Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Volgako Batelariak / Nola euskararatu soneto bat

Nola euskararatu soneto bat

Angel Erro 2006/05/24 12:33
Euskarak aje asko ditu, gaur enegarrenari erreparatuko diogu. Hizkuntza literario baten eraketan zertxobait aurreratu badugu ere (eta hobekuntza horretan anitz zor diogu itzulpengintza literarioari), poesiari dagokionez ezin gara hain baikorrak izan. Gauzak oso gaizki daude. Arras hizkuntza poetiko txiroa dugu, salbuespenak ohore. Bertso lerroen disposizioagatik ez balitz, maiz ezinen genuke jakin olerki bat irakurtzen ari garen edo egunkariko eskela bat, eta argi gera dadila ni ez nagoela hizkera arrunta lirikan erabiltzearen kontra, ezta hurrik eman ere, hau egilearen hautua, eta ez gabeziak ezarritako ezinbesteko aukera, denean, beti ere. Gauzak horrela, ez nau harritzen askok bertsolaritzara jotzeak, nolabaiteko salbazio ohol batera bezala.

 


Esan bezala, hitz lauari itzulpengintza modernoak emandako laguntzarik ez dago olerkigintzan. Ikustekoa da zer poesia gutxi itzultzen den euskarara. Niri min kasik fisikoa eragiten dit Katulo, Baudelaire eta Whitman, besteak beste, euskaraz ez izateak. (Proposamen xume bat: editoreek egile gazte bati lehen olerki bilduma argitaratu aurretik olerkari handi bat itzularazi beharko liokete; honek, beroketa gisa balio izateaz gain, poeten saturazioa nolabait txikiagotu zezakeen, bide batez).

Beraz, itzultzaile gazteen saldo zorionez gero eta zabalagoari zuzentzen natzaio orain, lehenbailehen arazo hau konpontzen lagun gaitzaten, poetok poeta hobeak izaten lagun gaitzaten. Eta inork ez dezan esan neure harri koskorra ere ez dudala ekartzen, eta inork ez dezan esan lanaren gogorra leuntzen ari naizela, bidean aurkituko dituzuen behaztopen adibidea eta aldapen zerrenda ere emanen dizuet.

Hau guztia adibidetzeko tenorean, gainera, sonetoaren alor gaitzera eta gurean oso bakan eta baldan jorratura joko dut, zailtasunaren neurria hobekien emateko eta euskararen beraren mugez zehazkien jabetzeko ere, hauek nola gainditu ikasiko badugu.

AURREKARIAK ETA LAN METODOA

Hiru dira euskaraz sonetoen itzulpengintzaren mugarriak: Larramendiren Nor, goi Lenén, izàn da, garr-ori hasten den hura, Lizardiren Yaun errukiorra eta Juan Garziak egin Shakespeare-ren soneto hautatuena. Hasierako biak autoitzulpenak dira eta irakurri orduko ahantzi beharrekoak; hirugarrena, berriz, itzulpen izugarri polita da, begietan edukitzekoa, nahiz eta, nire ustez, bi traba dituen: gaur egungo irakurlearen ulergarritasuna aise gainditzen duela, eta, bigarrenik, errimak osatzeko orduan eredu bertsolaristikoari jarraiki izana ("be-ste" eta "a-ste" ez dira hoskideak, Oihenartek L'Art Poetique Basque-n adierazi bezala, eta Jon Juaristik De Metrica Vasconica artikuluan frogatu bezala). Bi traba horiek saihetsi beharko dira ahal bezala. Itzulpena, esan gabe zihoan baina badaezpada esanen dut, hendekasilaboetan izanen da (ik. Nola bereiz hendekasilabo bat, coming soon).

Esan dezadan aipatu hiru horietaz aparte, egon badagoela besterik: berriagoen artean, X. Irujok berriki apailaturiko Bingen Ametzagaren saioa, Perez Reverteren Alatriste kapitaina liburuko gibelsolasean Xabier Iabenek itzulitakoa, eta oraindik orain Xabier Olarrak Queneauren Estilo Ariketetako sonetoa (tamalez, Olarrak ez zion ekin egile beraren Ehun Mila Bilioi sonetoak itzultzeari; kasu horretan 100.000.000.000.000 horien ondarearekin, akabo euskararen aje guztiak, eta nik papertxo hau idaztearen beharra).

Guk, beraz, soneto bat hartu, itzuli eta, ondoren, izandako arazoak aztertu eta irtenbide posibleak ikusiko ditugu.

OSAGAIA

Esperimentu honetarako hautatu dugun poema Góngoraren bat da, Burlatako egonaldi batean idatzitakoa 1609an poeta kordobarra Agurainera igorri zuten gizon baten odol garbitasuna egiaztatzera; itzul bidaian Iruñean egun batzuk pasatzera deliberatu zen, Kordobakoa ere bazen Antonio Venegas Iruñeko apezpikuari bisita egitera, honek Burlatan egindako landetxe inbidiagarrian.

Gainera, hiru urte barru Euskal Herriaren une estelar honen mendeurrena beteko da eta kultur erakundeak, eta gu ere, Góngora Eguna prestatzen hasi dira: Vicente Luis Mora edo Pablo García Casado bezalako poeta kordobar finen eta hemengoen arteko anaitasunezko udalekuak, hip-hop emanaldiak, hirian barnako gymkhanak eta abar egonen dira.

Poema ondokoa da (Góngora, Luis de; Sonetos Completos, Clásicos Castalia arg., Biruté Ciplijauskaité-ren edizioa, Madril, 1985, 77. orrialdea)

 

DE UNA QUINTA QUE HIZO DON ANTONIO VENEGAS EN BURLADA, LUGAR DE SU DIGNIDAD

Este a Pomona, cuando ya no sea
edificio al silencio dedicado
(que si el cristal le rompe desatado,
süave el ruiseñor le lisonjea),

dulce es refugio, donde se pasea
la quïetud, y donde otro cuidado
despedido, si no digo burlado,
de los términos huye de esta aldea.

Aquí la Primavera ofrece flores
al gran pastor de pueblos, que enriquece
de luz a España, y gloria a los Venegas.

¡Oh, peregrino, tú, cualquier que llegas,
paga en admiración las que te ofrece
el huerto frutas, y el jardín, olores!

 

LEHEN ITZULPEN PROPOSAMENA

 

Eraikin hau, Pomonari ez bada,
eskaini diozuna Isilari
(beirak hautsia, sor balitz arrada,
erresiñola baitu lausengari),

aterpe goxo duzu, non bakea
badabilen, non edozein kezkatik
–burlatua ez bada, bai botea–
ihes dagien herriko mugatik.

Venegastarrak ondratzen, Espainia
argiztatzen duenari loreak
lotzen ari zaio Udaberria.

Oh, pelegrin, zu, iritsi berria,
miran ordain ezazu baratzeak
eman fruitua, liliek usaina!

 

ARAZOAK

Arazoak bereiz daitezke teknikoen eta bestelakoen artean. Arazo teknikoak euskararen sintaxiari eta aditzaren modu perifrastikoaren luzeerari dagozkio gehien bat. Zenbait kasutan konponbide zaila du, edo ez du. Nola eman "gran pastor de pueblos"? "Hertzain handia"? Trinkotasun honek ulergarritasunaren kontra jotzen du, eta gaur egungo euskaldunaren ulergarritasuna bazterrezineko hastapentzat hartu dugu.

Ulergarritasun kontu honek bagaramatza "bestelako arazoak" izendatu ditudan arazo multzora, eta, besteek konponbide konplikatua bazuten, hauek konponezinak irudi dakizkieke itzultzaile trebatugabeari, zeren arazo hauek jatorrizkotik beretik baitakarte kausa:

 

a) Metafora lexikalizatuen eta mitologiaren erabilera (guretzat) gehiegizkoa: (ik. Nola ez iruditu eruditu, inprimatzen) inork gutxik ez du ulertzen "beirak puskatua" espresioarekin "ur iturriek puskatutako isilaldia" adierazten dela. Inork gutxik ez daki Pomona baratzeen jainkosa dela (Flora, loreen jainkosa, jarri izan balu sikiera).

 

b) Euskaldunaren (eta ez soilik euskaldunaren) eufoniarako soinu txarrekoa den terminoren bat edo besteren erabilera gordina (honen aurka "EITB-ko konponbide" delakoa da gure errezeta).

 

Itzultzaileak jatorrizko sonetoa goitik behera berrikusi eta zuzendu beste erremediorik ez du (egilearen mesederako ere), bigarrenez eta behin betiko euskararatu aurretik. Hona hemen gure berrikuspen eta zuzenketa:

 

Esta, al Silencio, cuando no a Interflora,
quinta (con ser primera) dedicada
(cuya paz si algún surtidor horada,
un avecilla restaura canora),

apacible es, y casa acogedora,
donde cualquier ánima atribulada
–despedida, por no decir burlada
partirse de sus lindes no demora.

Loor de los Venegas, luz del Estado
español, por ti fecunda las flores,
abre y enguirnalda la Primavera.

¡Oh, peregrino, tú, recién llegado,
paga en asombro las frutas y olores
que el huerto cría y el jardín libera!

 

Eta orain, behin bidea ab ovo laututa, poematxoa euskaratzea baino ez zaigu gelditzen.

etiketak: Testuak
Angel Erro
Angel Erro dio:
2006/05/26 15:05

Bilioi bat esker, Manu. Artikulu batean (klikatu hemen) ikusi ahal izan dudanez, gai eztabaidagarria izan daiteke, frantses eta ingelesek modu batera ulertzen omen dute, eta espainiar eta beste batzuek bestera. Euskaraz ez dakit nola. Momentuz dagoen dagoenean utziko dut gure intelligentsiak erabaki bat hartu arte.

manu lopez
manu lopez dio:
2006/05/26 14:28

Nire poza adierazi nahi dut aspaldion hedabideetan itzulpengintzari eskainitako arreta (urrunago joan gabe, joan den larunbateko Mugalarin X. Olarrari egindako elkarrizketa eta A. Erroren zutabea, eta biharkoan gaiari buruzko mami gehiago etorriko dela uste dut; eta "Nola euskaratu soneto bat" izeneko hau). Ohartxo (filologiko) bat egin nahi dizut soilik, Angel: litekeena da ni oker egotea, baina R. Queneauren soneto-liburu konbinatorio horren izenburuan mila bilioi sobratzen zaizkizu. Zenbakitan, ordea, ondo emana dago: "Ehun bilioi poema" behar du, hau da 10 poema 14. potentziara, elkarrekin konbinagarriak diren hamalauna lerro. Arazoa, beharbada, frantsesezko "milliard" hitzean dago (frantsesezko titulua: Cent mille milliards de poemès. Ik. A. Fernández Ferrer-en Ejercicios de Estiloren edizioa). Zorionak berriro, eta besarkada bat.

Xabier Olarra Lizaso
Xabier Olarra Lizaso dio:
2006/05/29 23:04

Angel Erro idazkideak --ez naiz ausartzen adiskide deitzera eta nolabait izendatu behar-- aipatu nauenez blog honetan, eta ni baino adiago egoten den batek eman baitit abisua, hemen doa nire erantzun laburra.

1) Ez naiz sartuko hiru mugarri horiek komentatzera. Baina euskal literaturan atzera jotzen hasiz gero, harritu egin nau nola ez duen aipatzen Oihenartek Zalgiz poetari egindako hura (batez ere, Oihenarten Ars Poetica aipatu eta gero). Hari buruz nik baino gauza jakingarriagoak esanak ditu K. Mitxelenak. Gai horretan jakin-nahirik duenak jo beza Mitxelenaren idazlan hautatuak liburura eta han aurkituko du entretenimendu pixka bat.

2) Cent mille milliard de poèmes euskaratzeaz, berriz, zer esango dizut? Beharbada noizbait helduko diot lan horri ere.
Baina R. Queneauri berari hainbat urte kosta bazitzaion lana bukatzea, kontua ez da orain 10 soneto aste pare batean itzultzea izango, noski.
Errazagoa iruditu zait, eta idazle handien errespetu hobekoa, besteren gauzetan lardaskatzen hastea baino, neronen Hamalau mila bilioi/miliard eta piko poemak --Manu Lopezek argituko digu zenbat litzatekeen 14 14garren potentziara-- neronek idaztea. Eta idatzia dut lehenbiziko hamalaukoa. Ez da batere gongorinoa, eta bertsolaritza beste modu batera errimatuaren antz gehiago hartzen diot neronek, baina neure neuronek ez dute askoz gehiagorako ematen. Haria ez galtzearren bukaerarako utziko dut.

2) Bilboko Likiniano liburudendan Estilo-ariketak liburuaren aurkezpenean --edo baliteke beste nonbait gertatua izatea esango dudana--, norbaitek aipatu zuen euskaraz "sonetoak ez daitezkeela egin", erritmo kontuengatik, edo horrelako zerbait.
Contra facta non sunt argumenta, esan ohi da, baina hori esan zuenak zerbaitegatik esango zuen. Egia da endekasilaboz egindako sonetoak labur eta trinkoegi gelditzen direla, baina aipatzen dituzun problema horiek Lizardik eta Orixek beren modura konpondu zituzten. Niri, seguru aski komenentzia hutsagatik, itzulpenerako egokiagoa iruditzen zait alexandrinoa, Oihenartek hartu zuen neurria alegia; dena dela, alexandrinoa berez 6 + 6 edo 6 + 7 (errima emea denean) da, entziklopediek diotenez.
Zergatik erabaki nuen nik 7 + 7 ( edo 6 azentuduna) egitea? Ba bi arrazoirengatik:
Hamahiruko lerroak egitez gero, 7+6 edo 6+7 egitea dago: lehenbizikoa zortziko txiki garbia, eta hori euskal belarriarentzat gozo bada, gozoegi ere badela esan daiteke. 6+7, Arestiren Maldan Behera-z Mitxelenak esandakoa gogora ekarriz, oso erritmo gozakaitza da. Beraz, zer gelditze zaigu? 6+6. Baina, 11koak egin beharrean lerroa behin luzatzen hasiz gero, 7 + 7 egiteak askoz aukera gehiago ematen ditu. Beraz, komenentziagatik jo nuen horretara Estilo-ariketak liburuan dagoen sonetoan.

3) Eta hona hemen, 14 mila bilioi/miliard eta piko poemetarako lehenbizikoa, gorago esandakoaren adierazgarri. Biziki interesatuko zaizkik, Angel idazkidea, Soneto honek dituen zehar-aipu mitologikoak (Paris, Gaztela...). Bazakiat animatuko nauala beste hamahiruak osatzera.
Portzierto, zergatik kopuru aldaketa? Euskal numerologian 14ak duen leku bereziarengatik.
Patziku Perurenak --badakit ez dela blog honetako gehienen begiko ninia-- Euskarak sorgindutako numeroak liburuan badu horretaz zerbait esana.
Horrela, beraz, hamalaukoak izango dira (bai lerroa bai estrofa) eta bai guztira egitea pentsatu nituenak. Ez dakit segiko dudan "esperimentazio" bide honetatik. Geroak esan beza.
Hona, beraz, lehenbiziko Hamalauduna/Hamalaukoa edo Hamalau milia bilioi eta piko poemetako lehenbizikoa.

GATAZKA

Haitzuloen hormetan hasi gintuzun hazka
Hitz gutxikoak ginen, ez ordea motelak.
Eroak ote ginen? Ala jende txepelak?
Ez gintuzten ulertzen: hor hasi zen gatazka.

Laster bihurtu ginen putre guztien bazka:
"Ni naiz zuen Nagusi", esan zuen Gaztelak
Paristik ere eman zizkiguten epelak
Oraindik teilatuan da "La pelota vasca".

Ez du aurrera egin Euskaldunon Sautrelak
Batzuk eta besteak dabiltza harrapazka
Hala ibiltzen dira beti jende ustelak.

Orain sortua dago sekulako lardaska
Gu biok hilda gaude, hortxe daude kandelak
Horrek eragin digu nazka guztien nazka.

P.S. Ez dut aurkitu modurik sonetoa 4 + 4 +3 +3 txukun banatzeko modurik. Webmasterraren esku utzi beharko dugu hartu duen modu hau (lerro bereiziegiak) hobetzeko lana.

Xabier Olarra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Volgako Batelariak / Бурлаки на Волге

Literatur inoizkari kosakoa / Казацкий литературный журнал

Moñoñotasuna, zurikeria, bertso-kitsch-laritza, biktimismo orokortua, produktu literario paketatua, euskararen kalonjeen (uler bedi: irakurle militanteen) nagusitasuna, plastidekor-idazleak, malditismo faltsuaz mozorrotutakoak, laurogeiko hamarkadaren (eta aurreko ia guztien) nostalgia... horiek guztiak gaitzesten eta gaitzetsiko ditu inoizkari honek, eta  beldurrik gabe salatuko. Akaso ez dira salagarri eta denbora galduko dugu, baina esan bezala, gogoak ematen dizkigu hala egiteko, dibertitu nahi dugu, eta dibertituko gara. Nahiz eta, funtsean,
eta inork sinesten ez gaituen arren, oso jende serioa garen.

Uxue Apaolaza, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibon Egaña, Angel Erro, Juanjo Olasagarre eta Iban Zalduak osatzen dugu kontubernio hau. Erantzunak ongi etorriak izango dira (edo ez), baina beti benetako izen-abizenez sinatuta datozen heinean, eta kolaborazioak ere onartuko ditugu.

Azken erantzunak
Beti geratuko zaigu Symborska, bai (eta ezagutzen ... Juan Garzia Garmendia, 2019/03/22 08:45
Ziurrenik ez naiz ni egokiena poesia liburu batez ... Iban Zaldua, 2013/02/19 18:09
Iruditzen zait, erabat, gehiegi puztu den liburu ... Josu Lasa, 2013/02/16 01:18
12. oharraren parentesia itxita egonda ... Angel Garcia Etxandi, 2013/02/08 21:17
Hori, hori! Txus Imirizaldu, 2013/01/10 14:45
Ez naiz filologoa ezta kritikoa ere, ... Koruko Heras, 2013/01/09 11:19
Aurreko erantzunaren argigarri eta emendagarri ... Iñigo Roque, 2013/01/08 10:46
Fikzio bat da liburua, Iban, baina ez nuke ... Iñigo Roque, 2013/01/07 12:53
Zuen arteko iritzi trukaketa hilaren 12an amaitu ... Angel Garcia Etxandi, 2012/07/30 02:05
Beñat eta Iban. Eztabaidarako gai interesgarriak ... Ibai Atutxa, 2012/07/12 19:44