Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Barthes, bai

Barthes, bai

Iban Zaldua 2012/03/09 09:45
Ohar labur honetan, Xabier Gantzarainen zutabe baten harira, itzultzaile ezezagunaren ohorearen aldarrikapentxo bat egiten da, eta iruzkin ezdeus batzuk egiten dira agonismotik apokaliptikotasunera egiten ari garen bideaz, euskara kontuetan.

Xabier Gantzarain zutabegileak, Berriako “Jira” sailean, kritika azidoa (eta, ziurrenik, zuzena) egiten zion, martxoaren lehenengoan, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi, ohiko ponpa eta zirkunstantziarekin, aurkeztutako itzultzaile automatikoari. Ez diot nik arrazoia kenduko kontu horri dagokionean: itzultzaile humanoez mesfidatzea printzipio orokorra izan beharko litzatekeen bezala (traduttore, traditore etab.), nola ba ez dugu (gutxienez) berdin jokatuko gizakiak asmatutako tramankulu batekiko?

Dena dela, kontu batek eman zidan atentzioa Gantzarainen artikuluan: halako gailu batean gastatutako dirua euskararako itzulpenen urritasunarekin alderatzean, halaxe zioen, atsekabetuta: “[Judith] Butler ez dago euskaraz, [Pierre] Bourdieu ez dago euskaraz, [Walter] Benjamin ez dago euskaraz, [Roland] Barthes ez dago euskaraz”. Eta neuk ere, zalantzarik gabe, pentsamendu garaikidearen egile gehiago ikusi eta leitu nahi nituzke euskaratuta, baina arazoa da Gantzarainek zirriborratutako zerrendako bat (gutxienez) euskaraz irakur daitekeela, aspalditxo gainera: Barthes alegia. Juan Garziak 1996an euskarara itzuli zituen, Pentsamenduaren Klasikoak sailerako, Le degré zéro de l’écriture (1953) eta Le plaisir du texte (1973), euskaraz liburuki bakar batean aurki daitezkeenak Idazkuntzaren zero gradua/Testuaren atsegina izenburupean (Bilbo, Klasikoak SA, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma, 1996). Eta ez zituen nolanahi itzuli, gainera: jakina da saiogile frantziarrak ez direla, horratik, itzultzen errazenak, eta Garziak, ohi bezala, notarekin gainditu zuen egitekoa. Nire uste apalean, behintzat; edonola ere, inportanteena zera da, Barthes, nahi izanez gero, euskaraz irakur daitekeela.

(Eta ez naiz ausartzen besteen inguruan lepoa egitera, ze, han eta hemen begiratuz, jakin ahal izan dut Walter Benjamin ere euskaraz irakur daitekeela: intelektual alemaniarraren “Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian” lan fundamentala Artium museoak argitara emandako Errep(l)ika-gaiak liburuan aurki daiteke, nork eta Iñaki Segurolak itzulia (Gasteiz, 2007). Beraz, auskalo Butlerrekin eta Bourdieurekin sorpresa bera hartuko ez genukeen, hobeto arakatuz gero. Baina ez dirudi azken horien liburu osoak, Benjaminenak bezala, euskaratuta daudenik, eta onartu beharra dago, Barthesena ez bezala, Benjaminena eskuratzea zail samarra suerta daitekeela).

Izan ere, badakit zer esango zaidan: Barthes (eta Benjamin) euskaratuta egon arren, euskaratuta egongo ez balitz bezala dela, inork ez dakiela euskaratu zenik, ez dagoela euskaldunen buruan euskarazko irakurgai gisa (ez hori, ez ia ezer, gehituko nuke nik, baina hori beste kontu bat da). Eta, neurri batean, egia da: Barthesen itzulpenaz inork ez zuen ezer esan, bere garaian, eta Kritiken Hemerotekan ez da aipamen bat ere aurkitzen (nahiz eta agian egin, egin zen: Armiarma ez da, zoritxarrez edo zorionez, infaliblea). Are gehiago: Pentsamenduaren Klasikoak bezalako bilduma elitista, garesti, azal gogorreko eta handiustekoan argitaratu zen, baliabide publikoen eta pribatuen urteetako alferrikako galera hartan. Eta horretan ere bat etorriko nintzateke: beti iruditu zait bilduma horrek jatorrizko pinpirintasun bekatua zeramala bere baitan, eta beste formatu batek (beste prezio batek!) zabalkuntzan lagunduko ziola. Ados, beraz.

Baina, hala ere… euskaraz dago Barthes. Itzultzaile batek sekulako lana egin zuen testu haiek gurera ekartzeko. Norbaitek argitaratu behar zela erabaki zuen. Butler eta Bourdieu, agian, ez; Benjamin mikroskopikoa, ados, ezta ere. (tira, Benjamin beti izan da pixka bat mikroskopikoa, bere izaerarekin bat datorren egoera da, ondo pentsatuta…) Baina Barthes, bai. Gutxi (bi lan besterik ez, bere bibliografia zabaletik), baina, hala ere, bai. Barthes, bai.

Izan ere, lan horiek, liburu klasikoaren formatuan (paperean, alegia, azal gogor eta orri markatzaile eta guzti) irisgarritasun eskasa izan zezaketen, baina, liburutegietan ez ezik, Klasikoak SA-ren web orrian zeuden eskuragarri, Word eta PDF formatuetan, eta uneotan (orrialde horrek itxi zuelako, antza) Euskal Herriko Unibertsitatearen Euskara Institutuaren web orrian aurki daitezke: Michel Eyquem de Montaigneren Entseiuaketik Theodosius Dobzhanskyren Genetika eta espezien jatorriaraino, ehun eta koska izenburu. Batzuk, ezinbestekoak. Eta gainera, debalde, zure iPadean, e-bookean edo ordenagailuko pantailan kargatzeko prest. Are gehiago: bildumako 101. zenbakitik aurrera (Hanna Arendten Eichmann Jerusalemen liburuarekin hasi zuten XX. mendeko pentsamenduaren “klasikoen” azpisailerako) paperezko edizioa “arruntagoa” eta merkexeagoa bihurtu zuten (eskerrak), eta ale horietako batzuk eskuragai daude jada bertsio digitalean, gainera, aipatu EHUren web orrialdean. Badakit ez dagoela ondo ikusia segun ze giroetan, baina gure erakundeek zerbait zuzen egiten dutenean, aipatu beharra dagoela iruditzen zait. Gutxitan gertatzen dela dakidan arren. Edo horregatik, akaso.

Eta honek guztiak apokaliptikotasunaren gaira narama. Zeren eta Gantzarainen zutabe hau, azken aldiko beraren beste batzuk bezala, eta euskalgintzaren alorretik sortutako artikulu, liburu, ukase eta profezia dezentetan bezala, orain arteko ohiko agonismotik apokaliptikotasunerako bidea egiten ari garen inpresioa daukadalako. Ez naiz zerrenda guztia egiten hasiko, aski ezaguna dela iruditzen zaidalako.

Eta onartzen dut ziurrenik euskararen apokalipsi hurbila iragartzen dutenek arrazoi dutela. Eta are haien jarrera onargarriagoa dela erakundeetatik eta, batez ere, Jaurlaritzatik eta bere sail, azpisail eta organismo gutxi gora-behera autonomoetatik jaurtitzen diren mezu optimista ustezko guztiak baino: Mordorrekoa beti iruditu zait paisaia errealistagoa, zinez, Yupiren munduena baino. Izan ere, ez naiz itsua: Gasteizen bizi naiz, bi alaben aita naiz eta D ereduko eskola publiko batean dauzkagu; jabetuta nago, esperientzia horretatik abiatuta, eta ahalegin guztiak eginda ere, euskararen belaunaldi-jarraipena ez dagoela inondik ere bermatuta. Are gehiago, unibertsitatean eskolak ematen ditut, eta ondo baino hobeto dakit euskara, ikasle gero eta gehiagorentzako, latin berria dela: soilik jakintzarako (jakintza oso jakin batzuetarako) balio duen hizkuntza formal, batzuetan arkano eta, oroz gain, mortu bat.

Beraz, ez dut ilusiorik egiten; zer egingo zaio, beti izan naiz pesimista (ez kontu honetan bakarrik). Euskara arrisku bizian dago: gutxienez bi mende daramagu horrela, Europako intelektualik gorenenak gure kultura hiltzen ari zela zertifikatzen hasi zirenetik. Eta agian partiduaren luzapen-denboran gaude jada, penalti hilkorren zain. Baina, sortzaile bezala, zalantzak ditut bide horretatik urrunegi joatea onerako izan daitekeen. Nik beti defendatu izan dut, sortzeko unean, munduko hizkuntza osasuntsuena eta kopurutsuena bagina bezala aritu beharko ginatekeela. Fikzio bat beste fikzio baten barruan, badakit, baina zer kostatzen zaigu, fikziogile garen neurrian? Apokaliptikotasunaren gaindosiak sortzeko bizitasuna kenduko ligukeela susmatzen dut: sortzen dugunari bizitza artifizialaren arnasa emateko gaitasuna alegia.

(Kontuz: horrek ez du esan nahi kritika alde batera utzi behar denik, kontrakoa baizik; kultur protekzionismo ororen aurka nago. Gure produktu kulturalekin zorrotzak izan behar dugu, are beste kulturetan egiten dena baino neurri handiagoan. Baina, tira, hau beste eztabaida bat da, eta gehiegi luzatzen ari naiz jada. Badaezpada gehitu nahi nuen).

Nik, euskararekin eta euskal kulturarekin epifania batzuk izan ditut. Mikel Azurmendik, gure musikako irakaslea institutuan, Imanol kantaria ekarri zigunean gelara, kantatzera, Tejeroren estatu-kolpe ahaleginaren bezperatan. Mikel Arregik, euskarakoak, urte batzuk geroago, institutu berean, Ziutateaz ipini zigunean irakurgai. Edu adiskideak eta biok Josean Sagastizabalen Jolasean nobela erotikoaren ale berri-berri bat Urbieta kaleko zakarrontzi batean aurkitu genuenean, argitaratu zen urtean bertan (ondorioztatu baikenuen norbaitek, jeltzale santujaleren batek ziurrenik, hara bota zuela amorruz: halako erreakzio batek liburuaren alde –eta euskal literaturaren alde– baino ezin zuen hitz egin). Koldo Amestoy ipuin kontalaria lehenengo aldiz ikusi eta entzun ahal izan nuenean, Gasteizko Filologia eta Geografi-Historia fakultateko saio gogoangarri batean, 1980ko hamarraldiaren amaieran. Zazpi Eskale taldeak Billy Braggen kanta baten bertsio hura egin zuenean, euskaraz, Larraonako areto nagusian, Udako Euskal Unibertsitatearen saio osagarri jendetsu hartan. Ur Apalategik bere lehenengo nobela, Gauak eta hiriak, Baionan aurkeztu zuenean, antzerki konpainia txiki batekin batera. Onddo taldeak eskaini zuenean emanaldi bikain hura, berriro ere Larraonan, UEUn, baina kasu horretan tabernan eta batere publiko arrakastarik gabe (adiskide gutxi batzuontzat izan ezik).

Gehiago dira, noski, baina horiek dira gaur etorri zaizkidanak akordura, alferrikako lerro hauek idazten ari naizelarik. Ze, ziur nago, ni liluratu ninduten ekintza haiek ez ziren agonismotik edota apokaliptikotasunetik egin. Agian bai etsipenetik, kasu batzuetan: etsipena errealista da, eta batzuetan sorkuntzarako pizgarri ere izan daiteke. Baina etsipenetik harago lurraldeetatik, nekez. Agonismoa eta apokaliptikotasuna ez direlako etsipena, etsipenaren hurrengoa baizik.

Bagina bezala sortu behar dugu, zerbait baliagarri sortuko badugu. Azkeneko su-festak izan daitezela aste nagusiko bikainenak. Galdu arte, betirako.

etiketak:
Ana Morales
Ana Morales dio:
2012/03/09 14:42

"Nik beti defendatu izan dut, sortzeko unean, munduko hizkuntza osasuntsuena eta kopurutsuena bagina bezala aritu beharko ginatekeela."

"Bagina bezala sortu behar dugu, zerbait baliagarri sortuko badugu."

Bai, bai, eta bai. Show must go on. Eta gu artista alai, dotore, zorrotz.

Zerbait gehiago idatziko nuke, baina oraintxe ez dut astirik.

Hasier
Hasier dio:
2012/03/09 15:08

Eta Ehundaka aldiz hilko gaituk!

Hedoi Etxarte
Hedoi Etxarte dio:
2012/03/16 19:53

Artikuluko ikuspuntuak osatzearren Jon Juaristiren ekarpena: «Con Barthes ni te cases ni te embarques»

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/03/12 14:18

Eskerrik asko, Ana eta Hasier, komentarioengatik. Neurri batean, kontraste batek eraman ninduen artikulua idaztera: itzultzailea imajinatzen nuen, leherrenak egiten Barthesen testuaren aurrean, itzulpen arazoak saihestuz, formula berriak asmatzen... norbaitek, handik hamasei bat urtera, esfortzu hura guztia existitu ere ez zela egin bota zezan. Eta, klaro, nola ez izan apokaliptikoa, daukagun ondare urria ere ezagutzen ez badugu? Alde horretatik, eredugarria iruditzen zait, adibidez, Joseba Sarrionandiaren "Moroak gara behelaino artean?", hots, nola erabiltzen dituen bertan iturri euskaldunak (Zeruko Argia aldizkariko kronikak, bertsoak, etab.), "orokorrak" edo "nazioartekoak" diren kuestioak ilustratzeko, ohiko bibliografia eta bestelako iturri "homologatuekin" batera.

Irudipena daukat apokaliptikotasuna eta adamismoa (horren ohikoa gure letren munduan), omega eta alfa alegia, eskutik doazela, askotan, gure kulturgintzan. Eta ez onerako, tamalez.

Santi Leoné
Santi Leoné dio:
2012/03/22 19:00

Ona zure gogoeta, Iban. Lehen zatiari dagokionez, susmoa dut oraindik problema bat dugula itzulpenekin Euskal Herrian. Niri bi aldiz gertatuz zait, euskara irakasle bati liburu bat gomendatu, eta hark errefusatu itzulpena zelako, euskarazko itzulpenik irakurtzen ez zuelako. Bada oraindik hala aurreiritzia itzulpenen kontra. Eta apokalipsiaren inguruan, bai, ados, nahiz eta susmoa dudan ni ere apokaliptikotasun horretan erori naizela behin baino gehiagotan. Halere, ni ere epifaniek erakarri ninduten eta erakartzen nauten oraindik ere: Hobbita euskaraz zegoela ikusteak, Lovecraft euskaratu zutela jakin nuenean, edo, orain, Edgar Allan Poeren ipuin batzuk euskaraz irakur daitezkeela ikusteak. Hara, itzulpen bidezko epifaniak dira guztiak.

Imanol Epelde
Imanol Epelde dio:
2012/03/18 23:14

Gustatu zait. Ikuspegi baikorragoa behar dugu bai. Jarraituko dugu sortzen. Irritik. Negarretik baino gehiago.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/03/23 15:04

Denok erortzen gara apokaliptikotasunean noizean behin, Santi: ebitaezina da, gure egoeran (eta are gehiago Nafarroatik idatzita, ziurrenik: tamalez). Itzulpenei dagokionean, %100ean ados zurekin: gure literaturaren X Txostenak dira itzulpenak, neurri batean. Konprobatuta daukat irakurle klubean: itzulpenak ipintzen ditugunean jende gutxiago etorri ohi da (nahiz eta, optimismo ohar bat uzteko, azkeneko denbora hauetan joerak hobera egin du, eta deserzioak ez dira hainbeste). Ohitura kontu bat dela esango nuke, eta garai batean (duela 20-25 urte-edo) egin ziren zenbait itzulpen ortopedikoegien errua, agian, adin bateko irakurle potentzialak "markatuta" utzi zituztenak. Oraindik halakoren bat edo beste iristen bada ere gure liburu-dendetara, uneotan halako kasuak dezente gutxitu dira. Irudipena daukat irakurle gazteagoen artean aurreiritzia ez dela horrenbestekoa, baina auskalo.

Eskerrik asko zure ekarpenagatik, eta baita zuri ere, Imanol.

PS. Lovecraftekin pena txiki bat daukat: nire ustez, ipuinak itzuli behar zituzten, eta ez nobela. Onena ipuingintzan eman zuen HP xaharrak.

Hasier Rekondo Laskurain
Hasier Rekondo Laskurain dio:
2012/03/09 15:42

Nire ustez ez da optimismo edo pesimismo kontua... Aintzat hartuta, pesimismorako arrazoi gehiago direla, nago kultur inpostura batetik hitz egiten dela askotan. Mingostasun batetik pontifikatzen du zutabegile, irakasle edo funtzionario estatusean oso gustora dagoen jendeak.. Ez da batere erreala ez sinesgarria, ikuspegi pertsonaletik ikusita bederen, apokaliptismorako jarrera hori. Berriki idazle euskaldun bati irakurri diot elkarrizketa batean erresuminean duela abiapuntu bere lanak, ez da batere sinesgarria bere egunerokoa jarraitzerik baduzu...

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/03/17 13:51

Horrela itzul genezakeena, agian: «Barthes ez artez, ez partez». Eskerrik asko, Hedoi, ez nintzen bertso-lerro horiekin gogoratzen.

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2012/07/07 11:40
Testu hau irakurri barik nengoen, Iban, eta biziki hunkitu naiz, aitor dut, hainbeste ezen ezinezkoa zaidan tonu solemne hau saihestea.
Nik ere izan ditut epifaniak euskaraz, suposatzen dut denok izan ditugula gutxi-asko. Batzuk, eliza barruan, beste batzuk mendian, Donibane Gurutzekoak edo indio siouxek izaten zituztenak bezalakoak, edo musika-kontzertuetan, tabernetan, eta abar. Jainkozkoa edonon ager daiteke.
Hala ere euskaraz egitz egiten eta idazten segitzeko arrazoia hori baino zerbait soilagoa da: gure etsipen eta guzti, oraingoz ez dugu suizidatu nahi. Ez da besterik.
Badakit oso unamunianoa atera zaidala, baina zer egingo diot, ez nago Txirritaren bertsoak kantatzeko umorez.
Baina zentzunera itzuliz, arrazoi duzu, Iban, euskal kulturak aurrera egin dezan Txirrita askoren beharrean gaude, hori da gure benetako heroia.
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2012/07/09 21:30
Etsipenean laguntzen dizut, Pruden. Unamunotartasun eta guzti.

Eskerrik asko zure erantzunagatik.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44