Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gay poesia: Cathal Ó Searcaigh

Gay poesia: Cathal Ó Searcaigh

Rikardo Arregi 2006/10/24 13:30

Cathal Ó Searcaigh Irlandako Errepublikako Donegal konterrian jaio zen 1956an eta bertan bizi da Mín A Leá deituriko lekuan. Izen hori askotan agertzen da haren poemetan; ohikoa da Irlandako poesian, baita Ingalaterrakoan ere, leku izenak agertzea, irakurleari izen hori entzutean berehala etortzen baitzaio gogora paisaia zehatz eta osoa. Cathal Ó Searcaighek irlanderaz edo gaelikoz idazten du, noski, eta hizkuntza horretan idazten duten poeta ezagunetarikoa da. Antzerki lanak ere idatzi ditu: Oíche Ghealaí (2001), Salomeren istorioa oinarri. Itzulpenak ere egin ditu Seamus Heaney poetarekin batera. Haren poema liburuak hainbat hizkuntzatan daude itzulita: ingelesa, alemaniera, errusiera eta italiera, besteak beste. Haren poema antologiak, Ag Tnúth leis an tSolas: 1975-2000, Irish Timesko literatura saria irabazi zuen 2001ean. Beste sari asko izan ditu Irlandan, tartean Seán Ó Riordan Poesia Saria 1994ean. Azken liburuak hauxek dira: Caiseal na gCorr: Poems and Photographs (2002) eta Seal in Neipeal (2003), Nepalen egindako bidaiei buruzkoa, berak aitortzen duenez Nepal bigarren aberria du.

POSTA TXARTELA YOSUF-I IRAKEN

Martxoko gau epel bat Manhattan-en
zutik nago etxe zahar baten atarian
han bizi zinen zu Bleeker Street-en
laurogeiko hamarkadan –amodio partekatua han.

Ate gogoangarri haren inguruan nabil
ilargiak argitzen zituen gau haiek biziberrituz;
zure aurpegia ikusten dut etxeaz mintzo zinen bitartean –
Najaf eta Hillah arteko ibar eguzkitsua.

Ez dakit non egongo zaren gau honetan
mundu honetako oinarriak dardara egitean Najafetik
Hillaheraino, zure herriak odolez izerditzean.
Gudaroste egokien ordez sosegua bidaltzea hobe.

Bonba izugarriak erortzen dira euria bezala,
zuen hiriak hondakin bihurtzen dira, zuen etxeak
harri meta, guztiak borrokatzen ari diren bitartean
Najaf eta Hillah artean; beldur naiz zugatik.

Denbora markatu nahi dut ate honetan, gogora ekarri
une bakoitza. Zure oroimenak esaten zidala:
"Poetaren jatorrizko aberria gorderik dago
jende zapalduaren bihotzetan."

Zer egin ahal dut, ene maitea, ez bada zuri esatea
oihu amaigabeen gainetik entzuten ez den
nire mintzaira gutxitu honetaz zurekin nagoela erabat,
bonbek ito dizkidate hitzak, misilek barregarri utzi nire poesia.

Yosuf, ene lagun irakiar maitea,
bihotza bere onetik aterata hor etsipenaren ahoan;
zure ausardia nire jatorrizko aberri bihurtu da,
zapalkuntzak nire gogoaren idazle bihurtu zaitu.

Zurekin nago orain nire buruaren koroatik
Najafen nire oin zoletaraino Hillahen.


                                                    MAITASUNA

                                                              1
                                                   Ihintza tanta txikiek
                                              irribarre distiratsu diraute
                                                 Mín A Leá-ko goizaren
                                                  lili beilegien gainean.

                                                  Gutxienez, maitea,
                                            zuk baino denbora gehiago
                                       irauten dute, desagertu baitzinen
                                                   hitz arrastorik gabe.

                                                              2
                                                 Gaur udaberri haize
                                               zorrotzak barreiatu ditu
                                                 gereziondo loreak
                                               hemen nire lorategian.

                                                       Zure ihesak
                                        ez zuen hainbeste tristezia sortu
                                           nola lore hauen barreiatzeak
                                               hemen nire lorategian.

                                                              3
                                                       Gau minean
                                                          tximistek
                                               etxe hau argitzen dute
                                          non bakartasunean bizi bainaiz.

                                                Nigana itzuliko bazina
                                                      zu, gaztaroaren
                                             indarrez beterik, itzuliko bazina
                                      gutxienez tximista dirdirak iraun bitartean.


HERIOTZA ETORRIKO BALITZ

Heriotza etorriko balitz, ez nuke unibertso honetako
ezeren falta sumatuko, zure laguntza izan ezik.
Ez nuke negar egingo mundu hau uzteagatik
baina zure gorputza galtzeak apurtuko lidake bihotza;
zure herri eskuzabala, zoriontasunaren aberria,
desira esnearen iturburua, ezti musuena.

Heriotza etorriko balitz, ospea ahantziko nuke,
nire ibilerak gidatzen zituen sugarraren erregaia.
Musen eskaintzei uko egingo nieke,
luxuaren opariei, nire poesiaren goraipamenei,
balaku hitz guztiei, txalo zaparrada guztiei.
Den-denari, zure irribarrearen ilbeteari izan ezik.

Heriotza etortzean borrokatuko dut, baina bakarrik
bihotzaren hilobian lurperatu zenidan maitasun eztia salbatzeko.


MUTIL ZURIAK

Gizon batekin maitemindurik egotea:
ez dut oraindik istorio horretarako hitzik,
kontatzeko, esateko
nire aurka itzul ez dadin.

Gustatuko litzaidake benetan
harritu eta
egunero itotzen nauen
isiltasun horretatik mingaina askatzea.

Batzutan hemen sukalde-atzean nagoenean
etxeko lanek haur bihurtu
eta haurren gauzak egiten dituzte "amatxo, amatxo..." oihukatuz.
Mahaiak goibel begiratzen nau,
haren aurpegi leuna, zikinkeriaz koipetsua.
Lapikoak eta zartaginak xuxurlatzen
hasten dira eta harraskan zipriztintzen.
Zoruak kaka ematen du...
Mahai zapia atzetik zintzilik
oldarrez lasterka bira egiten duen bitartean.
Eta teontziak, teontziak ez nau jadanik gortzen,
zuzen doa nire barruan zehar
hots egiten duenean ahots marrantatuaz
haren metal arineko musika
hotz eta tristea.

Gero, gauaren erdi-erdian,
haren amodioa ekartzen dit,
nire gaztaroaren plazerraz betetzen da egunsentira arte.
Nire bularrean biltzen da, estutu nire beroan,
nire azalak izerditzen duen
gizon-lasaibidea bilatzen du;
eta baretasun honetan
txikiago egiten da
atzitzen dudanean
ohearen eta eskuen kirolean;
mirariz zabaltzen naizenean
limurtze ozeano batean
itsasuntzi hau daramadala
itxaropenaz zamaturik
atseginezko portura.

Orain itsasertza naiz, portu segurua,
abaroa eta babesa ematen dituen
ainguraren euskarria –
ni neu ere amildegiaren sakonean
galtzen naizen portua,
eta ez dakit zergatik.


SERENATA

Gaur gauean zurekin nire ondoan etzanda,
ene mutil maitea, zure gorputz
sendo eta gihartsua, gaztetasunaz beterik,
        seguru naiz,
estuki bilduta zure bularraren itzalean,
zure beso altxatuek lantzak bailiran defendatzen naute
        ni inguratuz fermuki,
zu nire babesa zarelako, nire bizkartzain xarmangarria
ni eta gau bakartien izuaren artean paratuta.

Bai, zu zara nire heroia, nire dorre indartsua,
nire Ehiza Zakur Trebea, eta ezin dut esan
ausardia den distiratzen duena
        zure larruazalaren gainean
edo eguzkia berotzen. Berdin zait. Pozik nago
beroagatik, zure masailetako distira goriagatik,
        nire iluntasunaren argi,
pozik nago zure jokamoldeagatik bakartasuna urruntzean
amodioaren oldartze hutsaz.

Gaur gauean irabazteko gerrarik baldin badago,
ene maitea, izan dadila burko hauen artean.
Altxa ezazu ezkutua, jaurti lantza,
        gida ezazu ezpata
zehazki. Atera zure bularretik gerra oihu hori.
Han izango naiz ni, gertutik begiratuko dut
        gizontasuna,
zure barruan harroturik, ene maite gartsua, nigana
heldu arte izara eta burko hauetan barna.

Eta, bai, nire nahia da, gazte ausarta,
nire ohearen zelaian
egin ditzazula ahalegin guztiak
        zure gizon balentriak burutzeko,
hemen nire haragiaren mendi eta zuloetan
hazi zaitezela sendo eta indartsu
        dena ematen dudalako
dena zuganako amodio amaigabean
gau honen eternitatean.

Zeren, gaur gauean, borroka egin baitezake
munduak bizitza eta heriotzarekin.
Hemen, gure musuen santutegian seguru
        denborak ezin gaitu harrapatu.
Gaur gauean, zure besoetako indarrean
gu geu izan gaitezke. Mundu handi gaiztoa
        urrun dago.
Aberrietatik eta aluetatik libre gaude,
borrokan hasiko ziren horiek etxe huts batean.

Gaur gauean, ene gaztea, eternitate bihurtuko dugu
xuxurla, begirada edo ziri bakoitza.
Bihar ohikoak izango gara berriro ere
        patuaren gurpileko hortzak,
halabeharrarekin itxurak egiten eta azpijokoan.
Bihar ordainduko dugu haragi eta odol izateagatik;
        baina gaur gauean, ene printzea,
amodioaren zirkulu sorginduan gaude.
Ez loak ez kalteak garaitu ahal gaitu.


GAUA

Gela ez zen gauza handirik
Bed and Breakfast horietako bat Gardiner Street-en,
horma hezeak, izara horiak krakaz beterik,
ezer ez entzuteko ez bazen hiri mozkortuaren
intziri geldia eta katuen iskanbila
patioko zarametan zerbaiten bila, orduan zer?
ez al zeunden zu ohearen ertzean
etzanda biluzik erabat?

Eta besarkatu ninduzun estuki, zure barreak
gela zikina eta kanpoko gau iluna zorion
bihurtu zituen hor ohe deseginean zu
zure aintza betean, ene maitale isila
hor ohe gogorraren gainean, zauriturik
izara hezeari darion izerdi zaharminduarekin, zure ezpain
bero abegitsuek nire odol goriari musu eman zioten.

Gaur hartan edozer egin nezakeen zure gorputz
lirain eta leunarekin, zure sabel argia uhin apartsuaren antzera
eta azpian udazkeneko sagar metatuak baino
tentatzaileagoak nireak izan ziren zure masailen muinoak
leun nire esku azpian arinak zeta arinena bezalakoak
orain bakarrik ohe ez-hain-zorioneko batean oinazean
bozkarioan gogoan zaitut eder biluzik

nire gaua itxuraldatzen orain dela hemezortzi urte gaur gauean.


ZURE LOARI BEGIRA

Nire esku balego,
mutil alaia,
zure gorputzeko lau mugetan zehar
ibiliko nintzateke;
muga bero eta logaletsua
osatzen duzu hemen nirekin,
estuki uzkurturik ohe inperialean
zure erresuma sekretuan.

Zure oinaren itsasmuino sendoa
luzatzen da, ene maitea,
lurraren gainetik itsas paisaia osatzen: ni berotzen,
tentatzen, hiltzen.
Oi, dudan guztia emango nuke eta gehiago
izokina izateagatik, zure ahoaren errekan
igeri egin, mingaina atera
eta zure hortz sendoak miazkatu.

Nire aurrean luzaturik, ene maitea,
lur arraro eta debekatu baten antzera.
Zure gainean ibili nahi dut begien aintzira zabaletatik
masailen aldapa eguzkitsuetaraino,
zure bularraren ordoki aberatsetatik,
galsoroetako anbar horia,
bide estu sekretuetan zehar jaitsi bukaeraraino.
Hor, naturaren erremedioa; hor nire salbamena.

Oi, bizitza zu esploratzen bizitzea
gustatuko litzaidake, ene maitea,
burutik zure behatzen uharte
biluzi eta bereizietaraino.
Txikia bazara ere, laztana,
munduaren zati bat baino ez,
gaur gauean zabaldurik zaude bizkar aldapatsuaren gainean.

Badakit zure mundua zabala dela.
Ez al zen nahikorik izango erdia zu ezagutzeko,
egoki, zure natura eta zure ahalmena?
Txikia bazara ere, laztana,
ez duzu mugarik.
Zure lurrinak, zoratzen nauenak, oroitzapenean
iraungo dit; eta zure izenak, mutil alaia,
zentzumenak mugituko dizkit ibaiaren antzera,
haien gainean hantuko mendiaren antzera.

etiketak: Testuak
Pruden Gartzia
Pruden Gartzia dio:
2006/10/25 13:25

Eskerrik asko, Rikardo.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44