Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Durangoko Azoka 2006ko nobedadeak (II)

Durangoko Azoka 2006ko nobedadeak (II)

Volgako Batelariak 2006/09/07 17:30
Hemen duzue, agindu bezala, aurtengo eta edozein urtetako edota mendetako euskal kulturaren hitzordu nagusian, hots, Durangoko Azokan salduko diren liburu berrien aurrerapenaren bigarren partea, zeinari, sentitzen dugu, hirugarren bat gehitu beharko baitiogu, azkenean: lehenengoa argitara eman ondoren pilo bat dei jaso dugu argitaletxeetatik nobedade gehiagoen berriekin.

 

-Pako Aristi, Ahazturik nituen kaierak, Erein, 169 orrialde.
Gure tele-predikatzailerik begikoenak kopernikarki irauliko du bere norabide artistiko eta ideologikoa bilduma harrigarri honekin; abuztu osoan zehar egunean artikulu bat idaztearekin nahikoa ez, eta bere hausnarketen eta ipuintxoen sail berri batekin datorkigu hala ere. Irakurleak ez du, ordea, beti-betikoa aurkituko: Benedikto XVI.ari berari inbidia emango liokeen komentzimenduarekin, eta orain arte defendatutako ideiei uko egiten diela aldarrikatu ondoren, autolaguntza liburuen, AHTaren, Insersoko bidaia antolatuen, Valerio Lazaroven eta kastitatearen aldeko aldarriak egiten ditu (besteak beste), eta eutanasiaren, felazioaren eta mahoizko prakak eramaten jarraitzen duten baserritarren aurkakoak (horiek ere, besteak beste). Hori bai, betiko erradikaltasunarekin eta irmotasunarekin, zalantzari leku utzi gabe, con dos cojones. Azkeneko testu argigarrian aitortzen du paraleloki idatzi zituela testu hauek eta Berriako “Hitzerdi patsetan” sailekoak, zeinak guztiz arbuiatzen baititu, ariketa sofistikotzat aurkeztuz: “Azken hauek bidali egin izan banizkio, Martxelok ez zizkidakeen argitaratuko”, azaltzen du idazleak. Ez dakigu zenbat fan galduko dituen bidean gure idazlerik unibertsalenak, baina argi daukaguna da liburu hau ez dela inolaz ere apalagoa gertatzen aurreko Gauza txikien liburua edo Note Bookekin konparatuta.

-Aitor Arana, Editoreak, Ipar Kutxa, 132 orrialde.
Aranak ezin zuen, jakina, liburu bakar batekin etorri Durangoko hitzordura. Ipar Kutxa-Caja Rural Vascak antolatutako Juan Abelino Barriola II. Saria irabazi duen antzerki lan honek Aranaren beraren Editorea lan arrakastatsuaren jarraipena da. Editoreak honetan, Beckett eta Ionesco gogora ekartzen duen estilo batean, kontatzen zaizkigu izenez identifikatzen ez den Egile baten kontrako konspirazio orokor baten amaraunaren nondik norakoak, zeinetan parte hartzen baitute Euskal Herriko argitaletxe nagusiek, bi Diputaziok, euskal talde kooperatibo handi batek eta zenbait futbol klub euskaldunek. Beldurgarria benetan.

-Harkaitz Cano, Manhattan eta ni, Alberdania, 178 orrialde.
Uda aurreko zurrumurru literarioek lan hau Ni eta Manhattan deituko zela adierazten bazuten ere, azkenean badirudi beste goiko izenburu hori aukeratu duela idazle lasartearrak, nahiz eta argitaletxetik ez duten guztiz alboratzen Nire Manhattan ipiniko ez dionik, azkenean. Edonola ere, Harkaitz Cano horren maitea duen New Yorkeko eszenatokira itzuli da, Paul Austerren etxeko sute-eskaileran ahaztuta utzi zuen hortz-eskuila berreskuratzeko aitzakiarekin. Hortik aurrera narratzaileak hamaika abentura bitxi biziko ditu New Yorkeko kaleetan zehar, Staten Island-en gauzatuko den apoteosira heldu arte. Liburu honekin New Yorki buruzko trilogia (edo tetralogia) itxiko zuela esan zuen egileak, baina datorren urteko zurrumurruen arabera litekeena da jarraipena izatea Nire afari-merienda Tiffanys-en obrarekin (behin-behineko izenburua).

-Xabier Mendiguren, Pasadizo zakilduak, Elkar, 101 orrialde.
Liburu laburra baina mardula, tamainak ez du axolarik hemen, potentziak aldiz bai. Hainbat ipuin bildu du Xabier Mendigurenek liburu berri honetan, guztietan gizonezkoen gorputz atal nagusitako bat da protagonista, betiko lagunak, barrabilak, ahaztu barik. Haize fresko eta indartsua euskal literaturarako gutxitan ukitzen den gai baten gainean. Aspaldiko tabuak errotik ezabatzen dituzten istorio hauek euskara dotore eta, aldi berean, irakurterrazean idatzita daude guztion gozamenerako. Gure idazle prolifikoenetako baten beste proposamen bat aurtengo Azokako salmahaietan.

-Bernardo Atxaga, Uneak, Pamiela, 210 orrialde.
Adinaren lorean dagoen idazle batek bidaia bati ekiten dio; bere helburua bidean gertatzen zaizkion gauzei buruz idaztea da eta jasotako materialarekin ez-fikziozko nobela bat egitea, Truman Capotek idazten zituenen estiloan. Bere autoak, ordea, beti eramaten du leku berberera, Obaba deituriko herrixka batera. Madarikazio baten menpe dagoela susmatuta, auto-stopean dabilen jendea hartuz uxatuko duela pentsatzen du. Lehenik eta behin literatur kritikari bat jasotzen du, baina Obabara iristen dira berriro ere; gero zinemagile batekin egiten du aproba, alferrik; eta ondoren inmigrante afrikar batekin, baina autoak Obabara eramaten ditu erremediorik gabe. Nola aterako da idazlea sorgin-gurpil beldurgarri horretatik? Erantzuna, liburu honen orrialdeetan (edo hurrengoarenetan).

-Jasone Osoro, Denbora galduaren bila, Elkar, 705 orr., 2 liburuki.
Askari batean kola-kaoan bustitako San Blaseko opil bat jan eta bere haurtzaroa gogora ekarri ondoren, literaturaren munduan zeharreko bideari ekiten dio protagonistak, Iasmina gazteak. Baina Euskal Herriko gizarte gorenaren giro erakargarriarekin egingo du topo bilaketa horretan zehar, Neguri, Aiete eta inguru honetako klase menderatzaileak horrenbeste maite dituen beste hainbat eszenatokietatik igaroz, eta jende horren bizitzari buruz idazten hasten da; edozein modutan, nobela konplexu honen gai nagusia da nola bihurtu zen Iasmina idazle. Oraingoz obra zinez erraldoi baten lehenengo bi liburukiak (Swann-go bidetik eta Nire lehen Barbie-a) baino ez ditu aurkeztuko Osorok, zeinak dudarik gabe behin-betiko literatur kontsagrazioa ekarriko baitiote. "Ez dakit nola bururatu zitzaidan ideia, iluminazio bat bezalakoa izan zen, baina hastea izan zen dena, gero ezin izan nion idazteari utzi", adierazi du egileak.

-Hasier Etxeberria, Sukaldariaren erleak, Susa, 312 orrialde.
Gourmet famako idazle batek frogatu beharko du, denbora errekorrean, ez dela bera izan antologia batean beraren ipuinik sartu ez zuen kritikari baten hilketa krudelaren erantzulea. Aldi berean, hori gutxi balitz, errioxar ajoarrieroaren benetako errezeta tradizionala aurkitu beharko du, Marbellan jatetxe bat muntatu nahi duen mafia txetxeniarraren talde baten mehatxupean. Etxeberriaren beste thriller gastronomiko-literario bat, bere ohiko ofizioaz idatzia.

-Ibon Egaña, Kritikaren erraiak, Erein, 1300 orrialde.
Urnietako kritiko iaioak literaturaren historian baztertutako tesi bati heltzen dio: alegia idazleen eta batez ere kritikoen bizitza eta bizimodu pribatuak asko daukala ikusteko haien idazmolde eta kritika egiteko moduarekin. Ibon Egañak adarretatik heltzen dio zezenari eta Erdi Arotik gaur arte Euskal Literaturan izandako kritikoen manerak aztertzen ditu. XII mendeko Michel de Labergerg Mauleko kritikariaren ustezko mutikozaletasunak literaturari buruz idazterakoan izan zuen eragina, edota egungo Jon Kortazarrengan gaztaren prezioak izan dezakeen eragina, edo Mari Jose Olaziregirengan etengabeko ingeles hitzen erabiltzeak (dearest eta horrelakoak) eragin dezakeen utopia lacaniarrekiko joera, edo Javier Rojoren ustezko tristurak kritikara dakartzan frintzak. Oro maisuki azaldurik urnietarrak ohiko estiloan. Hor goian aipatu kritikoek (de Labergergek ez, jakina) diotenez, Ibon Egañak ez omen du sartu bere bizitzari buruzko zertzeladarik.

-Tere Irastortza, Naharotasunaren kantorhiak, EIE, 179 orr.
Poema-bilduma berri honekin egungo gizartearen akatsei egin nahi die aurre idazle zaldibiarrak, bere ohiko dotorezia eta erudizioarekin. Emakumeen kontrako jarrerak, agintekeria, mobbinga eta ustelkeria bezalako bizioak bortizki jipoitzen ditu poema irmo baina aldi berean sotil hauetan. Egileari egindako elkarrizketa promozionala eskainiko du hurrengo Kalegatsek (ale monografikoa).

-Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Sismografia hauskorrak, Susa, 111 orrialde.
Zortzi urte luze betetzen direlarik azken poema liburua, Kartografia, Euskal Herrietan eta topografo elkargoetan guztiz arrakastatsua, argitaratu zenetik, jarraitzaile ugarien erregu are ugariagoak atenditu ditu Rikardo (Arregi) II-ak (Richter-eko artxidukeak) eta Sismografia hauskorrak izeneko bilduma oparitu digu, non aurreko liburuetako poema zenbait errebisitatuak, erredibiboak, errikardografiatuak eta errefundatuak agertzen baitira (minimal estilora guztiak, bereziki erreparatzekoa Lerro erdi bat hiri setiatutik poema erremozatua), baina baita poema inedito asko ere (lehenago aldizkari eta antologietan agerturikoak). Liburua oraindik irakurri ez duen arren, jakin dugu Jon Kortazarrek esleitu diola honezkero aurtengo Kritikaren Saria.

-Joseba Sarrionandia. Gogoratzen. Txalaparta. 19 or.
Zorioneko daude iurretarraren jarraitzaile zenbatezinak, izan ere, iazko Durangoko Azoka huts egin ostean, berriz ere liburu formako eskutitza igorri digu urrunetik poeta eta narratzaile bizkaitarrak. Georges Perec-en Je me souviens haren eraginpean abiatutako Akordatzen gogoeten bildumak jarraipena izango du Gogoratzen honetan. Bere bizitza abiapuntu hartuta, gertaera xumeenak oinarri izanik, bizitzaren zirrikituak era poetikoan argitzen dizkigu iurretarrak.
Txalapartako editoreek aditzera eman dutenez, liburu honen argitalpenaren kariaz, Durangoko Azokak irauten duen egunetan autobusak abiatuko dira egunero eta bidaia gidatua eskainiko zaie Sarrionandiaren zaleei idazlearen haurtzaroko lekuetan zehar. Halaber, liburuaren lehen 5000 erosleei idazlearen erretratu zaharren albumaren erreprodukzio faksimilea oparituko zaie. Liburuaren erosle guztien artean bidaia bat zozketatuko da begi-bistako arrazoiengatik izenik esan ezin den herrialde batera. Diseinuzko txiskeroak ere salgai izango dira Txalapartaren stand-ean, “Nik ♥ Sarrionandia” leloa eta idazlearen miniaturazko argazki serigrafiatuta dutela.

-Gotzon Barandiaran, Pitzadura iraultzaileak, Susa, 135 orrialde.
Irekidura sakon eta luzeak dira pitzadurak, euskal hiztegi entziklopediko ezagunenari kasu eginez gero. Lur idorrean irekitzen dira, asfaltoan, babesik gabeko etxebizitzen horma ofizialetan. Begi-bistan irekitzen dira batzuk. Gordean daude bestetzuk, izu, denboraren beroak noiz orbainduko. Handik eta hemendik bildutako arrakalak aurkituko ditugu Gotzon Barandiaranen bigarren poema liburuan. Minak eragindako arrakalak. Richter eskalan sekula agertuko ez diren lurrikarek eragindakoak. Ez pentsa hargatik tonu ezkorra duenik liburuak; ezen irekidura horietatik bestaldean dagoena ikus baitaiteke. Poesia konprometitua egin du Barandiaranek bere lan honetan. Konprometitua, ikusten duenaren aurrean ez duelako jarrera pasiboa hartzen, busti egiten da, bere ikuspuntua eskaintzen digu. Amodioa, askatasuna edo iraultza eleak darabiltza poemotan, baita musika, ardoa, negarra edota irribarrea lakoak. Usaiazkoak poesian. Denak beharrezkoak bizi dugun urgentziazko egoeran.

Aritz Galarraga
Aritz Galarraga dio:
2006/09/07 21:16

Umbralek bere garaian egin bezala, haserretu naiz neu ere: ez dakit zein helburu ilunekin, baina nire liburua “ahaztu” bakarrik ez, boikoteatu ere egin duzue. Esklusiba, a tomar por culo. Gotzon Barandiaranen lana aSaltzeko erabili dituzuen hitzak, Gararako idatzi ditudan kritikak biltzen dituen liburuaren aurkezpenean irakurri beharrekoak ziren.

Nire asmoei aurrea hartu diezuenez, aitortuko dut: Durangorako, orain arte idatzitako iruzkinen bilduma argitaratuko didate, euskal literatur kritikaren osasun ona aldarrikatu eta, bide batez, literatur munduan nire izena ezagutarazteko. Bildumaren izenburua, esan gabe doa, plagioa da, baina orain ez dut gogoan nondik kopiatu nuen:

Irakurri gabeko liburuen kritikak, Berriak argitaratua (ados, nik ere ez ditut estrategia komertzialak ulertzen)

Bertan aurkituko dituzue, besteak beste (eta Gotzon Barandiaranen lehen poema liburuaren kritika konprometituaz gain), Unai Elorriagaren azken eleberriari egindako laudorioak (badaezpada), literatur lanen gaineko literatura ugari eta Iban Zalduaren hainbat libururi egindako larruketa bihozgabeak (larrutu=despellejar). Ez dakit, aspalditik datorren kontua da

Tartean da irakurri dudan liburu bakarrari egindako kritika ere, Anne Franken egunkariari egindakoa, hain zuzen. BUPeko lehen mailan irakurrarazi ziguten, baina ausartu naiz kritikatzera, beste batzuek hala egiten badute...

Liburuak, editorearen gomendioz, bonus-track bat ere badakar: elkarrizketaturik gabeko elkarrizketa, Anjel Errori egin niona. Azaldu beharra dut Anjel ez zela elkarrizketarako hitzartu genuen hitzordura agertu. Eta ondorioz galderak, Nabarreriako iturriaz galdezka gerturatu zitzaidan estatubatuar bati egin nizkion. Kurioski, argazkilariarekin egindako zitara bai, zita hartara agertu zen Erro.

Esandakoa, espero dut norbaitek aleren bat edo beste erostea, oraindik kotxea ordaintzen ari naiz eta

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44