Gay poesia: Karlis Verdins
Kārlis Vērdiņ Rigan jaio zen 1979an. Doktorego tesia, literatur teoriaz, prestatzen ari da orain Letoniako Unibertsitatean. Luna aldizkariko idazkuntza batzordekoa izan da. Itzultzaile moduan letonieraz jarri ditu, besteak beste, T. S. Eliot, William Carlos Williams, Emily Dickinson eta Allen Ginsberg-en poema batzuk. 2001ean argitaratu zuen lehen liburua: Ledlaui (Ontzi izotz-hauslea). 2004ean atera zen bigarrena: Biezpiens ar krējumu (Gazta zuria kremarekin). Kārlis Vērdiņen poema antologiak errusieraz, ingelesez (A Fine Line: New Poetry from Eastern and Central Europe, Arc Publications 2004) eta txekieraz argitaratu dira. Letoniako Literaturarako Zentroan zuzendaritza batzordekoa da. Hemen euskaraturik dauden poemak bigarren liburukoak dira, ikusiko duzuenez gehienak prosa poetikoa deitzen den poltsa horretan sartu ahal ditugu beste izenik ezean; liburuko poema guztiak ez dira horrelakoak baina hauek aukeratu zituen poetak Esloveniako itzulpen lantegirako zerikusi zuzenagoa baitzuten proposaturiko gaiarekin, gay poesiarekin alegia. Izenburuan dauden bi izen, gazta zuria eta krema, janari ohikoak dira Letonian eta, garrantzizkoa dena, biak dira maskulino letonieraz. Bi ohar bukatzeko: bigarren poeman agertzen den lat hori Letoniako dirua da eta seigarren poeman agertzen den Daugava Rigako ibaia.
Status quo
Maitasun aitorpena ederra independentzia deklarazio baten antzera. Oposizioan emandako urte askoren ondoren pisu partekatu erromantiko batera aldatu ginen zarpaildurik, biluzik alegia eta urteak eman genituen kanpora ateratzen ausartu gabe. Eta erregina bibotedunek ezagutu gintuzten de facto.
Gaur jai nazionala da berriro, su festak, edalontzi dirdiratsuak dominak bezalakoak, musuak pintxoen ordez. Ergo bibamus, ene printzea, herri oso bat lapurtu dugu bihotz hutsa bailitzan.
Come to me
Gazta otarteko txiki bat ekarri nizun. Goizeko ordubiak ziren, jende guztia lotan zegoen, dendak itxita, baina I Love You tabernan gazta otarteko txiki bat eman zidaten.
Taxiz ekarri nizun gazta otarteko txiki bat hor etzanda zeundelako triste, agian gaixorik ere, eta ez zegoen ezer jateko etxean. Oso garestia izan zen, lat bat gutxi gorabehera, baina ondo zegoen.
Taxian nengoen, bada, nire ailobiu txiki horrekin, erabat zapalduta, hotz jadanik. Baina ez dakit zergatik ez nuen etxera eraman. Guztiak zoriontsu eta buruargi, eta oso gose, zeuden lekura heldu nintzen ez dakit nola. Edan nuen orduan, eta kantatu, baina nire otarteko txikia salbatu nuen.
Hirugarren egunean edo, zuri emateko aukera izan nuen azkenik, oso haserre zeunden eta ia begiratu gabe jan zenuen. Ausartu izan banintz esan nizukeen: baina badakizu maite zaitudala, badakizu miresten zaitudala. Ez behartu berriro esatera.
Zergatik ukatu
Ez nuen lehenago esan, nekaturik nago: gaur zebra bat atera dut sutan zeuden sasien artetik, janaria zela eta pozoiturik zeuden hamaika pinguino sartu dut kamioi batean. Ez dut ordainsaririk eskatzen, ez dut publizitaterik behar, emadazu bake eta lasaitasun apur bat bakarrik.
Hala ere, bitartean hotza eta tristezia arrastaka etorri ziren etxeraino, han inork ez zuen itsasoaz haraindiko tratu horiek ulertzen eta azalpen piloa eman behar izan nuen nire aurrean.
Pentsa ezazu hau: pertsona benetan atsegin eta maitagarri batzuk hainbat egunetan egon ziren urik, argirik eta sexurik gabe, eta inor ez zen arazoaren zergatikoa haiei azaltzeko gai izan.
Orduan nik neuk hartu nuen zalaparta horretaz ardura. Esan nahi nizun bakar-bakarrik jakin dezazun zer espero daitekeen nigandik.
Baina hori kenduta ona naiz, prest nago edozein laguntzeko, prest mundua armiarma gaiztoengandik salbatzeko: beharrezkoa ez denean ez izaten ikasten dut oso laster. Hiriko kale ilunen gainetik hegan egiten dut, baita hotz egiten duenean ere, edo euria, eta nire kapa gorria zikin dago eta bustita.
Nahi nuke
...zuk sukar gehiago izatea, horrela gure ohe zahar babesgabean etzanda egongo zinateke betirako kume itsu baten antzera. Termometroa ahoan jarri eta lo egin.
Deabrurik gabe, lagun maltzurrik gabe, guraso arrotz eta urrunik gabe, lan garrantzizkorik gabe ni izango nauzu ama, aita, anaia, emazte eta senarra. Nafarreri gorria duzula, edo neumonia, psikosia, neurosia, anginak edo errubeola.
Hitz egidazu. Kilika nazazu. Kontaizkidazu zure pentsamenduak.
Argazki bat bezalakoa
Atera nazazu plano horretatik, argazki handiaren marko urreztatu astun horretatik. Ikusi zutik nago konpost pilo batean belaunetaraino sartuta. Bigarrena ezkerraldean, trajea jantzita eta loreak eskuan. Ezpainak estuki itxirik, eta irribarrea kokotsean lasterka. Begi bazterraz begiratzen dut beste batekin etorri zara eta berandura arte geldituko zara dantzaldian.
Urte askotarako, kuia bat naiz. Baina gau honetan zure eskuek diligentzia bihurtuko naute. Ordoki zikinera eramango zaitut, atea ireki eta ikusiko duzu nola euria irristatzen saiatzen den zure aurpegian laztan finetan.
Gaua Daugava ibaiaren bestaldean
Etorri, etxera eramango zaitut.
Tranbiak, arrapaladan azken hamar metrotan, edo gehiago, itsasuntzi mozkor baten antzera, bira egiten du bat-batean orduan bidaiariak eserlekuetatik erori eta esnatzen dira eta ateak ireki, iluntasuna bagoietan sartzen uzten du.
Euriaren ostean dirdiratsu daude galtzadarri bustiak. Botikak, ospitaleak, psikiatrikoak eta hilerriak ateak ireki dituzte berotasunez. Erakusleihoetan lorategiko nanoak daude eta sukaldeko altzari perfektuak, gelditu gabe igaroko gara.
Gau osoan zehar, kaleko argi zikina lagun, kioskoaren ondoan norbait eserita dago, zerbeza bat edaten du eta dirua ateratzen die gaueko azken bezeroei. Zigarro bat emango diozu eta ahokada bat ke botako digu.
Nire kale txikia autopista handi baten aurrean bukatzen da bat-batean, azken segundoan eskailera zuloan amiltzen gara. Han, katu zuriak hormetatik dabiltza, botila txiki hutsek karraska egiten dute lurrean, zuhaitz adarrek leiho bat ireki eta kristal zikina hortzikatzen dute leun.
Nire gelak huts-hutsik daude, habe koloretsuek filmeak botatzen dituzte guretzat sabai eta hormetan han ilunean astigarrak, leihoaren bestaldean, nagiak ateratzen ditu gaizki lo egin ondoren; han, patioko ohantze lorezkoetan belarra ernatzen da; han aitona, oraindik alkandora zuria duela, eseri da lurrean sagarrak zuritzeko. Habeak itzali dira tunel ilunaren erdialdean. Lo egin, urrunago joan behar duzu bakarrik.
Arrano batentzat
Benetan, goitik denak desberdin ematen du hodeirik ez badago inurriak bezala mugitzen den jendea ikus dezakezu behean eta haren poz ezkutuak. Otoitz lotsatiak entzun ditzakezu, hemen zure kideek ontzat eman eta onartzen dute ezagupen bezala haien sabel biluzi eta biribilduekin.
Zure bekaitz dira, gorrotatzen zaituzte, eta iraintzen zure algara burrunbatsuak hodeien artean entzuten direnean. Zure bizarrak erraz egiten du igeri hodeien gainean, eta zuk hegan egiten duzu berriro jainkoek ahantziriko bazter bateraino zorabioa uxatzeko, masustondo ilun batean lo egiteko.
Edalontziak garbitzen ari naiz harraska ondoan, haien ahotsen marmarra entzun eta irribarre egiten dut lasai nik bakarrik dakit norantz desagertu zinen arratsaldearen erdian, begiak ixten ditut nik bakarrik dakit nora etorriko zaren gauean.
Aspaldian sorbaldak ukitu ahal nizkizun ezkutuan, mahai luzea zerbitzatzen nuenean, ardo gorri zurbilak gozatzen zenituen bitartean.
Ardi ahul baten jabea nintzen, baina nire urki azalez eginiko koroa larrean gelditu zen arranoak hartu eta airean gora eraman ninduenean. Haren moko zorrotz eta leunak nire bularra lehendabiziko aldiz zulatu zuenean.
Gu
1
Ez gaude haserre gure arbasoekin
ipur masaila arrosa kolorekoak zaku bigunetan jarririk
pantailari begiratzen diote bakez bazkan.
Etxean esertzen gara goibeldurik San Joan Gauean
eta ezin lorik hartu hainbeste oihu eta iskanbilarekin.
2
Negua igaroko dugu bero-argitan
gauza zorrotz eta hauskorren bildumak egiten etxean.
Aldaketa ezustekorik gabe, kolpe bat-batekorik gabe
irristatzen gara elkarrekin iluntasun argi honetan
tximisten zati sarkorren artean esnatzeko.
3
Aurreiritzirik ez dugu aurrera joan eta ezkon zaitez
sasien artean eguzkitan berotzen ari den musker horrekin.
Hala ere gogoan izan buztan zaharrekin itzuliko da,
plastikozko poltsetan jarriko dituzte etxeko apaletan
eta bihotzak taupada egingo du haien gutunen sakeletan.
Aingeru
Are you my Angel?
Allen Ginsberg, A Supermarket in California
Bai, zure aingerua naiz, zerutik erori naiz sagar arretaz zimeldu bat zuretzako biltzeko, esku zikoitz pare batetik beste pare batera hainbat aldiz pasa den sagar bat. Beherapen gaua da: fruta berdea deskontuekin, haragi hila epetan.
Ez esan inori, zure aingerua naiz, Michelangelok zizelaturiko David. Gau honetan eskuak musukatuko balizkidate haien portzelana akituak dar-dar egingo luke. "Zure zerua begien kolorekoa da", poeta zarelako, arnasestuka egongo zinateke. Galdetzen diot nire buruari zenbat lortuko zenukeen nire zatiak salduko bazenitu azoka txikian. Gin botila bat masusta mermeladarekin nahasturik eta balantzaka ibiliko zinateke mozkor gela ilunantz batean gorpuak edonon tabernan aurkitutako arrotz batekin; mozkor-mozkor eginda edari gehiago eskatuko luke, alde egiterakoan kartera kenduko lizuke.
Barra guztien atzean aingeru bat gau honetan, ez dago irribarrerik kontratuak ezartzen duenatik haratago; txanda bukatu da, hegoei eraginez haien gela erdi hutsetarantz aireratzen dira; bonbilla biluzi bat, sukaldea bazterrean, kulunkatzen duten esku hotzak, musu bat ile kizkurreko buru ezti horren gainean.
Zure atzean dagoen morroiak dirua kontatzearekin aski lana du. Aran eta banana guztiak erosiko ditu, supermerkatua bera ere erosiko du agian, eta ni barne egongo nintzateke; apalategian jarriko nau, beiratearen atzean eta hautsa kenduko dit zurdazko eskuila batez, zeruari distira emango dio felpazko xingola batez.
Utz iezaiozu oihukatzeari, utz iezaiozu harrotzeari. Azkar, atera itzazu pepinoak sakelatik, eska iezaiezu etxera eramateko; ez kezkatu, idatz ezazu poema bat.
Keinuak
Zerbait gustatzen ez bazaizu esadazu berehala: egidazu keinuren bat bekozko ilunez eta begiak ñarrotuz, ez nazazu utz asaldaturik zalantzen edo igarkizunen artean.
Buruaren biratze bat-batekoa edo ezpainen dardara ozta-ozta hautemangarria izan daitezela arrasto garbi: bikotetasunaren planeta arriskuan dago, Printze Txikiak alferrik bilatzen du ostertz biribila, eusteko, jarraitzeko, erorikoa galarazteko, urrun atzera orbita beltzetan.
Emaiezu hitza ukabil itxiei, mantaren azpian ezkutaturik dagoen buruari nire hartzaile hori, dena erdizka ulertzen, nire semiotika testuliburua, ireki begiak une batez bada ere, atera mingaina.