Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Samuel Beckett: "Arratsalde bat"

Samuel Beckett: "Arratsalde bat"

Xabier Montoia 2006/06/08 13:30


Ehun urte beteko zituzkeen aurten Samuel Beckett irlandarrak, Parisen hil izan ez balitz 1989ko abenduaren 22an. XX. mendeko idazlerik garrantzitsuenetakoa, bi literatur hizkuntza erabili zituena –ingelesa eta frantsesa–, batik bat bere antzezlanengatik da gogoratua –eta horien artean nagusiki Godoten esperoan obragatik, Juan Garziak euskaratu zuena 2001ean–; bere bibliografia zabalean, edonola ere, mota askotako testuak aurki ditzakegu: eleberriak (edo anti-eleberriak: Molloy eta Malone dies dira, ziurrenik, entzutetsuenak), poemak, ipuinak eta jite ezberdinetako prosa laburrak. Azken horietako bat izango da, hain zuzen ere, urteurrena ospatzeko aitzakia aldizkari honetan: "Arratsalde bat" du izenburu, eta Xabier Montoiak itzuli eta eskaini digu, eskuzabal. Eta guk, zer esanik ez, eskertzen diogu kolaborazio hau bidali izana.

Testua, Montoiak ingelesetik itzuli duena, ez dago zehazki datatuta Becketten The Complete Short Prose 1929-1989 liburuan, baina 1970eko hamarkadan idatzi bide zuen, eta frantsesez eta ingelesez argitaratu zen bilduma eta aldizkari ezberdinetan (cfr. hemen eta hemen).

Arratsalde bat

Lurrean zetzala aurkitu zuten. Inork ez zuen haren falta sumatu. Inor ez zebilkion bila. Andre zahar batek aurkitu zuen. Lausoki adierazteko. Hain aspaldi gertatu zen. Andrea nora gabe zihoan basa-loreetara. Horiak soilik. Horrelakoentzat baino begirik ez zeukala egin zuen tupust han zetzanarekin. Ahuspez eta besoak zabalik zetzan. Soingaineko bat zeraman jantzita urtaroa gorabehera. Gorputzak ezkutaturik botoi ilara luze batek lotzen zuen goitik behera.Itxura eta neurri guztietako botoiak. Zutik jantzita haren hegalek lurra eskobatzen zuten. Badirudi hori bat datorrela. Buruaren ondoan kapela bat zetzan lur gainean zeihar. Haren hegal eta koroaren gainera aldi berean. Gizona nabarmendu gabe zetzan gaineko berdexkan. Urrutiko begirada bilatzaile bat erakartzeko buru zuria besterik ez zegoen. Andreak ikusita al zuen inon lehenago? Inon zutik lehenago? Ez hain bizkor. Andrea guztiz beltzez jantzita. Gona beltz luzearen barrena herrestan belarretan. Egunaren amaiera zen. Orain sortalderantz mugituz gero itzalak aurrea hartuko lioke. Itzal luze beltz bat. Arkume garaia zen. Baina ez zegoen arkumerik. Ezin zuen bakar bat ere ikusi. Hirugarren lagun bat handik igaroko balitz, haienak lirateke ikusiko lituzkeen gorputz bakarrak. Aurrena andre zaharrarena zutik. Hurrena haren ondora hurbildutakoan lurrean etzanikoarena. Badirudi hori bat datorrela. Zelai hutsak. Andre zaharra guztiz beltzez jantzita geldi-geldirik. Gorputza geldi-geldirik lurrean. Horia beso beltzaren muturrean. Ile zuria belarretan. Sortaldea gauean hondoratzen. Ez hain bizkor. Eguraldia. Zerua hodeitsu egun osoan ilundu arte. Sartalde-ipar-sartaldean ostertzetik hurbil jadanik eguzkia agertu zen azkenik. Euria? Tanta batzuk aukeran. Tanta batzuk goizean aukeran. Orainaldian amaitzeko. Hain aspaldi gertatu zen. Egun osoan etxe barruan kaiolatuta eguzkiarekin batera kanpora irten da andrea. Agudo dabil zelaietara heltzeko. Bidean inor ez ikusi izanaz harriturik nora gabe doa sutsu basa-loreetara. Sutsu gauaren berehalakotasuna ikusita. Harriturik ohartu da arkumerik ez dagoela kopuru handitan hemen urtaro honetan. Gazte alarguntzean bereganaturiko beltza janzten du. Hilobia lore berriz apaintzeko doa nora gabe senarrak maite izan zituen loreen bila. Baina beso beltzaren muturrean horirako ez da alerik egongo. Beraz albait gutxien baino ez dago. Hori da berarentzat hirugarren ustekabea kanpora irten zenetik. Ugari hazten baitira hemen urtaro honetan. Bere lagun zaharrak bere itzalak gogait eragiten dio. Hainbeste non biratu egiten baita eguzkiari buruz. Besoa albora luzatzen du bere bidetik bazter den edozein lore hartzeko. Irrikan dago eguzki-sartzea amaitu eta joateko nora gabe berriro aske oskorri-oste luzean. Atsekabea areagotzeko bere gona beltz luzearen firfira ezaguna belarretan. Begiak erdi itxita mugitzen da argi itsugarrirantz erakarrita bezala. Baliteke bere buruari esatea gauza bitxi gehiegi direla martxoko edo apirileko arratsalde bakar baterako. Kanpoan inor ez. Arkume bakar bat ere ez. Nekez lorerik. Itzala eta firfira gogaikarri. Eta horrez gain izu-laborria bere oina gorputz baten kontra nabaritzean. Halabeharra. Inork ez zuen haren falta sumatu. Inor ez zebilkion bila. Beztiduren beltza eta berdea elkar ukitzen ari orain. Bilduriko lore urrien horia buru zuriaren ondoan. Eguzkiak argituriko aurpegi zaharra. Tableau vivant aukeran. Nola edo hala. Dena isilik aurrerantzean. Andrea mugitu ezin den arte. Eguzkia azkenik desagertu da eta harekin itzal guztiak. Dena itzal hemen. Oskorri-osteko itzaltze motela. Ilargi edo izarrik gabeko gaua. Badirudi hori guztia bat datorrela. Baina horretaz kito.



Hemen duzue testua ingelesez eta gaztelaniaz.

Becketten inguruan zer edo zer gehiago: Jon Benitoren artikulua Berrian, eta Susa aldizkarirako Eduardo Mataukok eta Kristin Addisek euskaratutako "Azkenburuko bulkadak" prosa laburra.

Azaleko irudia Francis Bacon margolari anglo-irlandarrarena da.

etiketak: Testuak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44