Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Durangoko Azoka 2006ko nobedadeak (I)

Durangoko Azoka 2006ko nobedadeak (I)

Volgako Batelariak 2006/09/04 18:25
Editoreen eta oraindik hitz egiten diguten euskal idazleen artean ikerketa-lana burutu ondoren, eta Juan Luis Zabalak Berrian argitara eman baino lehenago, Volgako Batelariak inoizkari honen irakurle txit agurgarri guztientzako esklusiban, hemen duzue aurtengo Durangoko Azokan zientoka edo milaka salduko diren liburuen uztaren aurrerapena, bi partetan emanda. Joan pentsatzen zeinetan xahutuko dituzuen zuen xoxak!



-Toti Martinez de Lezea, Izar Urdin foroan galdurik, Erein, 435 orrialde.
Hartu berri duen ohiturari jarraituz euskarazko itzulpena argitaratuko du idazle arabarrak jatorrizko testua baino lehenago. Nobela berri honetan irakurleak Erroma, Alexandria eta Iruña-Veleiako kaleetan zehar paseo zoragarriak emango ditu gertakizun misteriotsuen atzetik. Gorrotoak, amodioak, pasioak, kristaubidearen garapena, erromatarren gupidagabetasuna... Euskaldunen kemenak eta pertsonaien bizitasunak harrapatuko dute irakurlea istorio miresgarri honen sarean. Iruña-Veleian agerturiko euskal hitzei buruzko lehen azalpen sinesgarria.

-Karlos Linazasoro, Berrogeita lau, Alberdania, 176 orrialde.
Idazle tolosarra liburu miszelaneo batekin datorkigu Durangora: poemak, aforismoak, ipuinak, aipu apokrifoak, minisaiakerak, elkarrizketa laburrak... Izenburuak bere aurreko poemategiak saldu zituen ale kopuru errealari (Eusko Jaurlaritzak erositakoak kenduta alegia) egiten dio erreferentzia ironikoa, eta zenbaki kasik kabalistiko horretatik abiatzen da literaturaren, irakurzaletasunaren (edo bere faltaren), merkatuaren, idazle mediatikoen eta, oro har, kultura garaikidearen inguruko zenbait hausnarketa kritiko plazaratzeko, zeinak, esan dugun bezala, oso forma eta estilo ezberdinen bitartez eskaintzen baitizkigu.

-Aitor Arana, Garoaren geroa, Hiria (non bestela), 270 orrialde.
Joanes artzaina –ura zan gizona, ura!– kostaldera jaisten da Txomin Agirreri bisita egitera: abadearen horrorerako, homosexuala dela aitortuko dio. Egingo al ditu Agirrek Garoa bere eleberriaren bigarren argitarapenerako Joanesek eskatzen dizkion zuzenketak? Eta, batik bat, lortuko al du artzainak apaiza armairutik ateraraztea? Erantzuna, best-seller usaineko eleberri historiko-psikologiko-sexual-metaliterario honen askaeran.

-Kirmen Uribe, Chick sounds from a box, Harper, 57 orrialde.
Partikularretik orokortasunera, txikitasunetik unibertsaltasunera, beti ere metafora iradokitzaile, samur eta hunkigarriez hornituta, azkeneko urteetan han-hemenka argitaratu edo errezitatu dituen poemen bilduma berrituarekin datorkigu idazle ondarrutarra, hurbil-hurbil dagoen bere nobelaren atariko gisa. Liburuxkarekin batera CDa, DVDa eta, opari gisa, t-shirt oroigarria eskaintzen ditu edizio berezi honek. Pamielak argitaratuko du euskarazko bertsioa, baina ez dakigu Durangoko Azokarako prest izango duten.

-Angel Erro, Hartz amandi, Elkar, 125 orrialde.
Berriro ere klasiko latindarren bidetik, Angel Errok beste poema-sorta bat eskainiko digu, oraingoan Ovidioren lana oinarri hartuta. Hondakin erromatarrak, eliza barrokoen portadak, musika-talde frantsesen aipu errekurrenteak eta spleen piloa (Burlatan, hori bai). Alberdaniak ez dio oraingoan argitaratu nahi izan, eta Elkarrera itzuli behar izan du.

-Arnaldo Otegi, Etzi, Euskal Herri gehiago, Berria, 131 orrialde.
Bihar, Euskal Herria nobela dialogatuarekin iazko Durangoko salmenta errekor guztiak hautsi ondoren, Otegi arrakasta izatera deitutako bigarren nobela honekin datorkigu, lehenengoaren ildotik zientzia-fikzioa jorratzen du oraingo honek ere. Euskal Herriak independentzia erdietsi ondorengo egoera baketsuan Euskal Herria oraindik ez dago kanpoko eta barneko erasoetatik libro. Irakurle fan multzo handiak profita dezala aukera, zeren proiektaturik zegoen trilogia bigarren honekin amaitzen da. Etzidamu, even more Basque Country, azkenean ez baita argitaratuko (etsi-damu irakurketa okerrak saihestearren).

-Aingeru Epaltza, Reggaetón. Tartalo. 734 orrialde.
Sorpresa galanta Aingeru Epaltzak dakarkiguna. Euskararen aberatsa, nafar hiztegiaren lehenkina guzti-guztiok aitortu dioten ondoren, txiki gelditu zaio navarrorum hizkuntza, edo nardatu da, eta erronka berri bezain erakargarri bati ekin dio Iruñekoak. Belaunaldi baten portreta den eleberri honen abentura oraingoan Iruñeko Donibane auzoan ekuatoriar koadrila batean kokatzen da, haien gaztelaniaren barrokotasuna ongi baino hobeki islatua aurkituko du irakurleak, eta biziki libertituko da latin king banda maltzur baten mehatxupean bizi den Waldo alprojaren desmenturekin.

-Unai Elorriaga, Paris, Azerbaijan, Elkar, 167 orrialde.
Ezin ukatu gure letren promesa gazteak aurrerako pausu bat eman duela nobela honekin, haurren psikologian sakondu du, orain arte inor iritsi ez den punturaino. Tomas (edo Abus) oraindik jaio ez den haur bat da, eta bere amaren umeontzitik mundua deskubritzera abiatzen da, fetoen hizkuntza eta pentsamoldea ezin hobeki islatu duen nobela hunkigarri honetan. Tomasek (edo Abusek) ez daki non jaio behar duen, zein kulturatan, ze garaitan, Parisen edo Azerbaijanen, eta dena zaio berria. Eleberriaren hasieratik bertatik Elorriagaren estilo bere-berekoa ezagun dezake edonork: "Umeontzi guztien paretak marrubi kolorekoak eta marrubi zaporekoak dira. Nik ez dut marrubi bat inoiz ikusi, ez dastatu, baina gauza horiek jakin egiten dira".

-Gorka Knörr, Hilko nintzen, Hiria, 300 orrialde.
Gasteiztar kantari eta politikariak politika utzi duenetik jota eta su egin dio arte ihardunari. Disko bat ateratzeko prest dago baina atal honetan bere autobiografia politiko eta sentimentalari heldu dio Gorkak sendotasunez. Kapitulu bakoitza bere kanta baten tituluarekin izendatzeak grazia ematen dio liburuari. Halaxe Araba, zazpigarren alaba kapituluan politikari arabarren artean ikusiko dugu Knörr jauna: Aleluya, oh, oh-n Begoña Erraztirekin gertatu lehen estropozua kontatzen digu, nik nahi dudana, mors por la patrie bezala ezagunagoan Gorkak aberriaren alde zergatik hil (metaforikoki, jakina) hil den kontatzen digu. Aberria EA zen.

-Iban Zaldua, Jukutriak, jukutriak, jukutriak, jukutriak, Erein, 165 orr.
Idazle donostiarrak ipuin liburu berriarekin ez ditu lagun asko egingo. Gure letren enfant (eta Ivan) terrible-ak literatura unibertsaleko eta bereziki euskal literaturako ipuin ongi famatu batzuk hartu ditu abiapuntu, jolas metaliterario batean, bakoitzari beste koxka bat estuago emateko, eta haien amaiera batzuetan buenista, bestetzuetan txarrista, batzuetan mengelegia, bestetzuetan tremendistegia zaharberritzeko.

-Xabier Mendiguren, Idazlea, Elkar, 127 orrialde.
Inoiz baino osasuntsu dago gure antzerkia: gero eta gehiago argitaratzen da, gero eta gehiago antzezten da. Lan honetan Xabier Mendigurenek idazleen mundu zailean sartzen da ausardiaz eta, zer esanik ez, editore lanak ematen dion ezagupen sakonaz. A idazlearen neurosiak eta frustrazio edipikoak dira antzerki lan honen muina eta ardatza; sorkuntzak berez dakartzan buruko minak eta buru hausteak maisuki aztertzen ditu Mendigurenek. Euskal antzerki talde asko interesatuta dago jadanik lanean eta litekeena da antzeztea liburu formatuan atera baino lehenago. Adi egon. Elkar Antzerki Saria irabazi zuen.

-Mariasun Landa, Kulero neurotikoa, Elkar 132 orr.
Woman’s Secret-eko azpiko galtza bat obsesionatuta dago bere burua behin eta berriro Norit-ekin garbitzearekin. Gure gizartearen kontraesanen azterketa alegoriko-lacantar zorrotza, gure gaztetxoen gozamenerako eta aztoramenerako. Lan hau Procter & Gamble Beka bati esker idatzi zuen egileak.

-Juanjo Olasagarre, Bizitzaren fardelak, Susa, 243 orrialde.
1980ko hamarkadako urte ekaiztsuetara garamatza berriro ere idazle arbizuarrak. Billy Wilderren Con faldas y a lo loco filmean eskuarki inspiratutako abiapuntu batekin, Baby Shangai trabestia Madrileko Movidatik dator ihesi, eta erakustaldi batean ezagututako aizkolari baten etxean babesten da, idazleak izen fiktizio batez bataiatu duen baina zalantzarik gabe ezaguna zaigun Nafarroako eskualde jakin batean. Aizkolariaren sendiak Herrian daukan tabernan hasiko da lanean Baby Shangai eta, jakina, berehala jasoko ditu informatzaile bihurtzeko proposamenak hala ETArengandik nola Guardia Zibilarengandik. Baina okerrena ez da hori, baizik eta Baby Shangaik izango dituen arazo latzak Herriko giro itogarrian integratu ahal izateko. Ezbairik gabe, ondu berri duen eleberriak Sakana aldean zituen adiskideen kopurua are gehiago murriztuko dio Juanjo Olasagarreri (baldin eta lehendik bat edo bat geratzen bazitzaion, alajaina).

-Lourdes Oñederra, Emakumeak sugea zapaldu zuen. Gaixoa, Emakunde, 60 orrialde.
Aurreko nobelaren ildotik Erteuropako hiri batean bikote harremanei buruz dihardu Lourdes Oñederrak oraingoan ere. Orduko emakume ikuskeran sakonduz gizonak desagertu egiten dira ia paisaia bihurtuz. Emakumeak, aldiz, den-dena dira: paisaia, arima eta gorputza, lesbianismora heltzeraino. Iazko Emakunde saria irabazi zuen.

-Jose Mari Iriondo, Nola gastatu ehun miloi euro ETB egiten, EITB produkzioak, 1000 orrialde.
Horren modan paratu diren Nola egin liburuen sailekoa dugu honako hau, eta izenburuak dioen bezala ETB, bereziki ETB 1 hobe bat nola egin du helburu. Liburuaren mardulari erreparatuz gero badirudi gauza handiak kontatzeko dauzkala Iriondo jaunak. Hainbat kapituluren izenburuak baino ez ditugu aipatuko: “Ansorena eta euskal irri betikoa”; “Herri kirolak: euskal izate intrisenkoa (estrinsekoki)”; “Funtzionario fantasma (PSOEren garaipenaren beldur)”; “Maite Kuttuna: betikoaren itzulera (Guraso ezker eta abertzalekoen utopia errebozatua)”; “Nola gainditu Verano azulen marka gure betiko telesailak errepikatuz”; “Meza santua grabatzeko kamera-angeluak eta alemaniar espresionismoaren ekarpena”; “Dragoi Bola Z eta euskal abertzaletasuna: nola lotu kontzeptu biak”. ETB, bereziki ETB 1 hobetzeko balioko duelakoan.

-Edu Zelaieta, Pasaporterik gabe, Susa 135 orrialde.
Hesi guztiak apurtuz, poeta gasteiztarrak bere obra anbiziotsuena proposatzen digu. Bere lirikak mugarik ez duela frogatuz, poema batzuk euskaraz eskaintzen dizkigu, beste batzuk katalanez, beste batzuk sardinieraz eta gutxi batzuk baita aimaraz ere; azkeneko poema, munduko herritar borondate onekooi globalizazio basatiak inposatzen dizkigun kateen kontrako oihu lazgarria, lehenago aipatutako hizkuntza guztien nahasketaren emaitza da, Finnegans Wakeren garaietatik erdiesten ez zen erakustaldi bikain batean. Egilea liburuaren bertsio musikatua prestatzen ari da, Euskadiko Orkestra Gaztearen, Donostiako Orfeoiaren eta Aezkoako Albokarien Elkartearen partehartzearekin.

-Fredi Paia, Zer da fisika kuantikoa?, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea, 643. or.
Frantsesezko Que sais-je? bilduma oinarri hartuta, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteak liburu batzuk prestatu ditu gaur egungo oinarrizko kontzeptuak bertsotan azaldurik ikastoletan erabiltzeko. Azkenik lortuko ahal dugu, honekin edo hau bezalako saiakera eredugarriekin, geure eskola eredu propiala fundatzerik. Lehen zenbaki honetarako, Friedrich Paia bertsolariak fisika kuantikoaz jakin beharreko guztia atondu digu bertso zinez eder eta bide batez gogoraerrazetan. Haien puntuak errepikatuz ikasleak Europako puntan jarriko ditugu. Benetan gogoangarria quant unitatearen aurkitzaileari eskainitako kapitulua: Erradiazio espektroa,/ ejem, gorputz beltz batena/ Max Planck-ek argitu bide zuen/ kuantizatuz ahalmena. (Oharra: Euskal Kurrikuluma proiektuaren bultzatzaileek biziki gomendatutako liburua).

Iigo Astiz
Iigo Astiz dio:
2006/09/05 13:58

Ez nuen uste zuek ere hain krudelak izango zinetenik.  Durangoko azokaren alderik komertzialenean erori zarete, merkantilismo hutsean eta proposamen interesgarrienak bazterrean utzi dituzue, hain zuzen ere zuek hain barnean duzuen neoliberalismo kanibala kritikatzen dutenak! Ez duzu begirik halakoentzako, ez duzue begi kritikorik ala? Zuen burges ttipi izaerak bazterrean utzi dituen liburu guzti horietako bat bakarrik ekarriko dut hona.

Pako Aristi, Post-it-ak, 201 orri, autoprodukzioa.

Proposamen berritzailea eta apurtzailea egiten digu Aristik oraingoan ere. Beti bezala besarkatzen gaituen, eta batzutan baita barrutik heltzen ere, inguruari begiratzerakoan kritiko ageri da idazlea. Poemak, apunte txikiak eta zenbait kafe orbain jasotzen dira 201 orriotan. Post-it-etan kabitzen diren testuak idaztea izan da idazlearen erronka oraingoan, eta lortu du testu motzak bai, baina, aho zapore luzea uzten dutenak sortzea.

Gorka Bereziartua
Gorka Bereziartua dio:
2006/09/05 17:01

Zoritxarrez Iñigo, hainbeste tematu zara ezen, Eremulauak edizioguneak kaleratu behar zuen liburu kolektiboa ez da Durangorako prest izango:

Hala ere proiektuaren berri emango dut, tarte hau baliatuz. Hasieran ohiko zientzia fikziozko istorioaren itxura izango zuen liburua idaztea zen helburua: nik zebra-muskuilu erraldoi batek Kontxako badia erasotzeko konplotean oinarritutako ekintza-nobela idatzi nahi nuen, Beñat Sarasolaren argudio filosofikoen hornidurarekin hemen lehenago aipatu izan diren nobela-hibrido bikain bat osatzeko. Proiektua aurrera zihoan, Nun taldeak liburuaren opera-rock moldaketa ere prest zeukan Plateruenan aurkezteko...

Baina Metropoli Foraletik Iñigo Astizen proposamena etorri zen: UPNren kabineteak 90eko hamarkadaren hasieran ezker abertzalearekin bukatzeko aurrera eraman nahi zuen ajoarriero intoxikazio batean oinarritutako saiakera historikoa idaztea. Nabarraldekoak ere laguntzeko prest omen zeuden gainera. Eztabaidan hasi eta... Azkenean putza.

Enfin, datorren urterako izan beharko du...

Mikel  Ayerbe
Mikel Ayerbe dio:
2006/09/05 16:16

Ezin da Durangoko uzta aipatu egunkari, aldizkari eta bestelako erakundeek ateratzen dituzten egutegi, ale berezi eta bitxikeriak aintzat hartu gabe.

Aurten Berria berrituak berriro ere erronka berri bati aurre egin dio. Ohiko egutegiarekin batera, euskal kritikagintzan dagoen behelainoa argitzeko honako artikulu-bilduma aterako du:

Ibon Egaña & Iratxe Retolaza, Gure kritikagintzaren historia petrala, orri kopurua zehazteke, Alberdania/Berria.

Berton, Berrian argitaratu izan diren ohiko kritikez gain, Euskal kritikagintzaren historia txiki bat ere aurkituko dugu (prentsako kritiketan egon izan diren katramilen berri zehatza eta guzti bilduko dute!!!!!).

Inondik ere, kritikatu beharreko liburua.

Volgako Batelariak
Volgako Batelariak dio:
2006/09/06 10:06

Iñigo Astizi: Eskertzen dizugu informazioa, baina Durango Azokako nobedadeen sail honen hurrengo zintzilikaldian argi geratuko den bezala, aipatzen diguzun Post-it-ak ez da izango Pako Aristik Euskal Parnasoari aurten egingo dion ekarpen bakarra, ezta, gure ustez, inportanteena, baizik eta, Erein argitaletxetik esan digutenagatik, Ahazturik nituen kaierak izenburuko lana, benetan iraultzailea suertatuko dena, gure uste apalean. Post-it-ak horrek, Iñigo, apokrifo bat ez bada (baina ez dugu halakorik pentsatu nahi zu bezalako irakurle prestu batez), gehiago du Aristiren kapritxo baten antza, edo agian material zaharra birziklatzeko ahalegin batena.

Mikel Ayerberi: argi dago ezin dugula konfiantza izan ezta Batelariongan ere. Ibonek ez digu ezer esan besteoi Iratxe Retolazarekin atera beharreko kontu horretaz, bai ordea Kritikaren erraiak delako mardulioaz. Izan ere, bere lanaren berri hurrengo emanaldian eskaintzera gindoazen, baina orain zalantza sartu zaigu, ea bietako zein izan daitekeen apokrifoa, Ayerbe jaunarena edo gure Batelariarena. Ibonek zin eta zin egiten digu Kritikaren erraiaken frogak oraintxe zuzentzen ari dela, jo ta fuego, etxetik atera gabe, baina jada ez dakigu sinestu ala ez (batez ere etxetik atera gabe dagoela...).

Sinatuta: Volgako Batelarien zemtsvo iraunkorrak.

Jurgi Kintana
Jurgi Kintana dio:
2006/09/05 18:18

Beste nobedade bat:

  • Askoren artean (2006): Volgako zirgariak, Guggenheim arg., Bilbo, 237 orr.

Errusiako artearen erakusketa eskaintzen du hileotan Bilboko Guggenheim museoak. Bertan ikus daiteke, besteak beste, Volgako batelarien koadro ospetsua. Horren haritik, Guggenheimeko arduradunek, euskara maite dutela eta bertoko literatur munduan sakon erroturik daudela erakutsiz (arte liburuak soilik erdaraz argitaratu izana aurpegiratu baitzaie inoiz), blog honetako testu onenak hautatu eta paperera eraman dituzte (gainera, ekologia zaindu nahian, paper satinatua eta argazki koloretsuak beharrean, paper birziklatua eta monokromia erabili da, beti ere oso modu artistikoan, euskarazko liburu batek merezi bezala).

Irakurlearentzat liburuko edukiak ezagunak izango direnez, ohar llabur bat erantsiko dut izenburuaz. Museoko euskara itzultzaileak, liburuaren azalean ageri den koadro ospetsuari (baita museoan ikusgai dagoen originalari) "Volgako zirgariak" izena eman dio. Ez dakit forma hau euskal tradizio jatorrra berreskuratu nahian, euskal (blog) tradizioa kritikoki irauli guran ala Euskaltzaindiaren azken arauari men eginez hautatu den. Edozein kasutan blogaren arduradunek beren interneteko izena aldatzea serioski aztertu beharko lukete, edo gutxienez museoko itzultzailearekin koordinatzea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44