle multzo zabal baten miresmena, neu barne. Arazoa da, jakina, lehenago edo geroago geure emozio intimoenak ere arrazionalizatzera jo behar izaten dugula, nahitaez, eta hortik aurrera ez dakit oso ondo Kirmenen liburua nola irakurriko dugun. Ez dakit, benetan, emozioak arrazionalizatzea nahiko lan lehorra izaten delako eta neu ez naizelako izaten biziki zalea.

Apunte bat, dena den, atzo lagun bati lapurtua: oso mundu goxoa da Kirmenek irudikatzen diguna, ia sufrimendurik gabea. Hortik ote dator (neuk, adibidez) liburua irakurtzean sentitzen dugun atsegina?

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2009/02/02 21:57

Bat nator, funtsean, Obabakoak dela-eta egiten dituzuen kontsiderazioekin. Baina, aldi berean, bat nator Antoniorekin planteatzen duenean nobela honen gakoa ez dagoela horretan, irakurleengan (dirudienez) lortzen ari den efektuan baino. Hots, uste dut arriskua dagoela kontsiderazio teknikoegietan aritzeko perspektiba orokorra galdu arte, jakina baita Atxaga omnipresentea dela gaurko autore gazteen artean, baina ez dakit hari horretatik tiratuz gauza interesgarri askorik agertuko zaigun. Aldiz, "literatura emozioa da", edo horrelako zerbait dio Uribek momenturen batean. Nirekin, behintzat, asmatu du: irakurri ahala sarri etorri zait burura Obaba-itxastar moduko bat (eta abar), baina, hori baino askoz ere gehiago, atal batzuetan lortzen duen tentsioa eta efektu emozionala. Hortxe legoke koxka, koxkarik balego. Zeren hori gabe, baliabide tekniko horiek guztiak alperrik leudeke.

Angel Erro & Iban Zaldua
Angel Erro & Iban Zaldua dio:
2009/02/05 14:53

Emozioa eta benetakotasuna. Horra hor liburu honen alde aritu direnen ekarpen beti interesgarrien ardatz nagusiak. Eta horien inguruan arituko gara ondoren.

Horrekin hasi aurretik, garbi gera bedi Bilbao-New York-Bilbao ez zaigula nobela txarra iruditzen. Baina ezta argitaletxearen eta komunikabide batzuen propagandak edo egilearen hitzek aldarrikatzen dutena bezain berritzailea eta bikaina ere, gure kritikan (beti ere gure ikuspuntutik) erakusten saiatu garen bezala.

Emozioa. Zaila da definitzea zer den emozioa. Elhuyar hiztegi entziklopedikoaren arabera emozioa da "une batez eta bat-batean, gizabanakoaren egitura psikofisikoaren oreka aldatzen duen egoera afektiboa". Sobera definizio orokorra, zeren argi baitago emozio motak, produktu kulturalen kontsumoaz ari garelarik, oso ezberdinak izan daitezkeela: ez da gauza bera Borgesen ipuin batek, Umberto Ecoren liburu batek, Stephen Kingen batek edo The Policeren kanta batek eskainiko digun emozioa. Piero della Francesca, esaterako, dodekaedroak hunkitzeraino emozionatzen zuen. Eta lortuko dugun (edo ez dugun) emozionatze hori produktu kultural jakin horren inguruan daukagun espektatibekin egongo da lotuta (besteak beste). Hala ere, emozioaz gain, literatura gai da, edo gai izan beharko luke, gure ustez, irakurlearengan beste gauza batzuk sortzeko.

Baina zentra gaitezen emozioan. Kontua da Bilbao-New York-Bilbaok ez duela lortu gugan, ezta une batez eta bat-batean, gure "egitura psikofisikoaren oreka aldatzea". Zergatik? Agian espektatibengatik. Ikuspuntu horretatik (guk esplizitu egin dugu hori gure kritikan, eta egileak ere aipatu du elkarrizketaren batean), hor zegoen Bitartean heldu eskutiken aurrekaria. Eta, gainera, liburuaren inguruan prentsarako egindako exegesi guztiak alde batera utzita, hortxe zeuden liburuaren hasierako hiru aipuak, Elias Canetti, Winfried Georg Sebald eta Virginia Woolfenak, J.M. Isasik bere erantzunean eta A. Arregik bere kritikan aipatzen zituztenak alajaina. Maila jakin bateko emozioak, ez dodekaedroarenak bezain sublimeak baina bai gora eta garatu xamarrak, esperarazten zizkiguten halako elementuek. Eta, antza denez, guk ez ditugu bertan topatu. Beste era batean esanda: antzeko istorio batzuk, antzera kontatuta, beste testuinguru batean irakurri izan bagenitu, agian gehiago hunkituko gintuzten (beste era batean, noski). Baina hemen, liburu honetan, liburu honen arkitekturaren baitan, guk genituen espektatiba jakin horiekin –agian erratuta zeudenak, zer esanik ez–, ez zaigu halakorik gertatu. Are gehiago, esango genuke bertako pasarte askorekin ez garela hunkitu iruditu zaigulako argiegi zeudela bideratuta emozioaren xerka. Horietako bat da, hain zuzen ere eta adibide bat jartzearren, amaierako poema, nekez lotzen duguna "Bisita"rekin, egia esan.

Benetakotasunaz ere bi hitz esatearren, idazlea inguratzen duen errealitatearekiko harremanaz ari bagara, adimenezko link baten bitartez, fikzioa legitimatzearen inguruko eztabaida handietara jotzen dugu, benetan gertatu ez den jazoera batekin eta idazlearenak halabeharrez ez diren pertsonaien sentimenduekin eraiki daitekeen "egia"-ren benetakotasuna defendatzeko. Liburu hau nobela gisa aurkeztu da, autofikzioaren etiketaren gehikuntzarekin, eta alde horretatik esan behar da autofikzioaren azken balioa ez dela benetakotasuna, inondik inora, errealitatezko datuekin tranpa (edo artea) jartzeko abildadea baizik. Hots, berriro ere asko sinplifikatuz, sinesgarritasuna da azken helburua, literatura guztian bezala: are konturik errealista eta autobiografikoenetan lortu beharra dago Coleridgeren "suspension of disbelief" hura. Hori, ahaztu gabe batzuetan fikzioa dela, huts hutsean, idazleak egiatien izateko erabili dezakeen biderik behinena. Alde horretatik, Canettiren esaldiari buelta emanez, idazleak idazten duen oro bere-berea dela esan daiteke. Baina horrek beste eztabaida batera eramango gintuzke, noski.

Gaude benetakotasuna aldarrikatzen denean, testuinguru honetan, beste adiera batean dela; egileak literatur obran adierazten dituen sentimenduen bizipenari buruz ari dela. Beste alorretan, testimonioa deitzen dutena. Eta guk horretaz ez dugu zer esanik, ez alde ez kontra, epaitzeko elementuen peitu.

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2009/01/30 22:48

Zorionak zuen analisiarengatik; zuek esango zenuketen bezala, hein batean ados nago azaltzen dituzuen iritzi eta arrazonamenduekin.

Pare bat kontu nire iruzkineko zati horren zuen bi objekzioen inguruan.

Baiki, hor borgestar erabili nuen metafikzio edo metaliterario terminuen sinonimo gisara. Borgesen literatura hori baino askoz gehiago dela ezin ukatu, baina halaber, nabaria iruditzen zait batetik hori dela Borgesen mundu literarioaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat (alegia, literaturaz eta idazten ari den horretaz idaztea) eta, bestetik, metafikzioaren erreferente nagusietako bat (zuhurra izan eta "nagusiena" ez esatearren) dela. Ez da literaturaren historiako lehenengoa izango, baina lawrencesternendar edo diderotar jarri izan banu kontua erridikulu samar geratuko litzateke. Haatik, ulertzen dut Borgesen zale sutsuei (bide batez, ni ez naizena) idazlea horretara mugatzea kirrinka eragitea.

Bestetik, uste dut Bilbao-New York-Bilbao liburuak gutxi duela ikusteko Vila-Matasekin, ez bada autofikzio eta metafikzioaren kontu horretan (nik autofikzioaren ordezkari gisa sartu nuen iruzkinean). Vila-Matasen mundu literarioaren ezaugarrietako bat bere motiboen errekurrentzia iruditzen zait, eta ez, hain justu, fragmentazioa. Bere liburuek fragmentazioaren arriskua baino, errekurrentzia obsesiboaren arriskua dutela iruditzen zait, eta horregatik uste dut jende askori bere liburuak aspergarriak eta errepikakorrak iruditzen zaizkiola. Zentzu horretan, Bartleby y compañia askoz ere obra osatu eta unitarioagoa iruditzen zait (nahiz eta agian azalean fragmentazioa itxura eduki dezakeen) Uriberena baino: ikusten ez dugun testuak batzen ditu oin-ohar guztiak, eta obra guztia, funtsean, idazteari utzi zioten idazleen (bartlebyen) motiboak biltzen du. Zer esanik ez Paris no se acaba nuncaren inguruan, zeina diario gisa irakurri baidaiteke kasik eta egiten dituen balizko disgresioak (adibidez, Hemingway-en antza dutenen lehiaketa) liburuaren habe funtsezkoenekin (kasu honetan, idazle garrantzitsu bihurtzeko formazioa-edo) joku ironiko nabaria gordetzen dute.

Aitor dut, bidenabar, gaur egungo sasipostmoderno batzuen fragmentazioaren gorazarreak barregura eragiten didala gehienetan, eta halako kontuek literaura onarekin baino, publizitatearekin, marketingarekin eta nabarmenkerairekin (leuna izateko) erlazionatzen ditudala. Baina nire mania pertsonal horretaz aparte, ez dut ikusten Vila-Matas fragmentarioaren ordezkari gisa (agian aipatzen duzuen Nocilla dream hori egokiagoa izan daiteke), nago hasieratik oso-oso argi izaten duela bere obren norabidea zein izango den.

Memoriaren kontuarengatik-eta nobela hau gehiago lotu daiteke, uste dut, Sebald-ekin, eta konparazio horretan ezin argiagoa iruditzen zait geratzen dela bien arteko kontrastea errelatoaren fragmentazio eta batasunari dagokionean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44