Literaturaren izaera txirrindulariari buruz (gehiago)
Rafael Reig-en Manual de literatura para caníbales irakurtzen ari nintzen, belaunaldi literarioen kontua eta txirrindularitza lotzen zituen pasarte hau irakurri nuenean. Harrituta geratu nintzen: Jon Alonsoren "Tropela" artikuluak eskola egin al du Ebroz hegoaldeko lurralde idor eta etsaietan? Edo uste genuena baino ebidenteagoa (eta, ondorioz, unibertsalagoa) al da alegoria, metafora, sinekdokea edo dena delako tropoa? Edonola ere, azkeneko Tour drogoso hau pasatu berria dela aprobetxatuz, literaturaren ikuspegi ez guztiz berri baina bai lotsagabe samar eta argitzaile horren itzulpena aitzakia ona da liburu benetan dibertigarri bat gomendatzeko.
Zeren eta Manual de literatura para caníbales (Bartzelona, Debate, 2006) espainiar literatura garaikidearen azterketa zorrotz bezain jostaria baita. Zorrotza da, egileak ondo baino hobeto ezagutzen duelako gaia (arlo horretako unibertsitate-irakaslea da, hori, printzipioz, ezerren bermea ez den arren, badakit: baina kasu honetan, bada, hitza ematen dizuet; kontuan hartu, besteak beste, Reigen doktorego-tesiaren izenburua hauxe izan zela: Mujeres por entregas: la prostituta en la novela del XIX). Izan ere, atal bakoitzaren amaieran galdetegi bat dakar, eskuliburu estatubatuarrek egin ohi duten bezala, eta "Gehiago jakiteko" deituriko beste bat, irakurketa gomendatuekin. Eta haien edukia, ondoren esango dudanarekin kontraesankorra badirudi ere (ez da), oso kontuan hartzekoa da.
Eta jostaria da umore dosi handiez idatzita dagoelako. Adibidez, 98ko Belaunaldiari dagokion amaierako galdetegian hau bezalako kuestioak aurki ditzakegu: "1. Har ezazu ausaz Azorín-en testu bat. Azpimarratu hitz ezezagun guztiak. Aurkitu horien esanahia eta, ondoren, ordezka itzazu sinonimo arruntengatik. Beste kolore bateko harkatz batez, ezabatu errepikapen guztiak. Zer geratzen zaizu? Orain, labur itzazu hiru esaldi horiek ideia bakar batean eta aurkez ezazu tabernan zurea balitz bezala. Baldin eta norbaitek esaten duzuna interesgarritzat hartuko balu, itzuli etxera eta errepika ezazu berriro prozesua". Atal bereko "Gehiago jakiteko" amaieran, berriz, hala dio: "Moderazioz irakurri Unamuno. Hasi saiakerekin. El sentimiento trágico de la vida, izenburu hori izan arren, bere lanik barregarriena da ziurrenik. Ondoren irakurri bere nobeletakoren bat eta saiatu zaitez zuzentzen beraren begien bistako argumentu-hutsak (adibidez La tía Tulan). Ez galdu denbora Maeztu irakurtzen".
Jostaria da halaber lanaren egitura. Azken aldi honetan esperientzia ez bereziki atseginen bat izan dudan arren, aitortu beharra daukat obra honetan egoki uztartzen duela egileak hari nobelistikoa eta saiakeraren (edo, kasu honetan, eskuliburuaren) izpiritua: bai, Manual de literatura para caníbales saiakera-nobela horietako bat da, baina balizko irakurleak ez luke izutu behar. Bertan Belinchón familiaren historia kontatzen zaigu, belaunaldiz belaunaldi, XIX. mendearen hasieratik. Belaunaldi bakoitzean, jakina, idazle bat dago, baina, zoritxarrez, bizi den garaiari dagokion mugimendu literarioarekiko "atzeratuta" doa beti: Erromantizismoaren garaiko Agustín Belinchón, adibidez, neoklasizismoaren jarraitzailea da; Errealismoa eta Naturalismoa nagusi diren unean, Fonsito Belinchón erromantikoa da noski; modernistak perretxikoen moduan ugaltzen ari zirenean, eleberri errealista erraldoi bat idazten setatzen da José Nepomuceno Belinchón, etab., etab.
Liburuaz (gehiago) disfrutatzeko gomendagarria da espainiar literaturaren ezagutza minimo bat izatea, garai bateko batxilergo mailakoa gutxienez (ez baitakit une hauetan nola ematen den gai hau gure institutu, eskola eta ikastoletan). Esaterako, Fonsito Belinchónen txikiteo-koadrilakoak dira Benito Pérez Galdós eta Juanito Santa Cruz, Fortunata y Jacintaren protagonista, eta diskisizio literarioen arteko eszenetan Charitorekin endredatzen dira, Galdósek Jacinta bihurtuko duena bere eleberrian. Beste era batean esanda, pasarte horiei atsegin gehiago aterako diegu Fortunata y Jacinta irakurri badugu (Luzioren oharra: edo telesaila ikusi badugu...), baina ez da behar-beharrezkoa [nota bene: Reigentzat Fortunata y Jacinta "garai guztietako espainiar nobelarik onena da (bai, Cervantes hor egonda ere)"].
Lanaren egilea Rafael Reig da (Cangas de Onís, 1963), azken aldi honetako espainiar nobelagile interesgarrienetako bat. Umorea eta generoen gurutzaketa dira, akaso, bere ikur literariorik nabarmenenak, eta batzuek Espainian roman-fusion delako joeraren (hots, etiketaren) ordezkaririk behinena kontsideratzen dute. Horren adibide garbia da Sangre a borbotones nobela (2002), egile honen gomendagarrietako bat nire ustez: thriller-a, zientzia fikzioa eta metaliteratura ondo nahastuta eta irakurketa-maila posible ezberdinekin. Bere beste nobela batzuk hauek dira: Esa oscura gente (1990), Autobiografía de Marilyn Monroe (1992), La fórmula Omega(1998), Guapa de cara (2002) eta Hazañas del capitán Carpeto (2005). Suerte pixka batekin, eta aldizkari honen idazkuntza kontseilu agurgarriak onartu ezkero, elkarrizketaren bat egingo diogu hilabete hauetako batean.
Ordura arte, goian aipatu bezala, Jon Alonsoren Tropela fundazional hura gogorarazi didan pasarte txirrindularia eta, edonola ere, literatur sistema garaikideen ezaugarri batzuen analisi zorrotza bezain argia; agerikoa den bezala, Manual de literatura para caníbales liburuaren Lehenengo Gaitik atera dut, Erromantizismoari buruzkoa eta "Ornitorrinkoen matxinada" izenburua daramana:
Iraultza Burgesak Antzinako Erregimena garbira pasatu zuen ondoz ondoko emendakinen, ezabaketen eta zuzenketen bitartez: iraultza politikoa, konstituzionala, juridikoa, industriala, koloniala... Ez zuen soilik erabaki bozen bidez errege bat gillotinatzea, artea ere hankaz gora jarri zuen. Nori inporta zaio soneto bat, Adam Smithen jostorratz fabrikarekin konparatuta? Zer leku betetzen du artistak lanaren banaketa berrian? Zein da egloga baten gizarte-funtzioa merkatuaren esku ikusezinaren aurrean? Edo Larrak, literato gazteak, hitzontzi gaixoak bere buruari galdetzen zion bezala: zein da publikoa eta non demontre dago?
Ordura arte artistek butaka zenbakiduna izan zuten boteretsuen antzokian. Zalantzarik ez, bufoiarena edo apaingarriarena egiten zuten, on Kixotek dukeen jauregian bezala, baina trukean Baratariako intsulak jaso ohi zituzten.
Eta orain, zer egingo dugu, XIX. mende betean? galdetzen zuten lumadunek.
Anezka hegalariaren, lurrinezko makinaren, trenbidearen, parlamentuen eta nazionalitateen asmazioaren ondoren, ikarak hartuta zegoen beren oinek zapaltzen zuten lurra. Atsekabetuta, burumakur, harrituta eta mihimotz sentitzen ziren.
Izan gaitezen zintzoak, jaunak: honela ez goaz inora tematzen zitzaien lagunei Espronceda, hortzekin jaio zen gizona.
Azken batean, literatura hauxe besterik ez da: bere etxean dagoen eta pijamaz idazten jartzen den morroi bat. Lagun temati horrek idatzi eta idatzi egiten du, gelditu gabe, liburu bat amaitzea lortzen duen arte. Gero beste pertsona batek inprimatzen du, beste batek banatzen du eta, ibilbidearen amaieran, beti agertzen da beste bat, bere etxean ere bai, zapatarik gabe irakurtzen hasten dena, oinak mahai gainean ipinita. Hori da fenomeno literarioa. Ez gehiago. Morroi nekatu batzuk, betzuloekin, pijamaz jantzita idazten dutenak. Emakume logaletuak tren-bagoi batean. Erosoago irakurri ahal izateko ortozten diren gizonak. Patioaren txoko batean murgilduta jolas-ordu osoa pasatzen duten haurrak.
Errepikatu beharrean nago, adiskideak: honela ez goaz inora tematzen ziren XIX. mendeko idazlari nahigabetuak. Hau guztia, azken batean, nori axola zaio?
Koxka arriskatu zen norbait literatura gertakari bihurtzean datza.
Ondo ikusia: hortxe dago auziaren iltzea!
Hori zen gakoa: benetako gizarte gertakari bat. Ebidentzia ezeztatu beharra zegoen, hortaz. Kontua ez zen jadanik pijamaz jantzitako poligrafo tematia, ez emakume pentsakorra, ez irakurle oinutsa, ezta zokoratutako umea ere, irakurtzeko mihiaren punta ateratzen duena begiak orrialdera itsatsita dituelarik. Jende ilun hori antzarrak ferratzera joan zitekeen: izebergaren mutur bihurtuko ziren (haiek bezain higuingarria den esamolde bat erabiltzearren). Erabakigarriena zen literatura gertakari bilakatzea, gizarte-egoera baten adierazpen, are belaunaldi oso baten sentsibilitate... Horretara jarrita, zergatik ez? Kalera burua tente irten ahal izateko kristo guztiak ezagutu beharreko zerbait.
Literatur mugimendu bat, esan nahi duzu?
Hain xuxen ere!
Izan gaitezen erromantikoak, beraz; bidal dezagun Arrazoia lo egitera, eta sor ditzagun munstroak. Egin dezagun ornitorrinkoarena, adiskideak!
Bingo! Hura izan zen haien eureka. Azkenik, topatu zuten konponbidea. Une horretatik aurrera, literaturaren historia mugimendu literarioen historia bihurtuko da: Espainiako itzuliko txirrindularitza-taldeek jokatzen duten txandakako lasterketa: hurrenez hurren erromantikoak, naturalistak, modernistak, surrealistak, novísimoak eta abar, bakoitza bere estrategiarekin, bere zuzendari teknikoarekin eta atzean gelditu direnak jasotzeko erratz-autoarekin.
Txirrindularitza lasterketetan bezala, azkenean batek bakarrik irabaz dezake, hori onartu beharra dago. Lasterkari bakarra igotzen da podiora andereño ederraren musua jasotzeko eta txanpan botila irekitzeko. Batek soilik jantziko du legendazko maillot horia (agian lehenago aipatutako lagun setatiak, gau osoa pijamaz jantzita idazten pasatzen duen hark?). Beste guztiak babesleak dira, laguntzaileak, mirabeak, jaurtitzaileak tropeleko txirrindulari zintzoak, liderraren, sailkapen orokorrean hobekien dabilenaren zerbitzura. 27ko Belaunaldia taldean, esaterako, lider eztabaidaezinak, García Lorcak, luxuzko laguntzaileak izan zituen, hala nola Altolaguirre edo Villalón, eta une haietan izan zezakeen zuzendari tekniko onena: Ortega und Gasset, Alemanian diziplina teutondarrarekin prestatua. García Lorca podiora igo zen, bai, baina beste askok ere garaikurrak eraman zituzten.
Txirrindularitza lasterketetan bezala, ia denek dute helmuga bolanteren bat irabazteko aukera (Pedro Salinasek, adibidez, edo Dámaso Alonsok), edo Mendiko Erregearen maillot titaduna janztekoa (Rafael Albertik egin zuen bezala), edo bakarkako ihesaldi ikusgarri bat protagonizatzekoa (Miguel Hernándezena edo Luis Cernudarena), edo erlojupeko bat irabaztekoa (Vicente Aleixandre), edo Erregulartasunaren saria eramatekoa (sari hits eta iluna, Jorge Guilléni eman zitzaiona). Denetik egon behar du: igotzaile petoak eta sprinterrak, sonetoak manufakturatzen dituztenak edo soilik eleberri poliziakoak idazten dituzten morroiak dauden bezalaxe.
Izan zen ahalegin aurrekaririk, jakina. Berceok bere mester de clerecía taldea prestatu zuen aurkako taldearen kontra aritzeko, mester de juglaria delakoa; humanistek talde garaiezina eratu zuten Rotterdameko Erasmoren zuzendaritza teknikopean; Lope de Vegak ezkerreko poltsikotik atera zuen bere komediak egiteko arte berria, eta abar.
Alabaina Erromantizismotik aurrera hasi zen, azkenik, gauza serioski antolatzen, nahita, prestatzaile fisikoarekin, masajistarekin, babesleekin, aleaziozko gurpilekin eta erdibitutako meloiak diruditen kasko horiekin.
Erromantizismoa aurreneko literatur mugimendua da, zentzu modernoan.
Nola bururatu zitzaien Espronceda eta konpainiari?
Horixe ba, nola bururatu zitzaien Espronceda eta besteei, eta ondoren datorren guztia irakurtzea nahi izanez gero, badakizue.