Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Argazki baten misterioa eta interpretazioa

Argazki baten misterioa eta interpretazioa

Angel Erro 2009/07/03 12:04
Pride Dayren biharamun pisu honetan, azkenean delibaratu dugu aurreko "Irainen Hiztegi Tipian" agerturiko pilotariaren argazki deigarria norena den argitzera. Hamaika izan dira VBko partaideoi photo horren berri galdetu diguten lagunak, bakar bat bera ere ez modu publikoan, holako galdera baten balizko fribolitatea aldizkari honen tonuari (edo beraien izen onari?) ez balegokio bezala. Misterioaren argitzearekin batera, Angel Erro kideak, argazkia berak aukeratu baitzuen, azalduko du "picture" hura jarri izanaren arrazoi estetiko-teleologiko garbia.

 

Ondoko argazkiko pilotaria Mikel Goñi da. Beraren izena Google Images-en jarrita berehala agertzen da. Handixeagoa da jatorrizkoa, nik zehazki nor zen ikus ez zedin goiko partea moztu egin nuen eta, anatomiako  gune printzipal hura zentratzeko, hankak ere moztu behar nizkion. 

atzelaria



Aitortu behar dut Mikel Goñi baino lehen beste batzuk lokalizatzen saiatu nintzela, baina zalantzarik gabe Mikel Goñirena, argazki honetan, hoberena  da. Izan ere, meritu piktorikoak aurkitzen dizkiot. Urrezko proportzioa eta guzti, kasik. Kamiseta gorriak Velazquezen "Retrato del  Papa Inocencio X" margoan dagoen plegu-tratamenduaren eragin argia  dauka, ezbairik gabe. Pilotariaren besoek erdi-osatzen duten zirkulu itxia ipurdiaren beraren antonomasiazko esferikotasuna (eta, hortaz, perfekzioaren ikurra ere badena) azpimarratzera dator; osokoari,  bide batez, mugimendu sentsazio ederra emanez. Hala ere, mugimendua  eta bere tentsioa adierazteko, konposizioa bestelako bitartekoez  baliatzen da: bi eskuak atzean badaude ere, haietatik batek  ibiltzearen pendulu-mugimendua iradokitzen du, erritmo binarioa  ezarrita (tik-tak-tik taktikan, denboraren igarotzearen metafora xahutuan), baina bestea, ipurdi-masailean pausatzen doana, aurrekoaren ukazioa, geldi-geldirik iragar dezakegu (bidenabar esanda, ipurdien jabaltasun-irudi betierekoari arrazoia emanez), konjuntoan desoreka eta ezinegon izpi txikia sartuta,  baina, hala ere, ipurmamien arteko binarismoari, ying-yan-tasunari  ezer kentzen ez diolarik. Keinuak pinturaren estatikotasuna gainditzen du, Arteak heriotza (hau da, gelditasun osoa) bezalaxe, ikusleak  iragar baitezake, proiekta baitezake, hurrengo pausuak, bigarren esku horri esker, sorraraziko duen kontraesanik gabeko instantea, erregutu baina inoiz heltzen ez duguna.

Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza dio:
2009/08/14 14:13

Erran nahi baita, tangaren tiratxoa arrakalatik sartua zitzaiola Mikel Goñiri. Noizko pilotaren aingeru eroriaren gaineko nobela, kostunbrismo beltzean paradigma berria ezarriko duena? Arte kritikari ederra egina haiz, Anjel. (pixka bat berandu, baina aspaldi diat uztailekoak abuztuan irakurtzeko ohitura). Aingeru Epaltza

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44