Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Kritika gautiar txikia hiru fasetan

Kritika gautiar txikia hiru fasetan

Angel Erro 2006/08/15 02:00




Uda izaten da urtean zehar irakurtzeko astirik edo ausardiarik izan ez dugun liburu horiei ekiteko. Zozketaz, ohi dugunez, Errori egokitutako liburua ere, udarako utzia, irakurri du azkenik, eta guretako hiru fasetan kritikatu (irakurri aurretik, ondotik eta bitartean), Sr. Chinarrok esanen lukeen modura, "ni al barón Thyssen le va a salir la operación tan mal". Liburua irakurri aurretik, edo nire aurreiritziez

Liburua nire aurrean dut, ireki gabe. Herriko liburutegitik hartu du libre utzi dutenean, eta itxaron behar izan dut. Tituluak, bere tipografiak, portadako argazkiak erregina egipziarrean pentsarazten gaitu. Eleberri historiko bat? Ez dut uste. Gaur egun girotu detektibe nobela bat dela uste/irakurri dut. Espekulatzen dut –gorputzeko atal bat jarriko nuke posturan– Kleopatra pertsonaia (baldin pertsonaia bat bada) eleberri beltz honetako femme fatalea dela, tramaren subjektu pasiboa, eta seguruenik prostituta bat.

Liburua laburra da, 150 bat orrialdekoa, argiune askoekin. Gau honetan bertan hasi-bukatu ahalko dut, telebistan ematen duten filma ikusi ordez. Neure burua ezustean hartu nau liburu honen irakurketari zerbait libresko baino gehiago zerbait filmiko bezala aurrea egiteak. Baina ez nau harritzen, gogoan hartzen badugu –okertzen ez banaiz– aldizkari honetantxe Gerardo Markuletak iradoki zuena egileari buruz: ez irakurtzeaz harro omen zegoela. Zer idatz dezake irakurtzen ez duen batek? Film on bat, kasurik hoberenean.

Tristeena da, definizio ontologikoaz bai irakurtzen duten (zure) irakurleak zerara kondenatzea, idazle ofizioa mendeetan zehar zorroztuz eta hobetuz joan den baliabideez pobresturiko testu batera. (Baina soka luzea du kontuak, filmetako baliabideek literatura bai aberats baitezakete) Horrexegatik uste dut liburua ez zaidala gustatuko, horregatik eta Ostegunak liburuaren aurrerakariagatik, AEKan eman nituen urteetan hasi –eta bukatu ez– nuen liburua (agian nire lehen liburua euskaraz). Hau bukatzeko konpromisoa hartzen dut.

Bestalde, nik irakurri aurretik, beste bi irakurleren berri izan dut: Javier Rojoren eta Felipe Juaristiren kritikak (F.J.-rena ez dut Susategian topatzen; ergo, ez zuen idatziko). Biek ongi uzten dute liburua; ñabardurekin, hori bai. Sentsazioa dut “haiek uste zuten ez bezain txartzat” jotzen dutela. Kritikari baten lanean espektatiba funtsezko eta munta handiko elementua da. Beraz niri ere gustatzeko arriskuan nago; ñabardurekin, hori bai. Rojok literatura arretxiarra Eduardo Mendozaren alderdi umorezkoarekin erkatzen zuen. Hori ez bada egile katalanari egin irain estali bat, bihotz hartzen dut liburuttoa hasteko tenorean. Eduardo Mendozak dibertitu egiten nau. Irakurtzen hasi behar dut. Ez ekarri niri lorerik, ez nago-eta hemen. Zoriontsua izan (nahi) behar dut.

Liburua irakurri bitartean, edo ohar lotugabe batzuk

13garren or.- Komiki batekin hasten da. Hibridazioa eta abar. Ez dirudi zinta gehiagorik dagoenik liburuan zehar.

18garren or.- “Mandeuli urdina topatu beharko duzu”. Maltako belatza> Pink Panther> Mandeuli urdina. Eredutik aldendu ahala, zentzu parodikoak gora egiten du.

23garren or.- Orain artekoak umorea du, likitsa (Etxeberen zerrikeriak), políticamente incorrecto (sudakei kontrako arrazakeria): Torrente pelikula etorri zait burura.

27garren or.- Ilusioa egin dit pantera arrosa opiltxoa pertsonaia batek aipatuta agertzen dela ikusteak. Kasualitate hutsa? Intertestualitatea?

30garren or.- Pertsonaia nagusiak Manila Konexioa liburukoak direla ohartzen naiz.

37garren or.- Kapituluak bukaera folletineskoa du.

49garren or.- Atal honetako herri girotzeak ez nau hainbeste kilikatzen. Edo aspertzen hasi naiz?

65garren or.- “antioju biribilak eskuin erpuruaz bekoki alderantz bultzatu”. Itzultzaileak nola? Subirse las gafas? Empujarlas hacia la frente? Euskal idazle askoren baitan perifrasiarekiko atxikimendua atzematen da. Edo euskararen lexiko pobrezia? Edo oso geurea den barrokismoa? Edo pobreziak eragindako barrokismoa?

70garren or.- “prefosta” irakurri dut detektibeak esanda, eta, nahi gabe, agian arrazoirik gabe, Amaia Ezpeldoiz oroitu naiz.

Ordubetetxo daramat liburuarekin, ez zait astuna egiten ari, nahiz eta trama, edo, hobe esan, inkesta ez den presezki erakargarria. Ikerketa baino gehiago gymkhana batean ari direlakoan nago. Abiarazi duten ikerketak ez du ez sinesgarritasun ez zentzu askorik. Baina nobela beltz askotan, eta Espía c ómo puedas bezalako pelikuletan ere, ikerketa gutxiengoa da; ardura duena gizartearen erretratua (lehen kasua) edo esketxen segida eta eraginkortasuna (bigarrenean) delarik.

78garren or.- “–Ea aldatzen dituzun galtzontziloak noizean behin!
–Bakoitzak bere gustuko perfumea dauka, Minguez”

79garren or.- Detektibea eta laguntzailea: abizen euskaldunak: EAJoteroak. / Polizia (ustela) eta lagun (ustela): abizen erdaldunak: fatxak

90garren or.- Egia esan, puntazo batzuk baditu.

94garren or.- Hasi naiz bilbearen hariak oso ongi ez lotzen, hasi naiz galtzen; mea culpa, seguruenik. Argituko zait.

110garren or.- Mairuak idolatrak???? Consistencia histórica dan-browniana.

124garren or.- Baltasar beltzak eta Puri prostitutak sexua eduki dute, baina off the record. Pena. Ordu tontoan nago ni.

134garren or.- Mairu idolatrena argitu da: pertsonaien nahastea zen, ez egilearena. Barkatu. Nola erori al naiz tranpan? Barkatu. Mandeuli kontua karistiarren azalpen nabarraldetarraren esku dago.

149garren or.- Istorioa askatzen joan da. OK.

155garren or.- Komikia berriz. Grazia egin dit bukaerak.

Liburua irakurri ondoren, edo ondorio modura

Liburu entretenigarria da, umore onekoa, genero beltzeko ezaugarriak (zentzu parodikoan beti ere) betetzen dituena. Darabilen umorea ez da bereziki jasoa, askotan sen baxuetara dei egiten du, baina ironia bat edo beste ere agertzen du, ez askorik ere.

Eleberri beltza eta umorea nahasteko kontua ez da gaurkoa. Izan ere genero honek oinarri-oinarrian duen eginbeharrik nagusietarikoa, hots gizarte salaketa, behin genero bezala kontsolidatu delarik, aurrera eramateko modu eraginkorragoa da, seguruenik, umorearekin, ironiarekin nahastearena, bestela underground-a agertzea eszenario baten eraikitze ikasitakoa baino ez zelako. Eta nago eraginkorra suertatu dela Eduardo Mendozaren kasuan (Bartzelonako burgesia eta progresia erretratatzerakoan) eta Santiago Seguraren Torrente filmean, lehenbizikoan bederen (Espainia atabikoa).

Gauza bera egiten ahalegindu al da Jon Arretxe Kleopatran? Han-hemenka ahalegin txikiak nabaritzen dira, apunte batzuk, garatu gabeak, baina oro har esango nuke ezetz; ez zela hori bere nahia, eta baldin bazen, ez duela lortu ebatzi beharko genuke. Zer nahi izan du beraz? Ikastola, institutu eta euskaltegietako zirkuitua birrelikatzen jarraitu, eta liburua irakurtzean diberti gaitezen. Eta zin egiten dut nahi izanez gero barre egiteko modukoa dela eta nerabe askok Kleopatran oso liburu dibertigarria topatuko dutela.

etiketak: Kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44