Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Apunte labur bat "Ojos que no ven" nobelari buruz

Apunte labur bat "Ojos que no ven" nobelari buruz

zaldua 2010/04/07 09:08
Leitu berri dut J.Á. González Sainz (Soria, 1956) idazle eta itzultzailearen azken nobela, "Ojos que no ven" (Anagrama, 2010). Irakurketa bakarra egin dut, orrialde bat edo besteren ertza tolestu, baina askoz ere gehiago ez, beraz, ezin hau liburuaren kritikatzat hartu, baizik eta irakurketa hurbilak eragindako (nolabaiteko) urgentziazko gogoeta batzuen gisa, gehien jota.

 

ojos que no ven

Izan ere, oraindik erabaki gabe nago liburua gustatu zaidan ala ez. Gustatu/ez gustatu kontu hauek, badakit, oso azalekoak dira, eztabaida literariotarako balio zinez gutxikoak, baina irakurle gisa oso inmediatoak izaten direnak eta, nire kasuan behintzat, garrantzitsuak, liburua itxi eta lehenengo uneetan behintzat.

Nobela laburra da, eta kontatzen diguna ere ez da bereziki konplexua: Gaztelako landa ingurune batean sortutako Felipe Díaz Carriónen bizitza-peripeziaren pasarte batzuk, bere herritik familiarekin emigratzera behartuta aurkitzen denetik, une zehaztugabe batean (baina 1960ko hamarkadan edo gehien jota 1970koaren hasieran koka daitekeena), herri horretara itzultzen den arte, gaur egun, erretreta hartuta. Emigrazioaren jomuga, eta hori inportantea da, Gipuzkoako nukleo industrial zehaztugabe bat da, eta, bere jatorrizko herriko inprimategian lanik gabe geratu ostean, hara abiatzen da emaztea eta bi seme txikiekin. Bertan produktu kimikoen fabrika batean lana aurkitu, hari gogor lotu eta bizitza ateratzen du aurrera, inguruan (iradokitzen da) aldaketa politikoak eta sozialak gertatu eta, pixkanaka, bere emaztearengandik eta, batez ere, seme nagusiarengandik urruntzen doan bitartean, urte horietan zehar euskal abertzaletasun erradikalaren sukarrak harrapatuko baititu biak.

Une batean, esaterako, lan egiten duen fabrikako enpresaburua bahituko du ETAk, eta Felipe Díaz izango da, lankide gutxi batzuekin batera, herriko plazan egunero manifestatuko den bakarrenetakoa, herrikide batzuen irainak jasoz, eta gehienen indiferentzia edo ezikusia; ekintza hori aurrera eramateagatik eraso bortitz baten biktima izango da, ez duena ondorio larriegirik izango semearen ospeari esker: izan ere, bitartean, semea, Juan José Díaz Pototo, “Frantziara joan da lanera”, eta talde terroristan sartu dela jakingo dugu. Asunción emaztearekiko urrutiramendua gero eta handiagoa gertatuko da orobat; gizonarekin konpartitzen ez dituen adiskideak egingo ditu, orrazkera aldatuko du, etxetik joango da, eta, halako batean, udal hauteskundeetan zinegotzi aukeratuko dute, zehaztugabeko zerrenda politiko baten baitan (baina –Herri– Batasunakoa baino ezin dena izan, noski).

Liburuaren bigarren zatia Gaztelako herrian gertatzen da: hara itzuli da bere samin guztiarekin Felipe Díaz, eta han dihardu familiako baratz zaharrean lanean, Gerra Zibilean falangistek hil zioten aitaren oroimenaren presentzia saihestezina airean. Hara joango zaio egun batean seme gazteena, Felipe izenekoa bera ere, anaia nagusiarekin sekula konpondu ez dena, hura kartzelaratu eta epaitu dutela kontatzera: zenbait hilketen errudun gisa zigortu dute (tartean guardia zibil batena, kazetari batena eta unibertsitateko irakasle batena). Kartzelara egingo dio bisita bakar eta gogor bat. Felipe Díezengan erruduntasun sentipena da nagusi.

“Y hasta aquí puedo leer”, nahiz eta, egia esan, ez dudan uste gehiago kontatuta ere bereziki spoiler gertatuko ote nintzatekeen, kontatzen denaz gain, irudipena daukat, kontaera bera delako idazlearen zio nagusienetako bat: sinboloak, natura elementuen deskribapenak, bidearen gaia, errepikapenak, idazkera jasoa (jasoegia, aukeran: gaztelaniazko prosa dotoreegi hori erabiltzen du egileak, erretoriko samarra, niri, egia esan, traba egin didana behin baino gehiagotan, batez ere gauzak "aberasten" edo beharrik gabe "konplikatzen" saiatzen denean, beste batzuentzat jarrera hori hizkuntzaren maila gorena islatuko lukeen arren -amaierako oharretan adibide bat paratu dut *-). Gaiak, ikusten duzuen bezala, oso hurbiletik ukitzen gaitu euskaldunoi, eta hori (eta irakurritako aldeko komentario batzuk, Félix de Azúarenak kasu) izan zen nobela erostera bultzatu ninduen motiboetako bat.

Edonola ere, zenbait gauzek ez naute gehiegi konbentzitu nobelaren lehenengo irakurketa bizkor hau egin ostean.

1.- Testuingurutik kanpoko xehetasun batzuk. Adibidez, Gipuzkoako herri horretan etxetik lan egiten duen fabrikara protagonistak lehenengo aldietan egiten duen bidea deskribatzean, besteak beste, “Y miraba al suelo, miraba sus pasos sobre el asfalto o sobre la tierra batida, miraba las colillas de los cigarrillos apurados y las latas de refrescos tiradas, retorcidas pero en cualquier caso desechadas, arrojadas, utilizadas y desestimadas como las bolsas de plásticos y los envoltorios y cascotes o trozos de chatarra que veía aquí y allí entre matojos sucios…” aipatzen da, baina nik nekez ikusten ditut freskagarrien latak eta plastikoko poltsak 1960ko edo 1970 hamarkada hasierako gure paisaia industrialean. Beste bat: “cipayo” deitzen zaie, ia sistematikoki eta iraintzeko asmoz noski, Ertzaintzakoak ez diren polizia-indarren partaideei; nik uste dut, ordea, ezker abertzaleko militante batek oso argi duela, eta zuela lehen ere, nori deitzen zaion “zipaio”, herri honetan. Halako detaileek, halabeharrez, sinesgarritasuna murrizten diote kontakizunari, eta txikikeriak izanagatik ere, karranka egiten dute.

2.- Protagonistaren profil psikologikoa bera. Gizon xume, apal eta, batez ere, ez bereziki intelektual bezala aurkezten zaigula ematen du, hasiera batean behintzat (nahiz eta linotipia bateko langilea izan garai batean, haren jatorriko herrian, nekazaritzarekin oso lotua, bai, baina eskolatua). Hots, langile porrokatua, hitz gutxikoa, bizitzaren plazer txikien zalea (paseatzea, mendian ibiltzea, kafe bat hartzea tabernan…). Baina emaztearekin edo, batez ere, semearekin dituen eztabaida bakanetan, haren diskurtsoaren maila, derrepentean, igo egiten da, nahiz eta beti ere apaltasun itxura ez-intelektual bat eman nahi dion idazleak. Geroago esplikatzen zaigu, liburuaren bigarren partean (inpresioa daukat azalpen bat zor zigula konturatzen dela egilea), nahiko irakurzalea izan dela gure gizona, garai batean behintzat. Baina orduan nekez ulertzen ditut, nik bederen, protagonistaren zailtasunak bere ingurukoekin eztabaidatzeko, edo maila elaboratuago batean aritzeko. Hemen ere zerbaitek huts egiten duela iruditzen zait.

Horren adibidetzat eman dezaket aitak, hitzez edo pentsamenduz, tolerantziaren alde eta totalitarismoaren aurka erabiltzen dituen hitzak dira, eta gutxi gora behera modu berean errepikatzen direnak zenbait aldiz, ritornello moduan, liburuan zehar: “¿sabes lo que te digo? que tu padre será verdad que no sabe muchas cosas y que es todo lo pobretón y lo poca cosa que tú quieras, pero hay algo que sí sabe y es esto: que unas cosas son justas en esta vida y otras injustas; que unas cosas son atinadas y otras un completo desatino se mire por donde se mire; que unas, como en el campo, crecen sanas y da gusto verlas, y otras en cambio crecen esmirriadas o llenas de plagas por todos lados que parece como si las atrajeran, y que unas suelen traer aparejado el bien general y otras no acaban acarreando nada más que calamidades y atrocidades a todo el mundo. Que unas cosas son verdad, verdad de la buena, y otras nada más que puras monsergas y malas fantasmagorías, y unas son lícitas y otras ilícitas, tolerables unas y las otras tajantemente intolerables, como atemorizara e intimidar y ofender a la gente, así que ya no te digo matar, matar a quien sea y por lo que sea. Y sé también, por mucha burla que me hagas, que unas cosas son verdaderamente nobles y otras verdaderas y colosales engañifas, que unas son dignas y otras cochambrosa y repugnantemente indignas, las unas hacederas y las otras imposibles y engañosas, y unas convenientes para la mayor parte y otras, a la corta o a la larga, contraproducentes para casi todos, inclusive para quienes más están dando todo el santo día la lata con ellas”.

3.- ETAko militantearen (protagonistaren semearen) irudikatze guztiz deshumanizatua. Gutxitan irakurtzen ditugu haren hitzak, edo ikusi zer egiten duen, baina hala gertatzen denean, ezin desatseginagoa da. Argi dago belaunaldi arteko eta maila politikoko enfrentamendu handia duela aitarekin, baina “mierda” edo “mierdoso” da gehien errepikatzen diren hitzak, bere diskurtsoan, eta ez dago zirrikiturik edo ñabardurarako tarterik: fanatismoaren eta mesprezuaren pertsonifikazio hutsa da (gauza bera gertatzen zaio emazteari ere, haren transformazioaren ondoren). Alde horretatik, filme askotako nazi arimagabearen oso antzekoa da Pototo, eta ez dago saio bakar bat ere pertsonaiari konplexutasun pixka bat emateko ere. Eta nik ez dut esan nahi hori gaizki dagoenik B edo Z saileko film batean, non marra, derrigorrez, lodia edo zabarra izan baitaiteke (edo izan behar baitu), baina A saileko literatura (edo zinea) egin nahi denean irudipena daukat zer edo zer gehiago eska dakiokeela egileari. Adibide gisa, protagonistak kartzelara egiten dion bisitaldi bakarrean semeak botatzen dizkion hitzak, haren isiltasunaren aurrean: “¡Total, por un madero de mierda! –empezó a gritar puesto en pie–, ¡por un maestrillo de mierda o un cagatintas tan mierdoso como tú, calzonazos de mierda, don nadie, que eres un don nadie y un facha y lo serás siempre!”. Ziurrenik mundu errealean gerta daitekeen eta gertatzen den edo gertatu den zerbait izan daiteke, baina niri, zer nahi duzue esatea, ez zait sinesgarria egin nobela honetan.

4.- Eszena batzuen efektismorako joera, batzuetan hobeto funtzionatzen diotenak (protagonistak emaztearen aurrean irudikatzen duenean, etxeko egongelan, enpresaburua entzerratuta egon den zuloa), baina beste batzuetan gehiegizkoak begitandu zaizkidanak, edo huts egiten didatenak: enpresariak aurkitzen duenean lo fabrikaren aurrean, justu aurreko eszenaren ondorengo paseo-ihes luzearen ondoren (70-71 orr.); seme gazteenak Pototoren atxiloketaz aita informatzen duen modua (16. atala); amaierako eszena, mendi puntan, haren aitaren eta Gerra Zibilean falangistek hildako gainontzeko herritarren oroigarriaren ondoan. Oro har, aipatu dudan bezala, sinbolismorako joera handiko lana da (animalia edo landare zenbaiten etologiaren deskribapenaren bitartez, esaterako), baina batzuetan horren sinboliko nahi izateak gehiegikerietara eramaten duela iruditzen zait.

5.- Constantino Bértolok aipatzen du, La cena de los notables saiakerako “La soberbia de escribir” atalean (Periférica, 2008), Flaubertek, nolabait, “tranpa” egiten duela Madame Bovaryn irakurleari ebasten dionean protagonistaren eta aitaren arteko eztabaida, Charles Bovaryrekin ezkontzearen komenientziari buruzkoa: une horretan berrogeita bederatzi minututako elipsia erabiltzea, Flaubert bezala horren xehetasun-zalea zen idazle batengan, ez zaio ondratua iruditzen Bértolori, kontuan hartuta erabaki horren inguruan antolatuko dela orduz geroztik Emma Bovaryren atsekabea eta, ondorioz, nobela bera: “Cuarenta y nueve minutos no son poca cosa para una elipsis que esconde esa conversación entre Emma y su padre, en la que su matrimonio, su futuro y su vida están en juego. He aquí un lugar propicio para las causas y razones, para los argumentos, y he aquí que la narración lo elude de manera brillante, a juicio de la crítica usual, situando el foco sobre ese Charles en espera de que una ventana se abra o permanezca cerrada”.   

Baiki, kasuak ez dira guztiz konparagarriak, González Sainzen fokua beti ezarrita dagoelako Felipe Díezengan, baina, hein batean, niri iruditu zait antzeko operazioa egiten duela emaztearen eta seme nagusiaren “abdukzio” abertzalearekin: elipsi esanguratsu batez estaltzen du haien aldaketa-prozesua, eta Felipe Díez protagonistarengandiko urruntzea. Eta niri, zer nahi duzue esatea, inportantea iruditzen zait puntu hori, nahiz eta onartzen dudan ez dela ziurrenik J.Á. González Sainzek kontatu nahi diguna, eta eskubide osoa daukala aukera hori egiteko.

Zeren eta liburuaren indarra, bertan itsatsita mantendu nauena, eta, ipini dizkiodan objekzio horiek guztiak gora-behera liburua arbuiatzera eramaten ez nauena, beste zerbaitetan datza: muturreko abertzaletasunak herri txiki batean sortu ahal izan duen giro opresiboaren deskribapenean, eta horren aurka aritu direnek pairatu dituzten ondorioenetan (euskarazko euskal literaturak horren gutxitan eskaini digun zerbait). Eta baita, zer esanik ez, 1950-70 hamarkaden arteko immigrazioari buruzko ikuspegian ere. Eta, orobat, Gerra Zibileko biolentzia politikoaren eta gaur egungoaren artean ezartzen duen paralelismoan eta loturan (nahiz eta, ikuspuntu horretatik, adibidez, goiztiarragoa ez ezik, interesgarriagoa eta iradokitzaileagoa begitandu zitzaidan Jokin Muñozek Antzararen bidea nobelan planteatutakoa, ildo horretan).

Horretan guztian badago, nik uste, egia literario bat, edo batzuk, bestelako balizko akats horiek, lehenago aipatu ditudanak, apaldu egiten dituztenak (baina desagerrarazi gabe: horregatik ez dut erabakitzen liburua gustatu zaidan ala ez). Beñat Sarasolak komentatzen zuen, duela ez hainbeste, Gauzari buruzko Haginetako mina bilduma iruzkintzean, ETAren bortizkeriak eragindako oinazea esplizituki tratatzen zuten ipuinen falta sumatzen zuela: agian zaila zaigulako, euskaraz idazten dugunontzat, bizi garen munduan bizi garen heinean (hots, euskararenean, abertzaleak izan ala ez), talaia horretatik idaztea eta hor dagoen korapiloa literarioki ondo islatzea, J.Á. González Sainzi kostatzen bide zaion bezala ETAko militante baten irudi literario (behintzat niretzat) sinesgarri bat eraikitzea; euskaldunontzat ere zaila bada (gogoratu Pedro Alberdik aipatutakoa ETAko kideek utzi dizkiguten memoria eta testigantza idatzi urrien inguruan), nola ez da izango idazle espainiar batentzat? (baina, egia esan, Fernando Arambururen Los peces de la amargura irakurtzean gauza bera pentsatu nuen...). Horregatik, besteak beste, ez naiz ausartzen nobela honi buruzko juizio negatibo bat egiten: are gehiago, halako nobelak irakurri behar ditugula iruditzen zait, nahiz eta mingarriak izan, edo hain zuzen ere mingarriak zaizkigulako, eta mingarriak izateko asmo osoarekin idatzi direlako. Eta, jakina, gutxieneko maila literario bat daukatelako: González Sainzen obra eta ekinbide kulturala ez dira edozer gauza, literaturzale espainiarrek ondo dakiten bezala (Archipiélago aldizkariaren fundatzaileetako bat izan zen, eta Anagrama saria irabazi zuen 1995ean, besteak beste).

Edonola ere, gustatuko litzaidake irakurri duen jende gehiagok iritzia emango balu, urgentziazkoak baino ez diren ohar hauen harira.

 

Oharrak

(*) Gorago aipatzen nuen hizkuntza aldetiko adibide bat "Su mujer transcurría muchas tardes con sus amistades -o lo que fueran-" esaldian legoke (43 orr.): "pasaba" aditza antza arruntegia ez erabiltzearren "transcurrir" intrantsitibo eta, beraz, ez oso egoki hori aukeratzen du. Sinonimoen erabilpen errepikatua, bestalde, oso baliabide literarioa iruditzen zaie batzuei (adibidez, "ver que entre las palabras y las cosas a veces no hay riña ni zancadilla ni altercado", 46 orr.), baina niri, egia esan, ez zait iruditzen ekarpen handirik egiten duenik...

etiketak: Testuak
Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2010/04/10 22:41

Iban:

Zerbait idaztea eskatzen duzunez gero, horra nirea, nahiz eta ez dudan nobela bera irakurri (ezta irakurriko ere).

Zure erreseina behin (behin bakarrik) irakurri ondoren, horra nire inpresioa: "Soinujolearen semea"-ri egindako erantzun "demokratikoa" duzu hau, eta kitto. Ez zait iruditzen absolutiki beste ezer dagoenik nobela horretan Atxagari "erantzun" nahi izatea baino (El Pais-eko erreseina ospetsu haren ildotik).

Metaliteratura? Metakaka.

Ibon Egaña
Ibon Egaña dio:
2010/04/17 18:23

Irakurri dut liburua eta ados nago, Iban, zure kritikan diozunarekin. Nahiz agian zuri baino gutxiago gustatu zaidan. Niri ere ez zait sinesgarria egin Gipuzkoara etorri osteko kontakizuna. Pertsonaia bakarra dago eleberrian, Felipe Diaz protagonista, eta beste guztiak bere gogoeta etikoak bideratzeko modu nahiko eskematikoan eraiki direla esango nuke. Felix de Azuak bere kritikan zioen eleberriak honelako galderei heltzen diela: “¿De qué se nutre el odio de un inmigrante en el País Vasco, para que a los pocos años se transforme en un asesino nacionalista?” Baina nik horixe da ikusi ez dudana, zergatik gertatzen diren aldaketa horiek semearengan, eta bereziki, emaztearengan. Agian kontua da protagonista ez dela gai horiek ulertzeko, baina nik uste idazleak ahalegindu behar zukeela horren kontakizuna egiten, agian ez aitaren ikuspegitik. Alde horretatik, neure ustez behintzat, nobelari huts egiten diona kontakizunarekiko inolako distantziarik ez hartzea da, besteak beste. Pertsonaia bakarrarengan jartzen du fokua (eta irakurleak, nik behintzat, erraz egiten du egilea=protagonista ekuazioa),eta kontakizunaren egia bakarra dago, oso diskurtso bideratua egiten duena (eta politikoki zuzena, bide batez). Bizia lo-ko ipuin batzuk izan ditut buruan liburu hau irakurtzean, eta uste dut Jokin Muñozen ipuinek funtzionatzen dutela, besteren artean, pertsonaia antagonikoak, edo behintzat ahots narratibo desberdinak, erabiltzen dituelako gauza beraren inguruan aritzeko, González Sainzenean ez bezala. Are Antzararen bidea-n ere ahalegintzen da Muñoz distantzia hartzen kontakizunarekiko, Gigiren pertsonaiaren umorearen bidez (emaitza ez den arren, nire ustez, hain lortua). Halakorik ez dago, distantzia minimorik esan nahi dut, Ojos que no ven novelan, eta hori faltan bota dut nik, agian horrek berak eman ziezaiokeelako semearen edo emaztearen egia agertzeko bidea idazleari. Edonola ere, agian ez litzateke distantziarik eza arazo, baldin eta protagonista nagusia gatazkatsua edo kontraesankorra balitz, baina ez da kasua. Bestalde, gerra zibilarekiko egiten dituen loturak ere prebisible xamarrak iruditu zaizkit, espero izatekoak halako diskurtso antiterrorista “progre” batean. Alkondara urdinak agertzen direnean kontakizunean, esan nuen: “hombre, ya está, falta zena”. Estiloan dago, nire ustez, nobelaren indargune nagusia (zenbaitetan gehiegizkoa izateraino, zeuk azaldu duzun bezala); baina erritmoaren aldetik, hutsune batzuk ere ikusten dizkiot: lehen kapituluetan oso xeheki agertzen ditu protagonistaren ibilerak, ingurunea zehaztasun ia proustianoz deskribatuz. Baina, aitzitik, hurrengo atal zenbait, ekintza nagusiak esplikatuko lituzketenak, arinegi bentilatzen dituela iruditu zait (emigrazioa, egokitze/desegokitzea, eta aipatutako semearen eta amaren aldaketa ideologikoa, batez ere).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44