Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Balizko literatur albiste berrietarako proposamenak

Balizko literatur albiste berrietarako proposamenak

Iban Zaldua eta Rikardo Arregi 2009/01/14 12:01
Denok dakigu (eta are gehiago Durango ostean) literaturaren inguruko albisteak errepikakorrak eta monotono samarrak suertatzen direla: aurkezpen gatzgabeak, liburuen aurrerapen maxkalak, elkarrizketa sasipromozionalak, sarien eta beken aldarrikapen beti antzekoak… Gure literatur albisteek astindu bat behar zuten, eta eskerrak kazetari ausart batzuk hasi diren bide berriak urratzen, idazketaren momentu magikoenetako bati (liburu baten amaiera uneari) eman zaion atentzio berritua dela medio. Alabaina, Volgako Batelariak-en motz irizten diogu egitasmo honi, eta proposamen berri, ausart eta anitzekin gatoz, euskal kazetaritza kulturalaren hobe beharrez.
barnum

Gure kultur kazetarien artean joera berri bat zabaltzen ari da, idazlearen sortze-prozesu misteriotsuan gero eta gehiago sakontzera eraman dituena, antza denez. Volgako Batelariak-etik, nola ez, pozarren hartu ditugu gure egunkarietako eta aldizkarietako literatur sailak zalantzarik gabe aberastera datozen aire berri horiek, baina oraingoz oso literatur ekintza murritzari men egin zaiola iritziz (eleberri magistralen azkeneko puntua jartzekoari alegia, edo, duela urte gutxi batzuk telebistan agertu zuten bezala, erreferentziazko liburu baten inprimaketa-prozesuari), inoizkari honetatik zenbait ildo berri eta balizko eskaini nahi dizkiegu euskal kazetari sufrituei, zeren eta, jakina den bezala, na variedade está o gusto.

 1. Nobela baten lehenengo esaldia izkiriatzeaz erreportajea. Zergatik mugatu literatur gertakari berrigarrien zerrenda azkeneko esaldia edo azkeneko orrialdea idaztearen kontuari? Azken batean, jakina da nobela baten amaiera bezain inportantea izan daitekeela hasiera, eta hala adierazten digute Amos Oz-en The Story Begins saiakera-liburua bezalako adibideek, non idazle israeldarrak zenbait nobela eta ipuinen hasieren inguruko gogoeta mamitsuak eskaintzen baitzizkigun. Euskal idazleak, oro har, badaki noiz hasiko den bere opus magnum berria idazten: inspirazio bila ibili da han-hemenka, ohar batzuk hartu ditu kaiertxo edo paper-zati solteetan, baina bere burua prest ikustean, ez litzaioke bat ere kostatu behar kazetariei deitzea lehenengo esaldia idaztera doala iragarriz. Kazetariak argazkilariarekin joan beharko dira eta, ekintza-une bera ez ezik, aurreko momentu sublimeen testigantza jasoko dute, idazleak gosaldu (goizez idaztera badoa), bazkaldu (siesta orduan lan egitera badoa) edo afaldu duena fidelki zerrendatuta geratuko delarik. Dotoreziaren eta sobrietatearen izenean, beste jarduera batzuetan harrapatzea (ez dezagun orain gehiegi ere zehaztu) ez da gomendagarria.

2. Dokumentazio lanaren erdiko elkarrizketa-sorpresa. Azkeneko esaldia edo lehenengoa idaztea bezain inportantea (batzuetan gehiago) izaten da idazleak bere nobela, ipuina, saiakera, antzezlana edo poema idazteko aurrera eramaten duen dokumentazio lana, eta dokumentazio lan hori dokumentatzea izango da, hain zuzen ere, kazetaritza-ekintza honen helburu nagusia. Zer egin horretan dabilela, kazetariak (berdin dio egunkari, irrati, internet edo telebistakoa den) galdetegi bizkor bat egingo dio, dagoen lekuan dagoela (biblioteka batean, artxibo batean, zelai loredun batetik paseatzen, glaziarrak eskalatzen edo Arzaken –gulari buruz dokumentatzen–), idazleari pentsatzeko astirik eman gabe, unearen intentsitate kreatiboa bat-batean harrapatzeko helburuarekin. Galderek laburrak eta zorrotzak izan behar dute: bakarrik horrela lortuko dugu islatzea dokumentazioaren uneak daukan garrantzi sortzaile ezinbestekoa.

3- Idazlearen eta editore(ar)en arteko lehen bileraren berri. Idatzita dagoena argitaratu egin behar da beti, antza, eta idazlearentzat editorearekin hitz egiteko ordua iritsi da. Gertakariak hamaika barietate izan dezake: liburu osoa eskaini zaiola argitaletxe bati, zatiren bat hainbat argitaletxeri edo liburua erakutsi gabe argitaletxeari idazleak eginiko lehen dei telefonikoa... Kazetari trebatuak jakingo du nola atera egoera bakoitzari zuku guztia. Editorea betiko editorea izan daiteke, idazlearen laguna kasik, edo berriren bat; aspaldiko adiskidetasunaz edo harreman berrien mirariaz orri ederrak idatzi ahal du kazetari trebeak. Bilera leku posibleak ere posibilitate ia infinituak eskaintzen ditu: jatetxeak, idazlearen etxea, argitaletxea bera, kaleren bat, mendia edo Loiuko aireportua bidaia liburua bada. Argazkietan biak, idazlea eta editorea, agertuko dira aurrez aurre pendraibak, paperak, txostenak elkarri ematen diotelarik. Argitaletxearen balizko ezetzak ez luke kazetari ausarta zertan beldurtu behar, esploratu beharko lituzke ezetzaren posibilitateak artikulu pare bat gehiago, behintzat, idazteko. Idazlearen frustrazioez orriak eta orriak beteko ditu. Zer esanik ez, aspaldiko adiskidetasun galduez, edo harreman hasiberrien porrotez.  Kazetari azkarrak mundu bat deskubrituko du editoreen eskutik eta mila ideia izan hurrengo Durangotarako.

4. Eskuizkribuaren zuzenketa faseari buruzko ikerketa-kazetaritza saioa. Idazleak liburua entregatu eta gero ez da, ordea, istorioa amaitzen. Liburuak transformazio-prozesu bat jasan ohi duelako, kasu ez gutxitan, editorearen eskuetan. Dela arrazoi sintaktiko-ortografikoengatik, dela zio komertzialengatik, zuzenketa-prozesu batzuetan gorabeheratsua jasango du liburuak, inprimategira iritsi aurretik: bide hori, askotan, liburuaren sorkuntza prozesua baino zirraragarriagoa izan daiteke, eta are liburua bera baino interesgarriagoa, kazetari on batek kontatzen badu behintzat. Normalean idazleak ez daude, alor honetan, kazetari ausartarekin kolaboratzeko bereziki prest, eta hori dela eta editorearen edo argitaletxeko beste langileren baten laguntza eta konplizitatea beharko du, maiz, kazetariak, zeinak, hortaz, Bob Woodward eta Carl Bernstein mitikoen ildoan, bere komunikabideko narrastien fondoei astindu bat eman beharko baitie, informazio zukutsu hori jaso aldera.

5. Buxadura literarioaren inguruko performance-dokumentala. Alabaina, liburu-hasiera edo amaiera bat bezain une gora (eta, zalantzarik gabe, dramatikoagoa) suerta daiteke idazlea trabatuta geratzen denekoa, bere obraren eraikuntza neketsuaren erdian alegia. Idazlea, poliki edo bizkor, zabar edo dotore, aurrera egiten joan da sorkuntzaren meandroetatik, baina, halako batean, askatzeko zaila den arazo literario edo are etiko-moral batekin egin du topo, eta ez daki nola jarraitu. Aukerak analizatuko ditu, banan bana haztatuko ditu, baztertzen joango da bata bestearen atzetik. Izerdi tantak botako ditu edo, transpirazio zailekoa bada, rictus bat (edo gehiago) agertuko du bere hazpegietan. Ezin du erabaki. Jazoera horietan guztietan kazetaria izango da lekuko isil (eta devouéa): izan ere, hori da kasuotan kazetariari biziki gomendatzen diogun jarrera, errespetuzko isiltasunarena, zirkuitu itxiko kamerak eta giro-mikrofonoak erabiltzeraino. Tentsioa islatu beharko du kazetariak esperientzia horren ondoren idatziko duen kronikan, eta bere prosak, ondorioz, tentsua izan beharko du halaber. Ez dadila hemen ere argazkia falta, Hamilton difuminazio efektu askorekin, ahal dela.

6. Orri zuriaren aurreko bertigoari buruzko gogoeta audiobisuala. Ezbairik gabe, aurrekoaren bariazioa, baina oraindik beren obra berria idazten hasi ez diren idazleen kasurako. Bereziki egokia telebista erreportajeetarako: plano-sekuentzia luzeak, isiltasun-une esanguratsuak, aforismoen antza har dezaketen idazlearen zein off-eko ahots baten zehar-iruzkinak... Andy Warholen The Factory garaiko filmen estiloa bereziki gomendagarria iruditzen zaigu mota honetako kazetaritza lanetarako. Ondo hornituta joan dadila musikarekin, ezin hobea new age motakoa edo, horren faltan, minimalista (alboan utziko ditugu horretarako, trikitixa eta beste genero jator batzuk, prozesuaren sakontasuna nekez islatu ahal dutenak; Mikel Laboaren Lekeitioak ez dira, baina, arbuiatzekoak). Emaitza oso egokia izango litzateke ETB3ko ordu txikietan emititzeko, adibidez…

7. Musaren bisitaren harrapaketa-ahalegina. Baina zertarako mugatu literatur ekintza batera (edo ez-ekintza batera)? Izan ere, idazlearentzako unerik inportanteena ez da liburua idazten hastekoa, edo liburu hori osatuko duten materialak biltzeko ahaleginarena. Ez, jaun-andreak: gertakaririk behinena, zalantzarik gabe, inspirazioarena da, hots, Inspirazioarena. Arlo horretan, egia aitortu beharra dago, idazlearen borondatea ez da berme ona: asmo autopropagandista eskuzabalenaz hornituta egon arren, ezin jakin noiz eta nola iritsiko zaion, goizez edo gau ilunaren erdi-erdian, zeruetatik edo infernuetatik, inspirazioa. Jazarpen estua egin beharko diogu idazleari, eta horretarako ez da soberan egongo paparazzo eskarmentudunen erabilera (bat baino gehiagorena eta txandaka, ahal dela). Aura atzematen duten Kirlian argazki-kamerez ondo hornituta (gure euskal kazetari ia beti behartsuak eskura ez badauka halakorik, ziur gaude Iker Jimenez gure aberkideak lagunduko diola bat lortzen), agerpen numinosoaren zain egongo dira argazkilari-kronikalariak, zeinen zereginetako bat idazleari zein Musa agertu zaion zehaztea izango baita, hots, (literaturarekin zerikusiren bat dutenen artean) Kaliope, Erato, Euterpe, Melpomene, Polimnia ala Thalia (erroldatuta daudenetako bat baldin bada; musa paper gaberen bat izan daiteke, halaber, beste panteoiren batetik immigratua, zeinarekin albisteak kutsu sozial handiagoa hartuko bailuke), eta, orobat, kontsignatzea zein modistok jantzita etorri den oraingoan.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44