Durangoko Azoka 2006ko nobedadeak (eta III)
-Gorka Arrese, Editore baten memoriak, Susa, 629 orrialde.
Gaston Gallimarden, Giulio Einaudiren edo Carlos Barralen oroitzapen-liburuen pare, Gorka Arrese Susa argitaletxeko buruaren obrak ez du inor defraudatuko: esaldi zorrotzak, behin betiko judizioak, sarkasmo literarioak, irain neurtuak, idazleei buruzko anekdota mamitsuak, unean-uneko egoera literarioaren analisi biribil bezain labainkorrak. Oso eskertzekoa amaierako aurkibide onomastikoa, zure kontura botatakoak erraz eta bizkor aurki ditzazun liburukiaren orrialdeen oihanean. Ezinbesteko lana, edozein kasutan: hau izango da, ezbairik gabe, aurtengo azokako liburu salduena proklamatuko dutena Gerediaga Elkartekoek (ai, ez, barkatu, liburua ez dela Elkarrekoa...).
-Pruden Gartzia, Lazarraga, Ernazimentuaz haratago, Nabarralde, 359 orrialde.
Joan den urtean Juan Zelaia saria irabazi zuen saiakeraren jarraipen honetan, Azkue Bibliotekako zuzendariak frogatzen du, Araian aurkitutako Lazarragaren azazkal bati egindako C-14aren froga batzuetan eta pare bat datu solte gehiagotan oinarrituta, ez soilik Cervantesi On Kixote obraren argumentua eman ziola, baizik eta La Galatearen gehiengoa idatzi zuela, affaire bat izan zuela Fray Luis de Leónekin, Montaignek estiloa kopiatu ziola saiakeretan (tamalez galduta daude Lazarragaren hamaika liburukiak), Shakespearek eta berak elkarri idazten zizkiotela gutunak, eta euskal lurraldeen independentziarako plan zehatz bat zirriborratu zuela Euscal-errico Provincia Batuen Aldarria delako panfleto (jakina) argitaragabean. Liburu hau beste mugarri bat izango da euskal gizarte-zientzien garapenean.
-Arantxa Urretabizkaia, Ez, Panpox, ez!, Erein, 97 orr.
Antzinako ereinotzak hostoberritzeko asmoz, fama eman zion liburuaren sekuelarekin datorkigu Arantxa Urretabizkaia. Joycek asmatutako pentsamenduaren korrontea erabiliz, Ez, Panpox, ez!-ek emakume batek egun ez horren arrunt batean zehar bere familiarekiko, berekiko eta munduarekiko daukan harremana erakusten digu, semeak eta errainak betetzen dituzten bitartean narratzailea zaharretxera eramango duten azken izapideak.
-Aitor Arana, Agur Maria 336 hizkuntzatan eta 12 euskalkitan, Kalagurriko Eliz-Barrutiaren Argitarapen zerbitzuak, 326 orr.
Hamazazpigarren mendeko misiolari jesuitez geroztik munduko lengoaien alde egindako lan inon ikusi bezain handinahian bigarren mugarria jarri du Aitor Aranak liburu honekin. Aurreko liburuan aitagurea itzulita zegoen hizkuntza eta euskalki guzti-guztietan eta bat gehiagotan agertzen da Agur Maria, jakitekoa baita egileak esperantoaren arauetan oinarritutako hizkuntza edo euskalki bat (oraindik ez dago argi) asmatu baitu.
-Juan Kruz Igerabide, Harriarekin solasean, Ibaizabal 38 orr.
Peruk, bost urteko mutiko batek, bere harriarekin hitz egiten du haizeaz, suaz, uraz, lurraz eta, oro har, bizitzaren zentzuaz, album eder honen orrialdeetan zehar. Kasimir Malevitx-en Lauki beltza zuriaren gainean obran inspiratutako ilustrazioekin, egileak berak margotuak, ez dakigu haurrei interesatuko zaien, baina edonola ere sakontasunez eta arnas poetikoz beteriko lan bat dugu Harriarekin solasean hau (Euskal Herriko Zen Elkartearen bermearekin).
-Fito Rodriguez, Quai d'Orsay, EIE, 265 orrialde.
Muriel, Sorbonako filosofia irakaslea, Quai d'Orsay museoko kafetegian dago blokeaturik, garraio publikoa greban dago Parisen. Poltsikoan bi gutun lodi ditu: bata Donostian kogresu batean ezagutu berri duen euskal filosofo eta idazle batena da (Magritte margolariarekin obsesionaturik dagoena), barruan egunkari modukoa dakar; bestea Bruselako izebarena, Magritte margolariaren maitale izandakoa, barruan idatzi berri duen testamedua dakar. Paris, Brusela eta Donostia; filosofia, literatura eta pintura; eleberria, saiakera eta egunkaria; grebak, testamentuak eta koadro ezezagunak. Triangeluak osatuz istorio triangularrak osatuko dira amaiera ustekabekora arte. Idazleen Elkartearen zuzendaritzak, proposamena aho batez onartu ondoren, liburu honen gaineko hitzaldien zirkuitu bat antolatu du Euskal Herriko hiri eta herrietan zehar, Fito Rodriguezek berak eskainiko dituenak noski.
-Castillo Suarez, Txat olerkiak, Elkar 142 orr.
Geroz eta sakanago, barkatu, sakonago, geroz eta postmodernoago, baina, aldi berean, inoiz baino abertzaleago datorkigu altsasuarra bere zazpigarren edo zortzigarren poemategiarekin. Minimalismorako prozesu batean murgildurik, gure gazteen eta ez horren gazteen sakelakoen artean sortzen ari diren eredu berriekin jolasten du Suarezek, poema honetan adibidez: "Gr Aitrkn gn dt lo. / Rdi knprmsoz onrt d txra etrtea. / T-sta jntza sr d ohra / + ska zptik sr dan / z d rbrik rtsi / bn / ednl r / gra eh skt!". Poemok pasa den urteko Ernestina de Champourcin, Gabriel Aresti, Irun Hiria eta Miguel Sanz Poesia Sariak irabazi zituzten egilearen bildumetatik datoz, orobat. Pernando Barrenaren hitzoste liriko batek osatzen du liburukia.
-Karlos del Olmo, Teobald, nafarren errege, Hiria, 389 orrialde.
Idazlearen beste nobela historiko bat irakurleak txunditurik uzteko. Oraingo honetan Theobalt errege trobadorearen bizitza da kontakizunaren ardatza. Gipuzkoa eta Araba bereganatzeko egin zituen saiakerak, gurutzadan burutu zituen balentriak eta misteriorik handina: Frantziako erregea pozoitu al zuen gure Tibault onberak? Theobalh erregearen abestiak eta musika ezin dira falta liburu honetan: DVD batekin dator, bertan Oreka TX taldeak metakrilatozko txalapartan eta Mikel Urdangarinek orain arte egin diren bertsio definitboenak eskeintzen dizkigute. Errata zerrenda batekin dator liburua irakurketa errazteko.
-Ramon Saizarbitoria, Warholen madarikazioa, Erein, 298 orr.
Rossettiren obsesioa eta Kandinskyren tradizioaren ondoren, tesi-nobela berri bat idatzi du Saizarbitoriak. Trantsizioko urteak, Kantauriko kostaldeko hiri kosmopolita batean (ez, ez da Bilbo). Dandysmoaren eta gauche divinearen artean, zuzen-zuzen amildegira doan bere bizitzaren gora-beherei aurre egin behar die ezkerreko partidu bateko zinegotzi batek (ez, ez da Herri Batasunekoa). Haren ibilaldietan bi emakumek, Florak eta Lorek, rol erabakigarria jokatuko dute noski. Ez dugu oso ondo ulertu zertara datorren Andy Warhol izenburuan aipatzea, baina ikertzen jarraituko dugu.
-Karmele Jaio, Amatxuren errezetak, Elkar, 157 orrialde.
Amaren eskuak arrakastatsuaren apendize edo gehigarri gisa sortu da genero gastronomikoko lan bitxi hau, zeinaren bitartez, eta Asisko Urmenetak egindako marrazkien laguntzaz, edozein euskal etxe eta fameliya jatorretan prestatzen diren plater tradizionalen azalpen argia eta zehatza ematen baita. Moja komenturen batek ez badu azkeneko unean ateratzen gaztelaniazko errezeta-libururik, hau izan daiteke, zinez, aurtengo libururik salduena Azokan (gainera, hau bai, Elkarrekoa da...).
-Koldo Izagirre, Kalekantoiko harrien orroa, Susa, 100 orrialde.
Sua nahi, Mr. Churchill? ipuin liburuaren ondoren nobela motz honekin hurbildu zaigu Koldo Izagirre ohiko fineziaz. Nihilismoari aurre egin dio Izagirrek pertsonaien bitartez, ahantzi gabe, beti ere, nihilismoa burgesa dela. Oraingoan Izagirrek ez digu garai heroikorik hautatu, geure-geurean kokatu baitu (barkatu kausalarengatik) nobela, 2006ko Euskal Herri vascongadotu honetan. Gizonezko bi protagonistak emakumeek salbatzen dituzte haien baitako nihilismo eta ezdeusekiatik bukaera erabat harrigarrian. Bere ohiko prosa dotore eta teknika literario iradokitzaile bezain zorrotzak erabiliz maisulana egin digu Izagirrek. Kritikoek ez omen dakite nondik heldu.
-Mari Jose Olaziregi (arg.), Des tapas. Une Anthologie de nouvelles basques contemporaines , Gallimard, 184 orrialde.
Ingelesez, euskaraz nahiz gaztelaniaz argitaratu ostean, aurki frantsesez ere emango da argitara Olaziregik taxututako euskal ipuingintza garaikidearen antologia. Gaztelaniazko izenburuak eta edizioak izandako arrakasta itzela ikusita, antzerako titulupean plazaratuko da laster frantsesezkoa ere. Datorren urtera begira, liburuaren aurkezpen eta promozio lanak egiteko xedez, FNAC kateak gonbidatuta Frantziako hiri nagusienetan barna tour bat egingo dute antologian parte hartu duten idazle zenbaitek (oraingoz Iban Zalduaren parte-hartzea soilik dago konfirmatuta), sortzear den Etxepare Institutuak diruz hornituta. Aurkezpen lanetan lagun izango dituzte Donostiako "Astelehena", "Casa Vallés", "Tamboril" eta "La Cuchara de San Telmo" tabernetako sukalde-buruak ere, antologiaren izenburuari omen eginez eta gure herriaren onena atzerrian ezagutaraziz.
-Ibon Sarasola, Are Zehazkiago, Alberdania BBVA Iberdrola Telefónica - Mittal, 937 orr.
Bere aurreko Zehazki hiztegiaren edizio zuzendu eta berrituarekin helduko zaigu euskaltzain donostiarra Durangoko hitzordura. Funts publiko zein pribatuz bapo hornitua, Sarasolak distira atera dio bere aurreko lanari, eta, zuzenketa ugariez gain, 58 hitz, 102 definizio eta 138 adibide berri sartu ditu bere Gaztelania-Euskara hiztegiaren edizio honetan. "Honek bai uzten dituela zaharkituta eta erabat gaindituta aurreko hiztegi guztiak, baita Zehazki ere", deklaratu du egileak Londres Hoteleko terrazatik. Beraz, badakizue, lagunak, joan prestatzen berriro ere Visa Oro-a...
-Luis Fernandez, Manual virtual devotionecoa, Code & Syntax - Alberdania, 349 orrialde.
Egia da, literatura erlijiosoak ez du presentzia handirik izan azken urteotako Azoka geroz eta fedegabeagoan, baina Luis Fernandez, Luistxo bezala ere ezagutua, ausartuko da aurtengoan. Bera ere sinesgabea zen, noski, baina uda honetan errebelazio bat izan zuen: bere Panasonic eramangarrian sorturiko suzko gar batek erlijio berri bat aldarrikatzeko eta zabaltzeko mandatua egin zion, eta hemen dugu Luistxoren misio berriaren lehenengo emaitza. Fede berriaren jainko nagusia Google da, edo G Handia, eta haren apostoluak Sergey Brin eta Larry Page, zeinekin bat egin nahi baitu Luistxok, noski, profeta gisa sikiera. Erlijio honek badu Infernurik, Microsoft deitua, eta baita Deabrua ere, Gillen Beltza, eta dozenaka eta dozenaka santu eta jeinu, hemen zerrendatzea luze joko luketenak. Erlijio honetako Zeruaren ideia bitxia da benetan: antza, fededun prestuak, hiltzean, Mapa Birtual Nagusiyan iltzaturiko tag-ak bihurtuko lirateke, baina puntu hau ez dago guztiz argi orandik, hurrengo orrialdeetan metenpsikosiaren posibilitatea onartzen baita. Egileak, jakina, ez zuen lana paperean argitaratu nahi, baina Alberdaniakoek, haren gizarte-interesa ikusita, konbentzitu dute, eta interneten egoteaz gain Durangoko salmahaietan izango dugu. Liburu honen erosleek Ekhipolikiko elastikoak eskuratu ahal izango dituzte Azokako irteeran Euskaltelek jarriko duen txosna batean, ordainagiriaren truke (Ekhipoliki erlijio honen panteoiko jainko txiki horietako bat bide da).
-Uxue Apaolaza, Maialenen bi maitasunak, Elkar, 120 orrialde.
Elkar-ek euskal emakume idazle gazteei ahotsa eta plaza emateko ireki berri duen M L-ak saila inauguratuko du Apaolaza hernaniar madrildartuaren bigarren liburuak. Lehenengo liburuaren garraztasun eta gordintasunak euskal Jelinek goitizena ekarri bazion ere, bere burua berrasmatzeko gaitasun erabatekoa erakusten du bigarren lan honekin, izan ere, errotik bestelako literatura proposatzen baitigu idazle gazteak. Ezbairik gabe neska gazte idazle baten lanean ohikoagoak diren gai eta tonuak baliatu ditu oraingoan, maitasunaren eta bizitzaren ospakizunerako gonbita plazaratuz, beti ere modu original eta berritzailean. Maialenen bi maitasunak eleberriak hogeita lau urteko neska gaztearen desira eta maitasunak ditu ardatz, bizitzaren bidegurutzean aurkitzen duelarik bere burua: Marck ilehoriaren eta Mikel beltzaranaren artean hautatu beharrean. Batak pasioa eta bizi-grina eskaintzen dio; besteak, aldiz, egonkortasuna. Benetan ataka gaitza emakume gazte batentzat. Inprentako frogak irakurri dituztenen arabera, litekeena da liburu honi euskal kritikari gizonek abegi hobea egitea, gaia eta tonua medio. Aurreratu daiteke, halaber, argitaletxeko arduradunek emandako informazioaren arabera, liburuaren diseinuaeta azala ausarta eta berritzailea izango dela, eta, antza, gorputz gazte biluziak ikusiko dira Apaolazaren eleberriko portadan.
-Juan Luis Zabala, Kaixo, Euskafka, Susa, 208 orrialde.
Agur, Euzkadi nobela sinbolikoaren ildotik, baina Lauaxeta bezalako pertsonaia historikoengana jo gabe, oraingoan Juan Luis Zabala bera da, bere txirringa hartuta, 2250. urteko Euskal Herrian berpizten zaiguna. Izututa, ez da soilik konturatzen gaztetxeek existitzeari utzi diotela, AHTa euskal hiritarren ohiko garraioa dela, Berria aspaldi itxi zutela eta euskara latina bezain hildako hizkuntza bihurtu dela, baizik eta, are larriagoa dena, doppingaren eskandaluen eraginez Tourrik ez dagoela eta bizikletaren erabilera publiko oro debekatu dutela mundu osoko gobernuek. Gure protagonistak topatuko du, ordea, belodromo klandestinoez hitz egingo dion morroi bat eta...
-Anjel Lertxundi, The Goenkale Files, Alberdania, hiru liburuki, 1349 orr. (guztira)
Alberdania argitaletxeak Anjel Lertxundiren proiektu ezkutu bat berreskuratu digu euskal irakurleoi, oso eskertzekoa dena beti. Goenkaleren bosgarren denboraldia irauli behar zuen egitasmoa oso garatua zeukan Lertxundik, telesailari askoz ere ukitu sakonagoa eta literarioa eman behar ziona: hala, kapitulu batean, Jose Mari esnatu eta zomorro bihurtuta ikusiko zuen bere burua; beste batean ez zen ia ezer gertatuko, Robert Musili egindako omenaldi ez disimuluzkoan; Koldok eta Josebak tuberkulosoentzako erietxe batean topo egin behar zuten, mendialdean; seigarren atala, esaterako, Arthur Schnitzlerren Reigen antzeslanaren erritmoaren arabera antolatuta zegoen; beste saio sorta batean, Arraldeko pertsonaia gehienei sari bat egokituko zitzaien Danubioan zeharreko kruzero bat egiteko, Julio Cortázarren eta Claudio Magrisen lanen erreferentziak gurutzatuz. Eta abar. EITBk, jakina, ez zuen proiektua onartu.
Edizio berezi honetako lehenengo liburukia denboraldi "sekretu" horretako jatorrizko gidoiek osatzen dute, apenas aldaketarik gabe; bigarrenean esperimentu bat egin nahi izan du Lertxundik: nobela bat idatzi du zeinetan ikusten baita zertan arituko liratekeen telesaileko pertsonaiak sei urte geroago, proiektua bere horretan aurrera atera izan balitz -nobela bi planotan kontatuta dago, gainera, bata Arraldeko istorioekin, eta bestea telesail fiktizio horren errodajearen gora-beheren xehetasunekin, ispiluen joko bat bailitzan-; hirugarren liburukia saiakera bat da, eta bertan Lertxundi ahalegintzen da Goenkale fantasmatiko horren eta Mitteleuropako kultura jasoaren arteko loturak zabaltzen eta zehazten; azkenik, sorpresa bezala, errodatzera iritsi ziren denboraldiko episodio pilotoaren DVDa, zeinetan, besteak beste, Maria Luisak Golem delako izakia askatzen baitu Arraldeko kaleetan, izua zabalduz. Lertxundiren jarraitzaileek pozez hartuko dute, ezbairik gabe, obra erraldoi eta berritzaile hau, Alberdaniak larruzko kaxa batean bilduta eskainiko duena.
Harritu gaitu Ion Olanoren galderak, argi zegoela uste baikenuen: probokatzea eta dibertitzea oso bigarren mailako gure intentzioen artean baino ez zeuden. Emanaldi hauen helburu nagusien artean, ordea, hauek nabarmenduko genituzke:
Ziur gaude artikuluak berriro irakurtzen badituzu segituan konturatuko zarela. Ez horregatik.
Sinatuta: Volgako Batelarien zemtsvo iraunkorrak.