Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Gay poesia: Brane Mozetic

Gay poesia: Brane Mozetic

Rikardo Arregi 2006/06/28 02:00

Gaur ematen diot hasiera Literature Across Frontiers erakundeak Eslovenian antolatu zuen itzulpen lantegian eginiko lanaren emaitzari. Maiatzaren 27tik ekainaren 3ra arte bildu ginen han hainbat poeta elkarren lanak geure hizkuntzetara itzultzeko. Gay poesia izan zen lantegiaren ardatza. Esloveniakoa aukeratu dut hasteko: Brane Mozetič.

Brane Mozetič Ljubljanan jaio zen 1958an. Poeta, idazlea, itzultzailea eta editorea da. Esloveniako Literaturarako Zentroko zuzendaria da eta Ljubljanako Gay eta Lesbiar Zinemaldiko antolatzaileetako bat. Hamar bat poesia liburu argitaratu du, tartean: Sneguljčica je sedem palčkov, 1976 (Edurne Zuri da zazpi ipotxak); Zaklinjanja, 1987 (Araoak); Mreža, 1989 (Sarea); Obsedenost/Obsession, 1991 (Obsesioa); Pesmi za umrlimi snajami, 1995 (Poemak amets hilengatik; gaztelaniazko itzulpena badago: Poemas por los sueños muertos, CEDMA 2004), Metulji, 2001 (Tximeletak); Banalije, 2003 (Hutsalkeriak) eta Še banalije, 2005 (Hutsalkeria gehiago). Ipuin bilduma bat idatzi du: Pasijon, 1993 (Pasioa; ingelesezko itzulpena badago: Passion, Talisman 2005); eta bi nobela: Angeli, 1996 (Aingeruak) eta Zgubljena zgodba, 2001 (Istorio galdua). Itzultzaile bezala idazle frantsesen gainean lan egin du batez ere: Arthur Rimbaud, Jean Genet eta Michel Foucault besteak beste. Editore moduan bi sail zuzentzen du: Aleph eta Lambda (gay eta lesbiar literaturakoa). Hemen euskaraturik dauden poema guztiak Banalije liburukoak dira. Hasierako poema liburuetan forma klasikoagoak erabiltzen bazituen ere (sonetoaren aldaerak adibidez) azken liburuetan forma askeagoetara jo du bertsolerroak luzatuz zangalatrau bortitzen bidez, horrela, bertsolerro askotan azken hitza (batzuetan eta, edo, baina eta antzekoak) hurrengoaren hasiera da. Eslovenieraz bost hitz edo dakit, noski, eta itzulpenak egiteko ingelesa izan da zubi hizkuntza; idazlea astebete ondo-ondoan izateak baina arindu zituen zailtasunak.

 

Banalije
(Hutsalkeriak)
Brane Mozetič

 

 

 

 

28***

Pantera bat naizela amesten dut. Ile beltz
lodia eta begi dirdiratsuak. Zure atzetik
noa. Bira egiten duzu, ez zara urratsa
bizkortzen ausartzen edo geldiagotzen
edo gelditzen. Hiribide zabalek kezkatzen naute,
zeru-urratzaileek, asfalto gorri beroek.
etxe txikiek kezkatzen naute, txakur beldurtuek,
alde batera jauzi egiten duten jendeek. Eseri zara
nekaturik kafe baten aurrean eta ni etzan naiz
zure oinetara. Zain zaude. Ez da inor etorri
zer nahi duzun galdetzera. Urrutitik begiratu eta
pentsatzen dute hau dela ikuskizun bat, antzerki bat,
agian norbaitek txalo egiten du baina distantzia
mantentzen dute. Gauez, nekaturik, etxera
itzuli gara. Ez zenion inori hitz egin, inork ez zizun
ezer eman jan eta edateko. Begiratzen zintuzten
beldurrez. Zutik jarri naiz
eta ateak ireki. Ezin duzu ihes egin.
Etzan zara, atsegin zenuke hil egitea. Hortzez
urratzen dizkizut jantziak, mingainaz miazkatu
dar-dar zauden bitartean, sirena entzun da,
atean zarata jasangaitza, giza
oihuak megafonoan, negar gasezko lehergailuak
txistuka, kea igotzen da, estuago
heltzen zaitut, estaltzen zaitut babesteko.
Tiro hotsak entzun ditut, tiro hotsak.


34***

Jendea ikusi eta entzuten dut nire inguruan. Asko
dute esateko, aditu, ele eder, jakintsu.
Praka urratuak daramatzan bat hiriko ur horniketaren arazoez
aritzen da etengabe, nire ondoan dagoen neska potoloa
Afrikako ustiatze amaigabeaz, hirugarren bat zehaztasunez aritzen da
ez dakit zein aktorek orain ematen ari diren ez dakit zein filmetan
egiten duen paper berriaz. Ez dut ikusi
eta egin ahal dudan gauza bakarra da
lotsan hondoratzea. Nire alboan eserita dagoen ezagun batek
galdetzen dit bat-batean ea zein den nire jarrera Ekialde
Hurbilaren krisiaz. Txindurritu naiz. Ez dakit zergatik ez naizen konturatu
hitz egiteko gogorik zuela. Zailtasun handiz esaldi pare bat
xuxurlatzen ditut eta haren umorea hondatu.
Iritzien eta ikuspuntuen trukean sartu beharrean
tinko begira gelditzen naiz ergel baten modura,
galdera gehiagorik ez, mesedez. Aldizkari bat zabaltzen dut
iragarki sailkatuak ikusteko. Gauzarik garrantzizkoena izango bailitzan.
Bakarrik nagoenez iragarki bat jar dezaket, esaten diot nire buruari, baina une berean
larritzen hasi naiz, ez dakit nola joango den hau,
zer izango den hau. Gainetik begiratzen dut
bete behar dudan orria eta oilo azala jarri zait.
Nire filme gogokoena, liburu gogokoena, uharte jendegabe batera
eramango nituzkeen bost gauzak, nolako lagun mota gustatuko litzaidakeen
eta, ene, zergatik merezi dudan hitzordu bat. Ez dakit nola erantzun
galdera horiei, horretaz eta beste edozertaz inoiz pentsatu izan ez banu
bezala. Nire janari gogokoena, nire edari gogokoena.
Inork ez dit inoiz horrelako galderarik egin. Inoiz ez.
Lotsaturik, erabat ezgaiturik, ixten dut aldizkaria.
Goibel begiratzen diot ondoan eserita dudanari, nola aspertzen den,
ea laster joaten den, ea inork gehiagok ez duen nigandik
ezer espero. Ez dakit nondik etorri zaidan ideia
baina uste dut haiek irakatsi zidatela nola egon isilik. Nire inguruko guztiek
batez ere aitonak, beti lanpeturik, gutxi hitz egiten zuten
guztiz beharrezkoa zenean bakarrik. Ez dut inor gogoratzen
ezertaz eztabaidatzen inoiz, ez gutxienez nire aurrean. Eta
inork ez zidan inoiz zein zen nire janari gogokoena galdetu. Edo
zer nahi nuen. Are auzoko mutila eta biok isilik geunden ere
elkar besarkatzean.


36***

Mutil lirain horiek guztiak begiratzen ditut, bazterretan paraturik,
txinatar, arabiar, beltz, latino, bosniar, nola
barre egiten duten eta txistua bota zakilak ukitzen dituzten bitartean.
Biluzten ditut begiez, haien bularrak ikusteko
haien sabel lauak, gihar ilunak, haien gorputzen
joan-etorriak. Ikusten dut nola jotzen duten elkarren kontra dantzan
eta elastikoak kentzen beroagatik, izerdi tanta dirdiratsuak
erortzen dira, nola txistu egiten dieten neskei eta pentsatzen dut nola
etorriko liratekeen nire atzetik jakingo balute haiei begira nagoela.
Haien begiek kurioski jauzi egiten dute luze mundura
eta argi dago okerrena nire atzean dagoela. Nik
eroso begiratu ahal ditut, zer arraio
egingo lukete nire gelan, han gauzak txukun
daude, ez da poliziarekin tentuz ibili behar, ez da
borrokekin berotu edo tiro hotsetik urrundu behar.
Zer esango zieten lagunei, zertaz harrotuko ziren,
nondik aterako xarma, etxe blokeetako heroi hauek.
Leuntasuna aurkitzen dut gimnasioan,
giharrak erakusgai. Edo tabernetan,
edo hondartzetan, non milaka gay gizonek
lasterka egiten duten denboraren aurka. Nola
entrenatuko ziren nire gelan, nola lehiatu, denbora
gelditzen denean nola ulertuko musu
txikiak, nola gozatuko isiltasuna edo xuxurla.
Ezezagunak beldurtuko zituen, nik zu bezala,
zu irribarretsu atetik pasatzen harro,
gero eta txikiago, gero eta txikiago
goizeko lainoan desagertzen zaren arte.


38***

Ez dakit zergatik gogoratu naizen zutaz. Musukatu
nuen lehendabizikoa, mozkortiegi zeunden arren
horretaz zerbait jakiteko. Baina min eramanezina
eta zoriona sentitu nuen zu ukitzea desiratu nuenean,
zure begirada nabaritu nuenean sorbalda leun
laztandu bitartean. Ez dakit nola, ez bainuen inoiz pentsatu
larrua joko genukeela. Ez nuen inoiz hori irudikatu.
Dena hasi zen zure motoan buelta bat ematera gonbidatu zenidanean.
Pentsatu nuen gustatuko zitzaidala zure neskalaguna izatea, ez bainuen besterik
ezagutzen. Nitaz arduratu zinen, mimatu, nire bila etorri
elkarrekin egoteko gauez bakarrik, eskutik heldu eta lotsarazi.
Baina dena aldatu zen. Begira. Zuk ez zenituen sentimendu haiek maite
eta horregatik gizon lodi eta aspergarri bat zara orain. Nitaz
gogoratzen bazara noizbait oka egiteko gogoa izango duzu ziur aski. Eta
eskerrak, bestela ez nintzateke eserita egongo garbitegian
ea garbitzen den arropa kanpoan euria egiten duen bitartean,
txinatar batzuk jauzika inguruan, garbigailuak durrundaka.
Killian-en poemak irakurtzen ditut, azkar doaz urteak ni konturatu gabe.
Noizean behin atzera bueltatzen saiatzen naiz, posible
izango balitz bezala mutiko bat topatzea
ea gonbidatzen nauen, eskutik helduta, buelta bat ematera.


41***

Aitona konturatu zen berehala ez nuela bizitzerik
merezi. Nire oihuek oso urduri jartzen zutenez
txerri kortan giltzatzen ninduen. Agian txerriek
zapaldu ahal izango ninduten, txikia nintzen, ez zuten egin
eta salbatu nintzen. Salbatu nintzen bigarren aldian
errekan erortzean izan zen, aurpegia lokatzean
eta airerik ez bat-batean. Hanketatik tiratzen
atera ninduten. Hirugarren aldian aitona eskaileran zegoen, kanpoaldean,
mahastietarako egur sareak prestatzen hormetan, eta kasualitatez edo,
makila zorrotz bat erori zitzaion nire buru gainera
leihotik begiratzen ari nintzela. Jauzi egin nuen gela barrura eta
odola ikusi nire burutik ateratzen esertzean. Ez nuen
ezer sentitu. Lurrean putzua gero eta handiago
zen harik eta norbait kasualitatez etorri zen arte.
Orduan oroimena lausotzen zait, gogoratzen dudan gauza bakarra
da medikuari esan niola nik neuk jo izan nuela burua
horma baten kontra. Hiltzeko zorian izan nintzen. Hiru aldiz gutxienez,
gehiago ez badira. Gero erail ninduten poliki, urtez
urte, ohitu nintzen, eta itxaron axolagabe
hurrengoaren zain gelditu Zuk ahalegin handiena
egin zenuen. Ito ninduzun, arnasa kendu, hezurrak
hautsi, suntsitu nire burua. Mila aldiz baino gehiago
egin genuen larrutan eta aldi bakoitzean adi zeunden ea gertatzen zen.
Mugak gainditzen nituen eta inoiz ez bueltatu.
Inork ez ninduen salbatu. Zaila zen
benetan. Gehien hil ninduena izan zen zu ikustea
txortan beste batzuekin nire ondoan, arnasestuka, oihukatzen
inoiz ez duzula nahikorik, txerri kortara
bota izan baninduzu bezala. Hil ninduzun erabat
auto batek harrapaturiko txakurra besoetan eraman zenuenean,
filme bateko azken sekuentzia bailitzan. Gero iluntasuna.


44***

Gauak luzeak dira eta ez dute lorik ekartzen. Ilunean etzan naiz
zarata bakoitzari adi, oin hotsak entzun ahal ditudanean
urduri jartzen naiz ea giltza hotsa jarraian badator.
Orduan iluntasuna baretzen da, irudiak kateatu, eta berriro ere
zarata berriak. Horrela doa gau osoa, grinaz beteriko amets
laburrak. Nire larrua eta gorputza sentitzen ditut, zure zain.
Gauaren erdian oin hotsak itoezin hurbiltzen direnean
bihotz taupadak bizkorrago doaz, heldulekua mugitzen ari da. Ikusten zaitut
mugitzen zure mozkorraldian nora etorri zaren
jakingo ez bazenu bezala. Biluztu zara eta etzan nire ondoan. Urduriak
baretzen dira orduan, burua zure bularrean
jartzen dudanean, dena ondo dago. Marmarrean diozu: Zergatik zaude
oraindik nirekin? Ez duzu nigandik ezer lortuko! Isilik nago.
Erantzuna nahi duzu, mozkorturik, eskean. Zure kontra
estutzen naiz, ezin dut horrela lorik egin. Gaua
luzea da. Hasi da bidaia. Zu ertzean urruntzen zara
nigandik lotan eta arrastaka noa zugana, nire atzetik txakurra
nire kontra estutzen da, beraz, ohe erdia huts-hutsik
dago. Horrelakoa da gure bidaia, inork ez du ezer ulertzen.


46***

Neskak harrapatu ninduen. James Schuyler-en poema baten erdi-erdian. Ez
dago ezer berezirik poeman. Kuzkurtzen naiz. Suediarako hegaldiaren zain
nago, nire ondoan eseri da. Iruditzen zait zerbait egiteko gogorik duela.
Ez da minutu bat ere pasa, galdetzen dit ea zer ari naizen irakurtzen. Ez
du inolako zalantzarik izan. Buelta ematen diot liburuari, izenburu koipetsuak jo dio,
gay poesia. Zer egin ahal nuen bestela? O, oihu egiten du.
Hitza kendu eta zentzurik gabeko galdera batzuk
egiten dizkiot. Bai, amerikarra da eta ezkontzera doa asteburu
honetan bertan. Begiak iltzatzen ditut liburuan. Dena den, begiratu nion
une batez. Apur bat itxaroten du nabarmen ez gelditzeko, orduan
zutitu eta beste norabait doa. Nire buruarekin haserretzen naiz. Barruan
ezinegona sentitu dudalako. Urtetan ez naiz gauza izan ezinegon
horretatik libre gelditzeko. Gustatuko litzaidake benetan azala erauztea.
Eta zergatik hitza: harrapatuta. Gay literaturako idazle
ezagun bat, ume berriro ere, manta azpian ezkutaturik
linternaz argitzen ipuin bateko marrazkiak.
Kamisetarik gabeko mutilak hondartzan jolasean. Protagonista
nagusia maite nuen bereziki, haren gorputz lerden sendoa.
Zein ergela nire tentsioa, bihotzaren azkartzea, beldurturik
ea norbait jabetzen den ez ditudala neskak begiratzen
mutilak baizik. Ez da erraza horrekin bukatzea, lotsarekin, ikararekin.
Liburua ixten dut eta komunera noa. Komun-zuloarena aurrean
jarri bezain laster, zakila eskuan, berriro datorkit ideia.
Aurrerantz begiratzen dut ilunean, ez naiz ezker edo eskuin begiratzera ausartzen.
Gizonak sumatzen ditut bi aldeetan. Txiza hotsa entzuten dut, ziur aski
elkar aztertzen ibiliko dira beti bezala. Konparatzen. Eta ni, zurrun,
harri bihurturik, harrapatu ahal nindutelako. Zama ederra
jarri ninduten gainean! Mutikoek elkarri zakilak erakusten dizkiote eta jokotik
kanpo utzi naute. Benetan hitz egiten dudalako? Gay literatura
irakurtzen dudalako? Betidanik zekiten eta ez ninduten
inoiz gonbidatu haiekin jolastera norbait agerian uzten zutenean.
Oraindik orain ez daude gustura. Ni ez nagoen bezala
haiekin. Horregatik gutxitan irakurtzen dut jende aurrean,
harreman gutxi dudalako jendearekin. Existitzeak berak
lotsa emango balit bezala.


etiketak: Testuak
Jose M. Zendoia
Jose M. Zendoia dio:
2006/07/05 02:21

Oso interesgarria, benetan. Eskerrik asko olerki hauek hemen uzteagatik. Bestela, ez nuke sekulan poeta hau ezagutuko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44