Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Poor as folk

Poor as folk

Angel Erro 2006/11/10 07:33
Etxean geratu naiz, euskal poesia irakurtzen dudanean dabilkidan tristura sakona argitu nahian. Poesia den gauza guztien artean, eta poesia defini daitekeen modu guztien artean, niri gaur buruan dabilkidana ez da txarrena izango. Gaur apetatu zait poesia irudikatzea, hitz kondentsazio bat izan ezik, kondentsazio edo metatze historiko bat bezala. Eta pentsatzera gelditu naiz (ostirala eta gaua bada ere, etxean) hondar diakronikoak zer eragin ukan dezakeen gure gaurko irakurketan edo idazketan.

Nagoen tokitik altxa, zoroan barreiatu paperen artean jauzi eta apalategira abiatu naiz, nire ideia burutu gabea argi diezadakeen adibidearen bila. Erdarazko zerbait nahi dut. João Cabral de Meloren Harri bidezko hezkuntza hartu dut, gaztelaniazko poeta asko baztertu ondoren (ez dut nahi pentsa dezaten ez naizela irakurle hautu eta maneratsua). Ausaz ireki dut liburua eta lehenik agertu zaidan poema nire helburuetarako aproposegia ez iritzita, beste poema bat bilatu dut, liburuari titulua ematen dioen hau topatu dudan arte:

 

Uma educação pela pedra: por lições;
para aprender da pedra, freqüentá-la;
captar sua voz inenfática, impessoal
(pela de dicção ela começa as aulas).

Harri bidezko hezkuntza: lezio bidez;
harriaz ikasteko, haren tratua maiztu;
boz hanpatu gabea, inpertsonala atzeman
(dikzioarekin berak hasten ditu eskolak).

 

Euskal irakurleari zaila zaio harriaz entzun eta Gabriel Aresti ez gogoratzea. Bilbotarraren liburuak ez dauzkat ordenagailu gelan, saloian baizik, eta bila noa, abiatu aurretik ez dakidalarik baliatu ahalko dudan, hobe ez ote nuen Castillo Suarezen edo Xabi Bordaren zerbait hartzea.

Hemen naiz. Egongela pizturiko telebistak gogorarazi dit zer galdu dudan etxean geratuta (Babylon). Orain bai ausaz aukeratutako lau bertso lerro, zeinen bitartez irakurleak agian ondorioztatuko baitu euskaldunok ez dugula zertaz bekaiztu kanpoko poetarik.

 

Bihotzean sarturik daukat mendekantza:
Picasso, Proust eta Bartok damutuko dira.
Haserre haundiz noa orain haiengana,
besapean zuzia, eskuan haizkora.

 

Agian –berriz esanen dut– Aresti ez da nire asmoetarako, nik frogatu nahi dudan tesirako, adibiderik hoberena, baina aurrera egin dezagun, ahal bezala.

Balizko irakurle batek gure poetaren testua bestea bezain ederra, edo ederragoa dela pentsa badezake ere, eta nik ere hori uste badezaket ere (ez dut uste), Arestirenak beti edukiko du gabezia bat, segituan, beste adibide pare bat eman ondoren, azaltzera noana.

Antonio Portelak, ni jaio nintzen urtean jaio zenak, poema batean dio: Que dure este punteo eternamente (hendekasilabo ohargarria) edo La especie/ a la que pertenezco baila esta noche. Nire adinekoa ere Leire Bilbaok: Igerian aritu nintzen behin (hendekasilabo ohargarria) edo Lo egin duenaren usaina daukazu.

Hemen ere esan behar dut gabezia bat sumatzen dudala euskarazko poetarengan. Gabezia ez da hautematen bi lerroak modu sinkronikoan aztertuz gero. Bi poetek, egokitasun handiz, kolokialak izatea aukeratu dute. (Parentesi bat: Azkenaldian pentsatzen ari naiz hizkuntza poetikoak desintoxikazioa behar duela, butchinger bat, XX. mendean gorriak pasarazi dute, eta akaso kolokialismoak ematen ahal diola atseden hori. Musikan ere lirismoa hainbeste degeneratu duenean, nik nahiago ditudan letra hanpatu gabeak hortaz doaz: Los Planetas-en Un buen día, kasu, edo Solynieve taldeak abesten duelarik: "Si eso ya me paso por allí, que es que estoy en casa de un colega. No obstante, yo qué sé, si eso luego ya veré, ¡venga!". Guztiz erreparatzekoa ere Katuloren tonua, Malest, Cornifici, tuo Catullo poeman zera idazten duelarik: "Kornifizio, zure Katulo lur jota dago, oso-oso gaizki pasatzen ari da..." Ixten dut parentesia). Gure bi poetek, Antoniok eta Leirek, esaten nuen, kolokialak izatea aukeratu dute, sintaxi laua, "neutroa" erabiltzea. Bueno, hobeki esan, poeta andaluziarrak sintaxi neutroa erabiltzea hautatu du. Euskal poetaren kasuan ez dago "erabili" hitza erabiltzerik. Ez du beste aukerarik izan. Emaitza berbera izan daiteke, eta neurri batean plazer estetiko bera ere eman dezakete. Baina euskal adanismo betierekoak beste plazer mota bat ukatzen digu: kondentsazio historikoarena.

Irakurketaren plazera, kapa asko dituena, konparaziotik ere badator, eta konparaketak dakartzan ezagupenetik eta ustekabetik. Irakurtzen duguna ez da mahai zuri batean pausatzen. Irakurritakoak poesiaz, hizkuntzaz, gauzez dauzkagun aurreiritziak haustera edo sendotzera datoz. Eta erlazio katea horretan euskarak gehien bat kanpokoarekiko harremanean mugitu behar izan du. Horizontalki, eta ez bertikalki.

Errepara diezaiogun hiperbatoi baliabideari. Hiperbatoia garai bateko moda izan zela esan dezakegu –zorroztasun teorikoari menia eskatuz gero–, orain hitz laura jotzen duten esaldiak erabiltzea izan daitekeen modu berean. Europa guztiko literaturak kutsatu ziren hiperbatoizismoaz. Hizkuntza batzuek errazago zuten egitura sintaktikoaren malgutasunagatik. Besteen zurruntasuna, hala ere, ez zen izan eragozpen gainditu ezina baliabidea bereganatzeko orduan. Moda zela esan dut, zehatz dezadan pitin bat gehiago: garaiko estilo bihurriari ongi zegokion bihurritasun sintaktikoa zekarren, eta prestigio literarioa zeukan latinaren oihartzuna ematen zuen.

Buruan daukadan adibidea paratu nahi badut egongelara itzuli behar dut liburuaren bila.

Ez naiz egongelan entretenitu, Queer as folk amaitu da.

Pontus de Tyard (1521-1605) poeta frantsesaren Andere batekin maiteminduriko andere batentzako elegia-ko lau bertso lerro:

 

Et que d'un seul exemple, en la française histoire
notre amour servirait d'éternelle mémoire,
pour prouver que l'amour de femme à femme épris
sur les mâles amours emporterait le prix.

 

Ez naiz euskaraz ematera ausartzen, muturreko adibidea (Pasos de un peregrino son errante/ cuantos me dictó versos dulce Musa bezalako probokazioa) ez den arren.

Frantsesaren oroimen historiko-poetikoan holako egituraren aukera dago, lo baina badago. Gurean berriz ez, nahiz eta euskaraz ere hiperbatoiaren "moda" eduki genuen: Etxeberri Ziburukoaren lau bertso lerro nahi ditut hona ekarri. Irakurri eta gero mintzatuko gara.

 

Berzela du kristauaren gezurtatzen deitzea,
eta Elizari bere goratzen ohorea.
(...)
Hurren parteak bi gauza tik kondatzen,
bakhun eta orazione bikhunak irakasten.

 

Guk ez ditugu bertso lerro horiek, edo horiek bezalakoak, prozesatzeko gailurik biltegian gorderik. Memoria historio-poetikoa hondaturik bai. Honatx hauei buruz Altuna aitak zer dioen:

 

du...gezurtatzen: adizki konposatuaren eta izen sintagmaren lau hitzak elkarrekin nahasturik daude, gurutzaturik, elkar puskatzen dutelarik. Eta hori beharrezko ez zelarik, gainera, honela ere bertso zuzena ateratzen zitzaion: "Bercela du gueçurtatcen Christauaren deitcea". Zergatik? Maiz ezin asma daiteke; Etxeparerengan, ostera, horrelako fenomenoak gutxi izateaz gain, ia beti eman daiteke arrazoia.

 

bere... ohorea: izen sintagma hau zesurak erdibitzen duela dago, alde banatan hitz bakoitza, alegia, eta bien artean partizipioa sarturik. Etxeparerengan ez da erakusleekin inoiz horrelakorik gertatzen; ezta posesivoekin ere.

bakhun eta orazione bikhun: zaila da hemen ere, goragoko hartan bezalaxe, asmatzen zergatik ez duen bertso hori honela paratu "orazione bakhun eta bikhunak irakasten". Bertsoa ez zen galtzen aterako.

 

Bai, nik ere begiak igurtzi ditut, Altunaren hau irakurrita. Edo Altuna ergel nabarmen bat da (ez baitu sumatu ere egin Etxeberri Ziburukoa garaikidea izaten saiatzen ari zela, eta idazle barrokoari ez baitio baimenik ematen barroko idazteko) edo Altuna gaur egungo euskal irakurlearen isla da eta itsu zaizkio euskara literarioaren aurreko faseak. Beste literaturek subkontzientean dute bere historia: zabalean (kanpoari begira) eta sakonean (barnekoari begira) haz daitezke. Guk, txiro halakook, piszina olinpikorik gabe, txipli-txapla gabiltza, noiznahi jaioberri grazioso, ura belaunetaraino. Guk, txiro halakook, ez dugu Etxeberri ahaztu edo baztertu; larriagoa da: ez dugu Etxeberri eduki.

Haec dixi. Eta haek dixitzeko geratu naiz etxean?

etiketak: Testuak
markos zapiain
markos zapiain dio:
2006/12/06 21:57

Elkarrekin izan ginen Burlata ondoan

Artean ez zintudan ordea orain bezain ongi ezagutzen

Ez nintzaizun kasu bitxi bat aipatzera ausartu

Baina gaur goizean zure liburu biak berrirakurri ditut

Orobat artikuluak, Argiakoak eta hemengoak

Egiaztatu dut zabala dela zure umore tankera

Deliberatuko naiz beraz handia eta indartsua zaren arren

Baita biolentoa ere apika

Microsoft Word espainolez dut Euskaraz nahi nuke, baina ezin Kontua da Angel Erro idatzi eta Zuzendu egiten didala berak bakarrik:

Angel Error

Beat Sarasola
Beat Sarasola dio:
2006/11/11 01:39

Ikusten dut aipatzen duzun arazoa, baina ez dakit ba, zalantza batzuk ditut.

Batetik, ez dut uste dialogo literarioa literatura nazionalen barnean bakarrik ematen denik, ezta auzi linguistikoei dagokienez ere. Guk ez dugu Etxerri Ziburukoa prozesatzeko gailurik, baina bai, agian, Gongora prozesatzeko (areago ikusirik barrokoaren itzal luzea espainiar literaturan); eta horrekin uste dut moldatzen garela. Agian Leire Bilbaoren poemak gehiago dialogatzen du Gongorarekin Etxeberri Ziburukoarekin baino. Ez dut uste hizkuntza ezberdintasunak hainbeste determinatzen duenik.

Baina bestetik, literaturaren historian euskara ez-kolokialaren adibideak aurkitzeko gehiegi nekatu behar ez garelakoan nago. Hau da, seguru aski hiperbatoiaren erabilera euskaran ez dugu prozesatzen, baina bai ordea euskara ez-kolokiala egiteko beste zenbait baliabide. Eta honek erlazio zuzena du euskararen normalizazio ezarekin. Lizardi bat linguistikoki zaila egin daiteke, ez bereziki hiperbatoia erabiltzen duelako, garbizalea delako baizik, adibidez. Eta halako adibideak (eta garbizalekeriaz aparte, euskalkien arteko ezberdintasunak, erretorikarako joera, euskara "ona" idaztearen garranzia hitz aldrebesak aukeratuz etab.) nonahi aurki daitezkeela uste dut, baita gertuagoko idazleengan ere. Horregatik uste dut Leirek bai izan duela euskara kolokiala aukeratzerik, eta bere poemek Antoniorenak bezain ongi funtziona dezaketela alderdi honi dagokionean bederen.

Angel Erro
Angel Erro dio:
2006/11/25 23:55

Oro har, esan behar dut, Beñat Sarasolarekin bat nator, hizkuntzen arteko solasaldi transnazionalari dagokionez. Tradizio guztiak ditugu gureak. Pena bakarra da gure tradizioa ez gurea, ez beste inorena, ez izatea.

Eta, nire ustez, tradizio literario bat, hizkuntza poetiko baten eraketa eta garapena, aldaera dialektal batzuez edo garbizaleen lexikomaniaz baino harago doan zerbait da, edo izan beharko luke, edo hala izan zedin ahalegindu beharko genuke.

Ahalegindu, nola? Egia esanda ez dakit oso ongi nola. Artikuluaren traza apokaliptikoak ez dit konponbideetarako lekurik utzi. Gainera ez nago konbentziturik kontu honetan euskaldunek berek dutenik falta eta ez euskarak. Gaurko euskaldunek behintzat ez dute errurik gaurko euskarara ez bada iritsi euskaraz sortu zutenen aurkikuntzen berri.

Hala ere, gaurko euskalduna den Patxi Altunaren irakurketa barkaezina iruditzen zait niri, eta hori irakurri izanaren haserreak bulkatu ninduen hau idaztera.

Irudika dezagun, momentu batez, beste literatura bat: ingelesa (benetako izenaz, guk eskatu ez bezala , sinatu gabe zetorrelako argitaratzerik izan ez dugun erantzun batean eskatzen zuten hizkuntzaren adibideak paratzearren), euskararena bezalako egitura zurruna izan dezakeena sintaxi kontuetan.

Ez da gehiegi bilatu behar paratu nituen bezalako adibideak (hiperbatonenak) aurkitzeko ingelesez ere. Johnn Donneren Soneto eta kantuak-etako lehen poeman ondokoa irakur dezakegu:

And he, whose thou art then, being tired before,
Will, if thou stir, or pinch to wake him, think.

Garaiari zegokion gustura egindako bertsoak. Sternhold-ek eta Hopkins-ek ere salmoak ingelesez ematerakoan holako egiturak baliatu zituzten:

Yea, his is all the work, and all
that therein doth endure.

Urteak pasa eta egitura hau aurkitzen dugu Coleridge bezalako egile batengan, Marinel zaharraren baladan, asmoa duelarik bertsoei zahar kutsua ematea (baliabidearen nolabaiteko zaharberriketan):

He holds him with his skinny hand,
"There was a ship," quoth he.
"Hold off! unhand me, grey-beard loon!"
Eftsoons his hand dropt he.

(Galaxiatik irtenda, aurki dezakegu erabilera hauen guztien oihartzuna dakarren isla modernoagorik, Star Wars-eko Yodaren mintzoan, zera esaten duelarik: Size matters not! Judge me by my size, do you?)

Edonola ere, norbaitek irudika dezake T.S.Eliot bat (barka nazala P. Altunarekin erkatzeagatik), poeta metafisikoen azterketa egiten duelarik, esanez, Altunak Etxeberri Ziburukoaz esaten duen gisan, poetaren hitz gurutzaketa bat beharrezkoa ez zela? Guk T.S. Eliot irakurri dugu eta haren bitartez berak irakurritako guztia. Beharrik, zeharkako bideaz gure kulturaren garai baten berri izan ahal dugula.

Gaurko idazlea honetaz guztiaz kezkatu beharrean dago? Ez, bere ardura da daukan (edo iritsi zaion) materiala ahalik eta urrutienera eramanaraztea, bere adierazi beharrak adierazteko modua moldaraztea, mende hartzea, bortxatzea. Errelebua pasatzeko ordua iritsita, obrari eta hizkuntzari "garaia izendatzeko" gaitasuna eman izana, ondoko belaunaldiek hortik aurrerako lanari ekin diezaioten (eta itxaropena du ondoko belaunaldiek bera edukitzea erreferente, eta ez -bakarrik- haren garaikidea den X idazle atzerritarra).

Artikulu hau idatzi ondoren, konturatu naiz buruan zenbateraino dudan sartua euskarazko hizkuntza poetiko baten gabezia (hasi naiz ondorioztatzen gabezia nire baitan dagoela), orain arte balizko arazo hau zuzentze aldera proposatu baitut, besteak beste, apokrifografia eta poesia itzulpen konpultsioa . Denbora luzez egonen naiz (konpromisoa hartzen dut) honetaz ezer kalakatu gabe. Besarkada bat guztioi.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44