Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Naturaren kontra

Naturaren kontra

Iban Zaldua 2006/10/10 10:15
Iritsi da udazkena, zorionez, eta euria eta freskoa aitzakia ezin hobeak dira ni bezalako gurasoentzat gehiagotan ez joateko Naturaren altzora, datorren udaberrira edo udara arte behintzat –umeekin, badakizue, noizean behin egiteko obligazioa dagoen zerbait, eguraldia oztopo ez bada behintzat–. Ba, aleluia, oztopo izaten hasi da jada, eta nire poza zuekin konpartitu nahiko nuke Oscar Wilderen pasarte baten itzulpenaren bitartez. Horrek ez du esan nahi, deigarritasun arrazoiengatik egokia iruditu zaidan izenburua gora-behera, Naturaren aurka nagoenik guztiz: Natura dagoen lekuan eta ahalik eta osoen kontserbatzearen alde nago, eta zinez deitoratzen ditut gure bizimodu turbokapitalistak Naturari egin (eta egingo) dizkion kalteak; ez nago horren ados, ordea, Naturarengana joateko daukagun nolabaiteko betebeharrarekin, oso nabarmena mendigoizale bulartsuz beteriko gure herri, nazio, leku edo dena delako honetan.

 

Duela gutxi irakurtzen nion Jorge Riechmann poeta eta ekologista ezagunari kexa bat artifizialtasuna eta mundu birtuala maiteagoak dituzten pertsonen kontura, hots, mendira paseo bat ematera ere joaten ez direnen kontura. Hala dio, adibidez, Resistencia de materiales bere liburuko "Moral y experiencia" saiakera laburrean (Montesinos, 2006):

 

En esta sociedad autotitulada "de la información", la gente parece dejar de necesitar ir al monte: acuden, por ejemplo, al espacio natural protegido, pero se encierran en el "centro de interpretación" correspondiente a ver las maquetas y los montajes audiovisuales, y sólo al final, si acaso, se darán un breve paseo de diez minutos por los aledaños del edificio. Las imágenes y los sonidos "bajados" de internet reemplazan la experiencia directa de la naturaleza, y la gente se imagina que con ello aumenta su "calidad de vida"... (Qué expresión más antipática, ésta de "calidad de vida", o la de "estilos de vida".)

 

Gauza askotan Riechmannekin ados nagoen arren, benetan ez dut ulertzen mendiaren edo Naturaren esperientzia birtuala arbuiatzearekin daukan tema: azken batean, zenbat eta jende gutxiago joan mendira, orduan eta hobeto kontserbatuko da; arazoa zeharo larrituko litzateke, ziurrenik, kristo guztia "naturaren esperientzia zuzenaz" gozatzeko bere eskubideaz baliatuko balitz (gertatzen ari den bezala, tamalez: ez dut uste mendira joateko beharra alde batera uzten ari denik jendea; ez dut halakorik sumatzen inguruan behintzat).

Eta gogoratu naiz, nola ez, Oscar Wilderen (1854-1900) Gezurraren gainbehera saiakera dialogatuaren atariarekin, oso zeharka duena zer ikusia obraren mamiarekin (zer edo zer esan dugu jada ezinbesteko liburuxka honetaz blog honen orrialde elektronikoetan). Poeta eta narratzaile bezala gutxietsi nahi ez badut ere, arlo biotan liburu gogoangarriak utzi baitzizkigun, geroz maiteago dut antzezlanen autore bezala (Fidel izan beharraz maisulana, adibidez) eta, batik bat, saiogile moduan: genero horretan zuen gaitasunaren adibide dira, besteak beste, aipatu Gezurraren gainbehera (1889), Gizakiaren arima sozialismopean (1891), Kritikoa artista gisa (1891, bi partetan banatua: "Deus ez egitearen inguruko ohar batzuekin batera" eta "Orotaz eztabaidatzearen garrantziaren inguruko ohar batzuekin batera"), Luma, arkatza eta pozoia (1891), eta De profundis (bere heriotzaren ostean argitara emana, eta, ezaguna den bezala, ez dena zehazki saiakera bat, Bosie bere amoranteari kartzelatik bidalitako karta-aitorpen luzea baizik... nahiz eta, azkenean, ez dago saiakeratzat hartzea baino erremedio hoberik). Nire ustez, eta De profundis alde batera utzita noski, ironiaren erabilera intentsiboaz gauza benetan zentzudunak idatz daitezkeela frogatzen dute Wilderen saiakerek.

(Excursus bat: uda honetan Truman Capote irakurtzen eta berrirakurtzen aritu naiz –ze ona den–, eta, une batez, Oscar Wilderekin zituen antzekotasun batzuez ohartu nintzen: biak ziren homosexualak; biak ziren –esaten dutenez– zorrotzak, ironikoak eta kontalari apartak, edozein bilera eta elkarrizketaren erdiguneak; biak ziren snob samarrak eta maite zuten gizarte klase altuarekiko tratua –eta klase horren kronikalariak bihurtu ziren, hein batean, bakoitza bere garaian: Wilderen antzezlanak eta Capoteren Aintzat hartutako otoitzak eleberri amaitu gabea dira horren lekuko nagusiak–; biak baztertu zituen, azkenean, horrenbeste maitatu zuten eta horrenbeste kritikatu zuten gizarte klase horrek berak –Wilde, Queensberry eskandalu zorigaiztokoagatik; Capote, Esquire aldizkarian argitara emandako bere nobelaren atal batzuetan kontatu zituen txutxumutxuengatik–. Baina badauzkate desberdintasunak ere: irudipena daukat Capoteren jarrera, hein batean behintzat, lausengariagoa izan zela goi-mailako jendearekiko, Wilderena baino; garaiko aurreiritziekin eta moral victoriar fariseuarekin aurrez-aurre talka egin zuenean etorri zen Wilderen gainbehera –kartzela-zigorrarekin batera, ez dezagun ahaztu–, Capoteren gizarte-ostrazismoa bere adiskideen konfiantzari traizio egitearen ondorio izan zen bitartean. Eta, bestalde, Capoteren jarrera eta adierazpen publiko asko argiki eskuindarrak ziren, Wilderenak ez bezala: Capotek ez zukeen inoiz idatziko Gizakiaren arima sozialismopean bezalako lan bat, zeina, dudarik gabe, ez baita oso testu ortodoxoa marxismoaren ikuspuntu hertsitik –adibidez–, baina, daukan gatza eta piperra alde batera utzita, ezbairik gabeko jarrera aurrerakoi baten testigantza baitugu –heterodoxia horri dagokionean aipatu, esaterako, Gizakiaren arima sozialismopeanek egotismoa eta berekoikeria defendatzen dituela sozialismoaren ardatz gisa; XX. mendean zehar Progresoan, Guztion Anaitasunean eta Proletargoaren Diktaduran oinarritutako saiakera guztien edo gehienen emaitza ikusita, agian hobe litzaiguke Wilderena bezalako testuak berrirakurriko bagenitu... ea inor animatzen den euskaratzera, inoiz–. Beste era batean esanda, Wilde sinpatikoagoa egiten zaidala, hein batean, Capote baino –hala ere, garrantzia al du horrek, literaturaz ari garelarik? Ez. Eta bai. Baina, tira, beste baterako utziko dut kontua, nahikoa luzatu dut eta excursusa–).

Horrenbeste, ezen ia ahaztu dut nire helburua Naturari buruzko –Naturaren aurkako– Oscar Wilderen pasarte bat itzultzea eta argitara ematea zela. Esan bezala, 1889an kaleratutako Gezurraren gainbehera saiakeraren hasieran dago, eta guztiz ados nago Vivianek bertan esaten duenarekin. Saioa Cyril eta Vivian-en arteko elkarrizketa moduan garatuta dago, nahiz eta giderrak eskuan dauzkana Vivian izan, hots, egilearen nolabaiteko alter egoa. Wilderen eredua, zalantzarik gabe, elkarrizketa klasikoa da, platondarra eta abar, harritzekoa ez dena antzinako Greziako kulturari irlandarrak zioen miresmena kontuan hartuta; elkarrizketa mota horrek, edonola ere, ez du helburu gisa ideia ezberdinak eta kontrajarriak erkatzea, irakurleak erabaki dezan, baizik eta ideia jakin batzuk –parte hartzaileetako batenak– defendatzea eta inposatzea; gure blogean noizean behin zintzilikatu ditugun Luzioren elkarrizketak irakurri dituen inork baiezta dezakeen bezala, eta Slavoj Zizek filosofoak esan zuen bezala, "Ezagutzen al duzu funtzionatu duen elkarrizketa filosofikorik? Platonenak? Ezta pentsatu ere, hor, azken aldiko elkarrizketa sofistetan batik bat, badago morroi bat denbora guztian hitz egiten ari dena, solaskidea "oi, egia da, Zeusengatik, guztiz zuzen zaude" esatera mugatzen den bitartean".

Tira, hemen duzue (azkenik) iragarritako pasartea:

 

Cyril (terrazara ematen duen kristalezko atetik sartuz).- Vivian maitea, ez ezazu pasatu eguna bibliotekan sartuta. Arratsalde ederra dugu. Airea gutizia da. Lainotxoak basoa inguratzen du okaranaren purpura leunaren gisa. Goazen belarretan etzatera, erretzera eta Naturaz gozatzera.

Vivian.- Naturaz gozatzea! Pozik esan dezaket guztiz galduta daukadala gaitasun hori. Esaten digute Arteak Natura maitarazten digula lehen maite genuena baino gehiago; haren sekretuak agerian jartzen dizkigula, eta Corot eta Constable adi aztertu ondoren harengan ikusten ditugula aurretik ihes egin ziguten gauzak. Nire esperientzia pertsonalaren arabera, ordea, zenbat eta gehiago aztertu Artea, orduan eta gutxiago interesatzen zaigu Natura. Arteak benetan jakinarazten diguna Naturaren plan falta da, haren trauskilkeria bitxiak, haren monotonia izugarria, haren izaera guztiz burutugabea. Naturak asmo onak ditu, jakina; baina, Aristotelek esan bezala, ez dakizki gauzatzen. Nik paisaia bat begiratzen dudanean bere akats guztiak ikusten ditut halabeharrez. Dena dela, Natura horren inperfektua izatea zortea da guretzat, horrela ez balitz ez genuke-eta arterik izango. Artea gure protesta ozena da, Naturari bere lekua zein den erakusteko gure ahalegin ausarta. Haren aniztasun infinituaren kontuari dagokionean, berriz, mitoa besterik ez da. Ez datza Naturan beran. Irudimenean datza, edo fantasian, edo begiratzen duenaren itsutasun landuan.

Cyril.- Tira, ba ez begiratu paisaia nahi ez baduzu. Belar gainean etzan zaitezke erretzera eta solastera.

Vivian.- Natura hain da deserosoa! Belarra gogorra eta hezea dago, koskorrez eta zomorro beltz nazkagarriez beteta. Morrisen langilerik miserableenak ere egin ahal izango lizuke Natura osoak gauza dezakeena baino eserleku erosoagoa. Natura zurbiltzen da "Oxfordetik izena hartu zuen kaleko" altzari-eskaintzaren aurrean, horrenbeste atsegin duzun poeta horrek zabarki adierazi zuen bezala. Ez naiz kexu. Natura erosoa izan balitz, gizateriak ez zukeen arkitektura asmatuko, eta nik etxeak ditut maiteago egurats gorria baino. Etxeetan proportzionatuak sentitzen gara. Guztia dago gure mende, guztia dago eginda gure erabilerarako eta gure atseginerako. Are egotismoa ere, giza duintasunaren ideia zuzen baterako horren beharrezkoa dena, teilapean bizitzearen ondorioa da guztiz. Kanpoaldean abstraktuak eta inpertsonalak bihurtzen gara. Indibidualtasunak abandonatzen gaitu. Gainera, Natura hain da indiferentea, isekaria! Nik, parke horretan zehar paseo bat ematen dudan bakoitzean, sentitzen dut ez diodala gehiago axola hegian bazkatzen duen aberea edo bidertzean lilitzen den lapa-lorea baino. Ezer ez argiago Naturak Adimenari dion gorrotoa baino. Pentsatzea munduko gauzarik osasungaitzena da, eta badago jendea horretaz hiltzen dena beste edozein gaixotasunetaz bezala. Zorionez, Ingalaterran behintzat pentsamendua ez da kutsakorra. Herri honen konstituzio bikaina bere ergelkeria nazionalaren ondorio da guztiz. Nik espero dut urte luzeetan zehar gordeko dugula gure zoriontasunaren gotorleku historiko handi hori, baina irudipena daukat gehiegi hezten ari garela; ikasteko gai ez diren guztiak irakasten hasi dira behintzat, eta horretan datza benetan gure hezkuntza-kartsutasun guztia. Baina itzul zaitez zu orain zure Natura gatzgabe eta deseroso horretara, eta utz iezadazu inprenta-froga hauek zuzentzen.

Oscar Wilde, Gezurraren gainbehera, 1889.

 

Ziur nago gaur egun bizi izan balitz Vivianek, Wildek bezala, pozarren hartuko zituzkeela iraultza elektronikoak Naturaren gatzgabetasun eta deserosotasunetatik ihes egiteko eskainiko zizkiokeen aukerak: argi dago Orirako igoera birtual bat atsedentsuagoa litzatekeela benetakoa baino –mendiaren gailur errealera helduta ezin duzu zure burua gin-tonic izoztu batez saritu: etxean egonda, ordea, bai–, eta, Photoshoparen edo haren ondorengoen bitartez, askoz ere interesgarriagoa bihur daitekeela bide hori, animalia exotikoekin edo, nik zer dakit, gustu historizistagoak izan ezkero, patruila karlistekin hornituz –eta gogoan hartu iraultza horren hasieran baino ez gaudela–. Eta irudipena daukat Wilde ados egongo litzatekeela nirekin –nik baino askoz ere hobeto adieraziko lukeen arren, noski–, eta birtualitatea Naturaren salbaziorako tresnatzat defendatuko lukeela, Riechmannen ustearen kontra. Baina susmatzen dut horrek ez lukeela, gure herri mendigoizale honetan, Wilderenganako sinpatia areagotuko, eta idazle sinpatikoa izatea, gaur egun, oso inportantea da, euskal literaturaren arloan behintzat (baina, lehen esan dudan bezala, beste baterako utziko dut gai hau, nahiz eta, zenbat eta gehiago pentsatu horretan, orduan eta inportanteagoa iruditzen zaidan).

Nire ameskeria pseudoliterarioetatik atera nau, bat-batean, emazteak, asteburu honetarako planarekin: egiten duen eguraldia egiten duela, Urbasara joango gara alabekin, perretxikoak biltzera eta udazkenaren koloreez gozatzera. "Oso edukatiboa izango da haurrentzat", gehitu du, "Naturarekiko lotura sentitu behar dute, noizean behin; ez duzu uste? ".

Ez dakit zergatik, ez naiz ausartu proposatzera txangoa Google Maps, Tagzania, parquenaturalurbasa.com eta micologia.net web-orrietan zehar egin genezakeela. Eta, gauza hauek denboraz prestatu behar direnez gero, etxeko sarrerako armairura joan naiz nire gore-texeko botak garbi dauden ikustera, eta udan irabazi ditudan kiloek nire Ternua praka gris-laranjetan sartzea eragozten didaten egiaztatzera.

etiketak: Testuak
Juan Luis Azkarate
Juan Luis Azkarate dio:
2006/10/11 18:28

Naturaren kontrako apologista ospetsuen zerrenda honetan Woody Allen handiak ere egon beharko luke, zalantzarik gabe. Hainbat filmetako pasartetan erakutsi du, ohiko umorearekin, naturaz gozatzera joateko daukan fobia. Ezaguna da (bai fikzioan bai errealitatean) ez zaiola ezer gustatzen NYCtik ateratzea; nahiz eta azken bolada honetan gero eta gehiago etorri Oviedora eta, klarinetea jotzera, etabar. Urbanitaren paradigma dugu Woody Allen.

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2006/10/10 12:20

Artikulua amaituta neukala, Rikardo Arregi adiskideak komentatu dit gaiaren inguruko Julio Cortázar idazlearen testu batez gogoratzen zela, eta nik ere irakurria nuenaren inpresioa izan dut. Etxera joan naiz eta, efektibamente, Un tal Lucas ipuin liburuan topatu dut (1979). Arrapaladan itzuli dut eta, Gerardo Markuletaren edo Jon Alonsoren itzulpenen maisutasunera helduko ez naizela jakinda ere, hemen duzue emaitza. Pozgarria da jakitea, alor honetan ere, gutarra zela Julio Cortázar.

Lucas, bere hausnarketa ekologikoak

Naturarako itzulera lotsagabe eta turistikoko garai honetan, zeinetan hiritarrek landako bizitzari begiratzen baitiote Rousseauk salbaia onari begiratzen zion bezala, gero eta gehiago egiten dut bat: a) Max Jacobekin, zeinak, landan asteburu bat pasatzeko gonbidapenari erantzunez, esan baitzuen, harriduraren eta izuaren artean: "Landa, oilaskoak gordinik paseatzen diren leku hori?"; b) Johnson doktorearekin, Greenwicheko parkerako txango baten erdian Fleet Street gogokoago zuela erakutsi zuena, indartsuki; c) Baudelairerekin, artifizialarekiko maitasuna paradisuaren beraren noziora igoarazi zuena.

Paisaia batek, basoan zeharreko paseo batek, murgilaldi batek ur-jauzi batean, harkaitzen arteko bidexka batek estetikoki asebete gaitzakete soilik baldin eta ziurtatuta badaukagu etxerako edo hotelerako itzulera, dutxa distiragarria, afaria eta ardoa, afalondoko berriketaldia, liburua edo paperak, oro laburbiltzen eta berrasten duen erotismoa. Ez dut uste onik naturaren miresle horiez, aldiro autotik jaisten direnak panorama osatzera eta haitzen artean bospasei jauzitxo egitera; besteei dagokienez, motxilatzarren eta bizar izugarrien pean alderrai ibili ohi diren bizi bitarteko boy-scout horiez, haien erreakzioak monosilabikoak edo harridurazkoak dira batik bat; badirudi guztia dela ergelen moduan geratzea behin eta berriro muino baten edo eguzki sarrera baten aurrean, imajina daitezkeen gauzarik errepikakorrenak direnak.

Zibilizatuek gezurra diote eldarnio bukolikoan erortzen direnean; arratsaldeko zazpi eta erdietako scotch on the rocks-ak huts egin ezkero madarikatuko dute ezparak, intsolazioak eta arantzak jasatera joateko beren etxea utzi zuten minutua; naturatik hurbilen daudenei dagokienean, hura bezain ergelak dira. Liburu batek, komedia batek, sonata batek ez dute itzuleraren edo dutxaren premiarik; hantxe atzematen dugu handizki geure burua, hantxe gara izan gaitezkeen gehiena. Lasaitasuna, letxua freskoa eta aire oxigenatua da landan babesten den intelektualak edo artistak bilatzen duena; naturak alde guztietatik inguratzen duelarik, hark irakurri edo pintatu edo idazten du egoki kokatutako gela bateko argi perfektuan murgilduta; paseo bat ematera irteten bada edo animaliei eta hodeiei kuku bat egiten badie, bere lanarekin edo bere aisiarekin nekatu delako izaten da. Ez fidatu, lagun, tuliparen kontenplazio txundituaz, kontenplatzailea intelektual bat denean. Hor dagoena izan ohi da tulipa + josteta, edo tulipa + meditazioa (ia inoiz ez tuliparen inguruan). Ez duzu sekula topatuko kontenplazio egoskor bati bost minutuz baino luzaroago aurre egingo dion eszenatoki naturalik, eta, aldiz, denbora abolitzen dela sentituko duzu Teokrito edo Keats irakurtzean, batez ere eszenatoki naturalak ageri diren pasarteetan. Bai, Max Jacobek arrazoia zeukan: oilaskoak, hobe egosita.

Julio Cortázar, Un tal Lucas, 1979.

Juan Luis Azkarate
Juan Luis Azkarate dio:
2006/10/11 19:00

Ez da Wilde edo Cortazarren bezain ederra; baina tira, Woody Allen-en zita bat, berarentzat natura zer den azaltzen:

“Zer den natura niretzat; ba, ez dakit armiarmak eta zomorroak eta arrain txikia jaten duen arrain handia eta landareak eta animaliak elikatzen... Jatetxe handi bat bezalakoa. Horrela ikusten dut nik natura”. (Boris Grushenkoren azken gaua, 1975 )

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44