Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Jose Ramon Goikoetxea “Ardotxi”: "Mentxakaren aitorpena".

Jose Ramon Goikoetxea “Ardotxi”: "Mentxakaren aitorpena".

Pruden Gartzia 2006/10/03 11:50



Liburu hau argitaratu aurretik egilearen alargunak eskuizkribua igorri zidan, aspaldiko lagunak garenez gero nire iritzia jakin nahian. Bidali zidan bertsioak ez zuen hitzaurrerik nahiz eta, gerora jakin nuenez, ordurako idatzita eta prest zegoen. Ondoko lerroetan duzue eskuizkribuaren irakurketak eragin zizkidan hausnarketak, gutun baten moduan nire lagunari (egilearen alargunari) igorriak. Zenbaitetan oso kutsu pertsonala izan dezaketen arren, bere horretan uztea erabaki dut, hala eta guztiz ere baliagarriak direlakoan. Izan ere, hau ez da erreseina arrunt bat, baina ez gaude liburu arrunt baten aurrean: hau ez da ez nobela, ez autobiografia, ez Historiako liburu, hiruetatik zerbait duen arren. Niri zirrara handia eragin zidan liburua da, zuei bezala, apika.

Jose Ramon Goikoetxea “Ardotxi”: Mentxakaren aitorpena, Elkar, 2006.

Agurtzane:

Niretzat ez da erraza liburu horretaz hitz egitea, hain zuzen ere zuri hitz egin behar dizudalako, eta ez Mentxaka bera ezagutu ez zuen norbaiti.

Eta nire aitorpen inozo eta naif honetatik abiatuz berehala ateratzen da nire hausnarketaren muina, hau da: liburuaren edozein irakurketa posible galdera honen gainean egongo da eraikia: baina egia da hor kontatzen dena? Guztia? Zati bat? Zein zati? Zer da egia eta zer asmatua?

Beste modu batean egingo dizut galdera: zergatik Mentxakaren aitorpena eta ez Mentxakaren oroitzapenak? Nobela baten aurrean gaude, ala militante ohi baten memorien aurrean? Fabulazioa ala historia?

Uste dut galdera hori inplizitua edo explizitua izango dela liburua kaleratu bezain laster, eta prest egon behar duzula erantzun zehatz bat emateko. Areago, neuk uste dut erantzun hori liburuan bertan eman behar dela, horretarako espresuki idatzi beharko zenukeen hitzaurretxo (hots, laburki eta zehazki) batean (ez da aski azken orrietako bi paragrafoetako azalpena).

Eta laburtasunarena esaten dut kontu horrek ez duelako luzamendutarako paradarik ematen, eta zehaztasunarena liburua zehaztasunez josita dagoelako. Benetako gertakariak, benetako datak, benetako izen propioak… Jende hori guztia bizi da, eta liburua irakurriko du. Bere izena ikusiko du. Argibideak eskatuko ditu. Ditzake.

Eta bestela ere bai. Hau ez da Chicagon gertatzen den kontu bat, Al Caponeren eta Lucky Lucianoren artean. Gure Historia da (edo gure historia, minuskulaz, berdin dio). Oraindik bizirik den historia.

Ikuspuntu horretatik, hots, Historiako liburu bat bada, bikaina da. Oso konplexuak diren kontuak (borroka politiko-sozialak) oso modu argigarrian kontatzen dira. Jakina, nobelaren teknikak erabiltzea, eta hain ondo erabiltzea, azertu handia da. Zeren lituratura hutsa balitz ere (adibidez, Dashiell Hammett-en nobela bat) oso edarra litzateke nire gusturako (tira, ez Dashiell Hammett-enak bezain ona, baina ona hala ere): egia da momenturen batzuetan azalpen politikoak apur bat astunak gerta daitezkeela preparazio berezia ez duen irakurlearentzat; egia da ere atestatu polizialak, perspektiba literario hutsean, ez duela lekurik (perspektiba historikoan bai); baina tentsioa ez da liburu osoan jeisten, ez dago aspertzeko astirik; ez dago alperrikakoa den ia ezer; istorioaren mataza poliki poliki askatzen da, etengabe, xuabe, naturalki, eta lehenengo momentutik harrapatzen du irakurlea, kateatzen du eta bere gogotik tira egiten du, etengabe, xuabe, naturalki, istorioa burutu arte. Hiru kontakizun nagusiak eta flash back-ak arazorik gabe estekatzen dira.

Beraz, literaturari dagokionez Gizona bere bakardadean-ekin Atxagak inauguratutako sail batean kokatzen da, euskal borrokaren gaineko liburuak. Nik uste dut konparazioa pertinentea dela, azken hamar urteotan euskal borrokaz euskaraz idatzi diren nobela guztiak edo gehienak hortik elikatzen direlako. Baina honek berezitasun bat izango du: ez da benetako gertakari batzuen gainean eraikitako fabulazio literario hutsa, ez, HISTORIA da, zentzu estriktoan. Berriz ere lehengora gatoz: benetakoa da, ezta?

Inebitablea da, baita ere, beste liburu sail handi-handi batekin erkatzea, hots, literatura antiterrorista. Alegia, azken hogei urteotan mundu mailan, eta baita gure mundutxoan ere, sortu eta bultzatu den literatura mota. Jon Juaristiren liburuez ari naiz, edo Nacimiento y origen de la violencia etarra, edo Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista, eta antzeko perlak. Alegia, hasi ikerketa historiko-sozial-antropologiko burutsu eta hiperrakademikoetatik, eta nobela (eta pelikula) antiterrorista mota guztietara, guzti-guztiak terrorismoaren BIKTIMEN (maiuskulaz) omenez idatziak, aldez edo moldez terroristen gaiztakeria salatzeko eginak. Zeren terroristak oso gaiztoak baitira, pizti gaiztoak, ia-ia ez dira humanoak ere, literatura akademiko eta ezakademiko honetan ad nauseam frogatzen zaigun bezala. Joseba Zulaikak aspaldi informatu zigun USAn urtero milaka titulu produzitzen zirela unibertsitateetako fakultate, mintegi, ikertalde eta enparauetan (pentsatzen dut azken urteotan fenomenoa biderkatu egingo zela); zer esanik ez, terroristak protagonistatzat duten nobela eta pelikulak. Rambo. La jungla de cristal. Eta abar. Bai, Agurtzane, izango da Mentxakaren aitorpenak ere jende burutsu eta baketsu horren irizpide akademiko (jakina, oso serioak eta akademiakoak izan ohi dira) horretan kokatu nahiko duena: terrorismoaren apologiaren adibide bat, terrorista ohi batek idatzia. Izango da salatuko duena terrorismoaren biktimekiko arreta falta.

Izango den bezala, tamalez, ETAri dagokionez apologiaz haraindi ezer jakin nahi ez duten abertzale burubero eta baldarrak. Eta horiena, agian, mingarriagoa suerta daiteke zuretzat.

Eta panorma hori bada, zergatik diot nik hunkitu nauela liburu hori irakurtzeak? Bi arrazoi daude: bata, gaia oso minbera delako euskaldun ororentzat, gure historia pertsonala ere badagoelako liburu horretan ere, edozein euskaldunen kasuan; eta bigarrena, ez delako panfleto politiko bat, gure historiaren azalpen bat baizik, teknika historiko eta literarioen gurutzaketa pizkor baten bidez lortua.

Ez legoke gaineratu beharrik hori besterik ez dela, azalpen BAT, beste askoren artean. Eta garbi dago liburuak berak ez duela beste pretentsiorik, ez duela Historiaren klabeA aurkitu nahi, historiaren perspektiba BAT baizik. Baina bai esan daiteke, agian, istorioa komisaldegi batean kokatzean euskal gizartearen perspektiba osoa guztiz desorekatzen duela alde batera: frankismoa erregimen poliziakoa zen adierarik estriktoenean, polizia politiko armatuen bidezko diktadura. Beharrezkoa zen hori gogoratzea, baina argi dago ez dugula pentsatu behar urte horietako dinamika osoa horretara murrizten zenik. Garbi dagoen bezala egia hori ahazten duena tonto hutsa dela, edo kanalla bat (biotatik erruz dago gaur egun Espainian eta Euskal Herrian).

Azken oharrean sakonduko dut. Euskal borrokaren interpretazio historikoari dagokionez, Mentxaka lerro atxagianoan kokatzen da bete-betean: frankismoaren aparatu polizialaren errepresio latza izan zen gatazkaren gasolina neurri handi batean. Bi ohar behar dira, hala ere: aparatu horren krudeltasuna ez da arrunki gaur egun kontatzen, ez baita politikoki korrektoa Espainia hiperdemokratiko honetan […]; eta bigarrena, 60-70etako borrokaren bihotzean, abertzaletasunaren ondoan iraultzaren aldeko borroka soziala zegoen, sozialismoaren ildotik (kontzeptu horren adiera zabalean), eta osagai hori sistematikoki ahaztua eta baztertua da gaur egungo azalpen gehienetan: badirudi etakoak nazionalista hutsak zirela. Mentxakaren meritua da dimentsio iraultzaile hori argi eta garbi azpimarratzea.

Eta ez daukat askoz ere gauza gehiago esateko. Ikusten duzun bezala, bihozkada sorta bat da eskaini dizudana. Pentsatzen dut Ardotxik erronka latza bota ziola bere buruari liburu hau idazteari ekin zionean: nola esplikatu gure historia, astuna eta aspergarria izan gabe. Uste dut helburua erdietsi zuela. Zorionak.

Ondo esanak hartu, gaizki esanak barkatu.

Muxu bat,

Pruden.

etiketak: Testuak
Agurtzane Juanena
Agurtzane Juanena dio:
2006/10/07 10:41

Halako batean konturatu naiz nire erantzunaren zain egon litekeela norbait. Eta, “reality show” zalea ez ba naiz ere, pentsatu dut erantzunik egokiena Prudeni berari igorri niona izango dela. Hementxe daukazue, beraz, zuzenketa txiki batzuk eginda.

(Bihotzez jardun genuen Prudenek eta biok elkarri idazten, eta bihotzez doakizue hau zuei ere.)

Agurtzane

----- Original Message ----- From: Agurtzane Juanena To: Pruden Sent: Sunday, May 28, 2006 11:53 PM Subject: Re: MENTXAKAREN AITORPENA

Gabon, Pruden:

Oso sorpresa atsegina hartu dut igande gau honetan posta elektronikoa ireki eta berehala. Zure erantzuna espero nuen, bai, baina hurrengo egunetan; mezu interesgarririk bai (zugandik etorrita), baina ez bi orri luze, komentario mamitsuz beteak. Eskerrik asko, adiskidea!

Zure idatziari dagokionez, hona hemen erantzun dezaizukedana:

Historia benetakoa da, bai. Zure hitzak erabiliz, militante ohi baten memoriak. Kontua da oroitzapen horiek komisaldegiko galdeketaren harian agertzen direla, aitorpena dela oroimenaren makulua. Jakina, liburuko pertsonaia batzuk bizirik daude, izen-abizenak dituzte eta irakurri egingo dute liburua. Hurbilenekin jarri gara harremanetan, euren deiturak agertuko zirela-eta baimena eskatzeko:

• Andoaingo koadrila: deiturarik ez emateko eskatu didate bi lagunek, hirugarrena hilik dago (haren alargunaren baimena daukat izen osoa agertzeko)

• Berarekin eroritakoak Bilbon: goitizenez agertuko dira, baina ETAren kronologian arakatzen duenak aurki ditzake guztien izen-abizenak

• Sestaoko etxean gorde zuten ama-alabak bizirik daude, eta ez didate eragozpenik jarri euren izenak emateko

• Sarako etxean hartzen zuen familia, gauez atea zabalik uzten zion etxekoandrea eta haren alaba ere bai, benetako izenarekin agertuko dira horiek ere

Aurrekoan ez nizun pasa, zure iritzia ez baldintzatzeko, baina honekin batera doakizu liburuan agertuko den hitzaurrea, Petxo Idoyagak egina (ezagutuko duzu seguruenik). Berak honela dio:

"Oso kontakizun sendoa da, bai forma, bai egitura, bai erritmoaren aldetik. Ez da, ordea, nobela. Ezta ere “benetako gertaera batean oinarritutako fikzioa”, antzeko zenbait kasutan esan ohi izan den bezala.

Liburu hau benetakoa da goitik behera. Joxe Ramon Goikoetxea “Mentxakak” komisarian eman zituen hamabost egunean oinazea menderatzeko egin behar izan zuen saio itzelaren historia. Baina, era berean, burua argi gordetzeko eta polizia engainatzeko jukutriak eta aztarna faltsuak sortzeko ahalegin ikaragarriaren historia ere bada. Gauza asko zeuden, izan ere, jokoan: alde batetik, bere kondena, eta, bestetik, ingurukoen segurtasuna."

Jakina, zuk ere entzungo zenuen hainbat literatur kritikoren komentarioa memoria liburuen “benetakotasunaz” ari direlarik: erabateko fideltasuna ez dela posible, oroimenak tranpa egiten digula ezinbestean; nahigabe edo nahita aldatu egiten dugula gertatutakoa, ezinezkoa dela gauzak benetan izan ziren bezala jasotzea. Nire liburuarekin ere kezka bera eduki nuen (ez didate sinistuko), eta, egia esanda, ez daukat jakintsuei erantzuteko irizpiderik.

Horiek horrela, uste duzu Petxoren hitzaurrea nahikoa dela zalantza horiek uxatzeko? Ez “jakintsuen” mailan, jende arruntaren artean esan nahi dut.

Bide batez esanda, nik ez dut liburuari buruz ezer idazteko asmorik (mila aldiz hobeto egin du Petxok, eta egin lezakete orduan ezagutu zuten beste lagun batzuek). Kazetarien galderetaz batez ere Rafa Egiguren eta Xabier Mendiguren arduratuko direla pentsatzen dut.

Etakide batek idatzitako liburuak izan dezakeen jazarpenari dagokionez, ez dut erreakzio handirik espero. Komentatu baino, ignoratu egingo dute. Uste dut hori dela posibleena, kasurik ez egitea (nire liburuari ere egin ez zioten bezala).

Baina, ai, adiskidea! izango ahal dira zu bezalako irakurle finak, irakurri ez ezik idazteko gogoa sentituko dutenak?

Galderatzat baino gehiago, enkargutzat har dezakezu ondokoa: hasi prestatzen liburua ateratzen denerako artikulua, ia egina daukazu-eta niri zuzendutako gutunean. Bide batez: baimena ematen didazu zure mezua Egiguren eta Mendigureni pasatzeko? Gustura irakurriko lukete Bueno, esango didazu, agian nahiago duzu beste zerbait idaztea.

Eskerrik asko, berriro, egin duzun ahaleginagatik. Besarkada handi bat eta laster arte,

Agurtzane

Oharra: Agur, Mentxaka! Ardotxiren lagunen bloga hemen duzue kontsultagai.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44