Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Zenbait ohar euskal ipuingintzaz

Zenbait ohar euskal ipuingintzaz

Iban Zaldua 2006/12/19 13:30
Irakurle fidela konturatuko zen bezala, sikutea izan dugu Batelariak-en, azken aldi honetan; espero dezagun konpontzen hasiko garela Volgako Gabonetako gure afari tradizionalean, gero eta hurbilago dagoena. Bitartean, birziklaiaren ohitura arriskutsura joz, Durangoko Azokarako Diario Vascok argitaratu zuen gehigarrian agertutako Iban Zalduaren artikulu hau eskaintzen dizuegu, gehikuntza ñimiñoren batekin.

 
Kazetari erdaldunak euskal ipuingintzaren indarraz galdetzen duenean, gure liburugintzako ipuin bildumen ugaritasuna aipatzen duenean, eleberriarekin konparatuta alegia, beste literatura batzuetan baino narrazio gehiago idazten direla dioenean… malo. Oso litekeena da galderaren atzean azpigarapen literarioaren (eta, ondorioz, kulturalaren) susmoa egotea. Susmo, edo are konbentzimendua: hauek ipuinak idazten dituzte ez direlako urrunago iristen, ez dutelako nobelak eraikitzeko gaitasunik; edo, argudio berberaren ifrentzua dena, berez irakurterrazagoak direlako ipuinak, hots, euskal irakurleak ez direlako kapaz nobelak eta are gutxiago nobelatzarrak irensteko.

Ez dut nik esango balizko aurreiritzi horien atzean egia zatiren bat ez dagoenik. Baina, edonola ere, ez da inondik ere egia osoa. Hasteko, ez dut uste gurean ipuin gehiago idazten denik, proportzioan, inguruko literaturetan baino; ez behintzat, hobeto ezagutzen dudalako egiten dut konparaketa, espainiar literaturan baino gehiago: nahikoa da ikustea zenbat ipuin lehiaketa antolatzen den urtero penintsulako txoko guztietan, eta zenbat ipuin aurkezten den bakoitzean, argudio hori deuseztatzeko.

Ez da egia, bestalde, euskal eleberria azpigaratua dagoenik. Duela hamabost bat urte, Plazara aldizkarian Begoña Muruagak egin zion elkarrizketa batean, Inazio Mujika Iraolak zioen, beste gauza mamitsu askoren artean, uste zuela "euskal literaturan nobelagintzari ez zaiola neurria hartu oraindik behar bezala, oso gutxik hartu diola neurria hobe esan". Ez dut uste gaur adierazpen bera egingo zuenik: 1990eko hamarkadak zerbait frogatu badu euskal nobelaren posibilitatea eta errealitatea da, hain zuzen ere. Horixe demostratu dute, besteak beste, Bernardo Atxagak, Ramon Saizarbitoriak, Aingeru Epaltzak, Anjel Lertxundik, Andoni Egañak, Hasier Etxeberriak, Ur Apalategik eta, ziurrenik ez kasualitatez, baita Inazio Mujikak berak ere; zentzu horretan -eta zentzu horretan bakarrik- dei dakioke laurogeita hamarrekoari "nobelaren hamarkada", literatur kritikariren batek proposatu bezala.

Ez, ez dut uste hemen ipuin gehiago idazten denik, printzipioz; harrituko ninduke, behintzat. Euskal Herrian gertatzen dena, hori bai, da ipuin liburu gehiago argitaratzen dela, proportzioan, inguruko literaturetan baino, edo, beste era batean esanda, hemengo argitaletxeek arazo gutxiago dituztela ipuin liburuak kaleratzeko, antza denez, Madril, Bartzelona edo Parisekoek baino (edo Londres edo New Yorkekoek baino: topiko bat da esatea ipuingintzak onespen handiagoa daukala Estatu Batuetan, adibidez, baina liburu edizioaren arloari dagokionean ipuingintza ez dago askoz ere hobeto esparru horretan gure kultur inguruan baino, nahiz eta prestigio aldetik agian hobeto dabiltzan han, eta, inportanteagoa dena, ipuinentzako badagoen merkatu bat, aldizkari literarioena); are gurean literatur produkzio-lerro standard eta homologatu baten garapenaren alde gehien egin duen argitaletxeak, Elkarrek, ez dio muzin egiten ipuin bildumak argitaratzeari.

Euskal ipuin liburuak gehiago saltzen al dira, beraz, inguruko literaturetakoak baino, eta eleberriak baino? Ezbairik gabe, gure inguruetan baino gehiago argitaratzen badira gehiago salduko dira, proportzioan behintzat -poema liburuekin antzeko zerbait gertatzen da-, baina ez dut uste aldea esajeratua denik: gure egoera diglosikoak eta hezkuntza sistemaren euskalduntze bizkorrak eragindako salmenta-arrakastako fenomeno bitxiren bat edo beste alde batera utzita (Ostegunaken kasua datorkit burura), hemengo editore gehienak bat datoz esatean narrazio liburuak gutxiago saltzen direla eleberriak baino. Eta ezagutzen ditudan irakurle txokoetan nabaria da, nik uste, nobelarako grina handiagoa, ipuinerakoa baino.

Erantzun batzuk bilatzeko orduan euskal liburu merkatuaren ezaugarri berezietara jo behar dugu lehenik eta behin. Eta hemen uste dut erantzuna egon daitekeela merkatu horren txikitasunean, eta beste literatura handiagoen "arauetatik" ihes egiteko dauden aukera zabalxeagoetan; Ramon Saizarbitoria eta Eider Rodriguez aritu dira hobekien euskal literaturaren txikitasunaren abantaila horretaz, eta nik uste dut haiek esandakoaren adibide argi bat izan daitekeela ipuin liburuen argitarapenarekin gertatzen dena.

Bestalde, puntako autore dezentek jarraitzen dute narrazio liburuak argitaratzen; ipuina ez da eleberrirako nolabaiteko trantsizio-tresna edo igarobide bezala ikusten, edo ez soilik behintzat. Aurtengo Durangon, esaterako, Jon Alonsoren Erretzaileen eremua eta Xabier Montoiaren Euskal hiria sutan izango ditugu salgai; pasa den urtean Koldo Izagirreren Sua nahi, Mr. Churchill? eta Aingeru Epaltzaren Lasto sua eduki genituen; bestalde, hortxe dugu Joseba Sarrionandia hilero ipuin bat argitaratzen Nabarra aldizkarian, eta, zer esanik ez, hainbeste autore berri eta ez horren berrien bilduma guztiak… Laurogeita hamarreko hamarkadan zehar aurrekoan baino ipuin bilduma gogoangarriagoak idatzi zirela uste dut, eta hori bakarrik -beste nonbaiten esan dut jada- oztopo handia da tarte horri "nobelaren hamarkada" deitzeko, horrela, ñabardurarik gehitu gabe.

Irudipena daukat, gainera -baina irudipena da soilik, azterketa sakonago bat egin beharko litzateke-, azkeneko hamarkadako euskal ipuingintzak hobeto islatu dituela gure gizartearen egunerokotasunean gauzatu diren aldaketak, eleberrigintzak baino; ez dut esan nahi eleberrigintzak ez duenik halakorik egin, baina bai agian ipuingintzak baino neurri txikiagoan. Akaso, jatorriz eta funtsean, artefakto moral bat delako nobela, XVIII eta XIX. mendeetan zehar gailendu zen zibilizazio burgesak eraikitako espresiobide potenteenetako bat; horregatik ez da harritzekoa azkeneko hamarkadatako euskal nobelak gure historia hurbila kontatzeko eta berreraikitzeko izan duen joera handia (Karlistadetatik hasita, Gerra Zibiletik pasatuz eta 80ko hamarkadara arte: La Cosa, alegia). Ipuingintza, zalantzarik ez, aritu da kontu horietaz ere, baina uste dut gehiago jo duela, bere aniztasunean, egunerokotasunaren aldaketa horien berri ematera (besteak beste); horren adibide bikainak aurki daitezke, nire uste apalean eta gorago aipatutako liburuak eta egileak alde batera utzita, Uxue Apaolazaren, Jokin Muñozen, Eider Rodriguezen, Patxi Iturregiren edo Arantxa Iturberen lanetan. Hori, zer esanik ez -eta egia balitz-, ez da berez ona ezta txarra ere, nobelagintzarekin konparatuta alegia, baina bai kontuan hartzeko datua, euskal ipuingintzaren azterketa bat egiteko unean.

Eta azkenik, artikuluaren hasierako kazetari erdaldunaren balizko aurreiritzi horietara itzuliz, zalantza bat: eta euskal ipuingintzaren ustezko sendotasun hori, azpigarapen literario baten isla baino, kontrakoaren zeinua balitz, hots, euskal literaturaren aitzindaritza erabatekoarena, Munduko Letren Errepublikan? Euskal idazleek frogatu dute jadanik badirela mota guztietako nobelak idazteko gai, baina hori gertatu da, hain zuzen ere, nobela krisian dagoen zurrumurrua gero eta ozenago zabaltzen ari den une batean. Tira, izan ere, nobelak mende bete darama gutxienez krisian murgildurik, abangoardia generoa zartatzen hasi zenetik alegia: nobela iraultza liberalen azpiproduktu bat dela onartuta, normala da krisian sartzea zibilizazio burgesaren dekadentziarekin batera -eta beti ere kontuan hartuta zibilizazio burgesa eta kapitalismoa ez direla inondik ere sinonimoak-. Zertarako tematu, beraz, gainbeheran aspalditik sartutako genero bat bultzatzen, beste aukera argiki postmodernoago edo, nahiago bada, eternalago batzuk hor egonda, krisi espiritualetatik askexeago: poesia, saiakera eta, zer esanik ez, ipuingintza? Jorge Luis Borgesek Arte poética liburuan jasotako hitzaldietako batean zioen bezala:

Uste dut nobela porrot egiten ari dela. Uste dut esperimentu horiek guztiak nobelarekin, horren ausart eta interesgarriak -adibidez, denbora-aldaketen ideia, istorioa pertsonaia ezberdinek kontatua izatearen ideia-, denak bideratzen direla une batera zeinetan sentituko baitugu nobelak laguntzen ez gaituela. Baina badago zerbait ipuinari, errelatoari dagokionean, beti iraungo duena. Ez dut uste gizakiak nekatuko direnik inoiz istorioak entzuteaz eta kontatzeaz.

(Post data: Aitortu behar dut tranpa txiki bat egin nuela, jatorrizko artikuluaren argitarapenean, Borgesen testua aipatzean, une oso egokian moztu bainuen. Izan ere, horrela jarraitzen zuen Borgesek:

Eta istorioak entzuteko plazerarekin batera bertsoaren duintasunaren plazer gehigarriari eutsiko bagenio, orduan zerbait handia gertatuko litzateke. Agian XIX. mendeko gizon zaharkitu bat naiz, baina optimista naiz eta itxaropena dut: eta etorkizunak gauza asko dituenez bere baitan -etorkizunak agian gauza guztiak izango ditu bere baitan-, pentsatzen dut epika itzuliko dela gugana. Poeta berriro ere egilea izango dela uste dut. Esan nahi dut istorio bat kontatuko duela eta kantatuko duela ere bai. Eta gauza bi horiek ez ditugu desberdintzat joko, Homerorengan edo Virgiliorengan desberdintzat jotzen ez ditugun bezala.

Baina hau ipuingintzaren inguruko artikulua zenez, lekua bukatzen ari zitzaidanez, eta poetei kantxa eman nahi ez nienez -ematen zaie nahikoa, berez-, moztea beste erremediorik ez nuen izan…).

etiketak: Testuak
Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2007/01/03 03:11

a) Aingerurentzat. Zure sintesi ahaleginari dagokionez: ideia interesgarria (eta, beraz, eztabaidagarria) iruditzen zait, bai.
Etorkizunaren (eta Barajasen) inguruan, bestalde, guztiz ados.

b) Prudenentzat. Arrazoi duzu: beste zerbaiti buruz ari nintzen.
Literaturari buruz alegia.

Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza dio:
2007/01/02 21:23

Eta orain serioago (ez, hala ere, erabat serio). Burutazio bat, Iban Zalduaren tesiaren eta nire antitesi korporatibistaren artean sintesia-edo izan litekeena: Eta nobela balitz iraganari heltzeko generorik behinena eta ipuina berriz orainaren puzzle antolaezina antolatzeko bitarteko egokiena? Iratxe Retolazak halako zerbait iradoki du lehengo Berrian, Xabier Montoiaren azken narrazio liburuaren kontura. Badakit arazo bat gelditzen zaigula moldatu gabe, alegia, zer egin etorkizunarekin. Alabaina aspaldidanik errana da: no future. Eta Barajasko balentriaren ondotik, are gutiago.

Aingeru Epaltza (Nobelagile Etorkorren Bazkunaren izenean)

Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza dio:
2006/12/29 13:05

Ez, Iban. Aspaldi handitik duk tema. Ez duk aukerarik galtzen guri morala higatzeko, bazterrak noizbait hustuko ditugun esparantzan. Orain, postmoderniaren amua bota diguk. Beraz, ipuingileago eta postmodernoago? Bai to! Ez diagu irentsiko. Jakintzak ongi: alferrik ari haiz. Batailaren bat irabaziko duk (atxikimendu puntualen bat eta guzti; sari edo garaipen puntualen bat eta guzti). Gerla, ordea, guk irabaziko diagu. Stua.: NHEB-3 (Nafarroa Handiko Elaberrigile Batza-3. asanblada)

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2007/01/01 23:34

Aizu, Iban, "kultura burgesa", "kapitalismoa", "iraultza burgesa"... eta, horrekin konformatu ez, eta Keynes!!!

Eta hori urbi et orbi adierazi ondoren, hor nonbaiten, "kapitalismoak ohitu gaituela etorkizuenean pentsatzera".

Ziur zaude literaturaz ari zarela?

Baina berdin dio, agian premiazkoa zen aspaldiko tabuak berpiztea eta gogoratzea idaztea ez dela, gehienetan, "artea artearentzako" parametroetan gertatzen, gure kale zikin xamarretan (Gasteizko alde zaharra, asteburu gauetan) baizik.

Edo beste zerbaiti buruz ari zinen?

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2006/12/29 18:35

Kar, kar, kar; ez nuen uste kontuari zuk helduko zenionik, Aingeru...

Arrazoia eman behar dizut; gainera, ezin dut eztabaidatu bere azkeneko lanerako nobela historikoa bezalako azpigenero bat, arrakasta ziurrekoa, aukeratu duen idazle batekin: ez naiz horren ergela izango. Eta beraz, bai: jakina daukagula galduta gerra, bestela ipuinlariok ez genituzke halako testu hagiografikoak argitara emango (horixe da froga nagusia); nobelagileek, ordea, ez dute (ez duzue) zuen generoaren halako defentsarik egiten, ez baita beharrezkoa, salbu eta Nobel saria edo antzekoren bat jasotzera zoaztenean (erruduntasun sentimendu batengatik ziurrenik). Are gure erredakzio batzordeko poeten artean oso argi dago, poesia ez egitekotan, nobelak idatzi behar direla, beraz, pentsa ezazu zein bakarrik nagoen...

Baina generoaren nagusigoaren meritua ez da zuena, nobelagileena, iraultza burgesarena baizik. Eta hor, zer nahi duzu esatea, ni Borgesekin nago: epe luze-luzean, nobela poema epikoa bezain genero anakronikoa bihurtuko da (iraultza burgesa, ezbairik gabe, bere iraungitze-datara iritsiko delako noizbait).

Epe luzeak, ordea, desabantaila handia dauka: Keynesek esaten zuen bezala, "epe luzean hilda egongo gara denok". Vae victis, beraz, eta loria eleberrigile garaileentzat!

Stua. VBIA (pa) [Volgako Batelarien Ipuingintza Azpisaila, premiazko asanblada]

Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2007/01/06 00:45

Eta zer da literatura, galde nezakeen orduan, baina ez dut egingo, inork tontotzat har ez nazan, jakina, ez galdera interesgarria iruditzen ez zaidalako.

Zeren, gauden garaian gaudela, ez naiz ni izango artearen (literaturaren) autonomia ukatzen hasiko dena. Bai, artea karakteristikoa eta indibiduala da, posible delarik arteaz hitz egitea pelotaz hitz egiten dugun bezala (Miranderen adibide klasikoa segituz), hots, plazer hutsagatik.

Baina, hala ere (eta orain bai tontotzat hartuko nautela, ziur aski) hala dio Aristotelesek (tira, zeuk Keynes aipatzen duzun bezala aipa dezaket nik Aristoteles): "Zerbait ikastea da plazerrik handiena, ez filosofoarentzat bakarrik eta bai bestelako jendearentzat ere, txikia izan arren horretarako duen gaitasuna; pinturaren bat ikustean nabari dugun atseginaren arrazoia zera da: aldi berean zerbait ikasten ari garela, gauzen esanahia jasotzen, hots, hor ikusten ari garen jendea halakoa edo halakoa dela."

Zerbait ikastea. Jakina denez, Aristotelesentzat ikasteko modu bakarra natura bera behatzea zen; artea, beraz, naturaren imitazioa da funtsean. Gaurko hitzetan esateko, literatura gizartearen imitazioa da, haren ispilua. Artista, beraz, ia-ia soziologo bat izango da.

Ez zara ados, ezta? Ziur ez duzula zure burua horrela irudikatzen. Baina, hala ere, so egin beste muturrera, adibidez, Goetheren aipu argi honetara: "Arte ŽkarakteristikoŽ horixe da, hain zuzen ere, egiazko arte bakarra. Bere barruko sentimendu bakan, indibidual, jator eta independentetik, ETA BERE BAITATIK KANPO DAGOEN EDOZERTAZ ARDURATU GABE ETA KONTUAN HARTU GABE, eragiten dionean inguruan daukanari, orduantxe da osoa eta bizia arte hori, landu gabeko basatasunetik sortua izan ala sentiberatasun landutik sortua izan."

Artea, literatura, jeinuaren bulkada "karakteristiko"-aren sorkari. Artista, literatoa, soziologoa baino profeta, edo, again, heroi jainkotiarra. Olinpikoa.

Gaur egun ez du ematen oso erakargarria, egia esan. Baina bada, zorionez, erdibiderik. Hona Ernst Cassirer-en soluzioa: "Bestelako forma sinboliko guztien antzera, artea ere ez da errealitate gertu-jarraiaren eta emandakoaren irudikapen hutsa. Bidea da artea ere, gauza eta giza bizitzaren ikuskera objetibora eramango gaituena. Ez da errealitatea imitatzea, hori aurkitzea baizik."

Eta gaurkoz aski.

Oharra: aipu guztiak in Cassirer, Ernst: "Gizakiari buruzko entseiua", Bilbo: Klasikoak, 1995, IX. atala: "Artea", 212-232 or. (Itzultzailea: Paulo Agirrebaltzategi).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44